227. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

146C/2025 EBAZPENA, urriaren 7koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Conservas Martiko SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Conservas Martiko SA enpresaren hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31100942012015), zeina 2025eko irailaren 23an sartu baitzen erregistro honetan, eta 2025eko irailaren 12an sinatu baitzuten enpresaren ordezkariek eta langileen legezko ordezkariek.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Conservas Martiko SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31100942012015).

Bigarrena.–Agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko urriaren 7an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

BERAKO MARTIKO SA ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua. Eremu pertsonala, eremu funtzionala eta lurralde eremua.

Enpresaren izenean, Pablo Martín Taboada jaunak parte hartzen du, eta langileen izenean, Fernando Fernández Martínez jaunak.

Hitzarmen kolektibo hau Martiko Sozietate Anonimoa enpresak Beran (Nafarroa) duen lantokian zerbitzua ematen duten langileei aplikatuko zaie, salbuespen bakarra izanik legezko xedapen partikularrek araututako lan harreman bereziak dituztenak. Lan hitzarmen honetan sartuta daude Martiko I izenekoan hestebete produktuen sailean dauden langileak ere.

Conservas Martiko SAren jarduera da haragi eta hegazti produktuak prestatzea, bereziki ahatetik eratorritakoak.

2. artikulua. Denbora eremua.

Hitzarmen kolektibo honen testu artikuludunak lau urteko indarraldia izanen du. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak, eta 2028ko abenduaren 31n bukatuko da.

II. KAPITULUA.–LANAREN ANTOLAKETA

3. artikulua. Lanaren antolaketa.

Lana antolatzea enpresako zuzendaritzari dagokio, arlo horretako legezko xedapenen arabera.

III. KAPITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA

4. artikulua. Xedapen orokorra.

Martiko SA enpresan lan egin eta hitzarmen kolektibo honen eraginpean dauden langileak sailkatuko dira honako irizpide hauek kontuan hartuz: produktibitatea, kalitatea-trazabilitatea, autonomia maila, ekimena, balioaniztasuna, erantzukizuna, konplexutasuna, agintea eta konpromisoa.

Sailkapen hori eta haren arau osagarriak direla bide, enpresaren beharren araberako lanbide egitura egokia lortu nahi da, langile guztiak hobeki integratu daitezen produkzio lanetan eta uneoro hobeki egokitu daitezen lanpostu batera, behar duten prestakuntzaren bitartez.

Kontratuzko lan harremanaren lehen mailako edukia da haren antolamenduzko sailkapenak dakartzan eginkizunak betetzea. Ondorioz, bertako edozein lanpostu bete beharko da, behin lanpostu berriari dagokion prestakuntza jasotakoan enpresaren aldetik.

5. artikulua. Antolaketako sailkapena eta lanbide taldeak.

Lanbide taldeen definizioa. Martiko SA enpresako langile guztiak lanbide talde hauetakoren batean sailkatuko dira:

Sailkapen taldeak: Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko enpresako langileak lanbide talde hauetakoren batean sailkatuta daude:

1. Teknikariak.

2. Administrazio-langileak.

3. Produkzioko langileak.

Teknikarien lanbide taldeko kategoriak: Teknikariak kategoria hauetan banatzen dira:

1. Zuzendaria.

2. Kudeatzailea edo teknikaria, goi mailako tituluduna.

3. Goi mailakoa ez den titulua edo erdi mailako titulua duen teknikaria.

Administrazio arloko lanbide taldeko kategoriak: Administrazio arloko langileak kategoria hauetan banatzen dira:

1. Bulegoko burua.

2. Lehen mailako administrari-ofiziala.

3. Bigarren mailako administrari-ofiziala.

4. Hirugarren mailako administrari-ofiziala.

5. Administrari laguntzailea.

Produkzioko langileen lanbide taldeko kategoriak: Produkzioko langileak kategoria hauetan banatzen dira:

1. Instalazio arduraduna.

2. Atalburua.

3. Lehen mailako ofiziala.

4. Bigarren mailako ofiziala.

5. Hirugarren mailako ofiziala.

6. Laguntzailea.

Hitzarmen kolektibo honetan langileen sailkapena adierazi baizik ez da egin, eta ez dakar berekin adierazi diren lanpostu eta kategoria guztiak beteak izan beharra, enpresen beharrek eta bolumenak eskatzen ez badute.

Langile guztiak behartuta daude nagusiek agintzen dizkieten lan guztiak egitera, beren lanbide kategorian, Langileen Estatutuaren 23. eta 39. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe.

Hitzarmen honetan finkatua ez dagoen lanbide kategoriaren bat duten langileen kasuan, aipatutako kategorien artean antzekoenak direnekin parekatuko dira.

Lehendik dauden lanbide kategoriak hitzarmen kolektibo honetan adierazitako izen eta edukietan integratuko dira.

Lanbide kategorien definizioa:

Atal honetako definizioak ez dira zehatzak, azalpen hutsa baizik.

Teknikarien taldeko lanbide kategoriak:

1. Zuzendaria. Lanbide tituluarekin edo halakorik gabe, industriako elaborazio prozesuetako edo zerbitzuetako fase guztietan edo batzuetan prestakuntza, gaitasun aitortua eta praktika dituen langilea da, eta exekutiboaren edo teknikari espezializatuaren eginkizunak ditu.

2. Goi mailako titulua duen teknikaria edo kudeatzailea. Estatuak unibertsitateen nahiz eskola berezi ofizialen edo legez onartutakoen bidez emandako goi mailako titulua izanik, enpresak lanbide titulu horren arabera kontratatu duena, bere lanbideko eginkizunak egiten dituena eta lanaren ordaina, bakarrik edo batez ere, soldata bidez edo horrenbesteko prezioaren bidez jasotzen duena, loturarik gabe, beraz, bere lanbideko ordainsarien ohiko eskalarekin.

3. Goi mailakoa ez den titulua edo erdi mailako titulua duen teknikaria. Aurrekoa ez bezalako lanbide titulu ofizial bat izanik, bere lanbideko zerbitzuak hari dagozkion eginkizunak betez egiten dituena, bere ordainsaria goi mailako titulua duten teknikarientzat ezarritako moduan jasotzen badu betiere.

Administrazio arloko langileen taldeko lanbide kategoriak:

Administrarien kontzeptu orokorrean bulegoko lanak egiten dituztenak sartzen dira, honakoak, besteak beste: bulegokoak, konparazio batera, kontabilitatea, fakturazioa, kalkulua, kobrantza, gutuneria, informatika, etab.

1. Bulegoko burua. Administrazio zerbitzu guztiak ezagutzen dituen eta enpresaren administrazio ardura eta zuzendaritza bere gain hartzen dituen langilea da.

2. Lehen mailako administrari-ofiziala. Ekimenez eta erantzukizunez eta bere agindupean beste langile batzuk izanda, zerbitzu edo departamenturen bat bere kargu duen administraria, lan hauek egiten ongi dakiena: fakturak eta horien kalkulua; estatistiken kalkulua; kontu korronteen liburuak, egunkari liburu nagusia eta korrespontsalak eramatea, eskutitzak norberaren ekimenez idaztea, likidazioak, eta soldaten nominak, soldatak eta Gizarte Segurantza kalkulatzea.

3. Bigarren mailako administrari-ofiziala. Administrazio departamentu bateko lanak egiten dakien eta praktikan jartzen dituen langilea. Haren eginkizunek nolabaiteko espezializazioa eskatzen dute eta lehen mailako administrari-ofizial batek edo bulegoko buruak antolatzen eta zuzentzen ditu.

4. Hirugarren mailako administrari-ofiziala. Hemezortzi urtetik gorako langilea, oinarrizko administrazio lanak egiten dituena, hala nola fakturak kalkulatu eta prestatzea, datuak pasatzea nomina eta liburuetan, eta idatzoharrak egitea, oro har. Harreragile lanetan eta enpresak merkaturatzen dituen produktuen dastaleku eta salmenta lanetan ere aritu daiteke. Lan hauek ere egiten ditu: eskaerak jasotzea, horien jarraipena egitea bezeroak eskuratzen dituen arte, albaranak, itzulketen kontrola eta kudeaketa. Lanbide kategoria horretara iristen da, halaber, enpresan lanean mila eta ehun egun natural betetzen direnean.

5. Administrari laguntzailea. Bulegoan lan osagarri eta errazak egiten dituen langilea da. Mandatuak eta oharrak jasotzen ditu eta nagusiek agintzen dizkioten lanak egiten ditu. Betiere bere eginbeharrak oinarrizkoak dira. Hirugarren mailako administrari-ofizialaren antzeko jarduerak egiten ditu, baina lanbide kategoria horretara pasatzeko behar den lanegun kopurura iritsi gabe.

Produkzioko langileen lanbide kategoriak:

Talde horretan sartzen diren langileek, behar den prestakuntzaren jabe direla, beren espezialitateari dagozkion lan tipikoak egiten dituzte, bai lan nagusiak bai lagungarriak, eta ekimenez, arduraz eta errendimenduz gauzatzen dituzte, beren kategoriaren arabera:

1. Instalazio arduraduna. Behar den ezagutza eta gaitasuna izanik, planta baten eta hura osatzen duten atalen ardura duen langilea, bere mende dagozkion langile profesionalak daudela; langile horiei agintzen zaien lana betearazi behar die, eta bere ardurapean daude errendimendua eta lortutako produktuaren kalitatearen eta egindako lanaren kontrola. Beraz, bere eginkizunen artean honako hauek daude, besteak beste:

–Bere mendeko langileen eta enpresaren arteko harreman onak begiratu eta zaintzea.

–Bere mende duen ataleko fitxategien ordena egokia zaintzea.

–Zehapenak edo sariak proposatzea, bere mendeko langileei dagokienez.

–Bere ardurapeko atal guztien produktibitatea kontrolatzea.

–Lana hobetzeko proposamenak egitea zuzendaritzari.

–Bere ardurapean dituen ataletako instalazio eta tresnen egoera egokiaren eta mantentzearen ardura izatea, atalburuaren eta mendekoen laguntzaz.

–Lan taldeak eratzea eta produkzioa planifikatzea bere ardurapeko ataletan.

–Segurtasun, kalitate, ordena eta garbitasun arauak bete daitezen arduratzea.

–Segurtasun arauak betearaztea, bai eta enpresaren barneko arauak eta produktuak manipulatzeko jardunbide egokiak ere.

2. Atalburua. Instalazioaren arduradunaren agindupean, halakorik bada, edo zuzenean enpresaren agindupean, bere atala edo atalak edo produkzio osoa zuzentzeko ardura du. Atal bakoitzeko lanetan esku hartu ohi du; bere agindupeko langileen asistentzia eta diziplina kontrolatzen ditu, eta, aldi berean, lanaren xehetasunak eta burutzapen egokia begiratzen ditu, lanak egiteko aginduak aplikatuz. Beraz, bere eginkizunen artean honako hauek daude, besteak beste:

–Beren ataleko makina eta tresnen kontserbazio eta errendimendua zaintzea.

–Agindupean dituen langileen zuzendaritza bere gain hartzea, ahalik eta errendimendurik handiena lortzen saiatuz eta langileen diziplinaz arduratuz.

–Agintzen zaizkien prozesu edo lanen ordena, funtzionamendu eta zainketa egokiaz arduratzea.

–Agintzen zaizkien lan programak betetzearen erantzule izatea.

–Agintzen zaizkion parte, egoera-orri eta txostenak egitea, behar diren datuak jarrita, eta bere menpekoek aurkezten dituzten datuak egiaztatzea.

–Edozein arazo berehala konpontzeko bideak jartzea, bere taldearen lana eten ez dadin.

–Bere ardurapeko langileen prestakuntzaz eta trebakuntza praktikoaz arduratzea.

–Manipulatzen den produktuaren kalitatearen akatsak atzeman eta zuzentzea (lehengaia, material lagungarria, tarteko produktuak, produktu bukatua).

–Produktuaren kalitateaz arduratzea.

–Lantokiaren garbitasuna zaintzea eta akatsak salatzea.

–Segurtasun arauak, enpresaren barneko arauak eta bere lanpostuari dagozkion manipulazio jardunbide egokiak betetzea.

3. Lehen mailako ofiziala. Langile honek, atalburu edo arduradun baten edo haren ordezko baten agindupean, esleitu zaion ataleko eragiketa guztiak dakizki eta gauzatzen ditu, espezializazio eta errendimendu maila gorenetan. Talde lanean aritzen da, eta bere lanen eta bere mendekoen lanen erantzulea da. Lan hauek egiten ditu, besteak beste:

–Bere lan lerroari esleitutako produkzio lanak egitea, bere lanaren eta bere menpekoek egiten dutenaren ardura duela.

–Bere lan lerroari esleitutako produktibitate eta kalitate estandarrak betetzea, bai berak bai bere menpekoek.

–Agiriak betetzea, produkzio-datuak sartzea terminal informatiko baten bidez, edo kasu bakoitzerako behar diren inprimakien bidez.

–Bere lan lerroak fabrikatu behar dituen produktuetarako eskatzen den kalitatea lortzea, bai berak bai bere laguntzaileek.

–Bere lan lerroak erabiliko dituen lehengaien kalitate akatsak atzeman eta zuzentzea.

–Lan lerroko makinen garbiketa eta oinarrizko mantentze lanak egitea.

–Lan lerroa garbi eta egoera ezin hobean edukitzea, bai eta bere laguntzaileen ordena ere.

–Lan lerroko tresnak garbitu, zaindu eta gordetzeaz arduratzea.

–Segurtasun arauak, enpresaren barneko arauak eta bere lanpostuari dagozkion manipulazio jardunbide egokiak betetzea.

4. Bigarren mailako ofiziala. Langile honek zenbait teknika menperatzea eskatzen duten lan konplexuak gauzatzen ditu, eta, horretarako, oinarri tekniko jakin batzuk ulertzea ere eskatzen zaio. Zeregin horiek gauzatzeko, autonomia maila handia behar da, eta erantzukizun eta ekimen maila handiagoa. Bakarka edo taldean lan egin dezake. Eginkizun hauek ditu, besteak beste:

–Bere postuari esleitutako produkzio lanak gauzatzea, ezarritako metodoarekin bat.

–Bere postuari esleitutako produktibitate ratioak betetzea.

–Fabrikatu behar dituen produktuetarako eskatzen den kalitatea lortzea.

–Produkzio prozesuan erabiltzen dituen lehengaien edo gai erdi landuen kalitate akatsak atzematea.

–Berak fabrikatutako produktuen kalitatea egiaztatzea, Kalitate Departamentuak ezarritako parametroen arabera.

–Erabiltzen dituen makinen garbiketa eta oinarrizko mantentze lanak egitea.

–Bere lan esparrua garbi eta baldintzarik hoberenetan izatea.

–Lanabes eta tresnak garbitzea, zaintzea eta gordetzea.

–Segurtasun arauak, enpresaren barneko arauak eta bere lanpostuari dagozkion manipulazio jardunbide egokiak betetzea.

–Agiriak betetzea, produkzio-datuak sartzea terminal informatiko baten bidez, edo inprimakien bidez.

5. Hirugarren mailako ofiziala. Langile honek espezializazio maila handiko produkzio lanak gauzatzeko ardura du, lan taldean eta maila handiagoko ofizial batek gainbegiratuta. Lanbide kategoria horretara iristen da, halaber, enpresan lanean mila eta ehun egun natural betetzen direnean. Eginkizun hauek ditu, besteak beste:

–Bere postuari esleitutako produkzio lanak gauzatzea, ezarritako metodoarekin bat.

–Bere postuari esleitutako produktibitate ratioak betetzea.

–Fabrikatu behar dituen produktuetarako eskatzen den kalitatea lortzea.

–Produkzio prozesuan erabiltzen dituen lehengaien edo gai erdi landuen kalitate akatsak atzematea.

–Berak fabrikatutako produktuen kalitatea egiaztatzea, Kalitate Departamentuak ezarritako parametroen arabera.

–Erabiltzen dituen makinen garbiketa eta oinarrizko mantentze lanak egitea.

–Bere lan esparrua garbi eta baldintzarik hoberenetan izatea.

–Lanabes eta tresnak garbitzea, zaintzea eta gordetzea.

–Segurtasun arauak, enpresaren barneko arauak eta bere lanpostuari dagozkion manipulazio jardunbide egokiak betetzea.

–Agiriak betetzea, produkzio-datuak sartzea terminal informatiko baten bidez, edo inprimakien bidez.

6. Laguntzailea. Aurretik adierazitako kategorietako ofizialek adinako trebetasuna eta errendimendua lortu gabe, agintzen zaizkien lanak erantzukizun osoz egiten dituen behargina da. Enpresan hiru urte egin arte lanbide kategoria honetan iraunen du, berariazko kontrataziorik ezean.

Lanbide kategorien definizio orokorrak sektorean integraturik dauden edo integra daitezkeen jardueretarako egokiak dira eta horiei aplikatzen ahal zaizkie; hala, edozein lanpostu ezarri diren kategorietako batekin parekatuko da, lanpostuak eskatzen duen lanbide gaitasunaren arabera.

6. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.

Enpresako Zuzendaritzak, behar teknikoak, ekoizpenekoak edo antolaketakoak kontuan harturik, lanbide kategoriaren aldaketa ekartzen duten zereginak esleitzen ahalko dizkie langileei, bai aldi baterako, bai epemugarik gabe, ordainsaria murriztu gabe.

Aldaketak ordainsari handiagoak baldin badakartza, lanpostu berriari dagozkionak jasoko dituzte, lanpostu horretan aritzen diren eta eginkizun horiek dirauten bitartean. Nolanahi ere, eginkizun horiek bitarte baterako zergatiengatik gauzatzen direnean (bajengatik, eszedentziengatik...) ez dira zenbatuko kategoria berria finkatzeko.

IV. KAPITULUA.–PLANTILLAK ETA ESKALAFOIAK

7. artikulua. Kontratuak arautzea.

Ohiko kontratu finkoaz gain, kontratu mota hauek ituntzeko aukera aurreikusten da:

–Aldizkako kontratu finkoa arautzea:

Aldizkako lan-kontratu finkoa Martiko enpresan berariazko modalitatea da, jardueraren ezaugarrietarako egokia. Izan ere, erabiltzen diren lehengaiak galkorrak dira eta urteko garai jakin batzuetan jarduera handiagoa da, enpresek fabrikatzen dituzten produktu eraldatuen kontsumoaren gorabeherei lotua izaten delako produkzioa. Kontratu mota horretan Martiko enpresaren interesak eta langileenak biltzen dira; enpresarenak, jarduerak eskatzen duen malgutasuna eskaintzen duelako eta lan gutxiago dagoenean plantilla arindu daitekeelako, eta langileenak, berriz, urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritzea eskatzen ez duen kontratu mugagabea delako.

Aldizkako lan-kontratu finkoa, Martiko enpresan izaera propioa duena ondorio guztietarako, enpresan ohiko jardueran aldizkako lan finkoetan aritzeko deitua izan den langileari egiten zaiona da, urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritzerik ez badago ere.

Lanean hasi baino gutxienez hiru egun natural lehenago eginen da deia, telefonoz edo, bestela, posta elektronikoz eta/edo whatsappez.

Horretarako, langileek Espainiako helbide bat, helbide elektronikoa eta telefono mugikorraren eta whatsappen zenbaki bat adierazi beharko dizkiote enpresari, komunikazio fidagarria egiteko.

Martiko enpresako aldizkako langile finkoei dei eginen zaie enpresako jarduera egiteko haien zerbitzuen beharra dagoen bakoitzean.

Laneratzea pixkanakakoa izan daiteke, unean-unean lan bolumenak sortzen dituen beharren arabera. Aldizkako langile finkoek, edozein arrazoirengatik, ezin badute beren lanpostuan hasi dei egiten zaienean, langileen zuzendaritzari horren berri eman beharko diote deia jaso eta 72 orduko epean.

Zein hurrenkeratan deituko zaien erabakitzeko irizpideak hauexek izanen dira: zein ataletan behar den eskulana eta aldizkako langile finkoek Martiko enpresan egin behar dituzten egiazko lanegunen kopurua betetzea.

Aldizkako langile finko bati artikulu horretan ezarritakoarekin bat deitu eta 72 orduko epean enpresan hasten ez bada, aldizkako langile finkoa izateari utziko dio, eta egoera hori enpresako borondatezko bajarekin parekatuko da.

Ez da kaleratzetzat joko aldizkako langile finko guztiak hartzeko behar adinako lan kopururik ez izatearen ondorioz deirik ez izatea. Egoera horrek kontratuaren etenaldia luzatzea ekarriko du. Ondokoak kontratua eteteko arrazoi izanen dira eta, horren ondorioz, langilea eta enpresa elkarrekiko dituzten betebeharretatik askatuko dira eta benetako jarduerarik eza ez da kaleratzetzat hartuko:

–Gorabehera atmosferikoak.

–Banaketarako garraioak edo baliabideak geldiaraztea.

–Indar eragilea moztea edo lehengairik ez izatea, enpresari egozten ahal ez zaion arrazoiren batengatik.

Deialdia betetzen ez bada, aurreko paragrafoko kasuetan izan ezik, aldizkako langile finkoak kaleratze prozedura eskatzen ahalko du jurisdikzio eskudunaren aurrean. Epea hasiko da deialdirik egin ez dela jakiten den egun berean.

Deia egin eta lanean ez hasteak ez du ekarriko antzinatasun erroldan langileak duen hurrenkera galtzea, honako egoera hauetan dagoenean: aldi baterako ezintasuna, haurra izan, adoptatu edo familian hartu ondorengo atsedenaldia, lizentzia edo justifikatutako beste arrazoi batzuk, behar bezala egiaztatuta baldin badaude. Behin laneratuz gero, berriro lotuko zaio lan harremanari.

Aldizkako langile finkoek lana utzi beharko dute, enpresaren jarduera beharren arabera. Kargu-uztea idatziz jakinaraziko zaio langileari.

Martiko enpresan aldizkako kontratu finkoa duten langileek langile finkoen modalitate berean hartuko dituzte ordainsariak.

Martikoko aldizkako langile finkoek, baldintza berdinetan, lehentasunezko eskubidea izanen dute enpresarekin adosten diren etengabeko langile finkoen lanpostuak eskuratzeko, lan jarduera egin ohi duten atalean, metatutako lanegunen arabera.

Halaber, metaturiko lanegunen araberako hurrenkeran, aldizkako langile finkoek eskubidea izanen dute etengabeko langile finkoek edozein arrazoirengatik hutsik uzten dituzten lanpostuak betetzeko lan jarduera egin ohi duten atalean. Nolanahi ere, enpresak egokitzat jotzen dituen kontratu finkoak egin edo behin-behineko kontratuak finko bihurtu ahalko ditu.

–Aldi baterako kontratazioa.

Bi taldeek uste dute, Martiko SAren jardueraren ezaugarriak kontuan izanik, produktu eraldatuei dagokienez sasoi batzuetan jarduera handiagoa dela besteetan baino. Horregatik, helburua da hitzarmen kolektibo honetan plantillaren egonkortasuna lortzea, eta ohiz kanpoko egoeretan baizik ez daitezela egin aldi baterako kontratuak.

Horretarako, alderdiek hauxe hitzartu dute:

A) Enpresaz kanpoko beste kontratazio mota batzuetako eta aldi baterako kontratuak arrazoitzea, horiek aldizka erabiltzeko irizpideak eta baldintzak zehaztuz.

B) Ildo horretatik, hitzarmen honen indarraldian, aldi baterako kontratuak legeei jarraikiz sinatuko dira, eta batez ere ondorengo egoerak gertatzen direnean:

  • Aldi baterako ezintasun bajak edo oporrak bete beharra.
  • Kualifikazio berezia eskatzen dutela-eta, plantillako langileek egin ezin dituzten lanak.
  • Errelebo-kontratuak.
  • Eszedentziak.
  • Eguberrietako kanpainan bakarrik fabrikatzen diren produktu eta produktu berriak fabrikatzea.

–Erretiro partziala.

Enpresak plantillako langile finkoen erretiro partziala erraztuko du, hori eragozten duen inguruabar larririk ezean, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Errelebo-kontratu bat egin behar baldin bada, langabe bat edo enpresan aldi baterako kontratua duen pertsona bat kontratatuko da. Ez da aldizkako finko batekin eginen, arauak berariaz onartzen ez badu.

V. KAPITULUA.–ENPRESAN SARTZEA ETA MAILAZ IGOTZEA

8. artikulua. Probaldia.

Probaldi bat hitzartzen ahalko da: sei hilabete gehienez teknikari tituludunentzat eta bi gehienez gainerako langileentzat.

Probaldi hori idatziz agerraraziko da, eta aldi baterako ezintasun egoeretan eten eginen da, berariaz hala adosten bada.

Probaldian, langileak bere lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala eta kontratazio motaren arabera, salbu lan harremana suntsitzearen ondoriozkoak (aldeetako edozeinen eskariz suntsi daiteke lan harremana).

Probaldia bukatutakoan, atzera egin ez bada, kontratuak dagokion modalitateko ondorioak sortuko ditu, eta enpresan lanean aritutako denbora kontatuko da antzinatasunerako.

9. artikulua. Borondatezko uzteak.

Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuta daude enpresari horren berri ematera, aurreabisurako epe hauek betez:

Beharginak: 15 egun natural.

Teknikari eta administrariak: hilabete bat lehenago.

Aipatu epeetan aurreabisua egiten ez bada, enpresak eskubidea izanen du langilearen likidaziotik eguneko soldata deskontatzeko aurreabisua atzeratzen den egun bakoitzeko.

10. artikulua. Kategoriaz igotzea.

Mailaz igotzeko arau hauek izanen dira:

Enpresak postu huts bat bete nahi duenean, kontuan hartu beharko ditu plantillan dauden langileak, eta, horretarako, enpresak aukeratutako langileak zortzi hilabeteko trebakuntza aldia izanen du, egiaztatzeko ea balio duen eginkizun horiek betetzeko.

Enpresak edo langileak berak betetzen ez baditu trebakuntzaren helburuak, eginkizun horiek betetzeko nahikoak direnak, edo eginkizun horiek betetzeko interesik ez badu, aurreko lanbide kategoria berreskuratzen ahalko du, eta, beraz, baita aurreko soldata eta lan baldintzak ere.

Aurreko paragrafoan azaldutako igoerarako langile gaiturik ez badago enpresako plantillan, enpresak askatasuna izanen du plantillatik kanpoko norbait kontratatzeko.

VI. KAPITULUA.–LANALDIA, APARTEKO ORDUAK ETA OPORRAK

11. artikulua. Lanaldia.

Oro har, eta Langileen Estatutuaren 34. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoari jarraikiz, urtean benetan egin beharreko egiazko lanorduak 1712 izanen dira hitzarmen honen indarraldiko urte guztietan.

12. artikulua. Lanaldiaren antolaketa.

Enpresaren ahalmena izanen da lanaldia antolatzea, horretarako lan txandak, lanaldi etengabea eta abar ezarriz, langileen ordezkariekin ados jarririk, eta betiere arlo honetan indarra duten legezko arauei jarraikiz.

Urtero lan egutegia eginen da eta bertan bilduko dira lan ordutegia, asteko atsedenaldiak, jaiegunak eta, langileen ordezkariekin adosturik, oporraldiak eta jaiegun, igande eta zubietako lana.

Atsedenaldia: Eguneko lanaldian 20 minutuko atsedenaldia izanen da. Hori benetako lan denboratzat joko da ondorio guztietarako. Atsedenaldia amaitzean langileak bere lanpostuan eta lanean hasteko prest egon behar du. Eguneko 6 ordutik gora lanaldi jarraitua egin beharko da atsedenaldi horretarako eskubidea sortzeko.

Oro har, gutxienez 12 ordu jarraituko atsedenaldia ezartzen da lanegun batetik bestera. Hortik kanpo gelditzen dira kanpainako txanda aldaketa eta langileak eskatutako txanda aldaketa.

Zuzendaritzan, departamentu arloko arduretan eta merkataritza arloan dauden langileek, baldin eta adostuta badute lan-denbora zerbitzuaren beharretara egokituta askatasunez banatzeko araubide bat, betetzen duten lanpostuaren jardueraren eta erantzukizunaren izaeragatik, eta horren ondorioz ohiko moduan ezarritako eguneroko benetako lanaldia luzatu edo murrizteko aukera badute, ordainsari-osagarri finko eta aldakor bat jasoko dute, lanpostu horiek betetzen dituzten pertsonen lanerako prestasuna eta malgutasuna konpentsatzeko, eta, bereziki, eginkizunak eta erantzukizunak betetzean gerta daitekeen edozein ordutegi edo lanaldi luzapen konpentsatu eta erantzuteko, hori guztia indarrean dagoen legeria errespetatuz.

13. artikulua. Aparteko orduaren kontzeptua.

Aparteko orduak dira enpresako lan egutegian (adiera nagusian hartuta) ezarritako lanalditik kanpo edo horren gainetik egiten direnak, eta, orobat, atal batzuek, ohituragatik, produkzioaren antolaketagatik edo akordio batengatik, dituzten edo izaten ahal dituzten ordutegi bereziak.

Ez dira aparteko ordutzat joko asteburuko txanda itunduan egiten diren lanorduak, ezta legezko ordezkariekin itundutako malgutasun formulen arabera egindakoak ere.

Gure sektorean eguberrietako kanpainaren behar handia dugunez eta merkatua malgutzeko eskaera gero eta handiagoa denez, gure bezeroei erantzun egokia emateko eta lehiakorrak izateko, "Eguberrietako kanpainako ordu poltsa" bat ezartzen da irailerako, urrirako, azarorako eta abendurako.

Ordu horiek egitea borondatezkoa izanen da, eta hitzarmen honen 14. artikuluan aparteko orduentzat azaldutako tratamendu bera izanen dute.

Kalitatea sailean eta Kontabilitateko Administrazioa sailean, ordu poltsa hori Kalitatearen Auditorien (IFS) eta kontuen auditorien eskakizunen mende egonen da.

Enpresako zuzendaritzak egin diren aparteko orduen berri emanen die langileen legezko ordezkariei.

Ahal dela, atal bakoitzeko aparteko orduak bertako langileek eginen dituzte.

14. artikulua. Aparteko orduaren balioa.

Aparteko orduaren balioa, hitzarmen kolektibo honetako langileentzat, hau izanen da:

–Aparteko lehen ordua: 1,25 orduko oinarrizko soldata.

–Aparteko bigarren ordua eta gainerakoak: 1,50 orduko oinarrizko soldata.

–Larunbatetako lana: 1,50 orduko oinarrizko soldata (ordu guztiak).

15. artikulua. Jaiegun, igande eta Aste Santuko lana:

Igande eta jaiegunetan lan egin beharra badago, honela ordainduko da:

–Lehen lanorduaren ordainez, hiru orduko oinarrizko soldata.

–Bigarren orduaren eta gainerakoen ordainez, ordu eta erdiko oinarrizko soldata.

Aste Santuan lan eginez gero, lanordu guztiak oinarrizko soldatako hiru ordurekin konpentsatuko dira.

16. artikulua. Oporrak.

Martiko SAko langileek, enpresan lan egiten duten urte natural bakoitzeko, 22 laneguneko (astelehenetik ostiralera bitarteko egunak) opor ordainduak hartzeko eskubidea izanen dute.

Aldeak ados jarriko dira oporrak antolatzeko.

Oporraldiak bat egiten badu langilearen aldi baterako edozein ezintasun egoerarekin, oporrak medikuaren alta jaso ondoren hartuko dira, bi aldeek adosten dituzten egunetan.

17. artikulua. Lan egutegia.

Urtero, enpresetako zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak lan egutegia prestatu eta sinatuko dute. Egutegi hori urteko lehen hiruhilekoa baino lehen onetsi beharko da.

Egutegian honako hauek zehaztuko dira: lanegunak, asteko eta/edo eguneko lanaldia, oporrak, asteko atsedenaldia eta jaiegunak.

Antolamendua edo produkzioa dela-eta, urteko lan egutegia aldatzen ahalko da, legez ezarritako tramiteei jarraikiz.

VII. KAPITULUA.–LIZENTZIA ORDAINDUAK, BAIMENAK ETA ESZEDENTZIAK

18. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Honako egoera hauetan, langileak baimena izanen du denbora batez lanera ez agertzeko, galdu gabe ordaindua izateko eskubidea, baldin aldez aurretik abisatu eta justifikatzen badu:

A) Langilearen ezkontza: 15 egun natural, gertaera eragilearen egunetik edo hurrengo lanegunetik aurrera.

B) Ezkontidearen, seme-alaben edo gurasoen heriotzagatik, 5 egun natural, gertaera eragilearen egunetik edo hurrengo lanegunetik zenbatzen hasita.

C) Odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideen heriotzagatik, 2 egun, gertaera eragilearen egunetik edo hurrengo lanegunetik zenbatzen hasita. 200 kilometrora baino urrunago joan behar denean bi egun gehiago izanen dira.

D) 5 egun, gertaera eragileak dirauen artean, gertaera eragilearen egunetik edo hurrengo lanegunetik zenbatzen hasita, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badu, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badu.

E) Langileak urtean 32 ordu izanen du, gehienez, ezinbesteak eraginik lanera joan gabe gelditzeko, baldin eta ahaideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko familia-arrazoiengatik sortzen bada halabehar hori edo berehala bertaratzea eskatzen duen gaixotasun edo istripuren bat gertatzen bada.

F) Gurasoen, seme-alaben eta anai-arreben ezkontza: egun natural bat.

G) Bizilekuz aldatzeko: egun bat.

H) Eginbehar publikoren bat betetzeko: Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa eta pertsonala den eginbehar saihetsezin bat betetzeko, boto ematekoa barne.

I) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko: legez ezarritako moduan (20 ordu hilabeteko).

J) Medikuaren edo espezialistaren kontsultara joateko, behar-beharrezkoa den denbora.

K) Urtean 20 ordu, gehienez, odoleko edo ezkontza bidezko lehen mailako ahaideei medikuaren kontsultara laguntzeko.

Ezkondu gabeko bikoteei, legezko ondorio guztietarako, berdin aplikatuko zaizkie baimen ordainduak, egoera hori behar den erregistroan edo erroldan jasota dagoela justifikatzen baldin badute.

19. artikulua. Eszedentziak.

Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke, eta indarreko legeak aplikatuko dira.

Ezin izanen da borondatezko eszedentziarik eskatu Martiko enpresaren antzeko sektore edo jardueretako enpresetan lan egiteko.

20. artikulua. Lan-bizitza eta familia bateragarri egitea.

Bularra emateko baimenei dagokienez, legezko zaintzagatiko lanaldi murriztuari dagokionez, ahaideak zaintzeko lanaldi murriztuari dagokionez, amatasunaren babesari dagokionez eta amatasunagatik, haurdun egoteagatik edo adopzioagatik kontratua eteteari dagokionez, eta guraso-baimenari dagokionez, indarreko legedian ezarritakoari jarraikiko zaio.

VIII. KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK

21. artikulua. Ordainsariak.

Hitzarmen honetako soldatak honako egitura hau izanen du:

–Oinarrizko soldata: kontzeptu guztiak ditu barnean (oinarria, osagarriak, oporrak eta aparteko pagak).

  • Produkzioko langileen taulak, 2025:

LANBIDE KATEGORIAK

OINARRIZKO SOLDATA

Plantako arduraduna

3.198,60 euro

Ataleko burua

2.899,79 euro

1. mailako ofiziala

2.620,31 euro

2. mailako ofiziala

2.471,40 euro

3. mailako ofiziala

2.280,08 euro

Laguntzailea

1.790,56 euro

  • Administrazio arloko langileen taulak, 2025:

LANBIDE KATEGORIAK

OINARRIZKO SOLDATA

Bulegoko burua

3.084,68 euro

Lehen mailako administrari-ofiziala

2.644,67 euro

Bigarren mailako administrari ofiziala

2.486,49 euro

Hirugarren mailako administrari-ofiziala

2.295,15 euro

Administrari laguntzailea

2.100,40 euro

–Antzinatasuneko saria: soldata-osagarri bat da, enpresari lotuta egindako denbora saritzen duena. Enpresan sartu zen egunetik aurrera zenbatuko da.

1.825 - 3.650 egun

44,24 euro hilean

3.651 - 5.475 egun

88,48 euro hilean

5.475 egun baino gehiago

132,73 euro hilean

Hitzarmen kolektibo hau indarrean dagoen bitartean, adostutako igoera finkoaz gain, ondorengo akordioetan finkatu ezin diren prima hauek ordainduko dira, ikuskatutako urteko itxieraren ondoren jaso beharrekoak.

–Absentismo prima:

Urtean gutxienez sei hilabetez enpresan aritzen diren langileek, baldin eta lanpostura benetan joaten badira beren urteko lanaldi teorikoaren %97,5 edo gehiago, prima honengatik urtean 600 euro gordineko zenbatekoa jasoko dute, edo lan egindako denboraren zati proportzionala.

–Mozkin prima:

Urtean gutxienez sei hilabetez enpresan aritzen diren langileek zenbateko aldakor bat edo lan egindako denboraren zati proportzionala jasoko dute prima horrengatik, enpresak ekitaldi ekonomiko bakoitzean zergen ondoren lortutako mozkin garbiaren eskalaren arabera (erantsitako taulan ageri da) eta lanpostuan benetan egindako orduen arabera, taula honetan adierazitakoaren arabera:

URTEAN GALDUTAKO ORDUAK

GALDUTAKO ORDUEN %

PRIMA

128,40

%7,50

%100

214,00

%12,50

%75

299,60

%17,50

%50

385,20

%22,50

%25

Mozkin primarako banakako akordioa duten langile guztiak prima horretatik kanpo geratzen dira.

Bi prima horietan, benetan lan egindako orduez gain, egoera hauek hartuko dira benetan lan egindakotzat: amatasunagatik, aitatasunagatik eta haurdunaldi arriskuagatik kontratua etetea, bai eta enpresa batzordera joatea eta lan-istripua izatea ere.

–Leialtasun saria:

Enpresan 25 urte edo gehiago eman duten langileek ordainketa bakarreko sari bat sortuko dute, beren hileko soldata adinakoa, eskatzen den urte kopuru horretara iristen diren hilabeteko soldataren nominan ordainduko zaiena.

Enpresan 35 urte edo gehiago eman duten langileek ordainketa bakarreko sari bat sortuko dute, beren hileko soldata adinakoa, eskatzen den urte kopuru horretara iristen diren hilabeteko soldataren nominan ordainduko zaiena.

–Espezialistaren plusa:

Laguntzailearen lanbide-kategoria duten langile guztiek, enpresan bostehun eta berrogeita hamar lanaldi natural betetzean, 2.940 euroko soldata igoera gordina izanen dute urtean, "espezialistaren plus" gisa. Igoera horrek ez du atzeraeraginik izanen, eta hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera izanen ditu ondorioak.

22. artikulua. Soldata igoerak.

Hitzarmen honek indarra duen bitartean, kategoria bakoitzeko oinarrizko soldatari Harakintza-industriaren Hitzarmen Nazionalean kasuan kasuko kategoriarako erabakitzen den igoera bera aplikatuko zaio, eta igoera hori finkagarria izanen da.

23. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Garbitzaileek gaueko lanaren plusa jasoko dute 22:00etatik 06:00etara lan egindako ordu bakoitzeko. Plus hori oinarrizko soldataren %25ekoa izanen da.

Gainerako langileek ez dute gaueko lanaren plus hori jasoko beren txandaren eta ohiko ordutegiaren arabera 22:00etatik 06:00etara bitartean lan egindako orduengatik. Hala ere, plus hori jasoko dute 22:00etatik 06:00etara bitartean egin behar dituzten orduengatik, sartzeko edo irteteko ohiko ordutegia aurreratzeagatik edo atzeratzeagatik.

24. artikulua. Aparteko haborokinak.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek urtean aparteko bi haborokinerako eskubidea izanen dute.

Aparteko haborokinetan oinarrizko soldata eta antzinatasun saria sartuko dira.

Paga horiek hileko nominetan hainbanatuko dira.

25. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

–Eritasun arrunta.

Gaixotasun arruntaren edo lanekoa ez den istripuaren kasuan, lehenbiziko egunetik seigarren egunera arte, langileak soldataren %75 jasoko du. 7. egunetik aurrera soldataren %100 jasoko du.

Ospitaleratuz gero, langileak bere soldataren %100 jasoko du.

–Lan istripua edo lanbide gaixotasuna.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek, lan istripu edo laneko gaixotasun baten ondorioz aldi baterako ezintasuna (ABE) badute, beren soldata errealaren %100 kobratzeko eskubidea izanen dute lehenbiziko egunetik hasi eta gehienez ere 18 hilabete igaro arte.

26. artikulua. Fisioterapeuta

Enpresak, langileen osasuna zaintzeko, fisioterapeuta zerbitzu bat jarriko du haien esku, enpresaren kargura. Zerbitzu hori ez da finkatuko, eta urtetik urtera berrikusiko da, emaitzen arabera.

IX. KAPITULUA.–FALTAK ETA ZEHAPENAK

27. artikulua. Faltak.

Faltatzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenetan eta, oro har, hitzarmen kolektibo honetan ezarritako betebeharrak urratzea edo ez ezagutzea dakarten ekintzak edo ez-egiteak.

Garrantziaren arabera, faltak honela sailkatu dira: arinak, astunak edo oso astunak.

28. artikulua. Falta arinen sailkapena.

Falta arinak honako hauek dira:

1. Hogeita hamar egunean egun batetik hiru egun bitarte lanera berandu iristea, justifikatutako arrazoirik izan gabe.

2. Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.

3. Hogeita hamar egun naturaleko epean egun batez ez agertzea lanera, justifikatutako arrazoirik izan gabe.

4. Arrazoi justifikaturik izan gabe, lanetik alde egitea denbora gutxirako.

5. Materiala zaintzean eta norbera babesteko ekipamendua erabiltzean ardura falta txikiak.

6. Norberaren garbitasun edo txukuntasun falta garrantzi gabekoa.

7. Bizilekuz aldatu izanaren berri ez ematea, aldaketa egin eta hamar eguneko epearen barnean.

8. Lanaz kanpoko gaiei buruz eztabaidatzea.

9. Noizean behin mozkortuta agertzea.

10. Zerbitzuarekin zerikusirik ez duten inprimaki edo argitalpenak irakurtzea lanorduetan.

11. Arropa edo gauzak adierazitako tokietatik kanpo uztea.

12. Antzeko beste falta batzuk.

29. artikulua. Falta astunen sailkapena.

Falta astunak honako hauek dira:

1. Lautik zortzira bitarteko puntualtasun falta egitea 30 egun naturaleko epean.

2. Lanera bi egunez ez agertzea 30 egun naturaleko epean, justifikaziorik izan gabe.

3. Lanorduetan jokoan aritzea, edozein dela ere.

4. Beste langile bat lanean agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol-txartela erabiliz.

5. Zuhurtziarik eza lanean. Falta oso astuntzat jotzen ahal da baldin eta langileari berari edo lankideei istripuren bat izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak edo merkantziak matxuratzeko arriskua edo suak hartzekoa.

6. Lanaldian norberaren lanak egitea, baita enpresaren lanabesak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe.

7. Langileak ikusitako egintzak edo faltak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruari berehala ez ematea.

8. Arreta faltak eta okerrak, maiz errepikatzen direnean edo enpresari kalte egiten diotenean, eta, orobat, akats horiek enpresari ezkutatzea asmo txarrez.

9. Eguneroko 20 minutuko atsedenaldi ordainduaren ondoren lanpostura berandu itzultzea.

10. Agindutako lanean behar den arreta ez jartzea.

11. Axolagabekeriaz edo utzikeriaz aritzea, lanaren kaltetan.

12. Hiruhileko batean falta arin bat baino gehiago egitea.

13. Norbera arriskuetatik babesteko ekipamendua ez erabiltzea, eta laneko segurtasun eta osasunaren arloko xedapenak ez betetzea.

30. artikulua. Falta oso astunen sailkapena.

Falta oso astunak honako hauek dira:

1. Behin eta berriz lanera berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.

A) Horrelakotzat hartuko da berandu iristea lanera, justifikaziorik gabe, zortzi aldiz baino gehiagotan hogeita hamar egun naturaleko epean, eta hamasei aldiz baino gehiagotan 180 egun naturaleko epean.

B) Lanera ez joateagatik egindako falten kasuan, horrelakotzat hartuko da lanera hiru egunez ez agertzea hiru hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.

2. Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea lantokiaren barnean edo beste edozein lekutan lanean ari dela.

3. Enpresaren lehengaiak, lanabesak, makineria, aparatuak, instalazioak, eraikinak, altzariak edo agiriak nahita desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.

4. Enpresaren edo langileen eskutitzen edo isilpeko agirien sekretua haustea.

5. Enpresakoa ez den norbaiti ezagutaraztea nahitaez isilpean eduki beharreko datuak.

6. Nagusi, mendeko edo lankideak jotzea edo iraintzea, norberaren defentsarako ez bada.

7. Istripu larriak eragitea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria barkaezinagatik.

8. Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea.

9. Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.

10. Kontratu bidezko onustea haustea, eta konfiantza-abusua lan jardueran.

11. Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

12. Produktu bukatuaren kalitate kontroletan akatsak izatea.

13. Urtebetean bi falta astun egitea.

14. Borondatezko eszedentzian egonik antzeko enpresa batean edo enpresa lehiakide batean lan egitea.

15. Eskuarki mozkorturik edo substantzia toxikoen eraginpean egotea.

16. Norbera arriskuetatik babesteko ekipamendua ez erabiltzea, eta laneko segurtasun eta osasunaren arloko xedapenak ez betetzea, baldin eta behin baino gehiagotan gertatzen bada edo langilearen beraren, lankideen edo beste pertsona batzuen osasunarentzat, edo makineriarentzat edo instalazioentzat, kaltegarria bada.

31. artikulua. Zehapenak.

Falta nolakoa izan den, zehapen hauek ezarriko dira:

1. Falta arinengatik:

–Hitzezko kargu-hartzea.

–Idatzizko kargu-hartzea.

–Enplegu eta soldata gabe uztea bi egunez, gehienez ere.

2. Falta astunengatik:

–Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

–Enplegu eta soldatarik gabe uztea hiru egunetik hamabostera bitarte.

–Goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea hiru urterako gehienez.

3. Falta oso astunengatik:

–Enplegu eta soldatarik gabe uztea hamasei egunetik hirurogeira bitarte.

–Goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea bost urterako gehienez.

–Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

–Kaleratzea.

32. artikulua. Zehapenak betetzea.

Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.

33. artikulua. Preskripzioa.

Langileei dagokienez, falta arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, astunak hogei egunen buruan, eta oso astunak hirurogeiren buruan, enpresak faltaren berri izaten duen egunetik hasita, eta, nolanahi ere, falta egin eta sei hilabeteren buruan.

34. artikulua. Prozedura.

1. Enpresako Zuzendaritzari edo haren ordezkariari dagokio sariak emateko edo zehapenak ezartzeko ahalmena.

2. Enpresak langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, halakorik bada, jakinaraziko dizkie falta astunen eta oso astunen ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.

3. Faltak arinak direnean ez da espedienterik izapidetu beharko. Falta astunen edo oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzeko ere ez da espedienterik izapidetu beharko. Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen falta eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea.

Gertaerak argitzearren, enpresak erabakitzen badu espedientea irekitzea zehapenak ezartzeko, interesdunak eskubidea izanen du deskargu-orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik zazpi eguneko epean gehienez.

4. Falta astun edo oso astun baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean karguetan dauden langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu zitzaienetik urtebete pasatua ez dutenei, espediente bat ireki beharko da, arau hauei jarraikiz:

a) Enpresak espedientea ireki dela jakinaraziko dio langileari, eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu-orriaren berri emanen dio.

b) Enpresak insktruktore bat izendatuko du, eta horren izena espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko da.

c) Instruktoreak idazki hori interesdunari igorriko dio, bost eguneko epean alegazioak egin ditzan eta bidezkoak iruditzen zaizkion frogak aurkez ditzan.

d) Espediente irekitzea bukaturik, enpresak honako hauek jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak, eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.

35. artikulua. Enpresaburuaren lan arloko arau-hausteak.

Aplikatu beharko da xedatuta dagoena Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuan eta indarrean dauden gainerako lege xedapenetan.

X. KAPITULUA.–SEGURTASUNA ETA HIGIENEA

36. artikulua. Arau orokorra.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea ardatz harturik, hitzarmen kolektibo honetan, gai honen garapenak hiru oinarri nagusi izan behar ditu:

A) Martiko SA enpresako langileen osasunaren eta segurtasunaren babes egokia bermatuko duen prebentzio politika diseinatzea, atal bakoitzaren egoeratik abiatuta, egungo legearen erregelamenduzko garapenaren hutsuneak betetzeko.

B) Langileek beren ordezkarien bidez arriskuen prebentzioan eta ezabaketan eraginkortasunez parte hartuko dutela bermatzea.

C) Enpresan araudia hobeki aplikatuko dela ziurtatzea.

Beraz, hiru alderdi nagusi horiek garatzeko, hitzarmen kolektibo hau sinatu duten aldeek ondoko neurriak hartzea erabaki dute:

1. Segurtasun eta Osasun Batzordea eratzea eta prebentzio plan eta programak diseinatu eta aplikatzea. Langileen ordezkariek lan horretan parte hartuko dute. Langileen Batzordeko kideek eta enpresaren ordezkariek osatuko dute batzorde hori.

2. Lanpostuetan ezin saihestu diren arriskuen ebaluazioa egitea, prebentzio neurri egokienen lehentasunak zehaztea langileen ordezkariekin batera, eta langileen osasuna zaintzea lanpostu bakoitzaren berariazko arriskuak kontuan izanik.

3. Toxiko, nekagarri eta arriskutsutzat jotzen diren lanpostuetako arriskuak kentzeko prozesuan, plusak behin-behineko neurriak izanen dira. Arriskua kendu arte iraunen dute, eta ez dira arriskua gutxitzeko traba izanen. Lanpostu bereziki nekagarrien azterketa bat eginen da, nekagarritasun hori ahal den neurrian arintzeko neurriak hartzeko.

37. artikulua. Laneko segurtasuna.

Enpresak eta langileek zehatz bete beharko dituzte laneko segurtasun eta higienearen arloan indarra duten xedapen guztiak.

38. artikulua. Lokaletako higienea.

Lokalek baldintza egokiak izan behar dituzte osasun eta ingurumen aldetik, eta garbi eta higiene onarekin edukitzeko baliabideak izan; langileek enpresako zuzendaritzak horri begira ematen dituen arauak bete behar dituzte.

39. artikulua. Osasun azterketak.

Oinarrizko hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean behin osasun azterketa orokorra, egokia eta behar adinakoa egiteko eskubidea dute.

Langileei egin beharreko proba medikoak lanaldiaren barnean eginen dira. Osasun azterketa hori osasun zerbitzu egokiek antolatuko dute.

40. artikulua. Higiene zerbitzuak.

Lantoki guztietan edateko ura hartzeko behar beste toki izanen dira, bai eta aldagelak, garbigelak, dutxak eta komunak ere, legez ezarritakoaren arabera.

41. artikulua. Laneko jantziak.

Enpresak langile guztiei, oro har, lanerako behar dituzten arropak eta oinetakoak emanen dizkie, zein departamentutan lan egiten duten kontuan hartuta.

Enpresak behar diren arropa beroak emanen dizkie tenperatura baxuko departamentu edo ataletan lan egiten duten guztiei. Era berean, behar diren oinetako egokiak eta irristagaitzak banatuko ditu.

Lanerako arropa horien kontserbazioa eta garbiketa enpresaren kontura izanen dira.

42. artikulua. Botika gela.

Enpresa aldez aurretik instalatutako botika gela edo osasun gela hornitzeaz eta mantentzeaz arduratuko da, segurtasun eta higiene arloan indarra duten xedapenei jarraikiz.

43. artikulua. Langileen higienea.

Jangaiak prestatzen eta maneiatzen zuzenean esku hartzen duten langileek zorrotz beteko dituzte ezarritako higiene eta osasun neurri guztiak.

Enpresak beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko ditu behar duten langileek jangaiak erabiltzeko txartela lor dezaten.

Era berean, enpresak behar diren arauak ezarriko ditu zuzeneko kontakturik izan ez arren fabrikazio lanak egiten diren lokaletan sartu behar duten pertsonentzat.

Halaber, kontuan izanen da langileen higiene neurrien gainean indarra duen araudian ezarritakoa bete behar dela.

Produkzio departamentu guztietan txanoa nahitaez erabili behar da.

XI. KAPITULUA.–LANGILEEN ORDEZKARIAK

44. artikulua. Eskubide sindikalak.

Enpresak errespetatu eginen du langile guztiek libreki sindikatzeko duten eskubidea, onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin eta kuotak kobratu ditzaketela eta lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jardueran etenik egin gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela; era berean, ezin izanen du ez afiliatzeko edo afiliazioa uzteko baldintza jarri langile batek bere lanpostuari eusteko, edo afiliazioagatik edo sindikatuko jardueragatik beste modu batez kalte egin langileari. Sindikatuek informazioa bidaltzen ahalko dute enpresara, banatu dadin, betiere lanorduetatik kanpo eta produkzio prozesua eten gabe.

45. artikulua. Enpresa Batzordearen eskumenak.

Enpresa Batzordeak Langileen Estatutuaren 64. artikuluan onartutako eskumenak izanen ditu.

46. artikulua. Ordu metaketa.

Enpresa Batzordeko kideek Langileen Estatutuan ezarritako ordu ordainduak izanen dituzte hilean beren ordezkaritza lanak egiteko, segurtasun eta osasun arloko prebentziorako orduak barne.

Hileko ordu ordainduen metaketari dagokionez, Batzordeko kideek bakoitzari dagozkion orduen %100era bitarte lagatzen ahalko diote beren sindikatuko beste langile bati. Lagako diren orduak hilean hilekoak izanen dira, eta, betiere, enpresako Zuzendaritzari abisatu beharko zaio orduak laga baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

47. artikulua. Batzarrak egiteko orduak.

Urtean gehienez ere lau ordu hartzen ahalko dira batzarrak egiteko, eta lan denboratzat joko dira ondorio guztietarako. Hori dela eta, batzarra egin ondoren Enpresa Batzordeak bertaratu diren langileen zerrenda emanen dio enpresako Zuzendaritzari, batzarrean emandako denbora urteko lanaldirako kontuan har diezaien ondorio guztietarako.

48. artikulua. Etengabeko prestakuntza.

Martiko SA enpresako zuzendaritzak ordezkari sindikalei hitz eman die plantillako langileen etengabeko prestakuntza sustatuko duela. Hala, bi aldeek enpresako langileen etengabeko eguneratzera bideratuko dute prestakuntza hori, izan ere, enpresetako teknologia eta antolamendua nabarmenki aldatzen ari den garai hauetan, arlo horrek lehen mailako garrantzi estrategikoa du.

Langileen kualifikazioa langileen eskubidea da, eta baliabide bat norberaren garapenerako, desberdintasunak murrizteko eta enpresaren barruko lanbide sustapenean hobetzeko. Balio estrategiko bat da, hala langileentzat nola enpresarentzat.

49. artikulua. Berdintasuna.

Hitzarmen honen sinatzaileek bere egiten dute oso-osorik emakumeen eta gizonen arteko tratu berdintasunaren printzipioa, diskriminazio mota guztiak gaitzesten dituzte eta aukera berdintasunez lan egiteko eskubidea aitortzen dute.

Konpromiso honek berekin dakar, halaber, emakume eta gizonen arteko berdintasunerako oztopoak kentzea eta izan litekeen diskriminazio egoerak zuzentzeko ekintza positiboak abiaraztea edo behar diren neurriak hartzea.

Hori helburu, enpresak berdintasun plan bat sinatu du, indarreko legediaren arabera.

50. artikulua. Arauen lehentasuna.

Aurreko artikuluetan berariaz arautu ez den orotan, aldeek Haragi-industrietarako Hitzarmen Kolektibo Nazionalean, Langileen Estatutuan eta lan arloko indarreko gainerako legeetan xedatutakoari jarraituko diote.

51. artikulua. Batzorde paritarioa.

–Eraketa.

Martiko SAren hitzarmen kolektiboaren onespenaren akta hau sinatu eta hilabeteko epean, batzorde paritario bat sortuko da, alde bakoitzeko ordezkari batek osatuko dutena.

–Eginkizunak.

Batzorde horri esleitzen zaio hitzartutakoaren interpretazioa, jarraipena eta zaintza egitea, baita haren menpe jartzen diren gatazkak aldez aurretik aztertu eta erabakia hartzea ere arazoei irtenbidea emateko prozeduretan, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

Halaber, hitzarmen honetan xedatutakoaren interpretazioaz edo aplikazioaz edozein gatazka indibidual edo kolektibo paratu aitzin, hala lan arloko agintaritza eskudunari zuzendutako aurretiko erreklamazioetan, nola organo jurisdikzionaletakoetan, lehenik auzia batzorde paritarioaren esku jarriko da.

Langileen Estatutuaren III. tituluan xedatutakoarekin bat, Batzordeak hitzarmen honen xede diren gaiei buruz eta hitzarmena interpretatu eta garatzeko asmoz hartzen dituen erabakiak hitzarmenari erantsiko zaizkio, eta izaera juridiko bera izanen dute.

–Erregelamendua.

Batzorde paritarioak erregelamendu bat prestatu eta onesten ahalko du, eta horretara egokitu beharko du bere funtzionamendua.

Batzorde paritarioa edozein alderdik eskaturik bilduko da, deialdia eskatzen denetik hamabost eguneko epean, salbu eta, presa dela eta, bilera alderdi guztien eskubideak zaintzeko moduko epe batean egitea komeni denean.

Batzordeak erabakiak hartzeko, betiere, bi batzordekideek aldeko botoa eman beharko dute, eta ebazpenak gehienez astebeteko epean eman beharko dira.

52. artikulua. Gatazkak auzibidetik kanpo konpontzea.

Deusetan galarazi gabe alderdiek auziak konpontzeko lanbidearteko organo independenteetara jo ahal izatea batzorde paritarioaren baitan zuzendu ezin diren gatazkak konpontzeko, alderdiek hitzartu dute, aurretik edo hasiera-hasieratik, organo hori izatea hitzarmen kolektibo honen aplikazioaren, interpretazioaren edo garapenaren ondoriozko gatazka indibidual edo kolektibo guztiak konpontzen saiatuko dena.

Gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegia izendatzen da berariaz. Organo horrek Iruñeko Kale Berria 30-32 atarietan du egoitza, beheko solairuan.

53. artikulua. Hitzarmena salatzeko modua eta baldintzak.

Alderdi sinatzaileetako edozeinek salatzen ahalko du hitzarmen kolektibo hau, iraungi baino 30 egun lehenago, beste aldeari idatziz jakinaraziz.

Hitzarmen kolektiboa salatu eta urtebetera ez bada beste hitzarmen bat adostu edo arbitraje-laudorik eman, beste hitzarmen kolektibo bat sinatu arte luzatuko da.

Nolanahi ere, alderdiek modu frogagarrian hitza ematen dute negoziatzen hasiko direla bertze hitzarmen kolektibo bat sinatzeko, edozein alderdik honako hau salatzen duen unetik.

Iragarkiaren kodea: F2513180