2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
DEIERRI
Udal ordenantza, suteak prebenitzeari buruzkoa. Behin betiko onespena
Deierriko Udalak, 2025eko ekainaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Suteak prebenitzeari buruzko udal ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 22an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, eta ez da alegaziorik jaso. Horrenbertzez, haren testua osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Aritzalan, 2025eko urriaren 14an.–Alkatea, Ana Marta Mendaza Acedo.
DEIERRIKO UDALERRIAN SUTEAK PREBENITZEARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Bertzeak bertze, klima-aldaketagatik eta despopulazioagatik, ingurunea abandonatzea eragiten baitu, gero eta ohikoagoak eta larriagoak dira sute handiak, 500 hektarea edo gehiago hartzen dituztenak, alegia. Bat baino gehiago gertatzen dira aldi berean, jendearen bizitza arriskuan jartzen dute eta zailagoak dira itzaltzen, nahiz eta operatiboei lurreko eta aireko baliabide gehiago gehitzen zaizkien.
Horren erakusgarri, 2022ko ekainaren 18ko sute larria izan zen, eta, horren ondoren, aurreko guztiaren jakitun, neurriak hartu behar zirela ikusi zen, sute berriak prebenitzeko prebenitzeko udalerrian eta udalerria osatzen duten kontzejuetan.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta lege-oinarria.
Ordenantza honen xedea da hiri-inguruneetan eta hiri/baso interfazean suteak prebenitzea, eta, horretarako, dagozkion administrazio publikoekin koordinatutako prebentzio politika aktiboa sustatzea, hiriguneetan eta inguruko eremuetan jardutean oinarritua.
Ezarritako xedea bete beharrez, zenbait jarduketa finkatuko dira, Nafarroako Gobernuak ezarritako arauen osagarri, baina baztertu gabe gerora bertze neurri batzuk hartzen ahal direla.
2. artikulua. Araudi honen hartzaileak eta ukitutako pertsonak.
1. Ordenantza hau nahitaez bete beharrekoa da Deierriko udal-mugartean dauden finken, lursailen eta orubeen titular diren pertsona fisiko eta juridiko guztiendako.
a) Lurzati baten zuzeneko jabaria pertsona batena bada eta jabari erabilgarria bertze batena, betebeharra azken horren gain egonen da. Lurrek erabilera edo gozamen eskubideen karga badute, edo errentamenduan lagata badaude, betebeharra, kasuan kasuko erabiltzailearen, gozamendunaren edo errentariaren gain egonen da, jabearen ordezko gisa, eta azken kasu honetan jabeak onartu egin beharko ditu beharrezkoak diren lanak edo obrak.
b) Oraindik zatitu eta esleitu gabeko jaraunspenak dituzten higiezinen edo ondasunen kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen komunitatearen ordezkaritzat hartuko baita pertsona hori, ondorio horietarako.
2. Halaber, araudi honek ukitutako pertsonatzat hartuko dira, beren egintzak direla-eta sute arriskua eragiten dutenak edo larrialdi taldeen etorrera eta lana zailtzen dutenak.
3. artikulua. Deierriko ondasunetako titularren betebeharrak.
Nahitaezkoa izanen da honako hauek egitea:
1. Deierriko mugartean dagoen ondasunaren jabe edo erabiltzailetzat jotakoek, haren gaineko erantzukizuna baitute, garbi eduki behar dituzte lursailak, finkak eta eraikinak, publikoak zein pribatuak izan, eta ingurumenaren eta osasunaren aldetik egoki zaindu behar dituzte.
2. Bere jabetzako lurzatiak behar diren baldintzetan edukitzea, segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoaren aldetik. Debekaturik dago bertan sasitzak, zaborrak, eta obra hondakinak edo hondarrak izatea, eta baldintza horiei eusteko edo horiek berriz ezartzeko beharrezkoak diren lanak egin beharko dira, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1 b) artikuluan xedatutakoarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
II. KAPITULUA.–PREBENTZIO NEURRIAK
4. artikulua. Hirigunea.
Hirigunea izanen da kontzeju bakoitzerako mugatutakoa Deierriko udalerriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean.
1. Eraiki gabeko lurzatiak landaretzarik, obra hondakinik eta material erregairik gabe egon beharko dute udaberri bukaeratik, uda eta udazken amaiera bitarteko garai lehorrean. Ez da pilatzen ahalko material sukoirik edo su hartzeko arriskua sortzen ahal duenik.
2. Lurzati urbanizatu eta eraikietan ez da erretxina ugariko espezierik landatzen ahalko, suak aise hartzen baititu, hala nola altzifrea, pinua, etab., ez lurzatiaren itxiturako heskaietan, ez lurzatiaren barneko zuhaiztietan ere. Lurzatiaren mantentze lan egokia egin behar da, sasiak agertzea galarazi behar da, eta kanpoan ez da metatzen ahalko sua edo sugar azkarrak sor ditzakeen materialik edo objekturik.
3. Gomendatzen da aldatzen joatea erretxina ugariko landaredia (suak aise hartzen baitu, hala nola altzifrea, pinua, etab.) bai lurzatien itxiturako heskaietan bai lurzatiaren barneko zuhaiztietan, eta suarekiko erresistentzia handiagoa duten espezieak jartzea.
4. Herriko kaleetan pasabidea libre utziko da eta debeku da irtenbiderik gabeko karrika estuetan aparkatzea, larrialdiko eta suteak itzaltzeko ekipoek eta ibilgailuek sarbidea izan dezaten.
5. Debekaturik dago hidranteak eta ur-harguneak oztopatzea, nolanahi dela ere (ibilgailuak aparkatuz, gauzak eta materialak pilatuz, etab.), eta haiengana ailegatzea eragoztea.
6. Gomendatzen da egurtegiak, kanpoan badaude, ez jartzea etxeetako teilatu hegalpeetan; eraikinetatik aparte dauden lurzatietan aldenduta jarri behar dira, eta, ahal dela, sukoiak ez diren gauzez estali.
7. Gomendatzen da mantentze lan egokia egitea teilatu, erreten eta zorrotenetan, eta garbitu beharko dira, material begetal, hosto, adaxka eta abarren metaketak kenduz.
5. artikulua. Hirigunearen perimetroaren mugako hiri-ingurumariak.
Hiri-antolamenduko planak zehazten duen hirigunearen perimetroan mugakide diren lurzatiak sartzen dira eremu horretan, eta mugakideak izan gabe, mugatik 50 metrora baino hurbilago daudenak ere bai.
1. Nekazaritzako finketan, nahitaez bete beharrekoa da lursaileko lur guztia luberritzea, uzta biltzeko lanak egin ondoren.
2. Halaber, nekazaritzako finketan, gomendatzen da 8 metroko zerrenda bat uztea lugorri, edo belar laboreak edo antzekoak jartzea, betiere bilketa goiztiarrekoak, NPEren barruan sartzen direnak.
3. Laborerako erabiltzen ez diren finkak garbitu beharko dira, landare gai lehorren metaketa saihesteko.
4. Ez da aparkatzen ahalko bide, bidexka eta bidezidorretan, eta horietan ezin izanen da utzi pasabidea galaraziko duten elementu edo materialik.
6. artikulua. Nekazaritza-basogintza eremua.
Eremu horretan sartzen dira hirigunetik eta hiri-ingurumaritik kanpo geratzen diren udal mugarteko landa lurrak.
Araudia zehaztuta dago Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an eman zuen 222/2016 Foru Aginduan, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso-suteen prebentzioa helburu (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5937630).
7. artikulua. Udal-mugarte osoa.
Debeku da:
1. Sua duten edo sua eragin dezaketen suziri edo artefaktuak botatzea (salbu jaietako suziria edo Udalak baimendutako bertzelako ekintzak).
2. Piztuta dauden pospoloak, zigarrokinak edo bertzelako objektuak botatzea.
3. Nonahi uztea sua sortzea errazten ahal duten zaborrak, obra-hondakinak edo bertzelako hondakinak.
4. Baimenik gabe erabiltzea txinpartak sortzen ahal dituzten erremintak edo makinak.
5. Obrako elementuak (materialak, makineria, aldamioak, edukiontziak edo antzekoak) baimendutako lekuetatik kanpo jartzea, edo eremu publikoa okupatzeko baimenik ez dutenak, eta suteak itzaltzeko edo larrialdietako ibilgailuen pasabidea galarazten ahal dutenak.
6. Bideetan uztea traba eragiten ahal duten gauzak, modu iraunkorrean nahiz behin-behinean, eragozten edo zailtzen ahal dituztenak basogintzako lanetako edo suteak itzaltzeko ibilgailuen joan-etorriak edo maniobrak, trafikoari buruzko arauen bertze arau-hauste batzuk gorabehera.
7. Nonahi uztea beirak, botilak edo hondakin sukoiak edo sua eragin dezaketenak.
8. Lurzatian uztea inausketaren eta bertzelako baso tratamenduen hondarrak.
9. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumena larri kaltetu edo hondatu gabe, edo jendearen osasuna arrisku larrian jarri gabe.
10. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, kalte larria eraginda ingurumenari edo pertsonen osasunari.
11. Sute baten edo su-foku baten berri izatea, eta haren berri ez ematea.
12. Sastraka, belarra edo baso hondakinak erretzea horretarako berariazko baimenik gabe edo, berariazko baimena izanda ere, bete gabe erreketa modu kontrolatuan egiteko ezarritako eskakizunak (behar den lagun taldea, palak eta bizkarreko itzalgailuak, motoponpa duen ibilgailua, haizearen gehienezko abiadura eta abar).
III. KAPITULUA.–LANGUNTZA AZKARREKO TALDEAK
8. artikulua. Laguntza azkarreko taldeak arautzea.
Herritar talde boluntarioak dira, interesa dutenak suteak itzaltzeko beharrezkoak diren lanetan laguntzeko, eta betiere dagokien agintaritzak koordinatuta jarduten dutenak.
Halakotzat hartua izateko, egoki den galdetegian izena emanik egon behar dute: https://forms.gle/gqoRvd2hsqWxrvby6.
Laguntza taldeko kidetzat aitortuek izanen dute Deierriko Udaleko istripu asegurua.
IV. KAPITULUA.–INFORMAZIOA ETA HEDAPENA
9. artikulua. Herritarrei informazioa emateko betebeharrak.
Aldizka, Deierriko Udalak herritarrendako informazio kanpainak eginen ditu, eta ibarreko erakunde publikoek eta pribatuek lagundu beharko dute hedapenean.
V. KAPITULUA.–KONTZEJUEI LAGUNTZEA
10. artikulua. Larratze estentsiboa babestea.
Suteak prebenitzeko eta larratze estentsibo tradizionala babesteko helburu bikoitzarekin, Deierriko Udalak laguntza emanen du baso-suteak eragin ditzaketen zuhaixka-landareak kontrolatzeko larratzea erabiltzen duten kontzejuen ekintzetan, dela herriko artzainen bidez, dela Zunbeltz Arsueko artalde suhiltzaile estentsiboaren zerbitzuaren bidez. Horretarako larratzearen kostuak finantzatuko ditu, gehienez ere 500 euro urtean kontzeju bakoitzeko.
Interesa duten kontzejuek aurkeztu beharko dute I. eranskinean dagoen eskaera fitxa.
11. artikulua. Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko materialak.
Deierriko Udalak baditu materialak eta makina txikiak belar-sastrakak kentzeko eta landaredian mantentze-lanak egiteko. Kontzejuek erabil ditzakete, albienteari eskatuta.
Bertzalde, Udalak finantzatuko du kontzejuek suteak itzaltzeko materialak erostea, gehienez ere 750 euro urtean kontzeju bakoitzeko.
Interesa duten kontzejuek aurkeztu beharko dute II eranskinean dagoen eskaera fitxa.
VI. KAPITULUA.–KUDEAKETA ETA IKUSKAPENA
Deierriko Udalak, alkatearen edo hark eskuordetutako zinegotziaren bidez, begiratuko du ea betetzen diren ordenantza honetan ezarritako eta araututako jarduerak eta betebeharrak, eta ezarriko ditu dagokion zehapenak, ordenantza honetan ezarritakoaren eta Foruzaingoak edo Guardia Zibilak zehaztutakoaren arabera.
Alkateak, ofizioz edo udal-mugarteko kontzejuetako buruek eskaturik edo interesdun batek eskaturik, eta udalaren zerbitzu teknikoen txostena eskuratu ondoren, edo, behar bada, Nafarroako Gobernuak (dagozkion nahitaezko laguntzako eginkizunak betez) eskaintzen dizkion zerbitzu teknikoen txostena hartuta, ebazpena emanen du, lursailetan dauden akatsak adieraziz eta horiek zuzentzeko behar diren neurriak aginduz.
Emandako epea neurri egokiak hartu gabe iraganez gero, alkateak edo hark eskuordetutako zinegotziak zehapen espedientea irekitzeko aginduko du, eta indarrean dagoen Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arabera izapidetuko da. Ebazpenean, gainera, jabeari edo administratzaileari eskatuko zaio emandako agindua betetzeko, eta hark betetzen ez badu, Udalak eginen du lan hori, behartuaren kontura, betearazpen subsidiarioko prozedura baliatuz.
VII. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK
Ordenantza honi dagokionez, arau-haustetzat jotzen ahal diren ekintzak, dagozkien zehapenekin, honako hauek dira:
a) Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea eta ordenantzako prebentzio-neurriei kontra egiten dieten jarduerak egitea.
b) Sua erabiltzea Nafarroako Gobernuak ezarritako araudia urratuz.
c) Lursailetan belar-sastrakak edo baso landaredia garbitzea edo moztea baimenik gabe.
d) Suteen prebentzio eta konponketa lanak oztopatzea.
e) Udal-mugarteko hiri/baso interfazearen barruan sutea eragiten ahal duen edozein ekintza.
12. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Arau-hausteak sailkatzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 140 artikuluan. Hortaz, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.
Arau-hauste arintzat joko da 4. artikuluko 1. eta 2. puntuetan, 5. artikuluko 2. puntuan eta 6. artikuluko 8. eta 9. puntuetan adierazitako betebeharrak ez betetzea. Ohartarazpena jaso eta gero, berriro egiten bada bertze arau-hauste arin bat, arau-hauste astun bilakatuko da.
Arau-hauste astuntzat joko da 3. artikuluko 1., 2. eta 6. puntuetan, 4. artikuluko 3. puntuan, 5. artikuluko 1. puntuan eta 6. artikuluko 3. eta 7. puntuetan adierazitako betebeharrak ez betetzea. Halaber, arau-hauste astuntzat joko da hamabi hilabeteko epean arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea, edo arau-hauste horiek egitea ingurumenean kalte edo narriadura larria eraginez edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri denean.
Arau-hauste oso astuntzat joko da 3. artikuluko 5. puntuan eta 6 artikuluko 1., 2., 4., 5., 6., 10., 11. eta 12. puntuetan adierazitako betebeharrak ez betetzea. Halaber, arau-hauste oso astuntzat joko da arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea edo arau-hauste astunak egitea, ingurumenari kalte edo narriadura larria eraginez edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri denean.
VIII. KAPITULUA.–ORGANO ESKUDUNA
Ordenantza honetako aginduak urratzeagatik, zehapenak ezartzea alkalte udalburuaren eskumena izanen da, eta bertze baten eskuetan utziz gero, eskumena bere eskuetan hartzen duen zinegotziarena.
IX. KAPITULUA.–SALAKETAK
Nafarroako Foru Komunitatean dauden agintaritza agenteen salaketek, zaintza eta kontrol eginkizunetan ari direnean, frogaren balioa izanen dute, ukatu gabe haien betebeharra dela salaketaren egitateen gainean izan litezkeen froga guztiak aurkeztea, eta ukatu gabe, orobat, salatutako pertsonek beren defentsarako aurkezten ahal dituzten frogak erakusteko eskubidea.
X. KAPITULUA–ZEHAPENAK
1. Titulu honetan agertzen diren arau-hausteei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:
a) Arau-hauste arinak: zehapenaren ohartarazpena.
b) Arau-hauste astunak: 100 eurotik 1.000 eurora bitarte.
c) Arau-hauste oso astunak: 1.000 eurotik 5.000 eurora bitarte.
2. Zehapenen zenbatekoa eta irismena zehaztean, honako irizpide hauei jarraituko zaie:
a) Arau-haustearen larritasuna.
b) Eragindako kaltea: pertsonen osasunean edo segurtasunean, ingurumenean edo legez babestutako bertzelako ondasun edo interesetan duen eragina edo garrantzia.
c) Erruduntasun, intentzio eta/edo partaidetza maila.
d) Lortutako onura: zehapenak ezartzean kontuan hartuko da, betiere, arau-haustea egitea ez dadin izan onuragarriagoa arau-hauslearentzat hautsitako arauak betetzea baino.
e) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
f) Arau-haustea errepikatzea, arau-haustea egin edo egiten hasi baino bi urte lehenago, arau bereko eta izaera desberdineko arau-hauste bat egin zelako, ebazpen irmo baten bidez halakotzat zehatu ondoren.
g) Aringarritzat hartuko dira arau-haustearen erantzuleak zehapen espedientea ireki aurretik neurri zuzentzaileak bere ekimenez hartzea, eta orobat, araua hausten duen jarduera bertan behera uzten badu arau-hausleak, bere borondatez.
h) Zehapenaren zenbatekoa %50 murrizten ahalko da, baldin eta arduradunak errekerimenduak betetzeko behar diren jarduketak egiten baditu hamar eguneko epean.
XI. KAPITULUA.–BETEARAZPEN SUBSIDIARIOA
Hemen aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, Udalak ordenantza betetzeko eskatzen ahalko die jabeei. Horretarako, epe aldakorra izanen dute, egoera zuzentzeko, sortzen ahal diren arriskuen arabera.
Epe hori alda daiteke, 15 egun sutea izateko arrisku ertaina bada, edo gehienez ere 72 orduko epean betetzea, arriskua muturrekoa balitz. Epe hori bukatuta, Udalak beharrezko egintzak subsidiarioki gauzatzen ahalko ditu, eta kostuak arau-hausleei egotzi.
Aurretiazko errekerimendua ez da izanen beharrezkoa, eta zilegi izanen da berehala gauzatzea, baldin eta atzematen bada egoera luzatzeagatik pertsonen osasunerako edo ingurumenerako berehalako arriskua sortzen ahal dela.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Ordenantza honetan ezarritako araubideak ez ditu eragotziko Administrazioko bertze erakunde batzuei beren eskumenen eremuan dagozkien esku-hartzeak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunen buruan jarriko da indarrean, eta bertako manuen kontra egiten duen udal xedapen oro indargabeturik geratuko da.
I. ERANSKINA.–LARRATZE ESTENTSIBOA BABESTEKO ESKAERA FITXA
Kontzejuaren izena | |
Larratzeko den alderdiaren izena | |
Azalera | |
Aurreikusitako larratze aldia | |
Larratzea eginen duen pertsona/erakundea | |
Abelburu kopurua | |
Aurrekontua | |
Eguna eta Kontzejuko buruaren sinadura
II. ERANSKINA.–MATERIALAK EROSTEN LAGUNTZEKO ESKAERA FITXA
Kontzejuaren izena | |
Erosiko diren materialen aurrekontua | KONTZEPTUA | UNITATEKO PREZIOA | UNITATE KOPURUA | PREZIOA, GUZTIRA |
| | | |
| | | |
| | | |
| | | |
| | | |
| | | |
| | | |
GUZTIZKO PARTZIALA | | | |
BEZa | | | |
GUZTIRA | | | |
Iragarkiaren kodea: L2513316