225. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Aldaketa, U.I. XV (Maristak) unitate integratuko 292. oinarrizko unitatearen hiri-jarduketarako plan bereziaren hirigintzako araudi partikularraren 16. eta 17. artikuluetan. Hasierako onespena

Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko urriaren 23an, honako erabaki hau hartu zuen:

JOB 23-OCT-25 (2/UV).

Iruñeko Udalak, 2021eko maiatzaren 6ko osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen XV. unitate integratuko (Santa María la Real-Maristen ikastetxea) ZER-1 jarduketa unitateko 292. oinarrizko unitatearen hiri-jarduketarako plan berezia. Erabaki hori 2021eko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 28an. Hiri-jarduketarako plan berezi horren xedea zen, lehenbizi egiturazko aldaketa bat egitea Udal Planean, zuzkidura pribaturako erabilera (ikastetxea) ezabatzeko eta, ondoren, erabilera berriaren (bizitegi-erabilera kolektiboa) hirigintza-antolamendua arautzea.

Maristas I etxebizitzen kooperatibak honako hau aurkeztu du, izapidetu dadin: "Aldaketa, U.I. XV (Maristak) unitateko 292. oinarrizko unitatearen hiri-jarduketarako plan bereziaren hirigintzako araudi partikularraren 16. eta 17. artikuluetan".

Aldaketa partzial horren xedea da beste idazketa bat ematea hiri-jarduketarako plan bereziaren hirigintza araudiaren 16. eta 17. artikuluei, ezartzeko zer baldintza beharko diren etxebizitza libreen lehen okupazioko lizentziak emateko nahiz eta oraindik eman gabe egon etxebizitza babestuak lehen aldiz okupatzeko lizentziak; hori guztia, behin bermatuta etxebizitza babestuen exekuzioa eta zuzkidura-espazio eta urbanizazio-lan guztien exekuzioa eta lagapena.

Kontuan hartuta proposatutako aldaketaren xedea eta bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa, ikusi da hirigintza-dokumentu honek ez duela behar ingurumen-ebaluazio estrategikorik, ez baitira aplikatzekoak artikulu horretan ezarritako baldintzak.

Dokumentua aztertuta, ikusi da formalki nahikoa dela hasierako izapideak egiteko. Dena den, behin betiko onetsi aurretik, Udaleko Hirigintza Gerentziak 2025eko urriaren 17an sinatutako txosten teknikoan ezarritako baldintzetara egokitu beharko dira dokumentuak eta edukia, eta kontuan hartu beharko dira, orobat, jendaurreko informazio aldiko emaitzak eta espedienteari gerora erantsiko zaizkion txosten sektorialak.

Espedientean sartuta daude Udaleko Hirigintza Gerentziako arkitektoaren eta legelariaren txostenak (biak daude sinatuta 2025eko urriaren 17an).

Bat etorriz Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuraren idazkari nagusiak adierazitakoarekin eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 127.1d) artikuluan ezarritakoarekin (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), Tokiko Gobernu Batzarraren eskumena da "planeamendu orokorra garatzen duten tresnak onestea, Osoko Bilkurari ez dagozkionean, baita hirigintza kudeatzekoak eta urbanizazio proiektuetakoak ere".

Horiek horrela, honako hau erabaki da:

1. Hasiera batez onestea, adierazitako moduan, U.I. XV (Maristak) unitate integratuko 292. oinarrizko unitatearen hiri-jarduketarako plan bereziaren hirigintzako araudi partikularraren 16. eta 17. artikuluak aldatzeko dokumentua, Maristas I etxebizitzen kooperatibak sustatuta. Dena den, erabaki honetan aipatutako txosten teknikoan jasota dauden determinazioak sartu beharko dira.

2. Agiria hilabetez edukitzea jendaurrean eta entzunaldia ematea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 72. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina). Epe horretan, egokitzat jotzen diren alegazio idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzea, eta hari buruzko iragarkiak paratzea Nafarroako Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan, eta adieraztea epea zenbatzen hasiko dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

4. Agintzea espedientea ikusgai egon dadila Udaleko Hirigintza Gerentziako bulegoetan (Armada etorb. 2, 6. sol., 31002 Iruña), jendearentzako orduetan, bai eta Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan ere (https://www.pamplona.es/eu/udala/araudia/normativa-en-tramitacion).

5. Erabaki hau eta espedienteari erantsitako txostenak jakinaraztea entitate sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 23an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2513850