Iragarkia
227. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Deialdia, bete daitezen familia-langileen hiru plaza, oposizio-lehiaketa bidez
Lehendakaritzaren urriaren 29ko 2025-0146 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, kontrata daitezen familia-langileen hiru plaza, lan-araubide finkoan, hautaprobak eginez eta oposizio-lehiaketa bidez, jardun dezaten Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura. Hori dena, honako oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da familia-langileen hiru lanpostu betetzea lan-araubidean eta lanaldiaren %50ean, oposizio-lehiaketa bidez. Lanpostu horiek 14, 16 eta 19 zenbakiak dituzte Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan.
Adierazitako plazak 2024ko lan publikoaren eskaintzan daude sarturik.
Halaber, deialdi honen bidez osatu nahi da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin.
1.2. Ordainsariak izanen dira D mailari dagozkion oinarrizkoak, familia-langilearen lanposturako zehaztutakoak, eta izanen dituzte Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan ezarritako osagarriak.
1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Mankomunitateak kontratua suntsiarazi edo hutsaltzen ahalko du, iruditzen bazaio emaitzak ez direla izan Mankomunitateak nahi bezalakoak, lanpostuaren zereginak betetzean.
1.4. Dagozkion hautaprobak gainditu eta hautatzen diren izangaiak izendatuta, bilakatuko dira lan-kontratudun finko, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta afiliatuko dituzte Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, eta alta emanen zaie.
1.5. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldiaren araubidea eta lan-ordutegia, zerbitzuaren beharren arabera beti; hala bada, noiznahi alda ditzake.
1.6. Proben emaitzak izangaien zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, Mankomunitatean sortzen diren beharrei erantzutearren, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda horrek lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eraturik dagoen edozein zerrendaren gainetik –beraz, lehendik dagoen zerrenda subsidiarioa izanen da, deialdi honen ondorioz eratzen den zerrendari dagokionez–, eta gehienez bost urteko indarraldia izanen du, hura onesteko ebazpena ematen denetik hasita, salbu eta epe laburragoan agortzen bada edo beste deialdi bat egiten bada.
Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.
1.7. Bete beharreko eginkizunak izanen dira lanpostuaren mailari eta kategoriari dagozkienak, nagusiki honako hauek, aipamen hutsez eta bestelakorik baztertu gabe:
Etxeko laguntza zerbitzuak ematea etxe partikularretan, zehazki, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko oinarrizko gizarte-zerbitzua osatzen duten udaletako etxe partikularretan. Horretarako, joan-etorriak egin beharko dira eskualdeko gizarte-zerbitzuaren egoitzatik (Zangoza) lan egiteko leku zehatzetaraino. Langile bakoitzak bere kabuz egin beharko ditu joan-etorriak. Mankomunitateak kilometro-ordaina ordainduko du, Nafarroako Gobernuak une bakoitzean xedatutakoaren arabera.
Eginkizunak izanen dira behar diren zereginak egitea, arduratzeko Etxeko Laguntza Zerbitzuaren beharra duten pertsonez nahiz familiez, haien egoera dela kausa, eta haien etxea zaintzeko. Halaber, Mankomunitateak eskaturik, esleitzen ahalko zaizkio gisa bereko beste batzuk, betiere mailaren eta kategoriaren barnean.
1.8. Plazak bete gabe utz ditzake epaimahaiak, baldin eta uste badu izangaietatik bakar batek ere ez duela gutxieneko mailarik lanpostuan jarduteko.
1.9. Deialdiaren oinarri hauek argitara emanen dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen iragarki-taulan, bai eta haren web-orrian ere: https://www.comarcasanguesa.es/.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea. Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako nazionalitatea dutenek ere sartzea izanen dute lanpostu publiko guztietan, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza beretan, salbu eta botere publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan. Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola haien oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, baldin eta oinordekoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira. Halaber, parte hartzeko eskubidea dute Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako pertsonek, baldin herrialde horietan aplikatzekoa bada langileen joan-etorri askea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako titulu hauetakoren bat izatea, edo hori eskuratzeko moduan egotea (eskubideak ordaindu izanaren gordekina):
–Mendekotasuna dutenei arreta egiteko teknikari titulua.
–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua.
–Arreta soziosanitarioko teknikari titulua.
–Gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0208 kodea).
–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0108 kodea).
–Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria (SSCS30 kodea).
–Salbuespenezko gaikuntza, nahiz behin-behineko gaikuntza, lanbide kategoria hauetan: gerokultoreak, zaintzaileak eta etxeko laguntzako laguntzaileak eta laguntzaile pertsonalak, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetarako, jarraikiz abuztuaren 25eko 5876/2022 Ebazpenari.
–Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.
Profesionaltasun ziurtagiria edo gaikuntza profesionalak dituzten izangaien kasuan, gainera, izan beharko dute Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokidea, edo egon beharko dute titulu hori eskuratzeko moduan, deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Edukitzea Indarreko gidabaimena eta norberaren ibilgailua.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.
Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta kontratazioak dirauen bitartean.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
g) Zangozako Mankomunitatearen kontuan (3. oinarrian zehaztua) 10 euro sartzea, azterketa eskubideak ordaintzeko.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean edo Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez; edo, bestela, erabiliz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Aipatu eskabideak lotuko zaizkio I. eranskin gisa argitaratutako ereduari, eta horiekin batera aurkeztu beharko dira honako agiri hauek, beharrezkoak direnak deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko:
a) NANaren kopia.
b) Eskatutako tituluaren kopia.
c) Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.
d) B motako gidabaimenaren kopia.
e) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori.
f) 10 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.
CAIXABANK: ES88 2100 3698 5121 0039 2960.
Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: familia-langileen deialdia.
Eskaerak aurkezten baldin badira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), hots, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean ez, beste batean, eskatzaileek mancomunidad@mscs.es helbide elektronikora igorri beharko dituzte eskabidearen kopia eta behar diren agiriak, hau da, deialdian parte hartzeko 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak, eta izan beharko dute kasuan kasuko erregistroaren zigilua eta sarrera-data, betiere eskabideak aurkezteko epearen barnean. Nahitaezkoa eta saihetsezina izanen da aipatutako agiriak posta elektronikoz igortzea, hautapen-prozesuaren izapideak aurrera egin dezan, baina ez du erabateko baliorik izanen, harik eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean jatorrizko ereduaren araberako eskabidea sartzen den arte.
Igorpen-prozedura hori bete ezean, izangaia hautapen-prozesutik kanporatuko da, baldin eta erregistratutako eskabidea iristen bada izangai onartu eta baztertuen hasierako zerrenda argitaratu ondotik.
3.2. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.3. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.4. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskabidean adierazi beharko dute inguruabar hori, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzen duen agiria, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emana.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik Zangozako Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian ere.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko edo eskabidean eginiko akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen web-orrian eta iragarki-taulan.
Bazterturik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda.
4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.6. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko ariketa eta zein izanen den epaimahaiaren behin betiko osaera. Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen web-orrian eta iragarki-taulan.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Aitor Sola Ochotea, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaria.
Ordezkoa: Mikel Martínez Pérez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariordea.
Epaimahaikidea: Ana Isabel Elarre Aznarez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
Ordezkoa: Ana Isabel Garro Macaya, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
Epaimahaikidea: Gaizka Huarte Irigoyen, Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
Ordezkoa: María Soledad Elarre Beltrán, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea.
Epaimahaikidea: María Paz Berlanga Pons, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaritza-organoak izendatutako ordezkaria.
Ordezkoa: Sonia Continente Toledo, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaritza-organoak izendatutako ordezkaria.
Idazkaria: Inés Carpintero Ruiz, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko idazkari kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Sara Pérez Luqui, Urraulgoitiko eta Urraulbeitiko Udalen Batasuneko idazkaria.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak izan dezake aholkulari adituen laguntza, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Proben nondik norakoa.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.
6.2. Oposizioa hasiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adierazitako egun, toki eta orduan.
6.3. Oposizio-lehiaketan, gehienez 100 puntu eskuratzen ahalko dira orotara; haietarik 30 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 70 puntu oposizioaldiari.
7. oinarria.–Lehiaketaldia.
Lehenik lehiaketaldia eginen da, oposizioaldia baino lehen. Hartan gehienez 30 puntu emanen dira, ondotik azaltzen den baremoaren arabera. Izangaiek agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, eta agiriek izan beharko dute jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak, zeren bestela ez baitira aurkeztutzat joko.
Ez da baztertzailea izanen. Lehiaketaldiaren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honekin bat:
a) Laneko esperientzia, 20 puntu gehienez.
Enpresa edo administrazio publikoren batean deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan familia-langile gisa egindako zerbitzuak: urtebete oso bakoitzeko, puntu bat, eta gehienez 20 puntu.
Oharrak:
–Gehienez ere 20 puntukoa izanen da apartatu honen puntuazioa.
–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
–Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaerara arte, zeinahi izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.
–Aldi berean bi kontratu edo gehiago izan badira, baloratuko da izangaiari puntu gehien ematen diona soilik.
–Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
Laneko esperientzia frogatuko da enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriak aurkeztuz.
Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: Lanbide-kategoria, eta lan egin den aldiaren hasierako eta bukaerako egun zehatzak.
Ez dira kontuan hartuko zerbitzuen ziurtagiriak, baldin eta ez badituzte jasotzen merezimenduen hasierako eta bukaerako egun zehatzak.
Lehiaketaldia bukatutakoan, argitara emanen da izangai bakoitzak zenbateko puntuazioa lortu duen, Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen web-orrian.
Hamar egun balioduneko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko.
b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean lotutako edukia duen prestakuntza osagarriagatik, gehienez 7,9 puntu, honako baremo honi jarraikiz:
–Prestakuntza-ekintzengatik, baldin eta lotura badute deialdiaren xedeko lanpostuarekin, eta 2010eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak badira:
- 20 ordu eta hortik gora, 40 ordura iritsi gabe: 1 puntu.
- 40 ordu eta hortik gora, 100 ordura iritsi gabe: 1,5 puntu.
- 100 ordu eta hortik gora: 2 puntu.
–Honako arlo hauetan frogatzen den titulu akademiko bakoitzeko:
- Arreta soziosanitarioko teknikari titulua (erdi maila): 4 puntu.
- Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua (erdi maila) edo baliokidea: 4 puntu.
- Mendekotasuna dutenei arreta egiteko teknikari titulua.
Ez da puntuatuko deialdian parte hartzeko bidea ematen duen titulazioa.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino. Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
c) Euskara, 2,1 puntu gehienez, honako honen arabera:
Bat etorriz 97/2024 Foru Dekretuarekin, euskararen balorazioa %7koa izanen da, merezimenduen baremoaren gainerakoari esleitutako puntuazioari dagokionez (foru dekretu horrek arautzen du nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).
a) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko A1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 0,42 puntu.
b) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko A2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 0,84 puntu.
c) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko B1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 1,26 puntu.
d) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko B2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 1,68 puntu.
e) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko C1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 2,10 puntu.
Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak goragoko maila duena baizik ez du baloratuko.
Ezar daitezen hizkuntzen jakite maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 210/2010 Ebazpena.
Jatorrizko tituluaren edo haren kopia konpultsatuaren bidez frogatu beharko dira.
8. oinarria.–Oposizioaldia.
Oposizioaldiaren helburua da frogatzea lanposturako behar den gaitasuna. Proba teoriko bat eta proba praktiko bat izanen ditu. Gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da, eta gehienez 70 puntu emanen dira. Baztertu eginen dira orotara 35 puntu, gutxienez, eskuratzen ez dituzten izangaiak.
Dei bakarra eginen da proba bakoitzeko. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.
8.1. Proba teorikoa (40 puntu gehienez):
Proba teorikoan galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galderek zenbait aukera izanen dituzte erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Gehienez 40 puntu emanen dira proba honetan. Okerreko erantzunak zigortu eginen dira, eta kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du nola, proba egiten den egunean.
Galderak izanen dira II. eranskinean jasotako gai-zerrendari buruzkoak.
Ariketa hasi aurretik zehaztuko da haren iraupena.
8.2. Proba praktikoa (30 puntu gehienez):
Proba praktikoan zenbait kasu praktikori erantzun beharko zaie idatziz. Gehienez 30 puntu emanen dira proba honetan.
Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gutun-azal itxiak irekitzeko deia eginen die parte-hartzaileei, jendaurreko ekitaldi batean, eta argitaratuko da probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, adierazita eskuratutako kalifikazioak, Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen iragarki-taulan.
Hamar egun balioduneko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
9. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
9.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuen ordenan, batuta izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak, eta organo deitzaileari igorriko dio izendapen proposamena, puntuaziorik handiena duten izangaien alde.
9.2. Epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren (horrelakorik baldin bada), izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian, eta Mankomunitateko lehendakariari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, ebazpena eman dezan.
Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da merezimenduen atalean puntuazio handiena lortu duenaren alde. Hala ere, berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez.
9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean jabetu beharko dute proposatutako lehiakideek adjudikatutako plazaz, salbu deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen badu ebazpen horretan.
9.4. Aipatutako epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, adjudikaziodunek ez badituzte aurkezten aipatutako jatorrizko agiriak, ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arte egin dituzten jarduketa guztiak. Horrez gain, leporatzen ahalko zaie eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna.
9.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, organo deitzaileak hutsik gelditzen diren lanpostuak beteko ditu beste izangai batzuekin, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 31. artikuluko 1. apartatuan aipatutako zerrendan ageri diren izangaiekin (erregelamendu hori onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez). Izangai horiekin ere aurreko apartatuetan ezarritako moduan jokatuko da.
9.6. Mankomunitateko lehendakariak, erabaki baten bidez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langile lan-kontratudun finko izendatuko ditu, deialdiko hiru lanpostuak bete ditzaten, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta plaza hutsak adjudikatuko dizkie. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek lanpostuaz jabetu beharko dute izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean.
Adierazitako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko izateko.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendaren kudeaketa.
10.1. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrenda lehenetsiko da egungo zerrenden aurretik, eta indarra izanen du harik eta kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta azken hori eginez gero, orduan eratzen den zerrendaren osagarria izanen da. Halakorik gertatu ezean, zerrenda onetsi eta gehienez ere 5 urtez egonen da indarrean.
10.2. Ordezkapenetarako zerrendan daudenei dei egiten ahal zaie, Zangozako Eskualdeko Mankomunitateko beharren arabera, jarraikiz deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.
Deiak honela eginen dira:
a) Lokalizaturik egon daitezen, zerrendako izangaiek Zangozako Eskualdeko Mankomunitateari emanen dizkiote harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat, gutxienez, eta informazio hori une oro eguneraturik eduki beharko dute.
b) Aldi berean kontratu bat baino gehiago egiten bada, lehen tokian dagoen pertsonari aukera eman beharko zaio haietako edozein aukeratzeko.
c) Izangai batek aldi baterako kontratu batekin diharduenean, ez zaio beste bat eskainiko, harik eta lehena bukatu arte.
d) Kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira zerrendako izangai bakoitzarekin, hark emandako bideak erabiliz, eta saiakerak horiek 48 orduko epean eginen dira.
Salbuespenez, eta premia frogaturik dagoen kasuetan soilik, kontratua eskainiko zaio hura onartzen duen lehen izangaiari, betiere deiak kontratazio zerrendaren hurrenkeran eginik.
e) Zerrendako izangai batekin harremanetan jartzerik ez badago, zerrendan hurrengoa denari edo hurrengoei deituko zaie, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Ez bada egon izangai batekin harremanetan jartzerik, zerrendan duen postuari eutsiko dio. Eta deialdi honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko da 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana.
10.3. Izangairen batek uko egiten badio eskaini zaion lanpostuari edo kontratuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetako batean dagoela:
a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.
c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko alaba edo seme bat.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua gobernatu ezin duena adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.
e) Izangaiaren ezkontza edo pareko egoera (jarraikiz uztailaren 3ko Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko 6/2000 Legeari), baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.
f) Beste lan-kontratu baten frogagiria aurkeztea.
Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean daudenek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek, hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.
Artikulu honen lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
10.4. Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, baldin ez badira gertatzen B letrako kasuak.
c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
d) Urtebeteko epean ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea, nahiz eta behin eta berriz deitu kontratatzeko, hark emandako telefonoen edo helbide elektronikoen bidez.
Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak alta emanen die kontratatuei Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, eta hartan afiliatuko; beraz, haren kargu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena, behar diren kopuruetan.
10.5. Jendearekin harremanetan jartzeko ardura duen pertsonak fitxa bat beteko du, eman beharreko argibideekin eta telefono deiaren emaitzarekin. Honako informazio hau emanen du: eskainitako kontratu mota, zer lanpostutan hasiko den, eginkizun eta eskumenen zerrenda laburra, lan baldintzen laburpen laburra eta zenbaterainoko iraupena kalkulatzen zaion kontratuari.
Horretarako betetzen den fitxan telefono deiaren emaitza agertuko da; hauetako bat izanen da:
–Saiatuagatik ere huts egina: ezin izan denean izangaiarekin harremanetan jarri, lokalizatzeko bi saiakera eginik gutxienez.
–Saiatu eta arrakastaz: pertsonarekin harremanetan jarri ez ezik kontratazioa onartzen duenean.
–Harremanetan jarriagatik ere uko egina: pertsonarekin harremanetan jarriagatik ere, kontratatzeko eskaintza onartzen ez duenean.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.
11.–Datuen babesa.
Jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:
–Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen ardura da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Hauxe da oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren parte denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko. Orobat, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua.
–Datuak zer helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, eta, orobat, behar den denboran guztian, zehaztu ahal izateko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Zangozan, 2025eko urriaren 29an.–Mankomunitateko lehendakaria, Aitor Sola Ochotea.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak.
2.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
3.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistema. II. kapitulua: Autonomiarako eta mendekotasunaren arloko laguntzarako sistemaren prestazioak eta zerbitzuen katalogoa. III. kapitulua: Mendekotasuna eta haren balorazioa.
4.–Ordenantza, arautzen duena Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ). 2009ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 24koa.
5.–Zer da ELZ (etxeko laguntza zerbitzua)? Definizioa. Helburuak. Printzipioak. Ezaugarriak. Familia-langilea. Lanak eta zereginak.
6.–Etxeko laguntza zerbitzua: higienea eta arreta soziosanitarioa.
7.–Etxeko laguntza zerbitzua: ELZaren erabiltzaileen etxea mantentzea, garbitzea eta antolatzea.
8.–Adinekoak. Zahartze-prozesua. Zaharren ezaugarri fisikoak, psikikoak eta sozialak. Etxeko laguntza zerbitzuak zer egoeratan laguntzen ahal duen.
9.–Desgaitasun fisikoak, psikikoak eta zentzumenezkoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuak zer egoeratan laguntzen ahal duen.
10.–Etxeko laguntzaren beharra duten beste gizarte eta familia egoera batzuk. Familia-langilearen egitekoa, esku-hartzea jasotzen duten familiek ardurapean adingabeak dituzten kasuetan.
11.–Etxeko laguntza zerbitzuak zaintzaileei laguntza ematea. Familia-langilearen esku-hartzea eta eginkizunak.
12.–Eri terminala artatzea. ELZaren artatze-lana eta sostengua, heriotza prozesuan. Familia-langilearen egitekoa, eriarekiko eta haren familiartekoekiko harremana. Doluari arreta ematea.
13.–Autonomia pertsonalaren sustapena eta mendekotasunaren prebentzioa. Arlo hauetarako gomendioak: ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa.
14.–Laguntza teknikoak, etxean, zainketa pertsonaletarako, mugikortasunerako eta egokitzapenerako.
15.–Familia-langilearen komunikazioa eta trebetasun sozialak laneko jardunean. Gatazka egoerak maneiatzea. Talde lana gizarte-zerbitzuen esparruan. Familia-langilearen koordinazioa lantaldeko gainerako profesionalekin.
16.–Familia-langilearen lanbideko kode deontologikoa. Etika profesionala gizarte-zerbitzuetan, etxeko laguntza zerbitzuari aplikatua.
17.–Pertsonarengan zentratutako arreta integralaren eredua. Oinarrizko printzipioak eta etxeko laguntzan duen eragina.
18.–Nafarroako Foru Komunitatean adinekoek jasaten dituzten tratu txarren egoerak goiz detektatzeko eta esku hartzeko gida.
Iragarkiaren kodea: L2514096
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
