227. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

LANKIDETZARAKO ESPARRU-HITZARMENA, Nafarroako Gobernuaren eta Ecoembalajes España SA enpresaren artekoa.

BILDU DIRA

Iruña, 2025eko otsailaren 10a.–Alde batetik, José María Aierdi Fernández de Barrena jauna, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Nafarroako Gobernuaren 2025eko otsailaren 5eko Erabakiaren bidez hitzarmen hau sinatzeko ahalmena duena.

Aurrerantzean Foru Komunitatea deituko zaio.

Bestalde, Ecoembalajes España SA, irabazi-asmorik gabeko sozietate anonimoa, egoitza Madrilen duena (Cardenal Marcelo Spínola kalea, 14, 2. solairua), Madrilgo Merkataritza Erregistroan inskribatua (sozietate-liburuaren 8. ataleko 12100 liburukia, 17. folioa, M-190844 orria), A/81601700 IFZa duena, eta egintza honetan Rosa Trigo andreak ordezkatzen duena, kontseilari delegatu gisa.

Aurrerantzean Ecoembes deituko zaio.

ADIERAZTEN DUTE

1. Ecoembes ontzien eta ontzi-hondakinen ekoizlearen erantzukizun hedatuko sistema kolektibo (EEHSK) bat da, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak (aurrerantzean, "Hondakinen Legea") eta ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko abenduaren 27ko 1055/2022 Errege Dekretuak (aurrerantzean, "Errege Dekretua") xedatutakoari jarraikiz.

2. Hondakinen Legearen 50. artikuluaren eta Errege Dekretuaren 20. artikuluaren arabera, ECOEMBES irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa dago eratuta, eta Errege Dekretuan ezarritako Sisteman sartutako ekoizleen erantzukizun hedatuko betebeharrak betetzea du helburu bakarra. Madrilgo Autonomia Erkidegoak emandako baimena du (han du egoitza soziala) Espainiako lurralde osoan jarduteko etxeko ontzi eta ontzi-hondakinen ekoizlearen erantzukizun hedatuko sistema kolektibo (EEHSK) gisa. Baimena I. eranskin gisa erantsi da.

3. Errege Dekretuaren 33. artikuluari jarraikiz, ekoizlearen erantzukizun hedatuko sistema kolektiboek hitzarmenak eginen dituzte administrazio publikoekin, beren produktuetatik eratorritako hondakinen kudeaketa finantzatzeko eta, hala badagokio, antolatzeko. Hitzarmen horiek herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainen antolaketa ere arautuko dute. Administrazio publikoek gauzatuko dituzte kanpaina horiek –eta sistemek finantzatuko, hitzarmenean ezarritako kopuruaren arabera–, salbu eta hitzarmenak berariaz sistemaren esku uzten badu kanpaina horiek egiteko erantzukizuna.

4. Hondakinen Legean eta Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, hitzarmenak Foru Komunitatearekin sinatzen ahalko dira, eta hark toki-erakundeen parte-hartzea bermatu beharko du negoziazioan.

5. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, departamentu horri dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari esleitutako eskumenak baliatzea, besteak beste ingurumen-babesari, -kontserbazioari, -informazioari eta -kudeaketari eta ekonomia zirkularraren sustapenari dagokienez.

6. Indarrean dagoen legeriak ezarritako birziklatze- eta/edo balorizatze-helburuak betetze aldera, bi alderdiek hitzarmen honetan finkatu nahi dituzte beren eskubideak eta betebeharrak, Foru Komunitatearen lurralde-eremuan ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak, materialen arabera, gaika biltzeko, bereizteko, birziklatzeko eta/edo balorizatzeko programa integral bat garatzeari dagokionez, barnean harturik herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainen garapena eta finantzazioa.

7. Errege Dekretuaren 17.1.h artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ontzi-ekoizleek erabilera bakarreko ontzien hondakinen bilketa eta tratamendua finantzatu eta antolatu behar dute, osorik edo partez, 23.4 artikuluarekin bat, eta 34. artikuluak etxeko ontzietarako ezarritako baldintzetan.

8. Errege Dekretuaren 29. artikuluak etxeko ontzi-hondakinak bereizita biltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko gutxieneko helburuak ezartzen ditu. Ekoizleek EEH sistemen bidez erdietsi behar dituzte helburu horiek.

Horrenbestez, bi aldeek, dagokien ordezkaritza baliatuz, elkarri aitortzen diote hitzarmen hau formalizatzeko ahalmen nahikoa, eta klausula hauen arabera gauzatzen dute:

KLAUSULAK

I. KAPITULUA – XEDEA, EREMUA ETA ALDERDIEN KONPROMISOAK

1. artikulua. Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Foru Komunitatearen, borondatez atxikitzen diren toki-erakundeen eta Ecoembesen konpromisoak arautzea, Foru Komunitatearen lurralde-eremuko ekoizlearen erantzukizun hedatuko sistema kolektiboaren (aurrerantzean, EEHSK) funtzionamenduari dagokionez, Hondakinen Legea, Errege Dekretua eta arlo horretako gainerako arauak betetzen direla bermatze aldera.

Hitzarmenak xede du, halaber, aldeen arteko harremanak arautuko dituzten baldintza ekonomikoak adostea, ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko araudia betetzen dela bermatzeko.

2. artikulua. Eremua.

Hitzarmen honen aplikazio-eremua Foru Komunitatearen lurralde-eremuan sortzen eta kudeatzen diren eta EEHSKari atxikita dauden ontziak eta ontzi-hondakinak (aurrerantzean, "ontziak") dira. Hitzarmenaren eremuak mugatu egiten du Ecoembesek duen erantzukizuna; hala, EEHSKari atxikitako ontziak biltzeari eta berreskuratzeari lotutako kostuak finantzatuko ditu, Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, bai eta akordio honetan jasotako jardueren kontrolerako eta jarraipenerako egin behar diren gainerako gastuak ere. Gainera, ontzi-hondakinak birziklatu eta balorizatuko direla bermatuko du. Mugaketa hori bereziki garrantzitsua da ezarrita dauden kudeaketa-sistemak EEHSKari atxikitako ontzietara eta ontzi-hondakinetara soilik bideratzen ez direnean.

Errege Dekretuaren 21.2 artikuluarekin bat, ontzi-tipologia eta -material jakin baterako ekoizlearen erantzukizun hedatuko sistema bat baino gehiago badaude, eta, beharrezkotzat jotzen bada, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak, Hondakinen arloko Koordinazio Batzordearen proposamenez, bere webgunean argitaratuko du Ingurumenaren Kalitate eta Ebaluazioko zuzendari nagusiaren ebazpena, sistema bakoitzak, gaikako bilketaren arloan, estatuan eta autonomia-erkidegoan urteko bete behar dituen gutxieneko helburuei buruzkoa.

Helburu horiek kalkulatzeko, estatuko gutxieneko bilketa-helburuei aurreko urteko merkatu-kuota aplikatuko zaie. Merkatu-kuota hori ekoizlearen erantzukizun hedatuko sistema bakoitzeko Produktu Ekoizleen Erregistroko ontzien ataletik aterako da.

3. artikulua. Hitzarmenaren xede diren jarduketak.

3.1. Alde sinatzaile guztien konpromisoak ezartzea, etxeko ontzi-hondakinen kudeaketa bermatu ahal izateko, Hondakinen Legearen 26.1 eta 59.1 artikuluetan eta Errege Dekretuaren 10. eta 29. artikuluetan ezarritako birziklatze- eta bilketa-helburuak erdietsi daitezen Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan. Etxeko ontzitzat hartzen dira Errege Dekretuak horrela definitzen dituenak.

3.2. Foru Komunitateko toki-erakundeek eta beste EEHSK batzuek hitzarmen honetan izanen duten parte-hartzea arautzea.

3.3. Hondakinak biltzeko eta bereizteko prozedurak ezartzea. Prozedura horietan, aintzat hartu behar dira ontzi-hondakin eta material berreskuratuek bete beharreko kalitate-baldintzak.

3.4. Bereziki, paper-kartoizko ontzien gaikako bilketa monomaterialeko sistemen eta plastikozko ontzien, edarientzako/elikagaientzako kartoiaren eta metalezko ontzien (aurrerantzean, ontzi arinak) gaikako bilketa multimaterialeko sistemen garapena sustatzea, onarpen soziala, eraginkortasun teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumenekoa irizpidetzat hartuta.

3.5. Ecoembesek toki-erakundeei edo, hala badagokio, Foru Komunitateari EEHSKari atxikitako ontziak berreskuratzeagatik kostu efektibo gisa ordainduko dizkien zenbatekoak ezartzea, Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

3.6. Ontzi arinen eta kartoizko eta paperezko ontzien frakzioak birziklatzeari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak sustatzea. Kanpaina horien xedea gaikako bilketaren eraginkortasuna areagotzea izanen da (hondakin egokien kopuruari eta inpropioen presentziari dagokienez).

3.7. Ontzi-hondakinak birziklatu eta/edo balorizatuko direla bermatzeko mekanismoak ezartzea, materialen arabera, indarreko legerian aurreikusitakoarekin bat.

3.8. Indarreko eskumen-araubidearekin bat etorriz, behar diren jarduketak sustatzea ontziratutako produktuak lehen aldiz merkaturatzearen ardura duten eragileek Errege Dekretuan jasotako betebeharrak betetzea sustatzeko, xede izanik merkaturatutako ontziak behar bezala definitzea eta helburuak lortzea, Sistemari euskarri ekonomikoa ematea eta merkatuko lehia-baldintzei eustea.

3.9. Behar diren mekanismoak ezartzea hitzarmen honetan jasotakoa betetzen dela bermatzeko. Bide horretan, informazio zehatza eta kontrastagarria trukatzeko neurriak hartu beharko dira, EEHSKaren emaitzen jarraipena egiteko eta araudian jasotako jakinarazpen-betebeharrak betetzeko; horrez gain, ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-neurriak ezarri beharko dira, hondakinen eta ontzi-hondakinen araudia betetzen dela bermatzeko.

Kontuan hartzea Errege Dekretuaren 33.6 artikuluan xedatutakoa, gardentasunaren arloko betebeharrak bete ahal izateko.

3.10. Karakterizazio-plan bat ezartzea, ontzi-hondakinak kudeatzeko prozesuaren fase guztiak (bilketa eta tratamendua) barne hartuko dituena, hondakinen trazabilitatea bermatuko duena eta haien jatorria eta tipologia kontuan hartuko dituena. Plan hori, ahal den neurrian, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren barruan egindako karakterizazio-protokoloan xedatutakoarekin koordinatuko da, betiere protokolo hori bateragarria bada hitzarmen honen eranskinetan adostutakoarekin, eta Nafarroako hondakinen karakterizazio-planaren barruan txertatuko da.

4. artikulua. Foru Komunitatearen konpromisoak.

Hitzarmen honetan xedatutakoari jarraikiz, Foru Komunitateak konpromiso hauek hartzen ditu:

4.1. Toki-erakundeei hitzarmen honen berri ematea, sinatu eta gehienez ere 2 asteko epean, hitzarmenarekin bat egiteko aukera izan dezaten, eta Ecoembesi toki-erakunde berri bakoitzaren atxikimenduaren berri ematea.

4.2. Ontzi-hondakinak gaika biltzeko eta berreskuratzeko programa integral bat sustatzea eta, hala badagokio, programa horren planifikazio, koordinazio, kudeaketa eta jarraipenean parte hartzea, gizarte-onarpena, eraginkortasun teknikoa eta ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna irizpidetzat hartuta, lurraldeko toki-erakundeekin lankidetzan, betiere ontzi-hondakinen kudeaketari aplikatu beharreko eskumen-araubidea errespetatuz.

4.3. Ontzi arinen eta kartoizko eta paperezko ontzien frakzioak birziklatzeari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-jarduketen garapenean parte hartzea. Jarduketa horien xedea gaikako bilketaren eraginkortasuna handitzea izanen da, bai eta herritarren parte-hartzea sustatzea ere, beharrezkoa baita Errege Dekretuan zehaztutako helburuak lortze aldera.

4.4. Abian jartzea hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketa guztien jarraipena egiteko behar diren kontrol-, jarraipen-, gainbegiratze- eta zehapen-mekanismoak, eta, zehazki, Ecoembesi atxikitako ontziak merkaturatzearen, gaika biltzearen, berreskuratzearen eta birziklatzearen ekarpen ekonomikoa eta emaitzak kalkulatzeko erabiliko diren elementuen baliozkotasuna ziurtatzeko behar diren mekanismoak.

Hala badagokio, instalazioetako operadoreen bitartez, eta hondakinen kudeaketa-prozesuaren fase guztietan, aldizkako karakterizazioak egiten parte hartzea, hondakinen trazabilitatea hitzarmen honetan ezarritako metodologiaren arabera berresteko. Eragiketa horien esparruan desbideratzeak edo ez-betetzeak hautemanez gero, behar diren neurriak hartzea, eta bermatzea ezen Ecoembesek, hitzarmen honen esparruan, egin diren eragiketak kontrolatzen ahalko dituela, bere kabuz edo kanpoko enpresen bidez.

Era berean, hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketak garatzeko eta haien jarraipena egiteko interesgarria izan daitekeen beste edozein informazio trukatzea toki-erakundeekin eta Ecoembesekin. Hala badagokio, eta ontzi-hondakinen berreskurapena sustatzeko, Foru Komunitatearen eremuan gaikako bilketak ematen dituen emaitzei buruzko informazioa zabaltzea.

4.5. Foru Komunitatearen esparruan, EEHSKaren emaitzen jarraipen-, kontrol- eta baliozkotze-sistema bat ezartzea, hitzarmen honen garapenean sortutako informazioan oinarrituta, eta Ministerioari hitzarmenaren emaitzen berri ematea, araudiak jarraipenari eta emaitzen jakinarazpenari buruz xedatutakoa betetzeko.

4.6. Indarreko eskumen-araubidearekin bat etorriz, behar diren jarduketak sustatzea ontziratutako produktuak lehen aldiz merkaturatzearen ardura duten eragileek Errege Dekretuan jasotako betebeharrak ez betetzea prebenitzeko edo betebehar horien urraketa zuzentzeko. Betebehar horien arabera, merkaturatutako ontziak behar bezala definitu behar dira, helburu jakin batzuk lortu behar dira, eta ekoizleek kasuan kasuko ekarpen ekonomikoa egin behar dute, eta merkatuko lehia-baldintzei eutsi behar diete.

4.7. Behar diren jarduketak sustatzea, indarrean dagoen eskumen-araubidearekin bat etorriz, egoera irregularrak/legez kanpokoak –esate baterako, hondakinak udal-bilketa selektiboko zirkuituetatik lapurtzea eta desbideratzea– prebenitzeko eta zuzentzeko.

4.8. Sistema baimendu edo jakinaraziak zaintzeko eta ikuskatzeko lanak egitea, ingurumen-eskumenekin eta aplikatzekoa den legeriarekin bat etorriz.

5. artikulua. Ecoembesen konpromisoak.

Ecoembesek konpromiso hauek hartzen ditu, hitzarmen honetan ezarritako baldintzetan:

5.1. Hitzarmen honen II. eranskinean ezarritako diru-kopuruz finantzatzea toki-erakundeak edo, hala badagokio, Foru Komunitatea, III. eranskinean adierazitako epeetan. Ecoembesek bere betebehar ekonomikoak beteko ditu merkatuan jarritako bere ardurapeko ontzien arabera, eta beste EEHSK batzuekin akordioetara iritsiko balitz, haiei dagozkien ordainketak bideratuko lituzke horretarako sortu beharko litzatekeen mekanismo baten bidez.

Finantzaketak barne hartuko du Errege Dekretuaren 23.4 eta 34. artikuluetan eta XI. eranskinean jasotako guztia.

5.2. Hitzarmen honen esparruan berreskuratu diren, eta EEHSKari atxikita dauden paper-kartoizko ontziak eta ontzi arinen hondakinak birziklatu eta/edo balorizatuko direla bermatzea, betiere IV. Eranskinean jasotako Material Berreskuratuen Zehaztapen Teknikoak (aurrerantzean, MBZT) betetzen badituzte eta Ecoembesen eskura jartzen badira, V. eranskinean ezarritako prozedurari jarraikiz. Ecoembesek bermatzen du merkatuan jarri diren bere ardurapeko ontziak birziklatu eta/edo balorizatu eginen direla, eta, beste EEHSK batzuekin akordioetara iristen bada, EEHSK horien ontziak birziklatzeko eta/edo balorizatzeko bermea bideratuko du, horretarako sortu beharko den mekanismo baten bidez.

5.3. Toki-erakundeekin edo, hala dagokionean, Foru Komunitatearekin lankidetzan aritzea, paper-kartoien bilketa monomateriala eta ontzi arinen bilketa eta bereizketa eraginkorragok izan daitezen.

5.4. Foru Komunitateari VII. eranskinean adierazitako informazioa helaraztea, hitzarmen honen garapenari eta jarraipenari buruzkoa. Era berean, Foru Komunitatearekin eta toki-erakunde atxikiekin trukatzea hitzarmena garatzeko interesgarria den informazio oro. Hala badagokio, eta ontzi-hondakinen berreskurapena sustatzeko, Foru Komunitatearen eremuan gaikako bilketak ematen dituen emaitzei buruzko informazioa zabaltzea.

5.5. Foru Komunitatearekin lankidetzan aritzea, beste EEHSK batzuekin egon daitezkeen desadostasunak argitzeko.

5.6. Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketa guztien jarraipena egiteko behar diren kontrol-tresnak abian jartzea; zehazki, IV. eranskinean aurreikusitakoaren arabera ekarpen ekonomikoa kalkulatzeko erabiliko diren elementuen baliozkotasuna ziurtatzeko kontrol-tresnak, bai eta ontziak biltzeko eta birziklatzeko helburuak indarreko araudiaren arabera betetzen direla ziurtatzekoak ere. Parte hartzea, hala badagokio instalazioetako operadoreen bitartez, aldizkako karakterizazioak egiten hondakinen kudeaketa-prozesuaren fase guztietan, hondakinen trazabilitatea hitzarmen honetan ezarritako metodologiaren arabera berresteko. Eragiketa horien esparruan desbideratzeak edo ez-betetzeak hautemanez gero, behar diren neurriak hartzea.

5.7. Ontzi arinen eta kartoizko eta paperezko ontzien birziklapenari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-jarduketen garapenean parte hartzea, eta kostuak finantzatzea Errege Dekretuaren 34.1 c) artikuluari jarraikiz. Jarduketa horien xedea gaikako bilketaren eraginkortasuna handitzea izanen da, bai eta herritarren parte-hartzea sustatzea ere, beharrezkoa baita Errege Dekretuan zehaztutako helburuak lortze aldera.

5.8. Indarreko eskumen-araubidearekin bat etorriz, behar diren jarduketak sustatzea ontziratutako produktuak lehen aldiz merkaturatzearen ardura duten eragileek Errege Dekretuan jasotako betebeharrak ez betetzea prebenitzeko edo betebehar horien urraketa zuzentzeko. Betebehar horien arabera, merkaturatutako ontziak behar bezala definitu behar dira, helburu jakin batzuk lortu behar dira, eta ekoizleek kasuan kasuko ekarpen ekonomikoa egin behar dute, eta merkatuko lehia-baldintzei eutsi behar diete.

5.9. Baldin eta Ecoembesek beste autonomia-erkidego batzuekin hitzarmen honen xede bererako hitzarmenak sinatzen baditu, eta hitzarmen haietan hemen itundutakoak baino baldintza onuragarriagoak adosten badira autonomia-erkidego edo toki-erakunde atxiki horientzat, Foru Komunitateari horren berri ematea, eta 21. artikuluan horri buruz jasotzen diren berrikuste-mekanismoak abiaraztea.

Nafarroako Gobernuan hondakinen arloko eskumena duen departamentuari toki-erakunde batekin edo batzuekin izenpetzen diren hitzarmen espezifikoen berri ematea, eta hitzarmen horien testu osoa igortzea, baldin eta haien xedea esparru-hitzarmen honetan jasotako gaietako bat bada.

5.10. Tratamendu-kudeatzailea (birziklatzailea/balorizatzailea) Ecoembesek izendatzen badu, bera arduratuko da materialaren trazabilitateaz, hura birziklatu arte, bai eta dokumentu bidezko egiaztapenaz ere, V. eranskinean xedatutakoarekin bat. Era berean, bere esku dagoen guztia eginen du kudeatzaile esleipendunek dagozkien esleipen-kontratuak bete ditzaten eta, horrenbestez, materiala adostutako epean erretiratu dezaten. Ecoembesek erantzukizun horiek betetzen ez baditu, eta ezinbesteko arrazoirik ez badago, Jarraipen Batzordeak egoera lehengoratzeko egin behar diren ekintzak adostuko ditu, EEHSKak birziklatzaile/balorizatzailearekin berarekin egin ditzakeenak eta EEHSKari kudeatzailea izendatzeko arduradun gisa dagozkionak barne hartuta.

6. artikulua. Toki-erakundeen atxikimendua.

6.1. Hitzarmen honekin bat egin nahi duten toki-erakundeek horren berri emanen diote Foru Komunitateari, eta akordio bat formalizatuko dute, XII. eranskineko atxikitze-hitzarmenaren ereduari jarraikiz. Foru Komunitateak gauzatzen diren atxikipenen berri emanen dio Ecoembesi, eta atxikimendu-hitzarmen bakoitzaren kopia igorriko dio, gehienez ere hogei egun balioduneko epean, Foru Komunitateak hitzarmena sinatzen (edo jasotzen) duenetik zenbatzen hasita. Esparru-hitzarmen honekiko atxikimendua hura sinatzen denetik 3 hilabeteko epean egin beharko da, eta haren aplikazio ekonomikoak atzeraeragina izanen du 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Ezarritako epearen barruan beren atxikimendua formalizatu eta jakinarazi ez duten toki-erakundeek ez dute parte hartuko hitzarmen honetan ontzi-hondakinak kudeatzeko aurreikusi diren mekanismoetan, eta esparru-hitzarmen honen aplikazio-eremutik kanpo geldituko dira harik eta, hala badagokio, beren atxikimendua formalizatzen eta jakinarazten duten arte.

7. artikulua. Toki-erakunde atxikien konpromisoak.

Hitzarmen honi atxikitako toki-erakundeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

7.1. Formalki onartzea parte hartzeko baldintzak arautzen dituen hitzarmen honetan ezarritako baldintzak.

7.2. Hala badagokio, hondakinak kudeatzeko aplikatu beharreko eskumen-araubidearen arabera, paper-kartoiaren gaikako bilketa monomateriala eta ontzi arinen gaikako bilketa multimateriala egitea, EEHSKari atxikitako ontzien hondakinen kasuan, gizarte-onarpena, eraginkortasun teknikoa eta ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna irizpidetzat hartuta, eta hitzarmen honetan zehaztutako baldintzetan. Bilketa bereiziari dagokionez, honako hauek sartzen dira:

–Bilketa bereizia bera.

–Hondakinak bereizteko eta sailkatzeko instalazioetaraino garraiatzea, edo, hala badagokio, zuzenean eramatea kudeatzaile baimenduengana, haiek birziklatu edo balorizatu ditzaten.

–Bereizteko eta sailkatzeko eragiketak.

–Gelditzen diren hondakinak entregatzea, birziklatzeko, beste balorizazio-metodo baten bidez tratatzeko, edo deuseztatzeko, zer dagokion.

7.3. Hala badagokio, tratamendu mekaniko biologikoko instalazioetan (TMB) errefuseko edo sistema heze-lehorren frakzio lehorreko ontzi-hondakinak berreskuratzea eta materialen arabera bereiztea, eta, ondotik, birziklatzeko edo beste balorizazio baten bidez tratatzeko entregatzea, betiere teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideragarria bada.

7.4. Abian jartzea sistemaren emaitzak eta eraginkortasuna etengabe hobetzeko behar diren neurriak, eta, horretarako, Foru Komunitatearen eta Ecoembesen parte-hartzea eta lankidetza ahalbidetzea. Zehazki, ontzien gaikako bilketa udal-hondakinen kudeaketaren eremuan behar bezala integratzen dela bermatzea.

7.5. Kasuan kasuko fakturak aurkeztea, II. eranskinarekin bat, eta III. eranskinean adierazitako moduan eta egiaztagiriekin.

7.6. Informazioa ematea EEHSKaren emaitzen jarraipena egin ahal izateko, eta Ministerioari hitzarmenaren emaitzen berri eman ahal izateko, Ontziei eta Ontzi Hondakinei buruzko Errege Dekretuan xedatutakoa betetze aldera.

7.7. Ontzi-hondakinak balorizatu eta birziklatzeari dagokionez, IV. kapituluak xedatzen duena garatzea. Zehazki, birziklatutako eta balorizatutako ontzi-hondakinei dagozkien ziurtagiriak helaraztea Ecoembesi, Errege Dekretuan ezarritako informazio-betebeharrak bete ahal izan ditzan.

Tratamendu-kudeatzailea (birziklatzailea/balorizatzailea) erakunde kudeatzaileak izendatzen badu, bera arduratuko da materialaren trazabilitateaz, hura birziklatu arte, bai eta dokumentu bidezko egiaztapenaz ere, V. eranskinean xedatutakoarekin bat. Era berean, bere esku dagoen guztia eginen du, kudeatzaile esleipendunek dagozkien esleipen-kontratuak bete ditzaten eta, horrenbestez, materiala adostutako epean erretiratu dezaten.

7.8. Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketa guztien jarraipena egiteko behar diren kontrol-tresnak abian jartzea; zehazki, Ecoembesen ekarpen ekonomikoa kalkulatzeko erabiliko diren elementuen baliozkotasuna ziurtatzeko kontrol-tresnak, bai eta hondakinak kudeatzeko eragiketak behar bezala egiaztatzen direla ziurtatzekoak ere. Parte hartzea, instalazioetako operadoreen bitartez, aldizkako karakterizazioak egiten hondakinen kudeaketa-prozesuaren fase guztietan, hondakinen trazabilitatea hitzarmen honetan ezarritako metodologiaren arabera berresteko. Eragiketa horien esparruan desbideratzerik edo ez-betetzerik detektatuz gero, behar diren neurriak hartzea, eta bermatzea Ecoembesek, hitzarmen honen esparruan, eskubidea izanen duela toki-erakundeek edo haien operadoreek egindako jarduerak kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko. Era berean, Foru Komunitatearekin eta Ecoembesekin trukatzea hitzarmena garatzeko interesgarria den informazio oro.

7.9. Ontzi arinen eta kartoizko eta paperezko ontzien frakzioak birziklatzeari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-jarduketen garapenean parte hartzea. Jarduketa horien xedea gaikako bilketaren eraginkortasuna handitzea izanen da, bai eta herritarren parte-hartzea sustatzea ere, parte-hartze hori ezinbestekoa baita Errege Dekretuan zehaztutako helburuak lortze aldera.

7.10. Beharrezkoa izanez gero, udal-hondakinei buruzko ordenantzak eta hirugarrenekin egindako beste xedapen edo kontratu batzuk egokitzea, hitzarmenari atxikitzean hartu diren konpromisoak bete ahal izateko.

7.11. Behar diren jarduketak sustatzea, indarrean dagoen eskumen-araubidea errespetatuz, egoera irregularrak/legez kanpokoak prebenitzeko eta zuzentzeko –esate baterako, hondakinak udal bilketa selektiboko zirkuituetatik lapurtzea eta desbideratzea–.

7.12. Foru Komunitatean bilketa berezituko helburuak betetzen laguntzeko, bai eta ontzien zirkulartasuna sustatuko duen kalitate handiko birziklapena lortzen laguntzeko ere, erakundeak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen 11. artikuluan eta V. eranskinean xedatutakoarekin bat etorriz, bere jardun-eremuan dagozkion tresna ekonomikoak gaituko ditu eta, hala behar izanez gero, hondakinen ordenantza fiskalak eta ordenantzak egokituko ditu, hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistemak ezartzea sustatzeko eta bereizita entregatzen ez diren hondakinei aplikatzeko, baldin eta hondakinok hitzarmen honen eremukoak badira.

7.13. Hala badagokio, toki-erakundeen artean banatzea Ecoembesen ekarpenak, zerbitzu hauetatik eratorritakoak: errefusaren kudeaketa; sistema heze-lehorren frakzio ez-organikoaren kudeaketa, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 25.6 artikuluan aurreikusitako salbuespena aplikatzen ez denean; eta bide publikoen, berdeguneen, jolas-eremuen eta hondartzen garbiketa. Ekarpen horien zenbatekoak eta esleipen-irizpideak II. eranskinean xedatutakoari jarraikiz zehaztuko dira.

II. KAPITULUA.–FAKTURAZIOA ETA ORDAINKETA

8. artikulua. Fakturazioa.

8.1. Toki-erakundeek edo, hala badagokio, Foru Komunitateak II. eranskinean jasotako kontzeptuak fakturatuko dizkiote Ecoembesi, III. eranskinean ezarritako moduan eta egiaztagiriekin. Ez dira faktura osotzat joko eranskin horretan adierazitako agiriak jasotzen ez dituztenak, ez eta fakturazioaren arloan indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen formalitateekin bat ez datozenak ere. Toki-erakundeek edo, hala badagokio, Foru Komunitateak, indarreko araudi aplikagarriaren araberako fakturak baino ez dituzte eginen.

8.2. Fakturatutako kopuruak egiaztatu ahal izateko, Foru Komunitateak edo toki-erakunde atxikiek Ecoembesen esku jarriko dute III. eranskinean adierazitako dokumentazioa, edo, hala badagokio, tokiko gobernuaren edo Foru Komunitatearen fede-emaile publikoak emandako ziurtagiria, dokumentazio horretan jasotako informazioa egiaztatzen duena, bai eta fakturatu beharreko eragiketekin zerikusia duen beste edozein dokumentu ere, betiere bidezko justifikazioa eta aldez aurreko jakinarazpena egiten badira.

8.3. II. eranskinean aipatzen diren zerbitzuak zeharkako kudeaketa-erregimenean ematen badira, kontratazio publikoko araudian aurreikusitako edozein formularen pean, toki-erakundeak edo Foru Komunitateak (zerbitzuaren titularra zein administrazio den) aukera izanen du, indarreko legeriak ontzi-hondakinen kudeaketarako esleitzen dien erantzukizunari eutsiz, II. eranskinean zerrendatutako eragiketei (komunikazio-kanpainak barne) dagozkien zerbitzuak emanen dituen erakundea edo erakundeak izendatzeko, eta Ecoembesi jakinarazteko hori, III. eranskinean jasotako idazki-ereduari jarraikiz. Erakunde horrek edo horiek, kasuan kasuko lizitazio-prozesua igaro ondotik, zerbitzu horien esleipendun izan beharko dute. Une horretatik aurrera, erakunde izendatua edo izendatuak arduratuko dira fakturak egiteaz eta behar diren egiaztagiriak aurkezteaz, haiek baitira zerbitzua benetan ematen duten edo eman duten erakundeak. Toki-erakundeak edo Foru Komunitateak behar besteko aurrerapenez jakinaraziko dio Ecoembesi izendapenetan izandako aldaketa oro. Izendapen horrek kreditu-lagapenaren izaera izanen du, Kode Zibilaren 1112. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean aldatzen bada paragrafo honen arabera fakturak egin behar dituen zerbitzu-esleipenduna, edo zerbitzu berri baterako esleipen bat egiten bada, toki-erakundeak edo Foru Komunitateak kontratazio-prozeduraren emaitzaren eta izendapena indarrean sartzen den egunaren berri emanen dio Ecoembesi.

Jakinarazitako izendapenak nahitaez hilabete osoz sartuko dira indarrean.

Ecoembesek beretzat gordetzen du fakturazioaren eskuordetza onartzeko ahalmena, bai eta hura ukatzekoa ere hitzarmena indarrean dagoen edozein unetan, justifikatutako arrazoiengatik. Kasu horretan, erakundeak bere gain hartu beharko du fakturak hitzarmenean ezarritakoaren arabera egiteko betebeharra. Kasu horretan, eta fakturaziorako izendatutako erakundearekin zorren bat kitatu ez den beste edozeinetan, erakunde horrek jada ez badu zerbitzurik ematen, zerbitzuaren titularra den administrazioak Ecoembesekin lankidetzan jardunen du, fakturazioa eskuordetu aurretik zor hori ordaindu dadin edo, hala badagokio, kasuan kasuko bide judizialetik egoera horren zuzenketa erreklamatu dadin.

Aurreko hitzarmen batean Ecoembesi jada jakinarazi zaizkion izendapenak luzatutzat joko dira arestiko ondorioetarako, Ecoembesi aurkakorik adierazi ezean. Ecoembesek berriro eskatzen ahalko du informazio hori hitzarmen hau sinatu ondotik.

9. artikulua. Ordainketa Ecoembesen eskutik.

Ecoembesek III. eranskinean xedatutakoaren arabera ordainduko ditu fakturak.

III. KAPITULUA.–ONTZI-HONDAKINAK GAIKA BILTZEKO SISTEMAK: OINARRIZKO BEHARKIZUNAK

10. artikulua. Paper-kartoizko ontzien bilketa monomateriala.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute, EEHSKari atxikitako ontzien kasuan, paper-kartoizko ontzien gaikako bilketa monomateriala bultzatzeko, indarrean dagoen eskumen-araubidea aplikatuz. Paper-kartoizko gainerako ontzien kasuan, Errege Dekretuan eta dagokion gainerako legerian xedatutakoa beteko da. Gaikako bilketa monomaterialetik eratorritako paperezko eta kartoizko ontzi-hondakinak sailkapen-zentro batera, bilketa-biltegi batera edo paper-fabrika batera eramanen dira, birziklatu ditzaten.

Bilketaren ezarpen-eremua, edukiontzien hornidura eta kokapena, eta bilketa-zerbitzua emateko gainerako parametroak definitzean, kontuan hartuko da paper-kartoi kantitate nahikoa lortu behar dela, eta bildutako paper-kartoi horrek MBZTak betetzeko behar den kalitatea izan behar duela. Bide horretan, sistemaren jasangarritasuna bermatuko duten irizpideak aplikatu behar dira: onarpen soziala, eraginkortasun teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumenekoa. Ingurumen-bideragarritasuna zehazteko, hondakinen kudeaketaren inpaktuen gainean bizi-zikloaren ikuspegia duten metodologiak edo antzekoak aplikatzea adostuko dute aldeek.

MBZTen betetze-mailan desbideratzeak badaude –ezarri den bilketa-sisteman papera eta kartoia ez diren beste material batzuk agertzen direlako, eta material horiek, gerora, papera eta kartoia berreskuratzea eragozten dutelako–, toki-erakundeak behar diren neurri zuzentzaileak abiarazi beharko ditu, eta Ecoembesen lankidetza ahalbidetu beharko du.

Ontzi berberak kudeatzeko EEHSK bat baino gehiago badaude, sistema egokiak ezarriko dira kudeaketa- eta kontrol-eragiketen finantziazio-betebeharrak banatzeko, bai eta birziklatzaileak/balorizatzaileak izendatzeko ere, sistema bakoitzari atxikitako ontzi kopuruen arabera. II. eranskinean zehazten da banaketa hori egiteko aplikatu behar den prozedura.

11. artikulua. Ontzi arinen bilketa multimateriala.

Edarientzako/elikagaientzako plastikozko, metalezko eta kartoizko ontziak, hau da, ontzi arinak, batera bilduko dira edukiontzi espezifiko batean edo poltsen bidezko sistema baliokidearen bidez, eta hondakinak bereizteko instalazioetara garraiatuko dira, edo, hala badagokio, lehenik transferentziaguneetara, eta, ondotik, hondakinak bereizteko instalazioetara.

Bilketaren ezarpen-eremua, edukiontzien hornidura, kokapena eta tipologia eta zerbitzua emateko gainerako parametroak bilketa-motarako eta eskatzen den materialerako egokiak izanen dira, eta, parametro horiek definitzean, kontuan hartuko da ontzi berreskuratuek MBZTak betetzeko behar den kalitatea izan behar dutela. Bide horretan, sistemaren jasangarritasuna bermatuko duten irizpideak aplikatu behar dira: onarpen soziala, eraginkortasun teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumenekoa. Ingurumen-bideragarritasuna zehazteko, hondakinen kudeaketaren inpaktuen gainean bizi-zikloaren ikuspegia duten metodologiak edo antzekoak aplikatzea adostuko dute aldeek.

Ontzi arinen edukiontzian material desegokien kantitate esanguratsuak agertzen badira, erakunde eskudunak behar diren neurri zuzentzaileak jarri beharko ditu abian, eta Ecoembesen lankidetza ahalbidetu beharko du. Zehazki, erakunde eskudunak bermatu beharko du gainerako zatikiak (paper-kartoia, beira, hondar-frakzioa eta frakzio organikoa) biltzeko bitartekoak nahikoak direla eta ongi kokatuta daudela. Horrez gain, ontziei ez dagozkien bestelako fluxuak (ehunak, tresna elektriko eta elektronikoak, hondakin handiak...) kudeatzeko beste bide batzuk ere jarri behar ditu, material horiek ez daitezen ontzi arinen edukiontzira desbideratu.

Gaikako bilketarako ezarri den ereduan, erabiltzaileei eskatzen bazaie ontzi arinak zein ontziak ez diren plastiko eta metalak edukiontzi horira botatzeko, Ecoembesen erantzukizuna EEHSKari atxikitako ontzi arinetara mugatuko da kudeaketagatiko ordainketei, beharrezko diren kontrol- eta jarraipen-jarduerei eta birziklatzaile/balorizatzaileen izendapenari dagokienez.

Ontzi berberak kudeatzeko EEHSK bat baino gehiago badaude, sistema egokiak ezarriko dira kudeaketa- eta kontrol-eragiketen finantziazio-betebeharrak banatzeko, bai eta birziklatzaileak/balorizatzaileak izendatzeko ere, sistema bakoitzari atxikitako ontzi kopuruen arabera. II. eranskinean zehazten da banaketa hori egiteko aplikatu behar den prozedura.

12. artikulua. Ontzi-hondakinak beste fluxu batzuetatik berreskuratzea.

Hitzarmen honen xede diren jarduketak bilketa bereizikoak ez diren beste fluxu batzuetan agertzen diren ontzi-hondakinen kopurua murriztera bideratuko dira.

Ecoembesek finantzatuko du errefusetik, sistema heze-lehorren frakzio ez-organikotik eta bide publikoen, berdeguneen, aisialdirako eremuen eta hondartzen garbiketatik eratorritako ontzi-hondakinen berreskurapena (baldin eta hondakinok EEHSKari atxikita badaude), ontzien eta ontzi-hondakinen EDaren 34. artikuluari jarraikiz, eta II. eranskinean zehazten den moduan, betiere teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideragarria bada.

Errege Dekretuaren arabera, eta hitzarmen honen II. eranskinean xedatutakoari jarraikiz, 29.2 artikuluan ontzi atxikietarako ezarritako bilketa bereiziko helburuak lortzen badira, Ecoembesek finantzatuko du Ontzien eta Ontzi Hondakinen Errege Dekretuaren 34.b.1. artikuluan ezarritako kostuen %50. Ordainketa hori berreskurapena egiten den instalazioetako titularrak diren administrazioei eginen zaie. Gaikako bilketako helburuak lortzen ez badira, Ecoembesek funts gehigarriak jarriko ditu (ezarritako kostuen gainerako %50a), eta Foru Komunitateak edo, lagapen bidez, toki-erakundeek Errege Dekretuan ezarritako bilketa bereiziko helburuak lortzeko ekintzen finantziaziorako erabili beharko dituzte funts horiek. Hobekuntzetan inbertitzeko funts hori, aplikatzen bada, urtero jakinaraziko zaio Foru Komunitateari, urteko txostenean jasotako emaitzetan oinarrituta. Ekintzak eta ekintza horiek gauzatzeko epeak Foru Komunitatearekin / Jarraipen Batzordearekin adostuko dira, urteko helburuen betetze-mailari buruzko datuak aurkeztu eta bi hilabeteko epean, eta hitzarmen honen II. eranskinean xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Ontzi berberak kudeatzeko EEHSK bat baino gehiago badaude, sistema egokiak ezarriko dira kudeaketa- eta kontrol-eragiketen finantziazio-betebeharrak banatzeko, bai eta birziklatzaileak/balorizatzaileak izendatzeko ere, sistema bakoitzari atxikitako ontzi kopuruen arabera. II. eranskinean zehazten da banaketa hori egiteko aplikatu behar den prozedura.

13. artikulua. Informazio- eta sentsibilizazio-jarduketak.

Herritarrei, sentsibilizazio-kanpainen bidez, ontzi-hondakinen zatikiak bereizteari, gaika biltzeari eta horrek berekin dakartzan ingurumen-onurei buruzko informazioa ematea funtsezkoa da herritar guztien parte-hartze aktiboa eta zuzena sustatzeko. Funtsezkoa da herritarren parte-hartzea behar bestekoa izatea, kantitateari eta kalitateari dagokienez, birziklatze- eta balorizatze-helburuak eraginkortasun ekonomikoarekin eta ingurumen-eraginkortasunarekin lortzeko.

Ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko Errege Dekretuaren 23.2.b artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, EEHSKei dagokie honako hauek ordaintzea: ontzi-hondakinen erabiltzaileei edo azken edukitzaileei ontzi-hondakinak eta zabor sakabanatua prebenitzeko neurriei buruzko, eta itzultzeko eta biltzeko sistemei buruz informazioa ematearen kostuak; ontzi-hondakinen prebentzioari eta bilketa eta kudeaketa egokiari buruzko sentsibilizazio- eta informazio-kanpainak; eta ontzi-hondakinak bilketa bereiziko sistemetan entregatzea sustatzeko beste edozein neurri.

Ecoembesek babesa emanen die erakundeei, aholkuak emanez eta komunikazio-materialak eskainiz, batez ere publizitate-kanpainak, horretarako ezarritako epeetan. Ecoembesek, era berean, zenbait komunikazio-ekintza kudeatzen ahalko ditu, alderdiek aldez aurretik hala adosten badute. Horretarako, erakundeak aldez aurretik formalizatu beharko du Ecoembesi kanpainaren kudeaketa eskuordetzeko akordio bat, III. eranskineko ereduari jarraikiz. Ecoembesek beretzat gordetzen du eskuordetza hori onartzeko eskubidea. Kanpaina ekitaldiaren epea akitu baino lehen (abenduaren 31) planifikatu eta abian jarri ahal izateko, erakundeak behar besteko aurrerapenarekin izendatu beharko du Ecoembes kanpainaren kudeatzaile. Hitzarmen honen II. eranskinean lankidetza ekonomikoa zehazten da, eta VI. eranskinean komunikazio-kanpainak egiteko oinarrizko ezaugarriak eta irizpideak jasotzen dira.

Ekitaldi bakoitzeko informazio- eta sentsibilizazio-jarduketak gauzatzeko, Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoarekin koordinatuko da Ecoemebes, II. eranskineko 18. paragrafoan adierazitakoari jarraikiz.

IV. KAPITULUA.–ONTZI-HONDAKINAK BIRZIKLATZEA ETA BALORIZATZEA

14. artikulua. Ontzi-hondakinak birziklatzeko eta balorizatzeko bermea.

14.1. Oro har, eta Errege Dekretuaren 29. artikuluan xedatutakoa betez, Ecoembesek bermatzen du EEHSKari atxikitako ontzien hondakinak, toki-erakundeek edo Foru Komunitateak haren eskura jarritakoak, birziklatu eta/edo balorizatu eginen dituela, akordioak lortu dituen hondakin-kudeatzaileen bidez. Hondakin horiek IV. eranskinean jasotako MBZTak bete behar dituzte, V. eranskineko edukiaren arabera. Ecoembesek bermatzen du merkatuan jarri diren bere ardurapeko ontziak birziklatu eta/edo balorizatu eginen direla, eta, beste EEHSK batzuekin akordioetara iristen bada, EEHSK horien ontziak birziklatzeko eta/edo balorizatzeko bermea bideratuko du, horretarako sortu beharko den mekanismo baten bidez.

14.2. Ontzi-hondakinen kargu eginen den berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzailearen izendapena tokiko erakundeak edo Foru Komunitateak eginen du, edo, bestela, Ecoembesek, baldin eta hala erabaki badute haiek V. eranskineko berreskuratzaileak izendatzeko prozedurari jarraikiz. Egindako hautua hitzarmen honen indarraldi osoan aplikatuko da, eta, hondakinak bereizteko/tratatzeko instalazio batean bereizitako materialen kasuan, instalazio horretan bereizi diren eta EEHSKari atxikita dauden ontzi-hondakin guztiei eginen zaie erreferentzia. Izendapen-prozesuetan, lehia askearen araudia errespetatuko da.

14.3. Toki-erakundearen edo Foru Komunitatearen ardura izanen da, edo Ecoembesena, izendapenerako egin den hautuaren arabera, bereizi eta berreskuratu diren materialen trazabilitatea galdegitea azken helmugara arte (birziklapena edo balorizazioa), V. eranskinean xedatutakoaren arabera, kudeatzaileek emandako birziklatze efektiboaren ziurtagiria barne.

14.4. Ecoembesi aurkakorik adierazi ezean, luzatutzat joko dira aurreko hitzarmenean Ecoembesi jakinarazi zitzaizkion izendapenak edo izendapenen eskuordetzak.

14.5. Berreskuratzaileak edo birziklatzaileak paper-kartoizko ontzi-hondakinen jabetza eskuratuko du toki-erakundeak edo Foru Komunitateak haiek entregatzen dizkion unetik.

Berreskuratzaileak, birziklatzaileak edo balorizatzaileak hondakinak bereizteko/tratatzeko instalazioetan berreskuratutako ontzi-hondakinen jabetza eskuratuko du, hondakin horiek instalazioetatik erretiratzen diren unetik.

15. artikulua. Material berreskuratuen zehaztapen teknikoak (MBZT).

15.1. Paperaren gaikako bilketa monomaterialetik datozen eta toki-erakunde batek edo Foru Komunitateak papera sailkatzeko edo birziklatzeko zentroetan entregatzen dituen paper-kartoizko ontzi-hondakinek hitzarmenaren IV. eranskineko MBZTak izanen dituzte erreferentzia gisa.

15.2. Hondakinak bereizteko/tratatzeko instalazioetan berreskuratutako ontzi-hondakinek hitzarmenaren IV. eranskineko MBZTak bete beharko dituzte.

MBZTak betetzen direla egiaztatzeko, Ecoembesek materialen kalitatea kontrolatzeko neurriak hartu ditzake, IV. eranskinean deskribatutako prozedurari jarraikiz. Kalitatea egiaztatzeko mekanismo horiek instalazio guztietan gauzatzen ahalko dira, erakundeak berreskuratzaileak edo birziklatzaileak izendatzeko egin duen aukera gorabehera.

Hondakinak bereizteko/tratatzeko instalazioaren titularra den erakundeak Ecoembesi esleitu badio materialen kudeaketa, eta Ecoembesek izendatutako berreskuratzaile edo birziklatzaile batek desadostasunen bat adierazten badu, IV. eranskineko prozedurari jarraikiz ebatziko da hura.

15.3. Ecoembesek MBZTak aldatzea proposa dezake haiek izandako bilakaera jasotzeko. Bilakaeraren arrazoiak askotarikoak izan daitezke, hala nola hobekuntza teknologikoak, merkatu-premiak, materialen kalitatea, eta material birziklatua txertatzeko helburuen betetze-maila. Aldaketak egiteko, betiere kontuan hartuko dira irizpide teknikoak, zirkulartasunekoak eta operatiboak. Aldaketak Jarraipen Batzordeak adostu eta onartu beharko ditu, IV. eranskinean adierazitakoarekin bat etorriz.

V. KAPITULUA –KONTROLA ETA JARRAIPENA

16. artikulua. Kontrola eta jarraipena Foru Komunitatearen eta toki-erakunde atxikien eskutik.

16.1. Foru Komunitateak eta toki-erakunde atxikiek behar diren kontrol-tresnak jarriko dituzte eragiketa guztiak behar bezala gauzatzen direla eta egokiro dokumentatuta egiten direla ziurtatzeko, eta, zehazki, Ecoembesen ekarpen ekonomikoa kalkulatzeko oinarri diren elementuen baliozkotasuna ziurtatzeko. Era berean, hartu beharreko neurri zuzentzaile guztiak hartuko dituzte eragiketa horien esparruan desbideratzeak edo ez-betetzeak antzemanez gero, eta hitzarmen honen betearazpenean eragina duen gorabehera ororen berri emanen diote Ecoembesi.

16.2. Zehazki, Foru Komunitateak eta toki-erakunde atxikiek konpromisoa hartzen dute dokumentu hauek betetzeko edo, hala badagokio, beren operadoreei eta birziklatzaile, berreskuratzaile edo balorizatzaileei betearazteko: identifikazio-dokumentuak eta artxibo kronologikoko datuak; eta, material-transakzio bakoitzerako, eta indarrean dagoen araudiari jarraikiz, hondakinak behar bezala kudeatzen direla egiaztatzen duten dokumentuak, birziklatze efektiboaren ziurtagiria eta kudeaketa-memoria barne.

16.3. Foru Komunitateak eta toki-erakunde atxikiek, beren eskumenen esparruan, konpromisoa hartzen dute ontzien gaikako bilketa-sistemak kontrolatzeko eta babesteko tresnak abian jartzeko, zerbitzu horiek emateko izendatu ez diren agenteen interferentziarik eza bermatze aldera. Horrelako inguruabarren bat gertatuz gero, Jarraipen Batzordean informazio nahikoa lortzeko neurriak adostuko dira, egoera horrek helburuen betetze-mailaren jarraipenari eragin ez diezaion.

16.4. Era berean, Foru Komunitateak eta toki-erakunde atxikiek konpromisoa hartzen dute IV. eranskinean deskribatutako jarraipen-prozedura operatiboak aplikatzeko behar diren bitarteko guztiak jartzeko, bai eta Ecoembesi edo hark kontratatutako enpresari horretarako behar diren eragiketak egiten laguntzeko ere.

17. artikulua. Jarraipena Ecoembesen eskutik.

17.1. Ecoembesek behar diren mekanismoak jarriko ditu abian, hitzarmen honen esparruan gauzatutako eragiketa guztiak egokiro egiten direla ziurtatzeko. Horretarako, Foru Komunitateak eta toki-erakunde atxikiek ahalbidetu eta erraztu eginen diote Ecoembesi paragrafo honetan aurreikusitako jarduketak gauzatzea, eta, hala badagokio, jardueretako bakoitza garatzen duten enpresei helaraziko diete konpromiso hori. Jarraipena dokumentuak egiaztatzekoa nahiz jardueren garapena egiaztatzekoa izan daiteke, IV. eranskineko jarraipen-prozedurena barne. Jarduketa horiek Ecoembesek berak zuzenean egiten ahalko ditu, edo hark kontratatutako enpresen bidez eginen dira, eta ahalik eta gutxien oztopatu beharko dute jardueren garapena.

17.2. Zehazki, Ecoembesek neurriak ezartzen ahalko ditu egiaztatzeko ezen instalazioetako irteera-fluxuak, hautatutako materialei dagokienez, koherenteak direla instalazioetako sarrera-fluxuekin, kontuan hartuta sarrerako fluxuen konposizioa, instalazioetako teknologia eta material-mota bakoitzerako aurreikusten den berreskuratze-errendimendua. Horretarako, Ecoembesek in situ azterketak egin ditzake instalazioetan. Zehazki, bi tratamendu-lerro dituzten instalazioek (bata ontzi arinetarako eta bestea errefuserako) materialen fluxuak erabat bereizita dituztela egiaztatuko da, bai harreran, bai prozesuan, bai azken biltegiratzean, harik eta berreskuratzaileak/birziklatzaileak erretiratzen dituen arte. Halaber, neurri espezifikoak ezartzen ahalko dira transferentziaguneetako sarrera- eta irteera-fluxuen koherentzia egiaztatzeko.

17.3. Jardueraren titular den erakundeak edo operadoreak jarritako eragozpenengatik edo haien arteko lankidetzarik ezagatik ezin badira gauzatu jarraipen-prozedurak, eta horretarako arrazoi justifikaturik ez badago, jakinarazpena egin eta hiru hilabete igaro ondotik, Ecoembesek eragiketei lotutako ordainketak atxikitzen ahalko ditu, eta inguruabar horren berri emanen dio Jarraipen Batzordeari. Eragozpenek bere horretan jarraitzen badute inolako arrazoirik gabe, erakunde horrek ez-betetze larria egin duela ulertuko da hitzarmena desegitearen ondorioetarako.

17.4. Ecoembesek Foru Komunitatearen esku jarriko du, hark hala eskatuz gero, lurralde-eremuko toki-erakundeetatik eskuratzen duen informazioa, kapitulu honetan xedatutakoa gauzatzeko egiten dituzten jarduketei dagokienez.

17.bis artikulua. Bilakaera teknologikoak baliatzea.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean gertatzen den bilakaera teknologikoak aukera eman dezake Ecoembesen ekarpen ekonomikoa kalkulatzeko oinarri diren elementuen kontrol- eta jarraipen-mekanismoak sinplifikatzeko, EEHSKaren eremuko kudeaketa-eragiketen egiaztapena errazteko, eta materialen trazabilitatea eta EEHSKaren funtzionamenduari buruzko informazioaren kalitatea hobetzeko.

Foru Komunitateak, toki-erakundeek eta Ecoembesek konpromisoa hartzen dute Ecoembesek xede horretarako beren eskura jartzen dituen tresna teknologikoak eta prozedura elektronikoak baliatzeko. Halaber, konpromisoa hartzen dute tresna eta prozedura horien inplementazioa eta erabilera beren operadoreei eta birziklatzaile, berreskuratzaile edo balorizatzaileei helarazteko.

VI. KAPITULUA.–AZKEN XEDAPENAK

18. artikulua. Indarrean sartzea eta iraupena.

Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak, eta lau urteko indarraldia izanen du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 89.h artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe hura aldez aurretik suntsiarazteko aukera, hurrengo artikuluan aipatzen diren arrazoiengatik.

Hitzarmen honetan arautzen diren finantza-erantzukizunak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

Hitzarmenaren indarraldia akitu ondotik alderdiek ez badute hitzarmen berri bat sinatzeko akordiorik lortu, hitzarmen honetan xedatutako baldintzak aldi baterako aplikatzen jarraituko dira, Errege Dekretuaren 33.4 artikuluan araututako arbitraje-laudoa ematen arte. Laudo horrek ez du inola ere izanen atzeraeraginezko ondoriorik.

19. artikulua. Hitzarmena aldez aurretik suntsiaraztea eta desegitea.

Hitzarmen hau kausa hauengatik suntsiaraziko da:

1. Hitzarmenaren iraupenerako finkatuta dagoen epea igaro egin delako.

2. EEHSKaren baimena eten, iraungi edo ezeztatu egin delako.

3. Aldeek ados jarrita hala erabakita.

4. Aldeetako batek modu larrian urratu dituelako hitzarmen honetatik eratorriak diren eta bere gain hartu dituen betebeharrak.

5. Indarreko arau-esparruan aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik, alderdietako edozeinek eskatuta.

20. artikulua. Suntsiaraztearen ondorioak.

Aurreko atalean ezarritako prozedurari jarraikiz hitzarmen hau suntsiarazteko eskatzen den unean zerbitzuak eraginkortasunez eman direla behar bezala egiaztatzen bada, eta zerbitzu horiek ordaindu gabe badaude, Ecoembesek konpentsazio sortua ordaindu beharko dio Foru Komunitateari edo toki-erakundeari.

21. artikulua. Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen honetan aldaketaren bat egiten bada (baimendutako EEHSK berri baten atxikipena ez dena), aldez aurretik atxiki gabeko toki-erakunde bat atxikitzen bada, kudeaketa-modalitatea aldatzen bada (hitzarmen honetan itundutako aldaketa-aukeren barruan) edo testuan jasotako beste edozein prozesu operatibo aldatzen bada, inguruabar hori alderdien aho bateko akordio bidez onartu, eta eranskin gehigarri batean jasoko da. Eranskin hori hitzarmenaren testuaren zati banaezin gisa txertatu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

EEHSKari emandako baimenaren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, eta aldaketa horrek hitzarmen honen xedapenei eragiten badie, alderdiek eranskin baten bidez gehitu beharko dute aldaketa hori hitzarmenean.

Era berean, legezko xedapen batek edo erabaki judizial batek hitzarmen honen betearazpena aldatzea ekar badezake, alderdiek konpromisoa hartzen dute beste alderdiari horren berri berehala emateko, eta behar diren neurri guztiak hartzeko hitzarmena betearazten jarraituko dela ziurtatze aldera, betiere kasuan kasuko legezko xedapenean edo erabaki judizialean aurreikusitako baldintzetan eta epeetan. Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute antzeko klausula bat sartzeko beren hitzarmenetan edota hirugarrenekin dituzten kontratuetan.

Alderdiek adostu dute kostuei buruzko azterlan independenteak edo txosten teknikoak egiteko beharra justifikatzen duten inguruabarrak daudenean, eta, ondorioz, hitzarmen honetan ezarritako baldintzaren bat aldatu behar denean, egoera hori hitzarmena berrikusteko arrazoi izanen dela. Kasu horretan, alderdiek konpromisoa hartzen dute negoziazio-aldi bat irekitzeko, kasuan kasuko aldaketei buruzko adostasuna lortze aldera, eta aldaketok dagokion eranskinaren bidez txertatzeko. Eranskin hori idatziz egin beharko da, eta bi alderdiek sinatu beharko dute.

Azkenik, Ecoembesek beste autonomia-erkidego batzuekin hitzarmen honen xede bererako hitzarmenak sinatzen baditu, eta hitzarmen horietan hemen itundutakoak baino baldintza onuragarriagoak adosten badira autonomia-erkidego edo toki-erakunde atxiki horientzat, alderdiek adostuko dute hitzarmenari klausula analogoak gehitzea, eranskin gisa, baldintza horiek berdindu ahal izateko, baldin eta Foru Komunitateko kudeaketa-sarearen izaerak edo ezaugarriek horretarako aukera ematen badute.

22. artikulua. Jarraipen Batzordea.

Alderdiek erabaki dute Jarraipen Batzorde baten esku uztea hitzarmen honetan berariaz ebatzi edo ezarri ez diren gaiak, bai eta hitzarmen hau interpretatzeari eta gauzatzeari buruzkoak ere. Hauek osatuko dute Jarraipen Batzordea:

  • Nafarroako Gobernuaren bi ordezkari. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularrak izendatuko ditu ordezkariak, eta haietako bat izanen da presidentea.
  • Hitzarmenari atxikitako toki-erakundeen 2 ordezkari, toki-erakundeek berek aukeratutakoak.
  • Ecoembesen 2 ordezkari; haietako bat izanen da idazkaria.

Hitzarmenari EEHSK gehiago atxikitzen bazaizkio, alderdiek Jarraipen Batzordearen osaera berrikusteko konpromisoa hartzen dute.

Kideek beren aholkulari teknikoen, kontularien edo aholkulari juridikoen laguntza jaso dezakete.

Batzordearen helburua izanen da sortu daitezkeen gorabeheretan adostasunean oinarritutako soluzioak lortzea, eta, hala badagokio, hitzarmen honen egokitzapenak eta aldaketak adostea.

Batzorde horrek, era berean, toki-erakundeen parte-hartzea bideratzeko balioko du, hitzarmena aplikatzean sortu daitezkeen gorabehera guztiak bertan planteatzen ahalko baitituzte.

Jarraipen Batzordea hitzarmen hau sinatu bezain laster eratuko da, eta alde bakoitzak bere ordezkariak zein diren jakinarazi beharko die beste aldeei, hitzarmena sinatu eta bi asteko epean.

Edozein alderdik eskatuta bilduko da Jarraipen Batzordea. Hitzarmena gauzatzean gorabehera larriren bat gertatzen bada, alderdietako edozeinek deitzen ahalko du batzordearen presako bilera berezi bat, eta alderdi deituak gehienez ere 15 eguneko epean erantzun beharko du. Bilera gehienez ere hilabeteko epean egin beharko da, deialdia jasotzen den egunetik zenbatzen hasita. Alderdi deituak epe horretan erantzuten ez badu edo, bilera berezia egin ondotik, alderdiek ez badute adostasunik lortzen hizpide den gaiari buruz, hirugarren baten esku-hartze erabakitzailea hitzar daiteke. Hirugarren horrek ebazpen bat emanen du, eta alderdiek onartu eginen dute. Ebazpen horrek Arbitrajeari buruzko 60/2003 Legean adierazitako ondorioak izanen ditu.

Batzordearen bileren akta idatziko da. Akta hori idazkaritzak eginen du, eta bertaratuek onartu beharko dute.

23. artikulua. Ordaintzeko dauden konpromiso ekonomikoetarako araubide iragankorra.

Toki-erakundeek edo, hala badagokio, Foru Komunitateak, hitzarmen hau sinatzen denetik 6 hilabetera arteko epea izanen dute zerbitzuetatik eta beste jarduketa batzuetatik eratorritako fakturak aurkezteko. Epe hori igaro ondotik, iraungitzat joko dira Ecoembesek data horren aurretik zituen konpromiso ekonomikoak.

24. artikulua. Jurisdikzio eskuduna.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du; beraz, antolamendu juridiko-administratiboaren arabera interpretatu eta garatuko da, eta, gatazkarik izanez gero, alderdiak berariaz jarriko dira administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende.

25. artikulua. Alderdi batzuek hitzarmena ez betetzea.

Jarraipen Batzordearen bitartez, Ecoembesek ontzi-hondakinen bilketan eta ontzi arinak hautatzeko instalazioetako tratamenduan gerta daitezkeen gorabeheren erregistroa eta jarraipena bideratuko ditu –betiere, gorabehera horiek hitzarmen honetako alderdiek beren gain hartutako betebeharrei eragiten badiete–, konponbide bat lortze aldera.

Nolanahi ere, aldeetako batek bere gain hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, hitzarmena suntsiarazten ahalko da, 19. artikuluari jarraikiz.

26. artikulua. Hasierako sinatzailea ez den EEHSK baimendu batek hitzarmena sinatzea.

Ontzi-hondakinen eremuan baimendutako beste EEHSK batzuk ere hitzarmen honi atxikitzen ahalko zaizkie, hitzarmen honen hasierako sinatzaileak ez izan arren.

Ontzi-hondakinen eremuan baimendutako EEHSKek, baldin eta hitzarmen honen hasierako sinatzaileak ez badira, eskaera-idazki bat aurkeztu beharko diote Nafarroako Gobernuari hitzarmen honi atxiki ahal izateko. Idazki horren bidez, berariaz beren gain hartzen dute hitzarmenetik eratorritako konpromiso guztiak betetzeko ardura, bereziki ekonomikoak. Nafarroako Gobernuak horren berri emanen die hitzarmenaren parte diren EEHSK guztiei eta toki-erakunde atxiki guztiei.

Atxikitzea formalki gauzatzeko, eranskin bat sinatuko dute hitzarmena sinatua duten alderdiek eta EEHSK berriak. Eranskin horretan zehaztuko dira sartu berri den EEHSKak bere erantzukizunei eta merkatu-kuotari aurre egiteko bete behar dituen baldintzak eta epeak, eta EEHSK berriak Jarraipen Batzordean izanen duen ordezkaritza zehaztuko da. Eranskina sinatu izana hitzarmena iragarri zen aldizkari ofizial berberetan argitaratuko da.

Eta aurreko guztiarekin ados egotearen frogagarri, bi alderdiek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

AKORDIOAREN ERANSKINAK

Deskargatu eranskinak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2513366