227. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

OTSAGABIA

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Otsagabiko Udaleko alkate udalburuak, 2025eko urriaren 14ko 98/2025 Ebazpenaren bidez, honako hau ebatzi zuen:

Lehena. Onestea deialdia eta haren oinarriak, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Bigarrena. Deialdi hau, oinarriak eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Otsagabian, 2025eko urriaren 17an.–Alkate udalburua, Carlos Gayarre Imizcoz.

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Otsagabiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin (9. apartatuan ezarritakoarekin bat), lanpostuak aldi baterako betetzeko, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginean eta Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan D mailari dagokion ordainsaria izanen du lanpostuak, bai eta Otsagabiko Udaleko plantilla organikoan jasotzen diren osagarriak ere, eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio.

1.4. Ordutegia eta lanaldiaren araubidea izanen dira Udalak zerbitzuaren beharrei erantzuteko ezarritakoak, eta behar horien arabera aldatzen ahalko dira.

1.5. Lanpostuak euskarazko nahitaezko hizkuntza eskakizun hau du: B2 maila.

1.6. Prozesua gainditzen dutenekin zerrenda bat eginen da, lehenik, deialdiaren xede den lanpostu hutsa betetzeko eta, bigarrenik, aldi baterako kontratazioak egiteko. Halakoetan, kontratazioak eginen dira hertsiki lotuz hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari.

1.7. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak honako eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

–Azpiegitura publikoak mantentzeko lanak, hala nola hilerria, bideak konpontzea, plaza publikoak, parkeak eta lorategiak, udaletxea, kontsultategia eta Udalaren gainerako higiezinak.

–Kaleak eta bide publikoak garbitzeko lanak.

–Berdeguneak, zuhaiztiak, loreak eta zuhaixkak mantentzeko lanak (kimatzea, belardia moztea, landatzea, ereitea, ongarria botatzea...), barnean direla udalerriko ureztapenak kudeatzea. Izurrite arruntei aurre egiteko bitartekoak ere kudeatuko ditu, eta beharrezkoak diren tratamenduak aplikatuko ditu, horretarako baliatuz metodo jasangarriak, ekologikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak.

–Igeltserotzako lanak, iturgintzakoak, oinarrizko elektrizitatekoak, soldadurakoak, zurgintzakoak, pinturakoak eta lorezaintzakoak, beharrezkoak direnak azpiegituren, parkeen, lorategien, berdeguneen eta udal-eraikinen ohiko mantentze-lanetarako. Beharrezkoa bada, konponketak eta obra txikiak ere eginen ditu.

–Toki batetik bestera mugitzea eta instalatzea hiri barneko altzariak eta objektuak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.

–Bere jardun-eremuarekin lotutako makineria, ibilgailu, erreminta eta lanabesak kontrolatzea, maneiatzea, mantentzea eta konpontzea, bai eta erreminten eta makinen behar posibleak proposatzea eta justifikatzea ere. Orobat, egin beharko ditu udal-ibilgailuaren oinarrizko mantentze- eta zaintze-lanak.

–Basolanak eta ingurumena zaintzera bideratutakoak, bai eta ibaiak eta ezpondak zaintzekoak ere; hori guztia udalaren eskumenen esparruan.

–Eremu publikoak prestatzea ospakizunetarako, eta haietan behar diren gauzak jartzea. Agertokiak eta bestelako altzariak muntatzea eta desmuntatzea jai eta ekitaldi publikoetan.

–Udaletxea eta gainerako ekipamenduak garbitzea.

–Hilerriko zerbitzu integraleko lanak. Desobiratzeak eta hobiratzeak.

–Kontrolatzea eta begiratzea ea betetzen diren Udalaren ordenantzak, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta eta jasota ea betetzen den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Udalaren hainbat zerbitzu koordinatzea: hilerria, kale-garbiketa, udal eraikinen garbiketa, lorategien zaintza, udal eraikinetako mantentze-lanak, instalazio eta azpiegituren mantentze-lanak, bai eta zerbitzu horietara atxikitako langileen eta aldi baterako kontratatzen direnen lana koordinatzea, planifikatzea eta haiekin elkarlanean aritzea ere.

–Haren ardura izanen da udal langileei betearaztea laneko segurtasun eta higieneko eta laneko arriskuen prebentzioko neurriak.

–Zaintzea udal-mugartea, trafikoa, aparkamendua eta bide publikoen okupazioa.

–Administrazio-lanetan laguntzeko eginkizunak, haren esku uzteko modukoak.

–Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.

1.8. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, iritziz gero izangaietatik bakar batek ere ez duela lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza maila, gaitasun edo prestakuntzarik.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek aurkeztu beharko dute beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia, eta, hala badagokio, 2.1.a) apartatuan nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpean adierazi beharko da, edo hitzeman, ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina-zehapen edo kondena baten mende.

b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko B2 maila gutxienez egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den titulu-zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko du.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

g) B motako gidabaimena izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, bai eta hautaketa-prozeduran zehar eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.3. Berdintasuna baldintzetan. Desgaitasuna duten pertsonek gainerako izangaien baldintza berberetan parte har dezakete hautaprobetan, hala xedatzen baita azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Foru Dekretuan (Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten du).

Desgaitasuna duten izangaiek autonomia erkidegoko edo Estatuko Administrazioko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, egiaztatzen duena, batetik, desgaitasuna dutela, eta, bestetik, badutela gaitasuna deialdi honen bidez bete nahi den lanpostuari dagozkion zereginak betetzeko.

Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute probak denboraren eta baliabideen aldetik egokitzeko, eta hautapen-organoak egokitzapenok ezarriko ditu. Horretarako, interesdunek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera.

3. oinarria. Eskabideak aurkeztea.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Otsagabiko Udaleko Erregistro Orokorrean, 20 egun naturaleko epearen barnean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu eskabideak deialdian I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta horiekin batera aurkeztuko dira honako agiri hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

b) Eskatutako tituluaren kopia konpultsatua, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Euskararen B2 maila frogatzen duen tituluaren edo ziurtagirien kopia konpultsatua, hizkuntza-eskola ofizial batek emana, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera ofizialki aitortutako titulazio bat, jasota dagoena Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den titulu-zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den beste titulu bat.

d) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia autentifikatuak.

e) Izangaiaren gidabaimenaren kopia konpultsatua; gutxienez B motakoa behar du.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Otsagabiko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Otsagabiko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Otsagabiko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

Egitezko akatsak noiznahi zuzentzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak eskaturik.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzita, Otsagabiko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Otsagabiko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dela baldintzaren bat betetzen, interesdunak galduko ditu prozedura honetan parte hartzeagatik dituen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkion erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Carlos Gayarre Imizkoz, Otsagabiko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: José María Compains Rolán, Otsagabiko Udaleko zinegotzia.

–1. epaimahaikidea: Mikel Aoiz Iriarte, Otsagabiko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Clara Goyeneche Azcoiti, Otsagabiko Udaleko zinegotzia.

–2. epaimahaikidea: Cristina Ochoa Rolán, Otsagabiko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–3. epaimahaikidea: Irunberriko LHko Institutuko teknikaria.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–4. epaimahaikidea: Óscar Sanz Loigorri, Nabaskozeko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Ordezkoa: Roberto Ardanaz Pena, Jaurrietako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

–Idazkaria: Jose Javier Garate Garate, Otsagabiko Udaleko bitarteko idazkaria.

Ordezkoa: Maider Ureta Aizcorbe, Ezkarozeko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Otsagabiko Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Alkateak hautapen-organoko kideei eskatzen ahalko die berariazko adierazpen bat aurkez dezatela, frogatzeko ez daudela legez ezarritako abstentzio-arrazoiren baten pean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren apartatuen interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Epaimahaiak eskatzen ahalko ditu erabakiak hartzeko behar dituen txosten tekniko eta juridikoak.

6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Hautapen-prozesua bi fasetan eginen da, hurrenez hurren, oinarri hauetan adierazitako moduan: lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahalko dira. Horietatik, 30 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 70 puntu, berriz, oposizioaldiari.

6.1. Lehiaketaldia.

6.1.1. Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egitean aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak. Agiri horiek jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak izan beharko dute, bestela aurkeztu gabetzat joko baitira.

Lehiaketaldia amaitzean eta oposizioa hasi aurretik, epaimahaiak udaleko web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko ditu izangai bakoitzak lortutako merezimenduen balorazioaren ondoriozko puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira aipatu webgunean. Lehiaketaldian eskuraturiko puntuak oposizioaldian lortutako puntu guztiei batuko zaizkie, eta horren emaitza izanen da oposizio-lehiaketan guztira eskuraturiko puntuazioa.

6.1.2. Kalifikazio-epaimahaiak deialdiko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

6.1.3. Agiriek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.

Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

6.1.4. Lehiaketaldiak 30 puntuko balorazioa izanen du gehienez, honako baremo honen arabera banaturik:

a) Prestakuntza akademikoa: gehienez ere 10 puntu:

–LHIeko titulazioa edo baliokidea, lanpostuarekin zerikusia duten gaietan: 5 puntu gehienez.

–LHIIko titulazioa, erdi-mailakoa edo baliokidea, lanpostuarekin zerikusia duten gaietan: 10 puntu gehienez.

b) Lan-esperientzia, 20 puntu gehienez:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuengatik, zerbitzu anitzetako enplegaturako deialdi honetako antzeko eginkizunetan: gehienez ere 20 puntu, 2,5 puntu urteko.

–Enpresa publiko edo pribatuetan lanpostuarekin zerikusia duten gaietan (mantentze-lanak, igeltserotza, lorezaintza, iturgintza, argiketaria, arotzeria...) lan egin izanagatik: gehienez 5 puntu ematen ahalko dira, puntu 1 lan egindako urte bakoitzeko.

"Lan-esperientzia" atalari dagokionez alegatutako merezimenduak egiaztatzeko, dagokion administrazio publikoko edo enpresako erakunde eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagirian agertu beharko dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera-eguna eta bukaera-eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Baldin deialdia egiten duen toki-erakundeari berari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

Oharrak:

–Honako hauek hartzen dira administrazio publikotzat: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia-erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten erakundeak, eta aurrekoei loturik edo haien mendean dauden erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).

–Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat. Zerbitzuak egin izana frogatzen duten agirietan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ziren, eta lanaldia murriztua bazen, zenbatekoa zen.

6.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan zehaztuko dira oposizioko lehenbiziko proba egiteko tokia, eguna eta ordua, eta, hala badagokio, bigarren proba egiteko tokia, eguna eta ordua. Proba horiek egun berean edo egun desberdinetan egiten ahalko dira.

Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, baldin aurretik ezarri ez bada, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, edo, bestela, epaimahaiak nortasuna frogatzeko nahikoa irizten dion beste identifikazio agiri bat.

Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

6.2.2. Oposizioaldiko probak honako apartatu honetan zehaztutakoak izanen dira, deialdiko II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak, eta gai-zerrendako ordena berean eginen dira.

Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

6.2.3. Oposizioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:

6.2.3.1. Lehen ariketa.

Ariketa teorikoa izanen da, eta II. eranskineko gaiei buruzko galdera batzuei (galdera laburrak eta/edo test motakoak) erantzun beharko zaie idatziz. Gehienez 30 galdera labur izanen dira, edo test motakoak, non hiru edo lau aukera emanen baitira galdera bakoitzari erantzuteko. Ongi erantzundako galdera bakoitzari 1 puntu emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,3 puntu kenduko dira. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira puntuatuko, eta haiengatik ez da punturik kenduko.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, eta printzipioz, ezta kalkulagailurik ere.

Kalifikazioa: ariketan gehienez 30 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituztenak.

Plika itxien sistema erabiliko da ariketa teoriko honetan. Epaimahaiak proba kalifikatuko du, eta bukatutakoan jendaurrean irekiko ditu plikak. Haietan azaltzen den hautagai bakoitzari dagokion puntuazioa esleituko dio. Parte-hartzaileak ekitaldi horretara joaten ahalko dira.

6.2.3.2. Bigarren ariketa.

Proba praktiko batzuk egin beharko dira, lanpostuarekin zerikusia izanen dutenak, II. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak.

Apartatu honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu lortu beharko dira bigarren ariketa honetako proba guztietan.

7. oinarria. Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten pertsonen zerrenda, bakoitzak oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioarekin eta lortutako puntuazioari jarraituz. Behin-behineko emaitzei alegazioak aurkezteko epea izanen da 5 egun baliodunekoa.

Epe hori amaituta eta, hala badagokio, aurkeztutako alegazioak ebatzita, kalifikazioak argitaratuko dira behin betiko emaitzekin, eta alkatetzara igorriko dira, espediente osoarekin batera, zerrenda hori eta izendapen-proposamena, eta, ondorioz, kontratazio-proposamena, puntuaziorik handiena lortu duen pertsonaren alde.

Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda osatzeko proposamena igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako poltsa eratzeko. Izan ere, hura erabiliko da, indarrean dagoen bitartean, egitekoak diren kontratazioak egiteko. Indarraldia 4 urtekoa izanen da gehienez.

Izendapen-proposamena udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da.

7.2. Izendapen-proposamena udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunen barruan, proposatutako izangaiak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu udaleko erregistro orokorrean:

1.–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

2.–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.

3.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honetako xede den lanpostua.

7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaturiko izangaiak ez baditu aurkezten aipatu agiri horiek, ezin izanen da izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra.

7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, lanpostua beteko du 7.1 oinarrian aipaturiko gaindituen zerrendan ondo-ondotik datorren izangaiak. Harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako moduan jokatuko da.

8. oinarria. Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak Otsagabiko Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta behar den kontratua sinatuko du, bete dezan zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua.

Izendapena argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

8.2. Kontratua sinatzearen eta lanpostuaren jabetza hartzearen ondorioz, izendatua funtzionario bilakatuko da, eta izanen ditu indarreko xedapenek Udalaren zerbitzuko langile horientzat ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta hartan alta emanen zaio, araubide horretan xedatutakoaren babesean.

8.3. Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du lanpostuaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, galduko ditu Otsagabiko Udaleko enplegatu izateko eskubide guztiak. Halakorik gertatuz gero, jarraituko zaio deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari.

Kontratatutako izangaiak bi hilabeteko probaldia egin beharko du, eta kontratuak berariaz adieraziko du hori. Epe horretan, langileak izanen ditu betetzen duen lanpostuari dagozkion eskubide eta betebehar berberak, plantillakoa balitz bezala, eta lan-harremana desegiten ahalko da probaldia bukatutakoan, alderdietako edozeinek hala nahi badu, inolako arrazoirik alegatu gabe eta aurreabisurik eman gabe.

9. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

9.1. Zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio. Berdinketa egonez gero, bigarren proban (proba praktikoa) puntuazio handiagoa erdietsi dutenen alde jokatuko da. Berdinketak bere horretan segituz gero, lehiaketaldian puntuazio handiagoa erdietsi duenaren alde jokatuko da.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan sartuko dira bi ariketetan (teorikoa zein praktikoa) eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu duten guztiak.

9.3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek 4 urteko indarraldia izanen dute gehienez.

9.4. Zerrenda kudeatuko da oinarri hauetan xedatutakoaren arabera, eta oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.5. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.

9.6. Aldi baterako kontratazioa egin behar denean lanpostu baterako, dei eginen zaio une horretan zerrendako lehen lekuan dagoen izangaiari. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira; alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Udala izangai batekin harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu eta frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.7 apartatuan xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, Udalak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

9.7. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.

g) Ikasketak aurrez aurre egiten egotea, eskaintzen den kontratuaren ordutegi berean.

h) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute –uko egin dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik– agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean ez aurkeztea.

10. oinarria. Errekurtsoak.

10.1. Deialdiaren eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

10.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

11. araua. Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Otsagabiko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteko izapideak).

–Datuak gordeko diren epea: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

I. ERANSKINA.–OTSAGABIKO UDALAREN HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

Izen-deiturak: ............................................................................................................................. ;
adinez nagusia; NANa: .............................................. ; jaioteguna: ..........(e)ko ...............aren .......(a); jaioterria: ...................................................; nazionalitatea: ..............................................................;
egungo bizitokia: .........................................................., kalea: .........................................................,
zenbakia: ................., posta-kodea: .............................; telefonoa: ...................................................;
helbide elektronikoa: .......................................................................................

Zure aurrera azaldu, eta adierazten dut:

Deialdi baten berri izan dudala, helburu duena Otsagabiko Udalerako zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, eta jakin dudala, orobat, izangaien zerrenda bat eratuko dela, lanpostu horretan aritzeko aldi baterako kontratazioak egiteko, eta interesa dudala deialdian parte hartzeko.

AZALTZEN DUT:

–Behean sinatzen dudan honek aditzera ematen dut betetzen ditudala honako deialdi honetan eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, ezarritako denboran eta moduan: ................ zenbakia duen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdia, ............................./......................................../...........(e)(a)n.

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

–Euskararen .......... jakite-maila frogatzeari dagokionez.

Eskabide honi gehitzen diodala euskaraz honako jakite-maila hau izatearen ziurtagiriaren kopia:

...................................................................................................................................................................

  • Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak), eta desgaitasuna frogatzeko dokumentazioa erantsi dudala, erakunde eskudunak emana.
  • Aurkezten ditudala lehiaketan baloratzeko agiriak.

Horrenbestez, ESKATZEN DUT onartua izatea aipatutako hautapen-prozesuan.

.......................................(e)n, ...............(e)ko .................................aren ..................(e)(a)n.

(Sinadura)

Datuen babesa. Bete beharrez 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak soilik erabiliko direla hautapen prozesuan Udalak dituen eskumenak erabiltzeko, eta batuko zaizkiela Udalaren edo entitatearen datu basea osatzen duten fitxategiei. Erabiltzen ahalko dituzu fitxategietan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak, Erregistro Orokorrera zuzendurik.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Otsagabia: kokapen geografikoa, azalera, herritarrak, lekuak, parajeak, kaleak, bide publikoak, errekak, fauna, landaredia. Udal ondasun eta instalazioen, eraikinen eta zerbitzuen ezaugarriak eta antolaketa. Udalaren osaera.

2.–Otsagabiko Udalaren ordenantzak: herri-aprobetxamenduak, udal-lokalen erabilera, hilerria, bide publikoa, sedentarioa ez den merkataritza, bide publikoaren lurgaina, lurzorua, lurpea eta herri-lurretako lursailak, mugikortasuna, baso-pisten erabilera, ur-hornidura eta estolderia.

3.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: I. KAPITULUA. "Lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran esku hartzea" 1. atala. Hirigintzako lizentziak (190. artikulutik 197.era, biak barne) eta II. KAPITULUA. "Hirigintzaren legezkotasuna babestea eta urratutako ordena berrezartzea" (200etik 211ra, biak barne).

4.–Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen oinarrizko gaiak: jakinarazpenak, administrazio-egintzak. Udalaren antolamendua eta eskumenak.

5.–222/2016 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duena, oihaneko suteak prebenitzeko. II. KAPITULUA. "Nekazaritza- eta baso-lurretan sua erabiltzeko salbuespenezko baimenak" (6.etik 7.bis-era, biak barne) eta III. KAPITULUA. "Sua erabiltzeko beste erregulazio batzuk" (8.tik 13.era, biak barne).

6.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez. Segurtasuna, makinak eta erremintak erabiltzean.

7.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea. Obrak egoera onean zaintzea eta haiek mantentzeko lanak. Obra-makineria arina eta ertaina maneiatzea.

8.–Zurgintzako oinarrizko lanak, esaterako: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak eta gisakoak.

9.–Ohiko argien zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak. Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

10.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak. Ezagutzea instalazio termikoetan efizientzia energetikoa hobetzeko sistemak (eguzki-energia termikoa, energia geotermikoa, biomasa).

11.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta basogintzako pinturak, produktuak, makinak eta erremintak (sasi-garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, altueran kimatzeko plataforma jasotzailea). Fitosanitarioak aplikatzea.

12.–Lorezaintzako eta basogintzako ezagutzak.

13.–Hondakinen tratamendua eta haiei buruzko ezagupen orokorra.

14.–Aritmetikari, geometriari eta ortografiari buruzko oinarrizko ezagupenak.

15.–Ekipo eramangarrien bidez mekanizatzeko eta soldatzeko oinarrizko ezagutzak.

Iragarkiaren kodea: L2513862