227. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, txanda murriztuan eta lan-araubide finkoan, goi-mailako ingeniariaren lanpostu bat, Mairagako Mankomunitatearen zerbitzura jardun dezan

Burutzaren 2025eko urriaren 28ko 2025-0086 Ebazpenaren bidez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, goi-mailako ingeniariaren lanpostu bat betetzeko hautaprobak eginez, oposizio-lehiaketa bidez eta txanda murriztuan, lan-araubide finkoan jardun dezan Mairagako Mankomunitatearen zerbitzura.

Hona hemen:

OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da goi-mailako ingeniariaren lanpostu bat, A mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, txanda murriztuan eta lan-araubide finkoan, Mairagako Mankomunitatearen zerbitzura jardun dezan, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak. Lanpostua identifikaturik dago Mankomunitateko Batzar Orokorrak 2024ko azaroaren 13an onetsitako plantilla organikoan, eta deialdia bat dator 2025. urterako lan publikoaren eskaintzarekin, zeina onetsi baitzen Burutzaren 2025eko urtarrilaren 30eko 2025-0015 Ebazpenaren bidez eta aldatu baitzen Burutzaren 2025eko irailaren 25eko 2025-0080 Ebazpenaren bidez (2025ko 207. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 16koa). Hori guztia bat etorriz ezarririk dagoenarekin abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluetan eta hurrengoetan (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikuluetan eta hurrengoetan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

1.2. Hautaprobak gainditu eta, deialdi honen ondorioz, kontratatzen den izangaia sartuko da ezaugarri teknikoen koadroan azaldutako araubidean eta mailan (deialdiaren I. eranskina).

1.3. Deialdi honen bidez kontratatzen den izangaia langile lan-kontratudun finkoa izanen da lanpostuaz jabetzen den unetik, Mairagako Mankomunitateko goi-mailako ingeniariaren lanpostuan eta A mailan, eta plantilla organikoan ezarritako osagarriak izanen ditu. Lehen betetzen zuen lanpostua modu automatikoan amortizatuko da, eta, hortaz, deialdi hau gauzatzeak ez du eraginen plantilla organikoko plazen kopurua handitzea.

1.4. Urteko lanaldia izanen da erakundearen bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Mankomunitateak noiznahi aldatzen ahalko du. Oporren, jaiegunen, dieten, kalte-ordainen eta gainerako eskubideen araubidea aplikatzekoa den arauetan ezarritakoa izanen da.

1.5. Deialdi honen ondorioz kontratatzen denak eginen ditu bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak; horiek guztiak berezkoak ditu lanpostuak.

1.6. Oposizio-lehiaketa gainditzen duen izangaiak lortuko du barne-igoera.

1.7. Eskainitako lanpostua barne-igoerako txandaren bidez beteko da. Ez da izanen txanda irekirik, ez eta lanpostuaren erreserbarik ere desgaitasuna dutenentzat edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozesua gauzatuko da arlo honi buruz honako xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikulua eta hurrengoak, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikula eta hurrengoak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Burutzaren 2025eko irailaren 25eko 80. Ebazpenaren bidez (2025ko 207. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 16an), mankomunitate honen 2025erako lan publikoaren eskaintza aldatu, eta honako lanpostu huts hau gehitu da:

–Lanpostua: goi-mailako ingeniaria. Postu kopurua: 1. Maila: A. Lanpostuko osagarria: 38,66 euro. Sarbidea: lehiaketa murriztua. Administrazio-egoera: hutsik.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta kontratatu arte:

a) Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, B maila edo taldekoa.

b) Gutxienez, ingeniari teknikoaren titulua edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea. Ingeniari teknikoaren tituluaren ordez ingeniaritzako maila handiagoko tituluak ere onartuko dira.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen Administrazioko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoetan.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Epai irmo baten bidez kondenatua izan ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

g) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

3.2. Goian azaldutako baldintzak bete eta frogatu beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako, eta indarrean segitu beharko dute kontratatu eta lanpostuaz jabetu arte.

4.–Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, egoitza elektronikoko erregistroaren bidez, Mairagako Mankomunitatearen webgunetik sarturik: https://mairaga.sedelectronica.es/info.0.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera egindako eskabidea aurkeztu beharko dute nahitaez (Mairagako Mankomunitatearen webgunean ere eskuragarri: https://mairaga.es/).

4.2. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.3.1. Eskabidea aurkezteko unean (II. eranskina), izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

–Izangaiak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

–Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa. Izangaiek baremoan (7.3 oinarria) ageri den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

Merezimenduak ez dira aintzat hartuko, ez eta baloratuko ere, baldin eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean ez badaude lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta; betiere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatua.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidearekin batera adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak, parte hartzeko eskabidearekin batera, hori frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du, organo eskudunak emana.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta izendatu beharko da horien ordezkoen kopuru bera. Izendapen hori argitaratuko da Mairagako Mankomunitatearen webgunean: https://mairaga.es/.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak izan beharko du sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta langileen ordezkariek ez badute dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake, bere eskumeneko edozein jarduketatarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Mairagako Mankomunitatearen webgunean ere: https://mairaga.es/.

Izangai bazterturik ez bada, izangai onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Mairagako Mankomunitatearen webgunean ere: https://mairaga.es/.

6.2. Behin-behineko zerrenda webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, egoitza elektronikoko erregistroaren bidez, Mairagako Mankomunitatearen webgunetik sarturik: https://mairaga.sedelectronica.es/info.0.

Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Mairagako Mankomunitatearen webgunean: www.mairaga.es.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen xedeko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, horrek galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren apartatuan dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 70 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 35 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. Proba bakarra eginen da, teoriko-praktikoa, eta haren edukia izanen da deialdi honetan jasotako gai-zerrendari buruzkoa.

7.2.3. Proba egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen da prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean bertan.

7.2.4. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertu eginen dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Plika sistemaren bidez eginen da proba teorikoa.

7.2.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2.6. Oposizioaldiko probaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak lortutako kalifikazioen zerrenda argitaratuko du, pliken zenbakiekin, Mairagako Mankomunitatearen webgunean: https://mairaga.es/. Plikak jendaurrean zein egunetan eta ordutan irekiko diren aditzera emanen da oposizioaldiko proba egiten den unean.

Plikak jendaurreko ekitaldian ireki eta gero, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du, aipatu webgunean, aurkeztutako izangaien zerrenda, lortu dituzten behin-behineko kalifikazioekin, eta bost egun balioduneko epe bat irekiko du interesdunek alegazioak egin ditzaten, bide telematikoz (https://mairaga.sedelectronica.es/info.0), beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.3. Lehiaketaldia: 30 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 20 puntu.

–Ingeniariaren edo ingeniari teknikoaren lanpostuak bete izana ur-hornidura eta -saneamenduko zerbitzuak ematen dituen administrazio publiko batean: 4 puntu urteko eta gehienez ere 20 puntu azpiatal honetan.

–Ingeniariaren edo ingeniari teknikoaren lanpostuak bete izana ur-hornidura eta -saneamenduko zerbitzuak ematen dituen enpresa pribatu batean: 2 puntu urteko eta gehienez ere 20 puntu azpiatal honetan.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 10 puntu.

–Prestakuntza ikastaroak, zerikusia badute bete beharreko lanpostuarekin. 0,05 puntu emanen dira prestakuntza ordu bakoitzeko. Gehienez ere 5 puntu emanen dira atal honetan.

Deialdian eskatutakoaz goragoko titulazio akademikoak: puntu bat, titulu bakoitzeko. Gehienez ere 5 puntu emanen dira atal honetan.

Titulazio bat baino gehiago batera aurkeztekotan, maila akademikorik handiena duen titulua soilik hartuko da kontuan.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 6.1 oinarrian eskabideak aurkezteko ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1 apartatuan merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

Ez dira baloratuko oposizioaldia gainditu ez duten izangaien merezimenduak, 7.2.1 apartatuan ezarritakoarekin bat.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Mairagako Mankomunitatearen webgunean (https://mairaga.es/), eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.4. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira aipatu webgunean.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.1.a) atalean puntuaziorik handiena duen izangaiaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.1.b) atalean puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, atal horren barnean 7.3.1.a eta 7.3.1.b puntuetako azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, zerrendatuta ageri diren hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak Mairagako Mankomunitatearen webgunean (https://mairaga.es/) argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren ordenan, eta organo eskudunari igorriko dio, behar diren izapideak egin ditzan baldintzak frogatzeko.

8.–Baldintzak frogatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du, lehen postuan hautaturik gelditu eta lanpostua eskuratu duen izangaiak behar den dokumentazioa aurkez dezan, titulazioa (3.1 oinarria) frogatzeko, hots, eskatzen den tituluaren kopia edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinaren kopia, edo eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Deialdi honetan ez dago lanpostu hutsak hautatzeko egintzarik, lanpostu bakarra dagoelako.

9.–Kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio kontratazio proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamenean jasoko da, puntuazio handiena izateagatik, deialdiko lanpostu bakarrean sartuko den izangaia.

Kontratazio proposamen hori argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mairagako Mankomunitatearen webgunean.

9.2. Proposaturiko izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun baliodunean:

a) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela goi-mailako ingeniariaren lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta goi-mailako ingeniariaren lanpostuari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da kontratatu agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiaren 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, baja beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantziak bete ditzan, proposaturiko izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Kontratazioa eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaia Mairagako Mankomunitateko lan-kontratudun finko gisa kontratatuko da, goi-mailako ingeniariaren lanpostuan jardun dezan (A maila).

10.2. Kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona nominako eta plantillako lan-kontratadun finko bihurtzea, eta hark izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

10.3. Kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

10.4. Hautatutako izangaia kontratazio ebazpenean ezartzen den egunean jabetuko da lanpostuaz.

10.5. Ezinbesteko kasuetan salbu, kontratatutako izangaiak emandako epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Mairagako Mankomunitateko langile lan-kontratudun finko izateko. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.6. Lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Mairagako Mankomunitatearen webgunean: https://mairaga.es/.

12.–Datuen babesa.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Mairagako Mankomunitatea da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).

DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez https://mairaga.es/.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratzen edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Mairagako Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

14.–Gai-zerrenda.

1.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Kontratazio administratiboa Nafarroan: Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Baldintza-agiriak. Interesdunen proposamena eta dokumentazioa. Publizitatea. Adjudikazio prozedurak.

2.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Kontratazio administratiboa Nafarroan: Adjudikazio bideak: enkantea eta lehiaketa. Kontratuak betetzea, aldatzea eta etetea.

3.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Kontratazio administratiboa Nafarroan: Prezioen berrikustea. Kontratuen iraungipena: betetzea, suntsiaraztea eta baliogabetzea. Lagapena eta azpikontratazioa.

4.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duena. Kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldakuntza. Atxikipena. Eskurapena. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea. Erabilera eta aprobetxamendua. Besterentzea eta kargak ezartzea.

5.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazioaren isiltasuna.

6.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesdunak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: hasiera, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

7.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-bideko errekurtsoak: kontzeptua eta motak. Errekurtsoak jartzeko legitimazioa. Errekurtsogai izan daitekeena. Aurkaratzeko arrazoiak administrazio-egintzetan. Aipamen berezia gora jotzeko errekurtsoari buruz, Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aurrean.

8.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako Toki Administrazioa: Antolaketa eta administrazioa. Toki entitate motak. Antolaketa eta funtzionamendua, eskumenak. Toki-korporazioetako kideak.

9.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Funtzionarioekiko harreman juridikoaren izaera eta edukia. Hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.

10.–Mairagako Mankomunitatea. Antolamendua. Biltzen dituen entitateak. Ur-horniduraren beharrak:

–Mairagako Mankomunitatearen eremu geografikoa: https://mairaga.es/poblaciones-mairaga/.

–Mairagako Mankomunitatearen estatutuak: https://mairaga.es/estatutos-estatutuak/.

–Mairagako Mankomunitatearen ordenantzak: https://mairaga.es/ordenanzas-ordenantzak/.

11.–Kontsumo premiak eta hornidura iturriak. Dotazioak, galerak, kontsumo erpinak, biztanleriaren eta eskaeraren bilakaera; Nafarroako Gobernuaren araudia gai honen gainean; ur hartzeko sistemak: drainatzeko zangak, akuiferoak, presak, iturburuak, urtegiak, putzuak; entseguak, parametroak eta ponpaketa probak putzuetan.

12.–Ponpaketak. Ponpaketen neurriak: eraikuntza arloko irizpideak; irizpide ekonomikoak; ponpa motak; ponpen hautapena; motor motak; ponpaketa estazioak, abiadura aldakorreko taldeak dituztenak; ponpaketen automatizazioa; ahari-kolpea; metagailu hidropneumatikoak; neurriak; ponpaketen ustiapen kostuak; eraikuntza kostuak.

13.–Ur-biltegiak. Ur-biltegien kokalekua; ur-biltegien dimentsioak; eraikuntza arloko irizpideak; ur-biltegi motak eta haien eginkizunak; irizpide ekonomikoak; kostuak.

14.–Ur-hornidurako sareak. Sareen diseinua: Kalkulurako emariak (kontsumoa, suteak, etab.); kalkulurako gehien erabiltzen diren irizpide eta formulak. Sare adardunak eta sare mailadunak: hodien neurriak. Hodien gaineko kanpoko kargak. Euskarrien baldintzak. Karga eragileak. Segurtasun koefizienteak. Kalkuluak, eskuz eta ordenagailuz.

15.–Ur-hornidurako sareak. Sarearen material eta elementuak: hodiak. Materialak. Balbulak. Sute-ahoak. Ur-harguneak. Fluxu-neurgailuak. Presio-murriztaileak; beste elementu batzuk. Hustubideak, ainguraketak, kutxatilak. Normalizazioa. Sareak eraikitzeko irizpideak: zerbitzu bakoitzaren kokapena urbanizazio batean. Interferentziak. Sakonerak eta distantziak. Araudia. Zerbitzu galeriak. Zerbitzuen mantentze-lanak. Zanga motak. Hodien euskarriak. Betegarriak. Eraikuntza metodoak. Harguneak. Kutxatilak eta estalkiak. Segurtasuna eraikuntzan. Sareen harrera: probak eta entseguak. Amaierako agiriak. Bermea.

16.–Saneamendu-sareak. Isurketak: isurketa motak. Estatuaren arauak eta Nafarroako Gobernuaren arauak. Isurien neurketa. Sareak diseinatu eta dimentsionatzea: sare motak. Ur beltzen emariaren estimazioa. Euri uren emariaren estimazioa. Errepikatze-denbora. Hodien neurriak. Kalkulatzeko metodoak. Maldak, abiadurak. Hodien gaineko kanpoko kargak. Euskarrien baldintzak. Erregistro putzuen kokapena. Sakonerak. Araudia.

17.–Saneamendu-sareak. Sarearen material eta elementuak: hodiak. Materialak eta motak. Ur beltzen ponpaketak. Erregistro putzuak, estalkiak, pateak. Jauzi-putzuak. Deskarga ganberak. Hustubideak; kutxatilak. Harguneak. Normalizazioa. Sareak eraikitzeko irizpideak: zerbitzu bakoitzaren kokapena urbanizazio batean. Topografia. Sakonerak eta distantziak. Araudia. Zerbitzuen mantentze-lanak. Zanga motak. Hodiak jartzea. Euskarriak. Betegarriak. Ezpondak. Segurtasuna eraikuntzan. Saneamendu obren harrera: probak eta entseguak. Amaierako agiriak. Bermeak.

18.–Ura tratatzeko plantak. Edateko uraren tratamendua: kalitate parametroak. Legeria. Tratamendu motak. Dekantazioa, iragazketa, tratamendu kimikoak. Tratamendu estazio baten osagaiak. Tresneria. Kalitatearen kontrola. Ustiapen kostuak. Eraikuntza kostuak. Hondakin uren tratamendua: isurketen kalitatearen parametroak. Legeria. Tratamendu motak. Araztegi motak. Araztegien osagaiak. Isurketen kalitate-kontrola. Ustiapen kostuak. Eraikuntza kostuak.

19.–Instalazio elektrikoak. Magnitude elektrikoak. Korronte alternoa. Korronte zuzena. Sistema trifasikoak. Unitateak. Oinarrizko formulak. Hari eta zirkuitu elektrikoen kalkulua eta neurriak. Tarifa elektrikoak. Konpainia elektrikoekiko kontratuak. Goi eta behe tentsioko arauak eta erregelamenduak. Goi tentsioko lineak. Osagaiak. Neurriak. Transformazio zentroak. Motak. Tresneria. Neurriak. Segurtasuna.

20.–Instalazio elektrikoak. Behe tentsioko instalazioak: kable motak, muntatzeko sistemak, lur-konexioak, energia erreaktiboaren konpentsazioa, behe tentsioko koadroak, potentziarako eta babeserako tresneria. Automatismoen koadroak. Osagaiak. Instalazio elektrikoak ponpaketa eta arazketa estazioetan. Automatizazioa. Automata programagarriak. Ordenagailu bidezko kontrola. Tresnak. Osagaiak. Teleagindua eta ur-hornidurako sistemak. Funtzioak eta osagaiak.

21.–Ur-hornidura eta saneamenduko zerbitzu mankomunatuaren ustiapena. Ustiapen sistemak behar duen oinarrizko dokumentazioa; hornidura eta saneamendu proiektuak behar duen dokumentazioa. Lan-metodoaren azterketa; mantentze prebentiboa, prediktiboa eta zuzentzailea; ustiapen-zerbitzu baten lan-parteak, antolaketa eta organigrama; lanpostuen hautaketa eta balorazioa; teleaginte-sistema baten azalpena eta erabilera ur- eta saneamendu-sareen kudeaketan. Makina eta erreminten ekipamendua honelako zerbitzuetan.

22.–Proiektuak. Proiektua prestatzeko faseak. Proiektua osatzen duten agiriak. Proiektuen idazketa.

23.–Segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa. Aplikatu beharreko araudia. Koordinatzailearen, sustatzailearen eta enpresa adjudikaziodunaren betebeharrak.

24.–Hirietako hondakin uren ezaugarriak. Estolderia sistemak. Industriako efluenteak. Landa-eremuetako hondakin urak. Hondakin uren arazketa. Efluenteen isurketa eta berrerabilpena.

25.–Saneamendu proiektuen faseak. Kostuak eta finantzaketa iturriak. Energia eta lur baldintzak. Berrerabilpena: hondakin urak eta lohia baliabide gisa. Ingurumenaren gaineko eragina.

26.–Arazoak hondakin uren arazketan. Lohiaren erabilera eta aprobetxamendua. Lohiaren tratamendua eta erabiltzeko bideak. Lohiaren tratamendua eta erabiltzeko arazoak.

27.–Hondakin uren tratamendua: aurretratamendua, lehen tratamendua. Bigarren tratamendua. Hirugarren tratamendua eta aurreratua.

28.–Uraren ziklo integralaren tasak eta tarifak: guztirako kostuen identifikazioa. Kostuen banaketa erabiltzaileen artean. Tarifen egituraren diseinua. Blokeen araberako egitura. Tarifa sozialak. Mairagako Mankomunitatearen tasak.

29.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa eta haren harremana edateko urarentzako eta hondakin uren hustuketarako barne sareen diseinuarekin eta eraikuntzarekin. Baldintzatzaileak, ura banatzeko sare publikoekin lotzerakoan.

30.–Kalitatea kudeatzeko sistemak. ISO:9001:2008 araua. Kalitate sistemaren plangintza. Kalitate kudeaketaren kontrola. Etengabeko hobekuntza, kalitatearen kudeaketan.

Tafallan, 2025eko urriaren 29an.–Mankomunitateko burua, Carlos Alcuaz Monente.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN EZAUGARRI ESPEZIFIKOEN TAULA

Jarraian ageri den lanpostu hutsa txanda murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko deialdiaren ezaugarrien taula (lanpostua sartuta dago 2025eko 207. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 16an, argitaratutako enplegu publikoaren eskaintzaren aldaketan):

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE
JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

Goi-mailako ingeniaria

A

Lan-kontratudun finkoa

%100

Mairagako Mankomunitatea

Ingeniari teknikoa edo baliokidetzat jotako titulazioa. Ingeniaritzako maila handiagoko tituluak ere onartuko dira

II. ERANSKINA.–ESKABIDE-EREDUA, HONAKO DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, GOI-MAILAKO INGENIARIAREN LANPOSTU BAT BETETZEKO, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ ETA TXANDA MURRIZTUAN, MAIRAGAKO MANKOMUNITATEAREN ZERBITZURA JARDUN DEZAN

Izen-deiturak ...............................................................................................................................; NAN-zenbakia: .................................................; jaioteguna: ..................................................; jaioterria: .............................................................................................. (................................................................): bizitokia ............................................................................. (..................................................................), kalea: ................................................................................, zenbakia: ........., solairua: ............, posta-kodea: ...........................; telefono finkoa: ...................................; sakelako telefonoa: ....................................; helbide elektronikoa: .............................................................................., Mairagako Mankomunitatearen aurrean agertu eta

Honako hau adierazten dut:

1.–Parte hartu nahi dudala jarraian ageri den lanpostu hutsa txanda murriztuan, oposizio-lehiaketa bidez, betetzeko deialdian (lanpostua sartuta dago 2025eko 207. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 16an, argitaratutako enplegu publikoaren eskaintzaren aldaketan):

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE
JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

Goi-mailako ingeniaria

A

Lan-kontratudun finkoa

%100

Mairagako Mankomunitatea

Ingeniari teknikoa edo baliokidetzat jotako titulazioa. Ingeniaritzako maila handiagoko tituluak ere onartuko dira

2.–Horretarako, bada, adierazten dut betetzen ditudala deialdi honetako 2. oinarrian eskatzen diren baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.–Deialdian ezarritako ondorioetarako, honako dokumentazio hau eransten dut:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

b) Izangaiak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

c) Behar den dokumentazioa, frogatzeko balora daitezkeen merezimendu guztiak, lehiaketaren baremoko irizpideen arabera. Izangaiek baremoan (7.3 oinarria) ageri den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

d) Hala badagokio, %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren frogagiria, deialdian adierazi bezala aurkeztu behar dena.

4.–Baimena ematen dut prozedura hau izapidetzeko jarduketen ondoriozko jakinarazpenak lehen adierazitako helbide elektronikora egiteko.

Eskatzen dut eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izateko, eta aitortzen dut, erantzukizuna nirea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.

.....................................(e)n, 2025eko ..........................................aren ...........(e)(a)n.

Sinadura

Iragarkiaren kodea: L2514069