Iragarkia
224. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
103E/2025 FORU AGINDUA, urriaren 13koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako mankomunitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, kirol jarduera fisikoko programak susta ditzaten 2025-2026 aldian. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 862116.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 33.a) artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduera fisikoa eta kirola sustatuko ditu, beste neurri batzuen artean, laguntza eta dirulaguntzen araubide baten bidez.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak (NKJFI), Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren bitartez, laguntza horien bidez jarduera fisikoak eta kirol jarduerak sustatzeko eginkizuna du, Nafarroako gizarte osoaren eta, bereziki, premia handiena duten kolektiboen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jarriz toki entitateen eta beste entitate batzuen eskura.
Ildo horretan, deialdi honen bidez, mankomunitateek kirol jarduera fisikoko programak antola ditzatela sustatu nahi da, baliabideen aprobetxamenduaren, kokapen geografikoaren, biztanleriaren eta toki entitatearen antzeko inguruabar berezien plangintza orekatuari erantzuten diotelako, toki entitate izaera baitute. Beraz, 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluan jasotako a), f) eta q) helburuak betetzen laguntzen da zuzenean, hots:
a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten.
f) Ahaleginak egitea kirol jardueren praktika heda dadin Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osora.
q) Kirol arloko koordinazio, lankidetza eta kooperazio arduratsua bultzatzea administrazio publikoen artean, bai eta administrazio horien eta Foru Komunitatean kirolaren sustapenean eta garapenean inplikaturik dauden beste erakunde publiko edo pribatu batzuen artean ere.
Gaur egun 6 mankomunitate daude eratuta Nafarroan, zeinek foru lurralde osoan ematen baitute kirol zerbitzua: Areso, Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitatea, Hego Nafarroako Kirol Mankomunitatea, Sakanako Kirol Mankomunitatea, Izarbeibarko Kirol Mankomunitatea, Erdialdeko Kirol Mankomunitatea eta Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Mankomunitate horietan, udalak eta kontzejuak biltzen dira eskualdeko biztanleei zerbitzuak emateko, besteak beste kirol zerbitzuak; izan ere, bestela, herritar horiek ez lukete halako zerbitzuak jasotzeko modurik izanen, ez baitago horretarako baliabide materialik eta giza baliabiderik.
Horregatik, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak kirol jarduera fisikoko programen garapena sustatu nahi du, Nafarroako mankomunitateei zuzendutako dirulaguntza-deialdi bat onetsiz, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean garatutako kirol jarduera fisikoko programak sustatzeko.
Urte anitzeko konpromisoa da honakoa, Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.1 artikuluan jasotzen den moduan, baina ez da beharrezkoa aldez aurretik Gobernuaren erabaki baten bidez baimentzea; izan ere, deialdi honi aurre egiteko gastua, 217.320 eurokoa, 600.000 eurotik beherakoa da (13/2007 Foru Legearen 40.6 artikulua).
Ondorioz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidaten ahalmenak baliatuz,
AGINTZEN DUT:
1. Mankomunitateei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat onestea, kirol jarduera fisikoko programak susta ditzaten 2025-2026 aldian.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu eta baimendu dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4609-336100: Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak | 2025 | 97.320,00 |
A50002-A5100-4609-336100: Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak | 2026 | 120.000,00 |
4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko urriaren 13an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da behar den araubidea ezartzea Nafarroako mankomunitateei dirulaguntzak emateko, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte kirol jarduera fisikoko programak susta ditzaten.
1.2. Herritar guztiei zuzendutako kirol jarduera fisikoko programak izanen dira diruz lagungarriak, baldin eta kirol zuzendarien eginkizunak betetzen dituzten langileak dituzten mankomunitateek antolatzen badituzte (eginkizun horiek Nafarroan Kirol Lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen 6. artikuluan ezarrita daude).
1.3. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:
–1.2 oinarrian aipatzen diren eginkizunak betetzen dituzten langileei zuzendutako prestakuntza jarduerak, hezkuntza arloan edo beste arlo batzuetan garatzen direnak, kirol teknikarien ikastaroak esate baterako.
–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren (NKJFI) beste deialdi espezifikoago batzuetan sartzen diren kirol jarduerak eta jarduera fisikoak.
–1.2 oinarria betetzen ez duten mankomunitateak.
2. Helburua.
Dirulaguntza erabiliko da hein batean berdintzeko kirol jarduera fisikoko programak sustatzeak ekarritako defizita, betiere programa horien titulartasuna mankomunitateari badagokio eta 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte egiten badira.
3. Aurrekontu-kreditua.
3.1. Deialdi honi aurre egiteko, 217.320 euro erabiliko dira guztira, eta honela egotziko dira:
- 97.320 euro 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4609-336100 partidaren kargura, 2025eko urriaren 1etik azaroaren 30era arte egiten diren jardueretarako.
- 120.000 euro 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko irailaren 30era arte egiten diren jardueretarako.
3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua honako multzo hauetan banatuko da:
a) 97.320 euro, 2025eko urriaren 1etik azaroaren 30era arte gauzatzen den programarako.
- 30.000 euro, kirol zuzendariaren eginkizunak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak ordaintzeko, bakar-bakarrik.
- 67.320 euro, jardueren garapenarekin lotutako gastu diruz lagungarriak ordaintzeko, aurreko ataleko gastuak kenduta.
b) 120.000 euro, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko irailaren 30era gauzatzen den programarako:
- 60.000 euro, kirol zuzendariaren eginkizunak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak ordaintzeko, bakar-bakarrik.
- 60.000 euro, jardueren garapenarekin lotutako gastu diruz lagungarriak ordaintzeko, 3.3 ataleko gastuak kenduta.
Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egokia eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
4. Onuradunen betebeharrak.
4.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzak jaso ditzakete 1.2 oinarriari jarraikiz kirol jarduera fisikoak egiten dituzten Nafarroako mankomunitateek.
4.2. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
–Oinarri honetan biltzen den dirulaguntza jasotzeko kirol zuzendariaren eginkizunak betetzen dituen pertsona kualifikatu bat izatea. Eskaeran (II. eranskina) pertsona horren datuak jasoko dira, eta adieraziko da lanaldiaren zenbat denbora eskaintzen dien jarduera diruz lagungarriei.
–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Eskaerarekin batera (II. eranskina), Gizarte Segurantzarekiko eta Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztuko dira. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko. Datu horiek kontsultatzeko baimenik ematen ez bada, datuok eman beharko dira.
–Eskatzailea ezin izanen da egon zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik.
–Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.
–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.
–Diruz lagundutako programak aurrera eramateko eginkizunen bat betetzen duten langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.
–Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.
5. Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, betiere programatutako jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta egiten badira horiek egiteko ezarritako epealdian:
a) Kirol zuzendariaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Bere lanaldiaren barrenean programako jarduerak antolatzen, kontrolatzen eta garatzen ematen duen denborari dagokion gastua egotziko da.
b) Kirol monitoreen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean jarduera diruz lagungarrietan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.
c) Kirol kudeaketako enpresekin egindako zerbitzu kontratuen gastuak, kirol klubekin sinatutako kontratu edo hitzarmenenak (azken horietan, langileak klubak kontratatu baldin baditu) edo langile autonomoekin egindako kontratuenak, programako jarduerak garatzeko.
d) Diruz lagundutako programako kirol jarduera fisikoak ematen dituzten langileei lehen sorospenetan prestakuntza emateko gastuak.
e) Programako kirol jarduera fisikoetan parte hartzen dutenen joan-etorriak, mankomunitatearentzat gastua ekartzen badute.
f) Programako jardueretarako osasun arloko laguntza zerbitzua kontratatzearen gastuak.
g) Programako jarduerak egiteko kirol instalazioak erabiltzeak ekarritako gastuak.
h) Programako jardueren aseguru polizak.
i) Programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria erostea.
j) Programako jardueren publizitatea.
k) Programako online jarduerak aurrera eramateko programen edo aplikazio informatikoen gastuak. Atal honetatik kanpo geratzen dira ordenagailuak, tabletak eta antzeko ekipamendu informatikoak.
l) Programako kirol jarduera fisikoetan ematen diren trofeoen gastuak, jarduera horiek lehiaketa gisakoak direnean eta, betiere, 8 urtetik gorakoentzat badira.
6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.2. Dirulaguntzen eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
6.3. Dirulaguntzen eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
7. Mankomunitate eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta dokumentazioa.
Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:
1. Eskabide-orria (II. eranskina), 4.2 oinarriari dagozkion adierazpenak eta baimenak jasotzen dituena (ezinbestekoa da ziurtatzea entitateak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekiko betebeharrak, bai Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari kontsulta egiteko baimena emanez, bai eskaerarekin batera ziurtagiriak aurkeztuz).
Gainera, programak hedatzean Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala erabiltzen dela justifikatzen duten dokumentuak edo estekak erantsi beharko dira.
2. Jarduerak eta monitoreak (III. eranskina).
–1. fitxa. Jarduera arruntak. 1. epealdia eta 2. epealdia.
–2. fitxa. Jarduera estrategikoak. 1. epealdia eta 2. epealdia.
–3. fitxa. Zuzendutako jardueretako monitoreen zerrenda.
3. Aurrekontua (IV. eranskina).
–A fitxa. 1. multzoko aurrekontua (8. oinarriaren arabera, kirol zuzendariaren eginkizunak betetzen dituzten langileak).
–B fitxa. 2. multzoko aurrekontua (8. oinarriaren arabera).
Aurrekontu bat aurkeztuko da epealdi bakoitzeko.
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
8. Dirulaguntza ematea: epealdiak, multzoak eta jarduera motak.
8.1. Dirulaguntza emateko, oinarritzat hartuko dira epealdiak, multzoak eta mankomunitate bakoitzaren programan sartutako kirol jarduera fisikoen kopuruaren arabera lortutako puntuak.
8.2. Epealdiak:
–1. epealdia (2025eko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egiten diren kirol jarduera fisikoak).
–2. epealdia (2025eko abenduaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte egiten diren kirol jarduera fisikoak).
8.3. Epealdi bakoitzean bi multzori emanen zaie dirulaguntza, bakoitzak bere portzentajeak eta diru kopuruak ezarriak dituela:
–1. multzoa: kirol zuzendarien eginkizunak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak.
- Lehen epealdian gastuaren %100 ordainduko da, baina gehienez ere 5.000 euro mankomunitate bakoitzeko.
- Bigarren epealdian gastuaren %100 ordainduko da, baina gehienez ere 11.220 euro mankomunitate bakoitzeko.
2. blokea: kirol jarduera fisikoak gauzatzeko gastuak.
- Lehen epealdian gehienez ere 10.000 euro ordainduko dira mankomunitate bakoitzeko.
- Bigarren epealdian gehienez ere 10.000 euro ordainduko dira mankomunitate bakoitzeko.
8.4. Jarduera motak eta bakoitzaren balioa:
A) Kirol jarduera fisiko arruntak: 1 puntu jarduera bakoitzeko.
Hemen sartzen dira herritar guztiei, oro har, eskaintzen zaizkien kirol jarduera fisikoak, haien iraupena kontuan hartu gabe eta non egiten diren adierazita.
Jarduera bat talde batean baino gehiagotan egiten denean, kontuan hartu gabe non egiten den, jarduera desberdin gisa kontabilizatuko dira, betiere talde bakoitzak bere monitorea badu.
Atal honetan ezin izanen dira sartu jarduera estrategikoak.
B) Kirol jarduera fisiko estrategikoak: 1,25 puntu jarduera bakoitzeko.
Bakar-bakarrik sartzen dira berdintasuna, inklusioa eta gisa bereko balioak sustatzen dituzten kirol jarduera fisikoak, esaterako hauek:
–Pertsona eta kolektibo kalteberei zuzendutako jarduerak (gizartetik baztertuak egoteko arriskuan dauden pertsonak, migratzaileak...).
–Gazteei zuzendutako jarduerak (14 eta 30 urte bitarteko neska-mutilak).
–Jarduera irisgarriak (desgaitasuna dutenei zuzendutakoak).
–Bakar-bakarrik emakumeei zuzendutako eta eskainitako jarduerak.
8.5. Diruz lagundutako jardueren alderdi komunak:
5 eta 10 urte bitarteko haurrentzako programazioan, ez da sartzen ahal lehiaketan aritzea eta kirol emaitzaren bat lortzea helburu duen kirol jarduera fisikorik.
9. Dirulaguntzen zenbatekoa.
Honako atal hauek hartuko dira kontuan mankomunitate bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko prozeduran:
9.1. Epealdi bakoitzean, mankomunitateak aurkezten duen kirol jarduera fisikoen programaren arabera baloratuko dira dirulaguntza-eskaerak, jarduera bakoitzari esleitutako puntuak batuz.
9.2. Horrela, mankomunitate bakoitzak puntuazio bat lortuko du, zeinaren bidez lehentasun ordena bat ezarriko baita epealdi bakoitzari dagozkion kopuruak esleitzeko.
9.3. Mankomunitate bakoitzari esleitu beharreko diru-zenbatekoen muga bat ezarriko da aurkeztutako defizitaren eta multzo bakoitzean ezarritako gehieneko diru-zenbatekoen arabera.
9.4. Multzo bakoitzean erabilgarri dagoen kreditua agortzen ez bada, geratzen den saldoa mankomunitate onuradun guztien artean banatuko da, lortutako puntuen proportzioan. Kasu horretan, onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntza osoak gainditzen ahalko ditu 8.3 atalean multzo bakoitzerako ezarritako gehienekoak, baina ezin izanen du inola ere gainditu multzo horietako bakoitzean aurkeztutako defizita, eta ezin izanen du gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 gainditu.
9.5. Epealdi bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzekin batera, ezin izanen da inoiz ere izan diruz lagundutako programaren kostu osoa baino handiagoa aldi bakoitzean.
9.6. Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada gehiegizko finantzaketa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da dirulaguntza.
10. Dirulaguntza emateko prozedura.
Dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.
11. Antolamendua eta instrukzioa.
Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketarako eta instrukziorako organo eskuduna Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da.
12. Ebazpenak.
12.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaie toki entitate onuradunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.
12.2. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespenaren gainean ebatziko da.
12.3. Informazioa zabaltzeko asmoz baino ez, laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan argitaratuko dira.
12.4. Aipatutako epe hori ebazpenik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.
12.5. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, beste horien zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.
12.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.
13. Kirol jarduera fisiko berrietarako eskaera.
13.1. Dirulaguntza emateko ebazpena onetsi ondoren, mankomunitateek, eskabide baten bidez, dirulaguntza eskatzen ahalko dute jarduera berriren baterako, arrunta nahiz estrategikoa, dirulaguntzaren eskaeran aurkeztutako programan ageri direnak ordezteko.
13.2. Mota berekoak behar dute izan jarduera berriak eta horrek ordezkatzen duenak (arrunta nahiz estrategikoa), eta bat etorri iraupenean eta aurrekontuan.
13.3. Egin baino hilabete lehenago gutxienez eskatu beharko dira jarduera berriak.
13.4. Eskaeran zehaztuko da zein den jarduera berria, bai eta zer jardueraren ordez eginen den ere, eta bietan honako hauek zehaztuko dira: izena, herria, iraupena, noiz hasi eta noiz bukatzen den, asteko zer egunetan egiten den eta aurrekontu xehakatua.
13.5. 3 jarduera berri eskatzen ahal dira gehienez.
13.6. Instrukzio organoak (Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza), behar den ofizioaren bitartez, eskaera onartu edo ez onartu erabakiko du, eta onartzeko edo atzera botatzeko arrazoiak emanen ditu.
13.7. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskaera hori onartzen badu ere, ez da handituko dirulaguntzaren zenbatekoa.
14. Justifikazio agiriak.
Bi alditan aurkeztuko dira frogagiriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Bakoitza artxibo batean bereizita aurkeztuko da, bere izenaren bidez behar bezala identifikatuta:
A) 2025eko abenduaren 5era arte (egun hori barne), 2025eko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako kirol jarduera fisikoei dagokienez:
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
–Jarduerak justifikatzeko memoria (V. eranskina).
–Emaitzen kontua (Vl. eranskina). Lehenengo epealdiari dagozkion diru-sarreren eta gastuen zerrenda zehatza.
- A fitxa. Kirol zuzendariaren eginkizunak betetzen dituzten langileak (soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak).
- B fitxa. Monitoreen soldata eta gizarte segurantza, eta jardueren garapena.
B fitxan, dirulaguntzaren xede diren eta ordaindu diren gastuen faktura eta ordainagiri guztien zerrenda xehatua jasoko da (5. oinarriaren arabera).
–Fakturen datak 2025eko urriaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartekoak izanen dira (egun hori barne).
–Faktura guztien ordainketa data 2025eko urriaren 1etik 2025eko abenduaren 5era bitartekoa izanen da (egun hori barne).
Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, mankomunitateko lehendakariaren edo idazkariaren ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, frogatzen duena gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla.
Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, VIII. eranskinaren bidez egiaztatu edo ziurtatu beharko da PFEZ gisa atxikitako zenbatekoen sarrera egin dela Nafarroako Zerga Ogasunean.
Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du epealdi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen dirulaguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2025eko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarteko epealdiarekin.
–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VII. eranskina).
–Hornitzaileak eta kontratazioak hautatzeko inprimakia (VllI. eranskina).
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
B) 2026ko urriaren 9ra arte (egun hori barne), 2025eko abenduaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako kirol jarduera fisikoei dagokienez:
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
–Jarduerak justifikatzeko memoria (V. eranskina). Lehenengo epealdiko justifikazioan entregatutako dokumentu bera bete, eskatutako informazioa gehituz.
–Emaitzen kontua (Vl. eranskina). Bigarren epealdiari dagozkion diru-sarreren eta gastuen zerrenda zehatza.
- A fitxa. Kirol zuzendariaren eginkizunak betetzen dituzten langileak (soldata eta gizarte segurantzako gastuak).
- B fitxa. Monitoreen soldata eta Gizarte Segurantza, eta jardueren garapena.
–2. epealdiko fakturen datak 2025eko abenduaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartekoak izanen dira (egun hori barne).
–1. epealdiko fakturak sartzen ahalko dira, baldin eta 2025eko abenduaren 5etik aurrera ordaindu badira.
–Faktura guztiak ordaintzeko muga-eguna 2026ko urriaren 9a izanen da, egun hori barne.
Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, mankomunitateko lehendakariaren edo idazkariaren ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, frogatzen duena izan direla eta ordaindu direla gastu/faktura horiek.
Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, VIII. eranskinaren bidez egiaztatu edo ziurtatu beharko da PFEZ gisa atxikitako zenbatekoen sarrera egin dela Nafarroako Zerga Ogasunean.
Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du epealdi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen dirulaguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2025eko abenduaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarteko epealdiarekin.
–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VII. eranskina).
–Hornitzaileak eta kontratazioak hautatzeko inprimakia (VIll. eranskina).
Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezan edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaera ezetsi eginen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin.
15. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.
15.1. Frogagiriak 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena.
15.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.
15.3. Lehenengo epealdiari dagokion dirulaguntza 2025eko ekitaldian ordainduko da, eta bigarren epealdiari dagokiona 2026ko ekitaldian.
16. Entitate onuradunen betebeharrak.
16.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte, eta haien aplikazioa agiri bidez frogatuko dute; gainera, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartu eta emanen dituzte.
16.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituztela jakinarazi beharko dute (Vll. eranskina). Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da izan inola ere egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa epealdi bakoitzean.
16.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.
Era berean, mankomunitate onuradunak, egiten dituen kontratazioetan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa bete beharko du.
Inguruabar horiek justifikatzeko VIII. eranskina erabiliko da.
16.4. Behartuak daude egin beharreko jarduera guztietan errespetatzera osasun eta kirol agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, bai eta dirulaguntzen xedeko jarduerak egin bitartean indarrean daudenak ere.
16.5. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
16.6. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari jarraikiz, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren justifikazioa eskabidean aurkeztuko da.
16.7. Programaren garapenari loturiko eginkizunen batean edo bestean aritzen diren langile guztiek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Lege organiko horren 57. artikuluak dio ezen, adingabeekin ohiko kontaktua izatea eskatzen duen edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, ezinbestekoa izanen dela epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inolako deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inolako deliturengatik ere. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.
Diruz laguntzen diren programetan parte hartzen duten toki entitateek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiri hori.
16.8. Toki entitate onuradunek adierazi beharko dute betetzen dituztela Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 48. artikuluan (beherago azaltzen da) ezarritako betekizunak. Adierazpen hori II. eranskinaren bidez eginen da.
48. artikulua:
1. Adingabeekin kirol arloko edo aisialdiko jarduerak egin ohi dituzten entitateek betebehar hauek dituzte:
a) Administrazio publikoek kirolaren eta aisiaren eremuan ezarritako jarduketa protokoloak aplikatzea (Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren jarduketa protokoloa).
b) Monitorizazio-sistema bat ezartzea, bermatzeko betetzen direla adingabeen babeserako protokolo horiek.
c) Babes-ordezkaria izendatzea, harengana jo dezaten adingabeek beren kezkak adierazteko; hura arduratuko da ezarritako protokoloak hedatzeaz eta betearazteaz, bai eta behar diren komunikazioak abiarazteaz ere, haurren edo nerabeen aurkako indarkeria-egoera bat detektatu den kasuetan.
d) Behar diren neurriak hartzea kirola, jarduera fisikoa, kultura edo aisialdia ez dadin izan bazterkeria-une bat, dela adinagatik, arrazagatik, desgaitasunagatik, sexu-orientazioagatik, sexu-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik, dela beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik. Horretarako, lan egin behar da haurrekin eta nerabeekin beraiekin, bai eta haien familiekin eta profesionalekin ere, irain eta adierazpen umiliagarri eta diskriminatzaileen erabilera arbuiatzeko.
e) Halaber, haurrek eta nerabeek beren prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan aktiboki parte har dezaten sustatuko da.
f) Harremanak eta komunikazioa sustatzea eta indartzea kirol erakundeen eta gurasoen (edo tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituztenen) artean.
2. Orobat, entitate horietan lan egiten duten pertsonek, 5. artikuluan aipatutako prestakuntzaz gain, prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeen gaitasunei eta ahalmenei behar bezala erantzuteko, haien kirol inklusiboa sustatu eta garatzeari begira.
16.9. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.
16.10. Programa hedatzeari dagokionez, euskararen presentzia bermatuko da komunikazio guztietan (paperak, inskripzio-orriak, kartelak, hedabideak, megafonia eta publizitate-logoak), oinarri hartuta Nafarroako administrazio publikoetan Nafarroako berezko hizkuntzen erabilera arautzen duen indarreko araudia eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretua, pertsona guztien hizkuntza-eskubideak eta hizkuntza inklusiboaren erabilera bermatzeko, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean oinarrituta.
16.11. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
17. Ez-betetzeak.
17.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
17.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
18. Azpikontratazioa.
18.1. Mankomunitate onuradunek jarduerari ematen zaion dirulaguntzaren %100 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.
18.2. Ezin izanen dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen duten jarduerak, haren edukiari baliorik eransten ez badiote.
18.3. Kontratistek onuradun ateratzen diren mankomunitateen aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera burutzearen erantzukizun osoa.
Onuradun gertatzen diren mankomunitateek hirugarrenekin ituntzen dituzten jardueretan errespetatu egin beharko dira dirulaguntzaren gaineko arauetan ezarritako mugak, gastu diruz lagungarrien izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta baldintza hori betetzearen ardura mankomunitate onuradunari dagokio. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.
18.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduerak egitea, ez osorik ez partez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.
19. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
19.1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
19.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez.
Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektroniko bakarra. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, GHEBa lortzen den helbide berean.
20. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, horiek jakinarazi eta biharamunetik hasita.
21. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Deialdi honen II. eranskinean informazioa eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
22. Aplikatzekoa den legeria.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2513309
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
