Iragarkia
227. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ALTSASU
Deialdia, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko berdintasun-teknikariaren plaza bat, lanaldi osoan aritzeko. Plaza B mailakoa da eta nahitaezko euskara eskakizuna dauka (C1); era berean, ordezkapenetarako izangaien zerrenda bat eratuko da, behar denerako
Alkatetzaren 2025eko urriaren 27ko ebazpen baten bidez, onetsi dira deialdi baten oinarriak, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko berdintasun-teknikariaren plaza bat, lanaldi osoan aritzeko. Plaza B mailakoa da eta nahitaezko euskara eskakizuna dauka (C1); era berean, ordezkapenetarako izangaien zerrenda bat eratuko da, behar denerako.
Argitara ematen da, orok jakin dezan.
Altsasun, 2025eko urriaren 27an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.
DEIALDIAREN OINARRIAK, BERDINTASUN-TEKNIKARIAREN LANPOSTU BAT, LANALDI OSOKOA ETA B MAILAKOA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO, ETA IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, SORTZEN DIREN ORDEZKAPEN, BAJA EDO BEHARREI ERANTZUTEKO
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea Altsasuko Udalaren zerbitzuko B mailako berdintasun-teknikariaren plaza bat, lanaldi osokoa eta funtzionarioen araubidekoa. Lanpostua 5.1 zenbakiarekin identifikatuta dago plantilla organikoan.
Halaber, deialdi honen bidez hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 9. oinarrian xedaturikoarekin bat:
a) Probak gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.
1.2. Izangaia, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondotik, Altsasuko Udalean sartuko da eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko, eta alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesean.
1.3. Hautapen-prozesua gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatzen den pertsona B mailan egokituko da, eta jasoko ditu plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarrita dauden lansari eta osagarriak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barnean (deialdiaren 7.2 apartatuan adierazia), eta lanpostuaz jabetza hartu arte, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.
Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitateko gradudun, diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoaren titulua edo balio berekotzat hartzen den beste titulu bat edukitzea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasturteak osorik gaindituak izatea.
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.
d) Euskara jakitea. Frogatzeko, aurkeztu beharko da C-1 titulua, gaur egun Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialean eta NAPIn indarrean den baremoarekin bat, edo maila horretako beste tituluren bat (EGA edo beste batzuk), ofizialki baliokidetzat aitortutakoa.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
g) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.2. Baldintza horiek deialdiaren 7.2 apartatuan ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu izendatua izateko proposatzen den izangaiak, salbu eta, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, eskabidearekin batera aurkeztu behar direnak.
3.–Eskabideak aurkeztea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko 20 egun naturaleko epea egonen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta modu telematikoan aurkeztu behar da nahitaez udal honen egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez (https://sedeelectronica.alsasua.net), dagokion izapidea baliatuta.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin bat: "Administrazioek ezartzen ahalko dute nahitaezkoa dela bitarteko elektronikoen bidez jartzea harremanetan, bai prozedura batzuetarako, bai eta, beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztaturiko beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera duten pertsona fisikoen zenbait kolektiborendako ere".
Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
3.2. Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako eredu normalizatuaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
Behar bezala betetako eskabideari dokumentazio hau gehituko zaio:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
c) Lehiaketa-fasean baloratu behar diren alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiriak, 6. oinarrian ezarritakoaren arabera. Eskabideak aurkezteko ezarritako epean eta moduan dokumentazio hori aurkezten ez bada, merezimenduak ez dira baloratuko.
d) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 15,30 euroko tasa ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: ES93 2100 3729 29 2200021680), izangaiaren izen deiturak eta kontzeptua adierazita, hots, "berdintasun-teknikaria".
e) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez, ziurtatzen duena ez dela kondenatua izan epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.
f) Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute horiek eskabidean eskatzea eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta deialdiaren web-fitxan. Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira beti.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta web-fitxan argitaratzeko, probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren adierazita.
4.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Javier Ollo Martínez, Altsasuko alkatea.
Ordezkoa: Manuel Bergera Ijurco, Altsasuko Udaleko Antolaketa eta Giza Baliabideen Batzordeko burua.
1. epaimahaikidea: Amaia Paz Vallejo, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko berdintasun-teknikaria.
Ordezkoa: Imelda Mañeru Viguria, Tafallako Udaleko berdintasun-teknikaria.
2. epaimahaikidea: Josune Irigoien García, Zizur Nagusiko Udaleko berdintasun-teknikaria.
Ordezkoa: Iruña Martinez Lorea, Barañaingo Udaleko berdintasun-teknikaria.
3. epaimahaikidea: Maite Celaya Irigoyen, funtzionarioen ordezkaritzak izendatua.
Ordezkoa: Erkuden Igoa Oyarbide, funtzionarioen ordezkaritzak izendatua.
Epaimahaikide idazkaria: Isaac Valencia Alzueta, Altsasuko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Silvia Gonzalo Etxarri, Burlatako Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.
Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketa baliozkoa izateko eta jarduketak egiteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea epaimahaiburua eta epaimahaikide-idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute kalifikazio-epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du, proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
Oposizio-lehiaketan 100 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.
Oposizioa 2026ko urtarrilean hasiko da.
6.2. Oposizioaldia.
6.2.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Gero, kalifikazio-epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, erregelamenduari jarraikiz.
6.2.2. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nor diren frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.
6.2.3. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
Lehen ariketa: teorikoa. 60 eta 90 galdera artean erantzun beharko dira idatziz. Erantzuteko lau aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri den gai-zerrendakoak izanen dira. Okerreko erantzun bakoitzagatik zuzen erantzuten denaren balioaren herena kenduko da. Ariketa egiteko izangaiek gehienez zenbat denbora izanen duten, hura hasterakoan adieraziko du kalifikazio-epaimahaiak. Ariketa honek, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du.
Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Epaimahaiak proposatzen dituen gai eta kasu praktikoak idatziz garatu eta ebatzi beharko dira. Gai horiek III. eranskineko gai-zerrendakoak izanen dira. Epaimahaiak erabakiko du zenbat denbora izanen duten izangaiek horiek ebazteko.
Ariketa ahoz azaldu eta defendatu beharko da, euskaraz edo gaztelaniaz, kalifikazio-epaimahaiaren aurrean, hogei minutuz. Kalifikazio-epaimahaiak erabakiko du zein egun eta ordutan eginen den azalpena. Ariketa horrengatik 40 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez: 30 idatzizko zatian, eta 10 ahozko azalpenean. Probaren zati hori bitarteko elektronikoen bidez grabatzen ahalko da.
6.2.4. Pliken sistema erabiliko da ariketak egiteko.
6.2.5. Proba egiten ahalko da Nafarroako bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan (gaztelania eta euskara).
6.2.6. Probak egiteko ez da inolako testurik edo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.
6.2.7. Lehen eta bigarren ariketak baztertzaileak izanen dira, eta, hortaz, baztertu eginen dira honako puntu hauek, gutxienez, eskuratzen ez dituzten izangaiak:
–Lehen ariketa: 15 puntu.
–Bigarren ariketa, osotara: 20 puntu.
6.2.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
6.2.9. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak plikak irekitzeko deia eginen die parte-hartzaileei, jendaurreko ekitaldi batean, eta probak gainditu dituzten izangaien zerrenda argitaratuko da, eskuratutako kalifikazioak adierazita, ariketak egin diren tokian eta Udalaren iragarki-taulan. Bost egun balioduneko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko.
6.3. Lehiaketaldia.
6.3.1. Aldi honetan parte hartuko dute oposizioaldia gainditu dutenek soilik.
6.3.2. Deialdiaren 3.3 oinarrian agindutakoarekin bat, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko dira, oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak erabilita; eta hala egin ezean, merezimendu horiek alegatu ez direla ulertuko da.
6.3.3. Alegatu eta frogatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera.
6.3.4. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, aipatu baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
6.3.5. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.
6.3.6. Merezimenduen kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak lortutako puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du erreklamazioetarako, izangaiek alega dezaten eskubideko jotzen duten guztia merezimenduen balorazioaren gainean.
Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, iragarki-taulan ezarriko da izangaien zerrenda, lehiaketaldian ateratako puntuazioak adierazita. Puntuazio horiek oposizioaldian eskuratutakoari gehituko zaizkio, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.
7.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
7.1. Hautaprobak buruturik, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioak adierazita, probak egin diren tokian, iragarki-taulan eta Altsasuko Udalaren web atarian. Halaber, zerrenda hori eta espediente osoa Udaleko alkateari igorriko dizkio, bai eta probak puntuazio handienarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena ere. Proposamen hori deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.
Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien eskuratu dutenen alde ebatziko da. Hala eta guztiz ere berdinduta segituz gero, lehen ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Azkenik, berdinketak irauten badu, zozketa bidez ebatziko da.
7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Altsasuko Udalean:
a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak emandako txostena, frogatzeko interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez daudela desgaituak edo gabetuak eginkizun publikoetan aritzeko eta ez direla kenduak izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.
e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.
7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Altsasuko Udaleko alkateak izangaien zerrendan, 8.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
7.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Altsasuko Udalak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eska diezaioke proposatutako izangaiari, eta hark deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko ditu.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen-prozesua bukatu eta aurreko oinarrian aipatu dokumentuak aurkeztuta direla, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpen baten bidez izendatuko du Udalaren zerbitzuko berdintasun-teknikari, funtzionarioen araubidean bete dezan 5.1 zenbakia duen lanpostua. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
8.3. Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Epea bukatuta, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badu, funtzionario araubidean Mankomunitatearen zerbitzuko gizarte-langile izateko eskubideak galduko ditu. Kasu horretan, aurreko oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
8.4. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak.
9.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.
9.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Altsasuko Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.
Hautapen probako epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du eta bertan onetsiko lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditu dutenena, unean-unean indarrean dauden kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek Altsasuko Udalaren iragarki-taulan emanen dira argitara.
Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartu izana 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.
Hautagaiei deitzeko eta, hala badagokio, kontratatzeko izangaien zerrenda erabiltzeko, jarraituko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.
Dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 4. apartatuan.
Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek soilik aurkeztu beharko dute titulazioaren frogagiria, 2. oinarriko beharkizuna betetzen dutela frogatzekoa. Horretarako, kontratua formalizatzen denean, jatorrizko agiria aurkeztu beharko dute, edo behar bezala konpultsaturiko kopiak.
Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.
Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte.
9.3. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
10.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Udalaren web-orrian argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den guztia ere. Udalaren helbide honetan argitaratuko dira: https://www.altsasu.net/eu/gaurkotasuna/lan-eskaintza-publikoa/.
11.–Datuen babesa.
Tratamenduaren arduraduna: Altsasuko Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: dpd@altsasu.net.
Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datu-hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta deialdian adierazi bezala emanen dira argitara.
Eskubideak: interesdunek beren eskubideak baliatzen ahal dituzte Udalaren egoitzan eta datuak babesteko ordezkariari idatziz (dpd@altsasu.net).
Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
12.–Errekurtsoak.
12.1. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Altsasuko Udaleko alkateari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabete bateko epean.
12.2. Deialdi honen, oinarrien edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.11.3 Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, PARTE HARTZEKO ALTSASUKO UDALAREN ZERBITZUKO BERDINTASUN-TEKNIKARIAREN PLAZA BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAN. LANPOSTUA LANALDI OSOKOA ETA B MAILAKOA DA
I.–HAUTAPEN-PROZESUA:
Deialdia egiten duen erakundea: Altsasuko Udala.
Lanpostuaren izena: berdintasun-teknikaria.
II.–DATU PERTSONALAK:
Deiturak eta izena: .................................................................................................................................
Helbidea: ...........................................................................................................................................
1. telefonoa: ......................................................... 2. telefonoa: ........................................................
Helbide elektronikoa: .............................................................................................................................
–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa. BAI / EZ.
–Adierazitako posta-helbidean jakinaraztea. BAI / EZ.
Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.
III.–ADITZERA EMATEN DUT:
Eskabide honekin batera merezimenduak eta merezimenduen egiaztagirien kopiak aurkezten ditut, deialdiaren 3.3 oinarrian jasotzen den eran.
–Desgaitasun-baldintzak:
- Aitortua DUT / EZ DUT desgaitasun bat, honako maila honetakoa: %..............(e)koa eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut.
Horiek horrela, ADITZERA EMATEN DUT:
1. Betetzen ditut hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintza guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala.
2. Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
3. Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako ezgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.
4. Errealitatearen isla zehatza dira alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak.
Horregatik guztiagatik,
ESKATZEN DUT eskabide honetan aipatzen den deialdian onar nazatela.
Eguna eta sinadura
Deklaratzen duenak baimena ematen dio toki-erakundeari, jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa), tratatu daitezen espedientean eta tramiteetan jasota dauden bere datuak, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa-, egiaztapen- eta jarraipen-prozedurak kontrolatzea eta hobetzea. Halaber, deklaratzen duenak badaki, aipatutako lege organikoaren arabera, toki-erakundearengana jo dezakeela, baldin bere eskubidea erabili nahi badu datu horiek ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratuz.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA. GEHIENEZ: 30 PUNTU
A) Berdintasunaren arloan espezializatutako graduondoko edo masterreko tituluak: 12 puntu gehienez.
Genero-berdintasuneko teknikari-lanari lotutako unibertsitateko graduondoko edo masterreko ikasketa amaituak, 200 ikastordutakoak gutxienez, eta behar bezala aitortutako unibertsitateek edo goi-mailako ikastetxeek emandakoak.
Ez da baloratuko 200 ordu baino gutxiagoko prestakuntza-ikasketetako titulurik.
1,5 puntu emanen dira, graduondoko edo masterreko 200 orduko. Gutxieneko iraupen hori gainditurik, 200 ordutik beherako zatiei esleituko zaie gainerako denborari dagokion puntuazio proportzionala.
Atal honetan gehienez ere 12 puntu lortzen ahalko dira.
Titulu akademiko batzuk merezimendu gisa alegatu badira eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa badute, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
B) Arlo horretan egindako zerbitzuak edo eskarmentua: 15 puntu gehienez.
B.1) Entitate publiko batean emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko teknikariaren lanpostuan (B maila) egindako zerbitzuak: 3,00 puntu lan egindako urte bakoitzeko.
B.2) Entitate pribatu batean emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko teknikariaren lanpostuan (B maila) egindako zerbitzuak: 1,50 puntu lan egindako urte bakoitzeko.
Goian adierazitako puntuak lortzeko, urte osoa egin behar izan da lan, eta lanaldi-osoan. Lanaldia bestelakoa bada, puntuak hainbanatu beharko dira.
Frogatutako lan-eskarmentuak ez badu urte osorik egiten, dagokion proportzioa aterako da, hilabete osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, hilabete oso batekoa izan beharko du gutxienez.
Aurreko apartatuetako merezimenduak zenbatzeko, honako zerbitzuak hartuko dira kontuan: lan araubidean, behin-behineko langile edo langile finko gisa, edo administrazio araubidean, bitarteko gisa edo lanpostuaren jabe izanik egindako zerbitzuak. Baina apartatu batean baino gehiagotan sartutako zerbitzuak denbora berean eginak badira, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
Merezimendu horiek baloratzeko, hautagaiek entitate kontratatzaileek, publiko zein pribatuek, egindako eta sinatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte. Agiri horietan alderdi hauek jaso beharko dira: lanpostuaren eta haren zereginen definizioa; kontratuaren iraupena; lanaldi mota (osoa edo partziala, eta azken kasu horretan, ehunekoa adierazita). Datu horiek falta dituzten ziurtagiriak ez dira baloratuko da ez dira kontuan hartuko merezimenduak zenbatzeko.
C) Berdintasunaren arloko prestakuntza-ekintzak: 3 puntu gehienez.
Genero berdintasunari buruzko ikastaro amaituak, administrazio publikoek antolatuak: 0,20 puntu ikastordu bakoitzeko.
Ez da baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastarorik. Gutxieneko iraupen hori gainditurik, 10 ordutik beherako zatiei esleituko zaie gainerako denborari dagokion puntuazio proportzionala.
Merezimenduak hautaprobak egin eta gero baloratuko dira; gainditutako izangaiei soilik baloratuko zaizkie merezimenduak.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena jasotzen duten ziurtagiriei, orduak zehaztu gabe, 600 orduren balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio bera emanen da, erakunde antolatzaileari dagokion beharkizuna betetzen ez badu ere, prestakuntza ekintza horiek Administrazioak agindu baditu, baimendu baditu edo berak baliozkotuak badira.
5. Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Lehenengo zatia.–Oinarrizko araudia eta araudi orokorra.
1. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua, II. titulua, IV. titulua, V. titulua, IX. titulua.
2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua eta I., II., III. eta IX. tituluak.
3. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua. Prozeduran interesdun direnak.
4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua. I. kapitulua. Jarduteko printzipio orokorrak. III. titulua: I. kapitulua. Administrazio egintzen betekizunak. II. kapitulua. Egintzen eraginkortasuna.
5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. IV. titulua. II. kapitulua. Prozedurari hasiera ematea. III. kapitulua: Prozeduraren antolamendua. IV. kapitulua. Prozeduraren instrukzioa. V. kapitulua. Prozedura amaitzea. VII. kapitulua. Egikaritzea. V. titulua. II. kapitulua. Administrazio errekurtsoak.
6. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa I. titulua. Nafarroako foru erakundeak. II. titulua. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak.
7. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
8. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.
9. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. II. titulua. Datu babesaren printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak.
11. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.
Bigarren zatia.–Araudi berariazkoa.
1. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirako.
2. gaia.–901/2020 9 Errege Dekretua, urriaren 13koa, Berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituena. III. kapitulua.
3. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
4. gaia.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, sexu askatasunaren berme osoarena.
5. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.
6. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
7. gaia.–Foru Lege hori garatzeko plana, Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 23an onetsia.
8. gaia.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.
9. gaia.–260/2019 Foru Dekretua, irailaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.
10. gaia.–Politika publikoetara aplikatutako genero teoria eta genero ikuspegia. Zuzeneko eta zeharkako diskriminazioa (esanahia, zer eremutan gertatzen diren, horiek hautemateko estrategiak). Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa txertatzeko "estrategia duala". Ekintza positiboa eta genero zeharkakotasuna administrazioan (lege esparrua, definizioa, filosofia).
11. gaia.–Genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txostenak prestatzea. Aplikatu beharreko araudia. Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 16an hartua, Nafarroako Gobernuak onetsi beharreko foru legeen aurreproiektuetan, legegintzako foru dekretuetan, erregelamenduzko xedapenen proiektuetan eta plan eta programetan genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txostena egiteko argibideak onesten dituena.
12. gaia.–Aukera berdintasuneko agentearen figura. Lanbide profila. Eginkizunak.
13. gaia.–Genero berdintasuna Nafarroako toki entitateetan. Nafarroako toki entitateen berdintasun politika planifikatzeko ibilbidea.
14. gaia.–Genero berdintasuneko planak: Diseinua. Helburuak ezartzea. Garatzeko prozedura. Horien ebaluazioa.
15. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako erakunde arteko III. akordioa. Emakumeen aurkako genero indarkeria. Nafarroako egoera eta dauden baliabideak.
16. gaia.–Emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategikoa (2022-2027).
17. gaia.–Estatuko egiturak: Berdintasun Ministerioa. Emakumeen Institutua. Genero indarkeriaren aurkako gobernu-ordezkaritza. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko Estatuko behatokia.
18. gaia.–9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmena garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.
19. gaia.–Profesionalentzako gida. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean batera jarduteko protokoloa (NABI 2018).
20. gaia.–Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida (NABI 2008).
21. gaia.–Zainketen aldeko itunak Nafarroan. Zainketen aldeko tokiko itunak.
22. gaia.–Genero berdintasunari buruzko klausulak kontratu, dirulaguntza eta hitzarmen publikoetan.
23. gaia.–Komunikazio eta hizkuntza inklusiboa: gomendioak eta erabiltzeko jarraibideak.
24. gaia.–Genero Berdintasunerako Europako Estrategia (2020-2025).
25. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.
26. gaia.–Berdintasunaren alorreko udal araudia: Hizkera eta irudi inklusiboa arautzen duen ordenantza eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako udal ordenantza.
27. gaia.–Altsasuko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana 2024-2027 aldirako.https://www.altsasu.net/wp-content/uploads/2024/05/III-Plan-para-la-Igualdad-entre-Mujeres-y-Hombres-de-Alsasua-2024-2027.pdf.
28. gaia.–Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren kontrako protokoloa, Altsasuko Udalarena. Sexu jazarpenari eta sexuagatiko jazarpenari buruzko protokoloa (https://www.altsasu.net/wp-content/uploads/2022/08/Protocolo-acoso-sexual-y-por-razon-de-sexo.pdf).
29. gaia.–Altsasu jaietan eraso sexistak prebenitu eta artatzeko protokoloa. Altsasuko festetan eraso sexistak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokoloa (https://www.altsasu.net/wp-content/uploads/2024/09/Protokoloa_festak_2024_cast.pdf).
30. gaia.–Altsasuko Udaleko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Barne Plana. https://www.altsasu.net/wp-content/uploads/2022/08/I.-Plan-Interno-para-la-Igualdad-Altsasuko-Udala.pdf.
31. gaia.–27/2024 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak arautzen dituena.
32. gaia.–Sexu-genero-sexualitate sistema eraikitzea eta horrek duen eragina identitatea eta gizarte antolaketa eraikitzerakoan.
33. gaia.–Lanaren banaketa sexuaren arabera. Emakumeen eta gizonen arteko bereizkeria egoerak lan produktibo eta erreproduktiboetan.
34. gaia.–Pertsonak zaintzea eta horren eragina genero desberdinkerian.
35. gaia.–Feminismoaren historia: mugarri nagusiak. Olatu feministak.
36. gaia.–Emakumeen Nazioarteko Konferentziak. Emakumeen IV. Nazioarteko Konferentzia: Beijingeko Ekintza Plataforma.
37. gaia.–Diskriminazio anizkoitza eta intersekzionalitatea.
38. gaia.–Emakumeen parte-hartze soziala. Nafarroako mugimendu feminista.
39. gaia.–Genero ikuspegia duten aurrekontu publikoak Nafarroan: kontzeptu esparrua, araudia, tresnak eta metodologia.
Oharra: deialdia zein egunetan argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Iragarkiaren kodea: L2513959
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
