227. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, erizain plaza bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko. Plaza hori Udalaren Haur Eskolen erakunde autonomoaren zerbitzura aritzeko da, eta osagarria du

Lehendakariaren 2025eko urriaren 23ko 2025/70 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen erizain plaza bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko. Plaza hori Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren zerbitzura aritzeko da, eta osagarria du.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena; azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretua; Tokiko Gobernu Batzarrak 2025eko maiatzaren 15ean hartutako Erabakia; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da erizain plaza bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzea, Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren zerbitzura aritzeko. Plazak osagarria du, funtzionarioen araubidekoa da, B mailakoa eta 103 zenbakia du plantilla organikoan.

1.2. Hasiera batean deialdian sartutako plaza horri gehitzen ahalko zaizkio kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda (lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa) igortzen dion egunean bete gabe dauden plazak ere.

Era berean, plaza horiek deialditik kanpo uzten ahalko dira, dela birkokatze prozesuei lotuta gelditzen direlako, dela jarduneko zerbitzura itzultzen direnei esleitzen zaizkielako, nahiz antolamenduan zehaztutako beste edozein arrazoirengatik.

Halaber, lehiaketan beste plaza bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten plazak ere beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan.

Aurrekoa gorabehera, ez dira eskainiko lekualdatze-lehiaketan beste plaza bat lortu duten izangaiek hutsik uzten dituzten plazak, baldin eta plaza horiek "iraungitzekoak" direlako bete behar ez badira, edo antolakuntza-arrazoiengatik horiek betetzea beharrezkoa ez bada.

Deialdiko zazpigarren oinarrian aipatzen den plaza hutsak hautatzeko epean, deitutako plazen ordez, organo eskudunek egin dituzten aldaketen arabera –baldin aldaketarik egin badute– egoki direnak jartzen ahalko dira, zerbitzuaren beharren arabera.

2.–Izangaiek bete beharreko betekizunak.

2.1. Indarrean den araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartzen dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta esleitutako plazaz jabetzeko unean:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko izatea, haien egoera administratiboa edozein dela ere.

b) B mailan sailkatua egotea, Erizain lanpostuan.

c) Euskara derrigor jakitea eskatzen duen plaza batera sartu nahi bada, plazarako eskatutako maila egiaztatzen duen titulu edo egiaztagirietako bat eduki beharko da, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean jasota daudenetako bat (117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2010eko irailaren 27koa), edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa.

d) Subrogazio-prozesuetatik datozen langile finkoak haien produkzio-unitateari atxikita dauden lekualdatze-lehiaketetara soilik aurkezten ahalko dira.

2.2. Betekizun horiek beteta eduki beharko dituzte izangaiek parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta plazaren jabetza hartu arte mantendu beharko dira.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

2.4. Plazaren erreserbarik gabeko eszedentzian dauden Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileak zerbitzu aktibora itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdian parte hartuta.

2.5. Zerbitzu aktibora plaza huts bati behin-behinekoz atxikita itzuli diren langileak lekualdatze-lehiaketaren deialdira aurkeztu beharko dira, behin betiko destinoa esleitu dakien.

2.6. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Izangaiek aurkeztu beharko dituzte, bakar-bakarrik, I. eranskinean zehaztutako baremoan xehatzen diren hizkuntzen ezagutza egiaztatzen duten ziurtagiriak.

Euskara jakitea betekizun gisa duen plaza batera sartu nahi dutenek, plaza hutserako eskatutako maila egiaztatzen duen titulu edo egiaztagirietako bat aurkeztu beharko dute, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean jasota daudenetako bat, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa.

Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako erizain lanpostuan emandako zerbitzuei buruzko informazioa zuzenean gehituko da parte-hartzaile bakoitzaren espediente pertsonalean, eta epaimahaiaren esku jarriko da barema dezan.

3.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

Administrazioak edonoiz eskatzen ahalko dizkie izangaiei deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Erakundeko lehendakariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udalaren webgunean deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko aukera izanen dute bost egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta. Erreklamazioak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten den bidetik aurkeztuko dira.

4.3. Baldin ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Erakundeko lehendakariak ebazpen bat emanen du lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

4.4. Baztertutako izangairik ez balego, behin betiko zerrenda onetsiko da zuzenean, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.

4.5. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Erakundeko lehendakariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.

5.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Alfredo Hoyuelos Planillo, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailea.

Ordezkoa: Inés Zazu Artuch, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen erakunde autonomoko zuzendari teknikoa.

Epaimahaikidea: Aintzane Buldain Azanza, Langileen Batzordeko ordezkaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Epaimahaikide idazkaria: Patricia Montero Moreno, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen erakunde autonomoko Erakunde Autonomoko giza baliabideetako teknikaria.

Epaimahaikide idazkari ordezkoa: Iruñeko Udaleko aholkulari juridiko bat.

5.2. Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengoa bildu gabe.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko du deialdiaren oinarriak aplikatzean sortzen ahal diren arazo guztiei buruz.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezializatuak edukitzen ahalko ditu; aipatu aholkulariak beraien espezialitate teknikoetan soilik ariko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Merezimenduen balorazioa.

6.1. Honako elementu hauek baloratuko dira 46 puntuko gehieneko balioa izanen duen eskala baten barruan, honela banatuta:

a) Antzinatasuna Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, erizain lanpostuan: 1 puntu, zerbitzu-urte oso bakoitzeko (40 puntu bitarte).

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

Ez dira aintzat hartuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

b) Puntuazio gehigarria, hizkuntzak ezagutzeagatik: 6 puntu gehienez ere.

b.1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea baloratuko da, Europar Batasuneko lan-hizkuntza baitira; gehienez ere 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b.2) Euskara jakitea baloratuko da, plantilla organikoaren arabera plazan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 2,76 puntu gehienez.

6.2. Izangai bakoitzak aurreko bi apartatuetan alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen I. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

6.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta apartatu bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

6.4. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiaketan parte hartzen duten izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.

6.5. Behin merezimenduen kalifikazioa amaituta, epaimahaiak Udalaren webgunean argitara emanen ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

6.6. Lehiatzaileek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasun handiena dutenen alde joko da. Berdinketak bere horretan badirau, kalifikazio-epaimahaiak xede horrekin eginen duen zozketa bakarraren bidez ebatziko da.

7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, eta plaza hutsak hautatzea.

7.1. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, Udalaren webgunean argitaratuko ditu izangai guztien behin betiko puntuazioak, eta Erakundeko lehendakariari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, espediente osoarekin batera.

Behin aurreko izapidea beteta, parte-hartzaileen eskura jarriko da hautatzen ahal duten plazen zerrenda, Udalaren webguneko deialdiaren fitxan argitaratuta, eta bost egun balioduneko epea emanen da interesatutako parte-hartzaileek eskaera bitarteko telematikoz egin dezaten, erregistro elektronikoaren bidez.

Deialdia egin duen organoak hautaketa- eta esleipen-ekitaldia eginen du, puntuazio-ordena kontuan hartuta.

Hautaketaren emaitzari buruzko informazioa Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko da.

Adierazitako epearen barruan eskabidea igortzen ez duten izangaiek galdu eginen dituzte lehiaketaren xede diren plaza hutsak betetzeko eskubide guztiak.

Plaza hutsak hautatzeko epea amaitu ondoren, lehiatzaileek ezin izanen diote uko egin hautatutako plazari.

8.–Plazak esleitzea eta jabetzan hartzea.

8.1. Erakundeko lehendakariak interesdunen eskaeren arabera esleituko ditu plazak, betiere horiek lortu duten puntuazioarekin bat.

Birkokatutako lehiatzaileei dagokienez, Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen hitzarmen kolektiboaren II. eranskineko hamaikagarren artikuluan eta Iruñeko Udaleko langile lan-kontratudunen Hitzarmen kolektiboan xedatutakoa beteko da.

Plaza hutsak hautatzeak esan nahi du lehiatzaileak berariaz onartzen duela berak adierazitakoen artean esleitu zaion plaza, eta ezin izanen dio uko egin.

8.2. Behin plaza hutsak esleituta, Giza Baliabideetako zuzendariak dagozkion izendapenak eginen ditu, eta horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

8.3. Izangaiek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean hartu beharko dute plazen jabetza, eta deialdia egin duen organoak ebazpenean bertan ezartzen ahalko du plazaz jabetzeko eguna.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta haiek aplikatzeko kalifikazio-epaimahaia sorburu ez duten egintzen aurka, errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Erakunde Autonomoaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2025eko urriaren 23an.–Iruñeko Udaleko Haur Eskolen erakunde autonomoko lehendakaria, Aitziber Campion.

I. ERANSKINA.–BAREMOA

Lekualdatze-lehiaketa honetan elementu hauek baloratuko dira 46 puntuko gehieneko balioa izanen duen eskala baten barruan, honela banatuta:

a) Antzinatasuna Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, erizain lanpostuan:40 puntu bitarte.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

Ez dira aintzat hartuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

b) Puntuazio gehigarria, hizkuntzak ezagutzeagatik: 6 puntu gehienez ere.

b.1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan-hizkuntza baitira, gehienez ere 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 2 puntu emanen zaizkio, gehienez ere.

Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela:

A1: 0,4 puntu / A2: 0,8 puntu / B1: 1,2 puntu / B2: 1,6 puntu / C1: 2 puntu.

b.2) Euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera plazan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 2,76 puntu gehienez.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 2,76 puntu emanen zaizkio, gehienez ere.

Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela:

A1: 0,55 puntu / A2: 1,10 puntu / B1: 1,65 puntu / B2: 2,20 puntu / C1: 2,76 puntu.

Iragarkiaren kodea: L2514133