227. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CADREITA

Deialdia, bete dadin lantaldeko arduradunaren plaza huts bat, oposizio-lehiaketa bidez

Cadreitako Udaleko alkateak, 2025eko urriaren 20an, eman zuen jarraian ageri den ebazpena, zeinaren bidez deialdi bat egiten baita, bete dadin lantaldeko arduradunaren plaza huts bat, oposizio-lehiaketa bidez, Cadreitako Udalean, lan-kontratudunen araubidean eta lanaldi osoan. Orobat, onetsi zituen hautapen-prozesuko oinarriak (eranskin gisa ageri dira) eta onetsi zuen, era berean, ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

Deialdia, bete dadin lantaldeko arduradunaren lanpostu huts bat, oposizio-lehiaketa bidez, jardun dezan Cadreitako Udalean; lanpostu huts hori dago 2025erako onetsitakoen artean. Orobat, onesten dira deialdia arautuko duten oinarriak. Hona hemen:

DEIALDIA, BETE DADIN LANTALDEKO ARDURADUNAREN PLAZA HUTS BAT, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ, CADREITAKO UDALEAN. OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da norbait hautatzea, oposizio-lehiaketa bidez, bete dezan lantaldeko arduradunaren plaza huts bat, Cadreitako Udalean, jardun dezan Cadreitako Udaleko plantillako langile gisa. Deialdian parte hartzeko, frogatu beharko dira jarraian ageri diren baldintzak.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da eratzea aldi baterako kontratazioetarako zerrenda bat, hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin. Zerrenda hori erabiltzen ahalko da etorkizuneko aldi baterako kontratazioetarako, behar izanez gero, ordezkapenak egiteko, hautaketaren ondoko lau urteetan. Hori dena, jarraikiz deialdiaren 9. oinarriari.

1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, jarraikiz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari, maila horretako eginkizunak baititu, eta izanen ditu, orobat, plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak.

1.4. Cadreitako Udalak ezarriko ditu lanpostu horren lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.

1.5. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da.

1.6. Oinarri hauetan ezarri ez den orotan, honako arau hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari (onetsi zen ekainaren 5eko 113/85 Foru Dekretuaren bidez), eta aplikatu beharreko gainerako arauei.

2. oinarria.–Eginkizunak. Honako hauek izanen dira bete beharreko eginkizunak, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe.

Eginkizun orokorrak.

1.–Parte hartzea, bere nagusiarekin batera, antolakuntza eta plangintza lanetan, berdeguneen eta zuhaitzen arloan, baita udal instalazio eta eraikinen arloan ere, bai udal plantillak egiten dituenean mantentze-lanak, bai enpresa kontratatuek egiten dituztenean, bete daitezen Zerbitzuak ezarritako helburuak.

2.–Lanerako jarraibideak ematea, eta horiek aplikatzeko azalpenak ematea; bere Zerbitzuan egin beharreko lanak antolatzea, eta horretarako, lana banatzea bere agindupeko langileen artean, eta agindutako lanari osotasuna ematea.

3.–Bere agindupeko langileak eta egindako lana berrikusteaz arduratzea.

4.–Lan bakoitzerako materialak eta lanabes egokiak aukeratzea; materiala banatzeaz arduratzea.

5.–Lanabesak, materialak eta jantziak berrikustea, eta egoera eta funtzionamendua egokiak direla zaintzea.

6.–Larrialdietan erabakirik egokienak hartzea, Zerbitzua kudeatzeari dagokionez.

7.–Zailtasun ertaineko kalkulu aritmetikoak egitea, azalerak eta bolumenak kalkulatzea, beharrezko materialak, etab.

8.–Planoak eta krokisak interpretatzea, neurketak egitea eta lanak zuinkatzea, jarraikiz nagusiek emandako jarraibide teknikoei.

9.–Kalitate-irizpideak gauzatzea lanak egitean.

10.–Lanaren xede den lantalde teknikoari informazioa eta aholkuak ematea, bai egiten diren gauza berrietan, bai mantentze-lanetan, eta, lanean, parte-hartzea eta elkarlana errazteko giroa sortzea.

11.–Zuzendaritza teknikoari proposamenak egitea, funtzionamendua eta antolaketa hobetzea helburu.

12.–Zerbitzuko gainerako langileekin elkarlanean aritzea, erabakiak hartzeko, lanaren xede diren kontuetan.

13.–Eginkizunak autonomia frankoz betetzea, barnean dela norberak zuzenean egitea zereginak.

14.–Hautemandako falten berri ematea berehalakoan bere nagusi hurrenari; harekin ariko da estu elkarlanean.

15.–Bere gain hartzea betetzen direla prebentzio-prozedurak eta -arauak, loturik daudenak ikuskatzen dituen lan-sistema eta -egitekoekin. Horri dagokionez:

–Esleitutako materiala, ekipamendua eta lokalak mantendu beharko dira kontserbazio- eta funtzionamendu-egoera ezin hobean, eta debekatuta dago Zerbitzutik kanpoko helburuetarako erabiltzea.

–Baldin desagertzen badira, edo galdu, hondatu, higatu edo hautsi, jantziak, ekipoak edo materiala, horren berri eman behar zaio nagusiari, idatziz, jakin dezan zein diren, eta hark erabakiko du beste zerbait egin behar den.

16.–Bere gain hartzea lantokia garbi eta txukun egotea, eta nagusi hurrenari jakinaraztea baldin instalazioetan ikusten badu edozein gorabehera, akats edo huts.

17.–Era guztietako lan-parteak eta txostenak betetzea, ematea eta/edo egitea, baldin gorabeherarik badago lanean, langileen artean eta berdeguneen, zuhaiztien eta instalazioen egoeran. Era berean, jarraipena egitea lan-aginduei eta egunero, astero, hilero edo erabakitzen den aldian behin egiten diren lanen alderdiei, baldin loturik badaude Zerbitzuaren berezko zereginekin edo gaiekin edo nagusiak agindutako bestelako lanekin, betiere dagokienez Zerbitzuaren eskumen-eremuko mailei eta kategoriei, eta horren berri ematea nagusi hurrenari, egin dezan dagokion espedientearen jarraipena.

18.–Aldian behin, nagusiekin bilerak egitea, eta, beharrezkotzat jotzen bada, harremanak izatea Udaleko beste zerbitzu-arlo batzuekin, baita bestelako erakunde eta organizazioekin ere, baldin loturik badaude Zerbitzuaren jarduerarekin, helburua izanik bere xedeak betetzea (hasierako bilerak, zuinketak, markatzeak, jarraipena egitea eta obrak hartzea).

19.–Behar diren eragiketa lagungarriak egitea, aipatutako eginkizunak behar bezala betetzeko.

20.–Zaintzea ongi erabiltzen direla esleitutako baliabide material eta ekonomikoak.

21.–Nagusi hurrenari jakinaraztea egin beharreko lanari buruzko edozein ezohiko gorabehera.

22.–Zerbitzuari atxikitako gainerako langileekin elkarlanean aritzea baldin lana metatzen bada edo norbait kanpoan edo eri badago.

23.–Ezarritako xedeak eta helburuak lortzea eta erdiestea langileak ongi eta koordinaturik aritzea.

24.–Gidatzea ibilgailuak eta/edo makinak, erabil daitezkeenak gidabaimenik gabe edo B motako gidabaimenarekin.

Lorategietako eta parkeetako lantaldeen eginkizun espezifikoak.

1.–Esparru honetan beharrezkoak diren lanabesak eta makinak erabiltzea.

2.–Ikusitako edozein gorabeheraren berri ematea nagusi hurrenari (agente patogeno ohikoenak identifikatzea), eta, jasotako jarraibideetan oinarrituta, egitea egoki diren tratamendu fitosanitarioak edo prebentzio-jarduketak, laguntza emanez kontrol biologikoko jarduketa-planean.

3.–Zuhaiztietako lantalde bati dagozkion eragiketa espezifikoez arduratzea.

4.–Komunikatzeko bide egokiak ezartzea, koordina daitezen zenbait langilek zuhaitz berean egiten dituzten lanak.

5.–Altueran lan bereziak egiteaz arduratzea (igogailu-plataforma).

6.–Zuhaiztiari dagozkion lanak egitea, gainerako lankideekin batera.

7.–Lanak behar bezala seinaleztatzea, bai oinezkoentzako bidean, bai galtzadan, eta lan horiek koordinatzea arduradun nagusiarekin eta udaltzaingoarekin, beharrezkoa bada.

8.–Landareen izurrite eta gaixotasun ohikoenak ezagutzea.

9.–Bere gain hartzea lorezaintzako makinen funtzionamenduaren ardura, eta haien funtzionamendua ezagutzea.

10.–Erabiltzea lorezaintzako makina eta lanabes mota guztiak, eta lan mota bakoitzera egokitzea horiek.

Ureztatzeko eginkizun espezifikoak.

1.–Zaintzea ongi dabiltzala ureztatze-instalazioak eta horien mantentze-lanak (ihesak, matxurak, akatsak, funtzionamendu-arazoak, desegokitasunak eta beste edozein inguruabar, eragozten duena funtzionamendu egokia edo ur-gastu handiagoa eragiten duena), eta, horretarako, une oro edukitzea behar den informazioa, ematen diotena ikuskatzaileek, arduradun nagusiak, teknikariek edo buruzagitzak.

2.–Buruaren, teknikarien edo arduradun nagusiaren aginduak eta jarraibideak helaraztea kontratetako arduradunei edo teknikariei, haiek hala adierazten dutenean.

3.–Bere esparruko aginduak ematea, beharrezkotzat jotzen duenean, ureztatze-sistemek behar bezala funtziona dezaten edo horien arazoak konpon daitezen. Zerbitzuaren eta kontrataren alderdi teknikoari berehala jakinarazi beharko dizkio gorabeherak, ahoz eta idatziz, jakinaren gainean egon dadin, eta lanak behar bezala koordina eta egin ditzan.

4.–Zerbitzuaren funtzionamendu-bileretara joatea eta haietan parte hartzea (kontratak, zerbitzu propioa, gizarte-enplegua, lantegi-eskola, etab.).

5.–Aldizkako bilerak egitea nagusi hurrenekin eta kontratekin, eta jarraipena egitea eguneko, asteko eta hileko plangintzei, baldintza-agirien arabera eta arduradun nagusiaren eta zerbitzuko teknikarien agindupean.

6.–Aldian behin bilerak egitea obren arduradunekin, hitz egiteko berdeguneez eta haien ureztatze-instalazioez.

7.–Obren jarraipenaz arduratzea, arduradunekin batera, eta akatsen berri eta ezkutuko anomalien berri ematea, ondoren Zerbitzuak egin ditzan obra-amaierako txostena eta mantentze-lanak.

8.–Ureztatze-instalazioen zuinketaz eta markatzeez arduratzea, behar den lekuetan.

9.–Bere lan-eremuko txostenak egitea, baldin beharrezkotzat jotzen badituzte arduradun nagusiak, teknikariek eta/edo buruak, eta eskatzen badizkiote.

10.–Berdeguneak birdiseinatzen eta birmoldatzen parte hartzea.

11.–Zerbitzuak dituen ureztatze-programak erabiltzea. Ureztatze-sistema informatizatua kontrolatzea, eta bulegoko ureztatze zentralizatuak planifikatzea eta horiei jarraipena egitea.

12.–Kontrolatzea ureztatze-inbentarioa egiten eta eguneratzen dela eta jarraipena egiten zaiola.

13.–Ureztatze-instalazioen auditoriak eta inbentarioa egitea, zerbitzuko teknikariek gainbegiratuta.

14.–Kontrolatzea eta ikuskatzea ureztatze-sarearen funtzionamendua eta mantentze-lanak.

15.–Honako hauek kudeatzea eta ebaztea: ihesak, kanpoko erakundeekiko gorabeherak, Udalaren beste zerbitzu edo arlo batzuk, kontratak, etab.

16.–Proposatzea ureztatzeei hasiera ematea, etetea, berrabiatzea eta bukatzea, bai eta ureztatze-denborak aldatzea ere.

17.–Proposamenak egitea, ureztatze-sistemak eta horien erabilera hobetzeko.

18.–Zerbitzuko ureztatze-materialaren biltegian, egitea izakinen inbentarioa, kontrola, jarraipena eta eguneratzea. Behar den denboraz, nagusi hurrenari jakinaraztea materiala behar dela, behar den denboran eta moduan hornitzeko.

19.–Zerbitzuburuak ureztatzearen arloan egokitzat jotzen dituen zereginak egitea.

20.–Herritarren kexen arretari dagokionez, kexei erantzutea, jarraipena egitea, kontrolatzea eta laguntza ematea.

Biltegiko eginkizun espezifikoak.

1.–Zerbitzuan eskuragarri dauden lanabesak egunero berrikustea eta erabiltzeko prest edukitzea.

2.–Material-eskaerak kontrolatzea eta kudeatzea, eta nagusi hurrenarekin koordinatzea, behar bezala izapidetzeko.

3.–Lanabesen eta materialaren biltegian, egitea izakinen inbentarioa, kontrola, jarraipena eta eguneratzea. Behar den denboraz, nagusi hurrenari jakinaraztea materiala behar dela, behar den denboran eta moduan eskuratzeko.

4.–Banatzaileekin harremanetan jartzea.

5.–Materialak eta lanabesak hartzea, eta egiaztatzea egoera onean daudela eta/edo egoki dabiltzala.

6.–Nagusi hurrenari jakinaraztea zer behar dauden materialei eta/edo lanabesei dagokienez.

7.–Nagusiei laguntzea, erabakiak hartu behar direnean eros daitezen makinak, lanabesak eta/edo materialak, dauden premien arabera.

3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Lanpostua lortzeko lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

3.1. Espainiako nazionalitatea izatea.

Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, lanpostu publiko guztietan sar daitezke, orobat, Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako nazionalitatea dutenek ere, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza beretan, salbu eta botere publikoan zuzenean edo zeharka parte-hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei (baldin zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude), baita haien ondorengoei eta ezkontidearen ondorengoei ere (zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude), baldin eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.

Halaber, parte hartzeko eskubidea dute Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako pertsonek, baldin herrialde horietan aplikatzekoa bada langileen joan-etorri askea.

Nafarroako Administrazio Publikoek finkatuko dute, nork bere eskumenen esparruan, zer lanpostutan ezin izanen diren sartu Europar Batasuneko beste estatuetako herritarrak.

Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

Edukitzea gutxienez Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako II. graduko titulua Iturgintzan, Kontrol eta Mantentze-lan Industrialeko Elektronikan, Sistemen Elektronikan, Industria Elektronikan, Ibilgailuen Mekanika eta Elektrizitatekoan edo Fabrikazio Mekanikoan edo beste titulazio baliokide bat, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 12. artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onesten da Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua).

Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

B1 motako gidabaimena edukitzea.

3.2. Salbu 4. oinarrian ezarritakoa, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak arestiko betebeharrak frogatu beharko ditu, deialdi honen 8. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, hautapen prozesu osoan eta izendapen eguna arte bete ere.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da (Cadreitako Udalari zuzendua), Cadreitako Udaleko erregistro orokorrean (Udaletxeko plaza 1, 31515 Cadreita), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

4.2. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio (I. eranskina).

4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia.

c) Eskatzen den titulazioaren fotokopia, edo beste agiri batena, zeinak frogatzen baitu hura erdiesteko moduan dagoela eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

4.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua), organo eskudunak emana.

5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Cadreitako Udaleko alkateak, hurrengo hamar egun balioduneko epearen barrenean, ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan eta ohiko hedabideetan.

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo bost egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkeztuz Cadreitako Udaleko erregistro orokorrean.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioen gaineko ebazpena emandakoan, Cadreitako alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Cadreitako Udalaren iragarki-taulan eta ohiko hedabideetan. Argitalpen horretan zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.

Gero, epaimahaiak udaletxeko iragarki-taulan jarriko ditu hurrengo probak egiteko egunak.

5.4. Funtzio Publikoan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, oposizioa hasiko da deialdia argitaratzen den egunetik bi hilabeteren buruan, gutxienez.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Izendatzea:

–Epaimahaiburua: Berta Pejenaute Prat, Cadreitako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Cadreitako Udaleko lehen alkateordea.

–Lehen epaimahaikidea: Fernando Muro Prat, Cadreitako Udaleko langileen ordezkaria.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Cadreitako Udaleko langileen ordezkari bat.

–Bigarren epaimahaikidea: Jose María Palacios de Mier, Cadreitako Udaleko zinegotzia.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Jesús Nieva Ozcoz, Cadreitako Udaleko zinegotzia.

–Hirugarren epaimahaikidea: Miguel Lavilla Oiz, Cadreitako Udaleko udal agentea.

Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Cadreitako Udaleko udal agente bat.

–Epaimahaikide idazkaria: Raquel García Pérez, Cadreitako Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Alesbesko Udaleko idazkaria.

6.2. Baldin gertatzen bada 39/2015 Legean abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketarik suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6.5. Epaimahaiak izan dezake aholkulari adituen laguntza, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek mugatuko dira dagokien espezialitate teknikoan aritzera, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.–Proben nondik norakoa.

7.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 30 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:

A.–Laneko esperientzia (10 puntu gehienez).

a.1. Udaletan edo administrazio publikoetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, arduradun gisa, C mailako kategoriarekin: bi puntu, eta gehienez ere 5 puntu.

a.2. Enpresa pribatuetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, lanpostuarekin zerikusia duten eginkizunetan: puntu bat, eta gehienez ere 5 puntu.

Urtebetera iristen ez diren zerbitzualdiak hainbanatu eginen dira dagokien tartearen arabera. Atal honetan metatutako merezimenduengatik gehienez 10 puntu lortzen ahalko ditu izangai bakoitzak.

B.–Prestakuntza (20 puntu gehienez).

Lanpostuaren egitekoekin zerikusia duen prestakuntzarengatik (ikastaroen bitartez), baldin 30 ordutik gorakoa bada: 0,50 puntu, ikastaro bakoitzeko; 20 puntu gehienez. Lanpostuko gaiak lantzen dituzten ikastaroak baloratuko dira soilik: makinen erabilera, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, lorezaintza, soldadura, mantentze-lanak nahiz fitosanitarioak.

7.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldian gehienez 70 puntu emanen dira, baremo honen arabera:

Oposizioa hasiko da behin iraganik, gutxienez, 5 egun, deialdi hau Udalaren iragarki-taulan argitaratzen denetik, eta, orobat, Udalaren ohiko hedabideetan argitaratzen denetik. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Alkatetzaren ebazpenarekin batean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan hasiko diren probak.

Gainerako proben iragarkiak soilik argitaratuko dira Cadreitako Udalaren iragarki-taulan eta, behar denean, aurreko probak egin diren tokian.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiak agertu beharko du aldean duela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat, eta oposiziotik baztertuta geldituko da agertzen ez den izangaia.

Minusbaliotasun frogatua dutenentzat (baldin frogatzen badute organo eskudunaren ziurtagiri bidez), egokitu eginen dira ariketak egiteko denborak eta baliabideak, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.

Cadreitako Udalaren iragarki-taulan iragarriko da zer egunetan eta zer ordutan irekiko diren gutun-azalak jendaurrean.

Lehenbiziko probaren kalifikazioa egin eta gero, epaimahaiak zerrenda bat argitaratuko du Cadreitako Udalaren iragarki-taulan, non jasoko baitira ariketan lortutako kalifikazioak, bai eta lehiaketaldian lortutako puntuak ere.

Horren ondoren, iragarki-taulan adieraziko dira oposizioko bigarren ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, ariketa hori egin baino 48 ordu lehenago gutxienez.

–Lehen proba. Galdera teoriko-praktiko batzuei erantzun beharko zaie idatziz, II. eranskineko gaiei buruz. 20 puntu emanen dira, eta gutxienez 10 puntu beharko dira proba gainditzeko.

Proban test moduko galderei erantzun beharko zaie, eta zenbait erantzunen artean bat aukeratu beharko da, 60 minutuz gehienez. Galdera horiek izanen dira deialdi honetako eranskineko gaiei buruzkoak. Oker erantzuten den galdera bakoitzagatik kenduko da zuzen erantzundako bati ematen zaion balioaren %50.

Probak eginen dira gutun-azal itxien bidez, eta argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako gutun-azal itxien zenbakia. Gutun-azalak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia) 48 ordu lehenago adieraziko da, gutxienez. Jendaurrean irekiko dira.

–Bigarren proba (praktikoa). Bi kasu praktiko edo gehiago argitu, egin edo gauzatu beharko dira, zerikusia dutenak deialdian zehaztutako lanpostuaren eginkizunekin, epaimahaiak ezartzen duen denboran. Horiek gauzatzeko beharrezko bitarteko guztiak jarriko dira izangaien eskura, halakorik behar izanez gero (ibilgailuak, makinak, lanabesak, objektuak, gauzak, tresnak eta materiala) eta ez da onartuko erabiltzea emandakoez bestelako bitartekorik. Epaimahaiak egin aurreko unean bertan planteatuko du aipatutako ariketa.

Ariketa honetan balioetsiko dira izangaiek frogatutako eta erakutsitako ezagutza profesionalak, bai eta bikaintasuna, trebetasuna eta zuzentasuna ere, lanak egitean.

Ariketak 30 puntu izanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 15 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa hau eginen dute soilik aurreko proba gainditu dutenek.

–Hirugarren proba:

Lehenbiziko bi proben kalifikazio zerrenda argitaratu ondoren, eginen dira test psikoteknikoak, eta Cadreitako Udalaren iragarki-taulan paratuko dira horiek egiteko eguna, tokia eta ordua, proba egin baino 48 ordu lehenago gutxienez.

Epaimahaiak erabaki dezake, komenigarritzat joz gero eta ariketak egiteko ahalik eta egun gutxien erabiltzeko, ariketa bat baino gehiago egitea egun berean, edo haien ordena aldatzea, eta, baldin zailtasunik badago ariketaren bat egiteko, zehazki, baldin zailtasunik badago ariketa praktikoa egiteko, ariketa egiten ahalko da egun batean edo gehiagotan, kontuan harturik zenbat diren aurreko probak gainditu dituzten izangaiak eta zenbat toki behar den ariketa egiteko.

Proba psikoteknikoak eginen dira, prestatuko dituztenak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko lantaldeak. Baztergarriak izanen dira, eta haietan baloratuko da izangaiek duten gaitasuna eginkizunetan aritzeko. Ariketa honetan, 20 puntu lor daitezke gehienez, eta bazterturik geldituko dira 10 puntura iristen ez diren izangaiak.

Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen, edo, gaindituta ere, ez badu kontratatua izan nahi, administrazio dei-egileak kontratatzen ahalko du probaren bat gainditu duen hurrengo izangaia, zorrotz jarraituz hautapen prozesuan lortutako puntuazio ordenari.

8. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena, kontratazioa eta agirien aurkezpena.

8.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Cadreitako Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Cadreitako Udaleko alkateari igorriko dio, eta, horrekin batera, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia kontratatzeko proposamena.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu, 45. artikuluan, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan plazaz jabetzen ez bada (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Cadreitako Udaleko lan-kontratudun izateko.

Cadreitako Udalean gordeko da probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, maila horretako ordezkapenak egin behar direnerako, harik eta plaza jabetzan betetzen den arte.

8.2. Proposatutako izangaiak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu Cadreitako Udaleko Erregistro Orokorrean, kontratazio proposamena argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epean:

a) NANaren fotokopia, edo agiri baliokide batena, baldin izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen baditu.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren kopia, edo titulua lortzeko azterketa eskubideak ordaindu izanaren agiriarena (deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen).

c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik betetzea Cadreitako lantaldeko arduradunaren berezko eginkizunak.

d) Desgaitasun bat duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina, erakusten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin.

e) Zinpeko deklarazioa, bere erantzukizunpekoa, adierazten duena ez dagoela desgaitua ez gabetua eginkizun publikoetarako eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

f) Izangaiak nazionalitate espainiarrik ez badu, aurkeztu beharko du zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez duela diziplina zehapenik edo zigor penalik, eragozten dionik estatuko funtzio publikoan sartzea.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, bizileku-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.

i) Familia-liburua, baldin herritarra sartzen bada 3.1.a) oinarriko bigarren paragrafoan.

j) B kategoriako gidabaimenaren kopia.

k) Cadreitako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

8.3. Behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu aipatutako epean agiri horiek aurkezten, ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.

Halakoetan, ulertuko da proposatzen dela kontratatzea puntuazio handiena duen hurrengo izangaia, eta, horrela, hurrenez hurren. Horiekin ere oinarri honetan ezarri bezala jokatuko da.

9. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

9.1. Prozesuko probak gainditu dituzten izangaiek baizik ez dute eratuko zerrenda.

9.2. Deia:

Probak gainditurik, epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da ezarria dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginean, zehazki, zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan (maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera; lege horrek hizpide du administrazio publikoetan desgaitasun bat dutenek enplegua lortzea), eta sartuko dira Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, eta bertan kidetuko dira.

9.3. Dei egiteko arau orokorrak:

1.–Izangaia errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek jakinarazi beharko dute harremanetarako telefono bat bederen. Horrez gain, eman ditzakete harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta 13.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, dei eginen zaio zerrendan hurrengo ageri denari, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.

5.–Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan, edo lanpostua premiaz bete behar bada eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea ezin bete bada, kontratazioa eskainiko zaio eskura dagoen lehen izangaiari, baldin berarekin harremanetan jarri ondoren lanean berehala hastea onartzen badu, eta ez da bete beharko artikulu honen 2. apartatuan ezarritakoa.

6.–Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie eskainiko zerrenda bereko beste lanposturik, kontratua indarrean den bitartean.

7.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean lanpostu mota berean sortzen diren beste behar batzuekin, baldin posible bada, kontuan harturik bete beharreko zerbitzuak, eta baldin interesduna ados badago.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, baldin izangai bat Udalean ari bada lanpostu batean, edo aritu bada, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, eta baldin eta mota bereko lanpostu bat bete behar bada Udalean, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabeteen barnean, administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, betiere dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.

Kontratudunak kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari baldin badagokio hurrenkeraren arabera.

9.4. Uko egitea:

Izangai batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara igaroko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:

1.–Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.

5.–Izangaiaren ezkontza edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea), parekoa den egoera, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) zazpi egun naturaleko epea izanen dute, onartu gabeko lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori frogatzeko, agiriekin eta modu frogagarrian. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, adierazten dutenak uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.5. Zerrendatik kanpo gelditzea:

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

10. oinarria.–Kontratazioa eta kontratuaren hasiera.

10.1. Cadreitako Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna izangai proposatuaren kontratazioa sinatzeko, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat. Betiere, izangaiak bete behar izan du aurreko oinarrietan ezarritakoa.

10.2. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, kontratazio egunetik hasita.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

11.1. Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

11.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

12. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Cadreitako Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo, interesdunaren eskariz, kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, eta, orobat, behar den denboran guztian, zehaztu ahal izateko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudia (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

Cadreitan, 2025eko urriaren 22an.–Alkatea, Berta Pejenaute Prat.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izen-deiturak: …………………………………………………………………………………………., adinez nagusia, NANa: ………………….…….………, jaioteguna: …..………………………..…..………….…, jaioterria (herria): ………………….………., helbidea (kalea): …………………………………..……………………, zenbakia: ….….., solairua: ……… herria: ……….………………...., PK: …………….……., telefonoa: …………………………, helbide elektronikoa: …………………………………………….………..., zure aurrean agertu eta honako hau adierazten dut neure erantzukizunpean:

–Betetzen ditudala deialdi honetan eskatutako betebeharrak: deialdia, Cadreitako Udaleko Alkatetzaren erabakiaren bidez onetsia, hautaketa egin dadin, eta gero kontratazioa egin dadin, aldi baterako betetzeko lantaldeko arduradunaren plaza bat, Cadreitako Udalaren zerbitzukoa.

–Ez dudala eritasunik nahiz akats fisikorik edo psikikorik, galarazten didanik lantaldeko arduradunaren lanpostuan aritzea.

–Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

–Ez naizela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

–Badudala deialdiko 3. oinarrian adierazten den titulazioa.

–Behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

–Minusbaliotasuna dudala eta, beraz, erantsi dudan egokitzapena eskatzen dudala, adierazi ditudan arrazoiengatik.

–Ez dudala minusbaliotasunik.

Horiek horrela, ESKATZEN DUT:

Onartu nazatela honako honetan: deialdia, bete dadin, aldi baterako, lantaldeko arduradunaren plaza bat, Cadreitako Udalaren zerbitzukoa.

Cadreitan, 2025eko ...............................aren ..............(e)(a)n.

(Sinadura)

CADREITAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea. Obrak egoera onean zaintzea eta haiek mantentzeko lanak.

2.–Obra txiki edo ertainetako makinak maneiatzea.

3.–Oinarrizko ezagutza, lorezaintzari buruz eta aplikatzen zaizkion makina eta lanabesen erabilerari buruz.

4.–Pintura: motak, produktuak, tresnak eta aplikazioa.

5.–Honako hauetan erabili beharreko materialak ezagutzea, eta lanabesak trebe erabiltzea: igeltserotza, zurgintza, margoketa, iturgintza eta lorezaintza. Orobat, bestelako mantentze-lan arruntetan erabili beharreko materialak ezagutzea, eta lanabesak trebe erabiltzea.

6.–Oinarrizko ezagutza, laneko arriskuen prebentzioko arauei buruz. Segurtasun-neurriak. Norbera babesteko ekipamenduak.

7.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makinen oinarrizko erabilera.

8.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

9.–Ohiko argien zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

10.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak.

11.–Suteak atzemateko eta itzaltzeko ekipoak.

12.–Ulertzea eskema elektrikoak eta iturgintzakoak.

13.–Makineria eta ibilgailuak maneiatu, mantendu eta konpontzea.

14.–Eraikinen eta hiri-altzarien mantentze-lanak. Pintura.

Iragarkiaren kodea: L2513789