224. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2358/2025 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoan liburutegiko kudeaketari izateko 3 lanpostu (B maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko.

Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 26an hartutako erabaki baten bidez (2024ko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 18an), Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2024ko lan publikoaren eskaintza onetsi zen, eta han, besteak beste, liburutegiko kudeaketari izateko 4 lanpostu jaso ziren, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak –Liburutegiko OLko laguntzaile lanpostuari eman zaion izen berria da hori–.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2025eko apirilaren 16an emandako 799/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegiko kudeaketari izateko lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2025eko irailaren 23an emandako 2017/2025 Ebazpenaren bidez, amaiera eman zitzaion liburutegiko kudeaketari izateko lanpostu hutsak (B maila) lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko prozedurari.

2025eko irailaren 23ko 2017/2025 Ebazpen horretan, lanpostu bat esleitu zitzaion lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian zegoen funtzionario bati; hortaz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2024ko lan publikoaren eskaintza onesteko Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 26an hartutako erabakiaren hirugarren apartatuaren azken paragrafoan xedatutakoaren arabera, liburutegiko kudeaketarien deialdiko lanpostu kopurua txikiagoa izanen da.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan liburutegiko kudeaketari izateko 3 lanpostu oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan liburutegiko kudeaketari izateko 3 lanpostu (B maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2025eko urriaren 30ean.–Kudeatzailea, Mar González Paredes.

LIBURUTEGIKO KUDEAKETARI IZATEKO 3 LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan liburutegiko kudeaketari izateko 3 lanpostu (funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak) oposizio bidez betetzea. Oinarri hauen II. eranskinean ageri dira zein diren lanpostuen zenbakiak, baldintzak eta lantokia. Lanpostuak txanda hauetan banatuko dira:

–1 lanpostu txanda librean.

–1 lanpostu igoera txandan.

–1 lanpostu ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandan.

1.2. Izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako bete gabe gelditzen diren igoera-txandako lanpostu hutsak txanda librera pasatuko dira.

Era berean, baldin eta desgaitasunen bat dutenentzako erreserba-txandako lanpostu hutsak bete gabe gelditzen badira izangaiek ez dutelako lortu hautaprobak gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa, dagokien txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.4 artikuluan ezarritako banaketa-ordenari jarraikiz.

Bestalde, igoera-txandan edo desgaitasunen bat dutenentzako erreserba-txandan dauden lanpostu hutsak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda hori gainditu baina lanposturik gabe gelditzen direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak betetzeko, txanda horretako izangaiekin lehian, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, deialdi honen 10.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezteko epea amaitzen den unean 2.1.2 oinarrian eskatzen diren baldintza espezifikoak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak ere txanda libreko lanpostu hutsetara aurkezten ahalko dira, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.

1.3. Halaber, deialdi honen xedea da sartzeko hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.4. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://www.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3&submenu=yes&languageId=100001

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek ere har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: gradua, diploma, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatutako ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian lortutako tituluen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar diren zereginak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

2.1.2. Igoera-txandako izangaientzako baldintza espezifikoak:

Igoera-txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea eta lanpostuz igotzeko erabili nahi den jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste lanpostu finko edo aldi baterako lanpostu batean ari bada lanean.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea.

2.1.3. Desgaitasunen bat dutenentzako erreserba-txandako izangaiek bete beharreko baldintza bereziak:

Desgaitasunen bat duten pertsonentzako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan adierazitako baldintzez gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasun bat izan behar dute ofizialki aitortua.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogei egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9101&blockType=AREAS–SEDE&entity=1096

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Deialdian eskatzen den tituluaren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Tasa ordaintzetik salbuetsita dagoela egiaztatzen duen agiria, 4.2 oinarrian jasotako kasuetan.

c) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen duena ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

d) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9101&blockType=AREAS–SEDE&entity=1096

4.–Tasa.

4.1. Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da.

Tasaren ordainketa telematikoki eginen da eskaera formalizatzen den unean, ordainketa telematikoko sistema seguru baten bidez.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuetsita egoteko arrazoiak egiaztatu ezean, tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du.

4.4. Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea edo deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea.

5.3. Behin-behineko zerrendetan ageri ez diren izangaiek edo behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat egin badute, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8256&block=PTGAS-TRAMS-GRALES–1096&blockType=AREAS–SEDE

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

5.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara daitezela aginduko du.

5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.6. Izangaiak haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7. Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak argitaratuta, interesdunei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko TEKAZEL bat, Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko TEKAZEL bat, Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizioaren garapena.

7.1. Oposizioa 2026ko martxotik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.2. Probak.

7.2.1. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.2.2. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ahal diren egokitzapenak eginen dira hautaprobak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan.

7.2.3. Proben banaketa.

Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.2.3.1. Lehenbiziko proba.

Deialdiaren I. eranskinean ageri den gai zerrendako parte orokorreko eta parte espezifikoko gaiei buruz, test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:

Nota = Erantzun zuzenak –

Erantzun okerrak

k-1

Non:

k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.

Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du, proba hasi baino lehen, oposizioan parte hartzen dutenek zenbat denbora izanen duten proba egiteko; bi ordu gehienez ere.

Proba plika-sistemaren bidez eginen da.

Proba honi dagokion puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere.

Proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

7.2.3.2. Bigarren proba.

Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako parte espezifikoko gaiei buruzko galderak eta/edo kasu teoriko-praktikoak idatziz erantzun beharko dira.

Gehienez ere hiru ordu iraunen du probak.

Proba plika-sistemaren bidez eginen da.

Proba honi dagokion puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere.

Proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

7.2.3.3. Hirugarren proba.

Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako gaiei buruzko kasu praktiko eta/edo teoriko-praktiko bat edo gehiago idatziz ebatzi beharko dira.

Gehienez ere 5 ordu iraunen du probak.

Epaimahaiak ariketak irakurriko ditu, eta, ondoren, dei eginen die izangaiei ariketa irakurri eta defenda dezaten epaimahaiaren aurrean, jendaurreko bilkuran. Ariketa osoa irakurri ondoren, epaimahaiak beharrezkotzat jotzen dituen galdera guztiak eginen ditu, gehienez ere hogeita hamar minutuan, honako hauek zehazteko: zenbateraino den egokia proposatutako irtenbidea eta izangaiak zenbateraino dakizkien I. eranskinean ageri den programako gaiak. Arbel bat edo antzeko elementuren bat erabiltzen ahalko da.

Ariketa honetan, honako alderdi hauek baloratuko ditu epaimahaiak: proposatutako irtenbidearen kalitate teknikoa, sistematika, izangaiak analisirako eta idatzizko eta ahozko adierazpenerako duen gaitasuna, eta programari buruz duen ezagutza.

Proba honi dagokion puntuazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere.

Proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

7.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena modu telematikoan alega dezaten.

7.4. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

8.–Gainditu dutenen zerrenda.

8.1. Azken kalifikazioa probetako puntuazioen batura izanen da.

8.2. Puntuazioetan berdinketarik egonez gero, hirugarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde eginen da, eta, berdinketak jarraitzen badu, bigarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan.

Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean. Zozketaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira.

8.3. Azken proba bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du bakoitzak lortutako kalifikazioekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio ezagutzera, baldintzak egiaztatzeko tramiteak egin ditzan.

9.–Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldia.

9.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko lanpostu hutsen zerrenda, hautaketara deitutako izangaien zerrenda –lanpostu hutsen kopuruaren araberakoa, lanpostu huts horiek hautatzeko duten lehentasunari jarraikiz eta puntuazioaren arabera ordenatua–, eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den hamar egun balioduneko epea.

9.2. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den deialdi honen xede diren lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Epe horretan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaketarik egiten ez duten izangaiek deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdi honen 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, betiere haientzako behar adina lanpostu baldin badaude.

Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.

Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda irekiko izangaien aldean, deialdiaren xede diren lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat dutenen txandako izangaien salbuespena kontuan hartuta.

10.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

10.1. Hautapen-ekitaldia bukaturik, epaimahaiak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izendatu ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Izangaiaren nortasun agiri nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia erkatua.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa.

10.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

10.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

10.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

10.6. Giza Baliabideen Zerbitzuak bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen beste edozein agiri, ez bada deialdiaren xede den lanposturako betekizun eta baldintzak egiaztatzeko agiri bat, proposatutako izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Funtzionario izendatzea, lanpostu hutsa esleitzea eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, liburutegiko kudeaketari izateko lanpostuan aritu daitezen, eta lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituko dizkie.

11.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatutako pertsonak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan ezarritako babesarekin.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko dute izendatuek lanpostuaren jabetza, salbu eta behar bezala egiaztatutako arrazoiren bat badago.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, norbaitek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute une horretan beste administrazio publikoren batean ari delako lanean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da (betiere indarrean den araudian jasoak dauden kasuetan), 10.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

12.1. Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28an emandako erabaki batean xedatutakoari jarraikiz –erabaki horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten ditu–, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrenda.

2) Prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda. Hauek osatuko dute:

a) Hautaketa-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaiek.

b) Hautaketa-prozesuaren lehenbiziko probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortu dutenek.

Hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko dira gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendako izangaiak. Halaber, prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendako ordena osatzeko, lehenbizi, gainditutako proba kopurua hartuko da kontuan, eta, ondoren, gainditutako probetan lortutako puntuazioen batura. Salbuespena izanen da b) letran ezarritako kasua; hori gertatuz gero, lehenbiziko proban lortutako puntuazioari erreparatuko zaio.

Berdinketarik egonez gero, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da.

12.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28ko erabakian ezarri zuena izanen da –Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituena–, une bakoitzean indarrean dagoen idazketarekin.

12.3. Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa; kontratua formalizatzen den unean aurkeztuko da dokumentazio hori.

12.4. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte sarrera-deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, alde batera utzi gabe eskaeran datu faltsuak emateagatik izan dezaketen erantzukizuna.

12.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei lanpostuan eskatzen diren baldintzak aitortzen zaizkienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza baliabideak" atalean.

Hautaketa-prozesuetako izangaiei eta NUPeko langileei eraginen die batez ere datuen tratamenduak. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

Parte orokorra.

1. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. 2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.

2. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko kideen arartekoa.

3. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Irakasle eta ikertzaileak: motak eta araubide juridikoa. Plantilla antolatzeko jarraibideak. Unibertsitateko irakasleen ebaluazioa. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa (sarbidea, administrazio-egoerak, arduraldia eta ordainsariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko prozesua.

4. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileak. Araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutua: funtzionarioen hautaketa; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzeko prozesua; ordainsariak; ordezkaritza-organoak, negoziazio kolektiboa eta lan-baldintzak zehazteko parte-hartzea.

5. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio Publikoen jarduera. Administrazio-egintzak.

6. gaia.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio Publikoen arteko harreman elektronikoak.

7. gaia.–Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Xedapen orokorrak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura. Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitateko ikasketa ofizialak. Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

8. gaia.–Irakaskuntza motak, irakaslana eta ikasketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzko Foru Agindua. Bekak, dirulaguntzak eta salbuespenak. Ikasketa berekiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

9. gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027ko Estatu Plana: kudeaketa-printzipioak, antolamendua, finantzaketa, helburuak eta onuradunak.

10. gaia.–I+G+Bko jarduerak finantzatzeko europar baliabideak. Europako esparru-programak eta eskualdeko lankidetzako INTERREG programa. Europar Batasunaren Horizon Europe programa: edukiak, egitura, tresnak eta parte hartzeko modalitateak.

11. gaia.–Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Foru Legea. Atariko titulua; Xedapen orokorrak: botere adjudikatzaileak, kontratistak, kontratu motak eta araubide juridikoa, kontratazio publikoa kudeatzeko printzipio eta arauak, publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak, kontratuen exekuzioa. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk.

12. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

13. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

14. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. III. kapitulua: eskubide eta betebeharrak. IV. eta V. kapituluak: prebentzio-zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea.

15. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

16. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Parte espezifikoa.

17. gaia.–Liburutegi unibertsitarioak: kontzeptua, eginkizuna eta zerbitzuak. Liburutegi unibertsitarioak, ikasteko eta ikertzeko baliabide zentroak diren aldetik.

18. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren Erregelamendua.

19. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko zerbitzuen antolamendua eta araudia.

20. gaia.–Liburutegien arteko lankidetza. Liburutegi unibertsitarioen arteko lankidetza: Rebiun, Dialnet, Espainiako liburutegien partzuergoak, Unibertsitateen G9 Taldea. NUPeko liburutegiaren parte-hartzea.

21. gaia.–Liburutegi unibertsitarioetako guneak. Plangintza. Guneen erabilera berriak zerbitzu berrietarako. Liburutegia ikaskuntzarako gune gisa.

22. gaia.–Liburutegi unibertsitarioetako ekipamendua eta instalazioak: ikasteko eta taldean lan egiteko gelak, sarrera libreko bilduma eta gordailuak. Ekipamendu informatikoa eta autozerbitzuko sistemak.

23. gaia.–Liburutegi unibertsitarioen kudeaketa eta administrazioa: plangintza estrategikoa, helburuen araberako zuzendaritza eta kalitatearen kudeaketa. Liburutegiko zerbitzuen ebaluazioa eta adierazleak.

24. gaia.–Liburutegiko langileen rol berria, trebetasunak, funtzioak eta konpetentziak. Erabiltzaileekiko komunikazioa.

25. gaia.–Lanaren eta denboraren antolaketa eta plangintza. Talde-lana. Talde baten ezaugarri nagusiak. Lidergoa eta eragina.

26. gaia.–Kudeaketa integratuko sistemak eta liburutegiko zerbitzuen plataformak. Liburutegi unibertsitarioen egungo egoera.

27. gaia.–Liburutegien katalogoak: kontzeptua eta bilakaera. OPACak eta aurkikuntza-tresnak. Katalogo kolektiboak: garapena Espainian.

28. gaia.–Bildumen garapena liburutegi unibertsitarioan. Funtsen aukeraketa eta eskuratzea. Haiek prestatzeko eta mantentzeko irizpideak.

29.gaia.–Liburutegi unibertsitarioetako bilduma bereziak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren funts zaharra eta bilduma bereziak.

30. gaia.–Liburutegi unibertsitarioko baliabide elektronikoak: aukeraketa, kontratazioa, merkaturatze ereduak eta erabiltzeko baimenak. Eraldaketa-akordioak.

31. gaia.–Bilduma inprimatu eta elektronikoen ebaluazioa. Baliabide elektronikoen erabilera: neurtzeko estandar nagusiak (COUNTER, SUSHI proiektua).

32. gaia.–Elkarreragingarritasuna eta estandarrak liburutegi digitaletan: Z39.50, SRU-SRW, OAI-PMH, OpenURL, DOI, eta CrossRef.

33. gaia.–Liburutegi unibertsitarioko bilduma inprimatuak zaindu, kontserbatu eta zaharberritzea.

34. gaia.–Bilduma digitalak digitalizatzea, zaintzea eta kontserbatzea. Espainiako eta nazioarteko jarraibideak. Humanitate digitalak.

35. gaia.–Zientzia irekia Espainiako legerian. Zientziari buruzko Legea eta LOSU. Zientzia irekiari buruzko Espainiako estrategia.

36. gaia.–Sarbide irekiko mugimendua: egungo egoera eta etorkizuna. Sarbide irekiko argitalpenak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko sarbide irekiko politika instituzionala.

37. gaia.–Biltegi digitalak: tipologiak, kudeaketa eta funtzionalitateak. Academica-e: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren biltegi instituzionala. Agregatzaileak: Recolecta, Hispana, Europeana, OpenAire.

38. gaia.–Ikerketa-datuak: datuen kudeaketa eta kudeaketa-planak, berrerabilera eta aipuak, datuen gordailuak, etab. FAIR datuak.

39. gaia.–Web semantikoa liburutegietan: W3Cren gomendioak. Ontologiak. Datu estekatuak eta irekiak.

40. gaia.–Jabetza intelektuala. Espainiako araubide juridikoa. Ondorioak irakaskuntzarako eta komunitate zientifikoarentzat. Copyletft mugimendua. Creative commons lizentziak.

41. gaia.–Dokumentuen analisia. Dokumentuen hizkuntzak: gaien goiburukoak eta tesauroak. Sailkapen bibliografikoak.

42. gaia.–Katalogazioa. Ereduak, katalogazio estandarrak eta kodetzeko formatuak. ISBD. MARC formatua. Katalogaziorako estandar berriak: RDAak.

43. gaia.–Metadatuak. Kontzeptua, kodetzea, asmoa, motak. Duplin Core, METS, PREMIS, Linked data (lotutako datuak), Bibframe.

44. gaia.–Autoritateen kudeaketa: FRAD, FRSAD, VIAF eta SKOS.

45. gaia.–Bibliografia eta aipuak. Aipuetarako datu bibliografikoen normalizazioa. Erreferentzia bibliografikoen kudeatzaileak: Mendeley, Zotero.

46. gaia.–Liburutegi unibertsitarioetako erabiltzaileak: tipologia eta beharrak hautematea. Beharrei aurrea hartzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko zerbitzu-karta.

47. gaia.–Liburutegi unibertsitarioetako zerbitzuak. Zerbitzu presentzialak eta ingurune birtualetako zerbitzuak.

48. gaia.–Liburutegi unibertsitarioetako bilduma fisiko eta elektronikoak eskuratzeko eta kontsultatzeko zerbitzuak. Mailegua eta liburu elektronikoak mailegatzeko plataformak.

49. gaia.–Gizarte Zientzietako eta Zientzia Juridikoetako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

50. gaia.–Zientziako eta Teknologiako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

51. gaia.–Osasun Zientzietako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

52. gaia.–Giza Zientzietako eta Hezkuntzako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

53. gaia.–Liburutegi unibertsitarioetan dokumentu inprimatu eta elektronikoak eskuratzeko zerbitzuak. Erreferentziako zerbitzuak, informazioa zabaltzeko zerbitzuak. Liburutegien arteko maileguak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko gaikako gidak.

54. gaia.–Campus birtualetako zerbitzuak eta material didaktikoak egiteko laguntza. Liburutegiko baliabide eta zerbitzuak hezkuntza-plataforma birtualetan integratzea.

55. gaia.–Liburutegi unibertsitarioetako erabiltzaileen prestakuntza. Informazio-alfabetizazioa (ALFIN). DIGCOMP esparrua. NUPeko informazio gaitasunak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiak ikasteko ematen duen laguntza.

56. gaia.–Liburutegiei aplikatutako irakaskuntzako eta e-learningeko metodologia berriak. Sarbide irekiko hezkuntza-baliabideak: sorkuntza, erabilera eta estandarrak. MOOCS, SPOCS, OpenCourseWare.

57. gaia.–Liburutegi unibertsitarioetako marketina: plangintza, sustapena eta ebaluazioa. Liburutegi unibertsitarioen webak, sare sozialak eta zabalpenerako beste tresna batzuk.

58. gaia.–Irakaskuntzan eta ikerketan erabilitako sare sozialak. Identitate digitala. Online ospea eta ikusgarritasuna. Sare sozial akademikoak: ResearchGate, Academia.edu, LinkedIn. Sare sozial orokorrak eduki zientifikoak komunikatzeko tresna gisa: Facebook, Instagram...

59. gaia.–Liburutegi unibertsitarioetako ikertzaileei eta ikerketaren kudeaketari laguntzeko zerbitzuak. Egile identifikatzaileak: ORCID eta beste identifikatzaile batzuk.

60. gaia.–Komunikazio zientifikoa: bilakaera eta egungo egoera. Gaur egungo edizio zientifiko-teknikoa, argitalpen zientifikoen tipologia. Liburutegi unibertsitarioa argitalpen zientifikoari laguntzeko zerbitzu gisa.

61. gaia.–Bibliometria eta zientziaren ebaluazioa. Datu bibliometrikoen legeak eta iturriak. Altmetrics.

62. gaia.–Ekoizpen zientifikoa unibertsitateetan. Adierazle bibliografiko klasikoak eta metrika alternatiboak. Jakintzaren transferentziaren adierazleak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ekoizpen zientifikoaren ataria. NUPeko ikerketaren behatokia.

63. gaia.–Liburutegia ebaluazio zientifikorako eta ikerketaren finantzaketarako deialdietan laguntzeko zerbitzu gisa. Europako, Espainiako eta autonomia erkidegoetako deialdi eta programa nagusiak. Ikertzaileak eta proiektuak ebaluatzeko irizpideak. Ebaluazio zientifikoan berriki egindako aldaketak. Egiaztatze eta ebaluazio zientifikorako informazio baliabideak.

64. gaia.–AA sortzaileak informazio prozesu, zeregin eta zerbitzuetan duen eragina.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

II. ERANSKINA.–LIBURUTEGIKO KUDEAKETARI IZATEKO LANPOSTUAK (B MAILA)

LANPOSTUA

ZER ATALI ATXIKIA

CAMPUSA

LANALDIA

216

LIBURUTEGI ZERBITZUA / IKERKETA BILDUMEN ATALA

IRUÑEA

A

403

LIBURUTEGI ZERBITZUA / ZERBITZUEN ATALA

IRUÑEA

G

462

LIBURUTEGI ZERBITZUA / IKERKETA BILDUMEN ATALA / ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA BULEGOA

IRUÑEA

G

Iragarkiaren kodea: F2514267