2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALTSASU
Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetutako eskumena bereganatzea
Alkatetzaren ekainaren 28ko 1157/2023 Ebazpenaren bidez (argitaratu zen 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ean), Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetu zitzaizkion alkatearen eskudantzia batzuk.
Hauxe dio 10.1 artikuluak, azaroaren 26ko 40/2015 Legean (lege horrek hizpide ditu herri administrazioen araubide juridikoa eta administrazio prozedura erkidea): "Organo gorenek berenganatu egin dezakete beren mendeko organoek ebatzi ohi dituzten edo delegazio bidez ebatzi beharreko gai baten edo batzuen ardura, arrazoi teknikoek, ekonomikoek, juridikoek edota gizartearen edo lurraldearen aldetikoek hala eskatzen dutenean".
Kasu honetan, komeni da, eraginkortasunari lotutako arrazoiengatik, Alkatetzak beregana dezan Tokiko Gobernu Batzarrak duen eskumena, administrazio-egintza hau emateko. Izan ere, hobe da kide bakarreko organo batek edukitzea eskumen hori, eta, hala, behar ez izatea bilkurarik eratzea eta deialdirik egitea. Eskumena bereganatzearen arrazoia da lehenbailehen argitaratu behar direla, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, berdintasun teknikariaren plaza bat betetzeko deialdiaren oinarriak, eta, hala, plaza hori lehenbailehen betetzea.
Horrenbestez, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 10. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea), apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 artikuluari (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta Toki Erakundeen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduri, zehazki, 43., 44., 45., 114., 118., 120. eta 121. artikuluei (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez),
EBAZTEN DUT:
1. Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetutako eskumena neureganatzea, langileak hautatzeko probak egitearen arloan, honako honen oinarriak onesteko: deialdia, bete dadin aukera-berdintasuneko teknikariaren plaza bat.
2. Ebazpen honen iragarkia igortzea Nafarroako Aldizkari Ofizialera, bat etorriz azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 44.2 artikuluarekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua). Betiere, eskumenen bereganatzea eraginkorra izanen da ebazpen hau sinatu eta biharamunetik.
3. Udalbatzari ematea eskumenen bereganatze honen berri, egiten duen hurrengo osoko bilkuran.
Administrazio-egintza honen aurka, errekurtso hauek jar daitezke:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendu behar baitzaio Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Argitara ematen da, orok jakin dezan.
Altsasun, 2025eko urriaren 27an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.
Iragarkiaren kodea: L2513958