224. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

402E/2025 EBAZPENA, urriaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berrikusten baita Biurrun-Olkozko udal mugartean irina fabrikatu eta merkaturatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Guría SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak martxoaren 31ko 668/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 152E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakiaren bidez; erabaki horretan elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2023ko maiatzaren 16an Guría SAri eskatu zitzaion 2023ko maiatzaren 16a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2019/2031 Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2023ko abuztuaren 2an aurkeztu zuen dokumentazioa.

2025eko martxoaren 28an, ikusirik Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Uren Kalitateko Arloak emandako txostena, uren komisariotzak, ingurumen baimen integratuaren prozeduraren barruan, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi zion jabari publiko hidraulikora egindako isurketei buruzko txostena, zeina aldekoa izan baitzen, hori guztia Guría SAk Biurrun-Olkotzen (Nafarroan) duen ingurumen baimen integratuari dagokionez. Horrekin batera, baldintza batzuk ezarri zituen, ebazpen honetan jasotzen direnak.

Bestalde, abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuak IV. eranskinean ezartzen duenez, errekuntza-instalazio ertainen titularrek, potentzia termiko izendatua 1 MW baino handiagoa eta 20 MW edo txikiagoa badute, gutxienez 3 urtean behin egin behar dituzte kanpo kontrolak (errege dekretu hori errekuntza-instalazio ertainetatik atmosferara egiten diren zenbait agente kutsatzaileren emisioak mugatzeari buruzkoa da, eta haren bidez Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina eguneratu zen).

Aurkezturiko dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakiari.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen III. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea Biurrun-Olkozko udal mugartean irina fabrikatu eta merkaturatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakiari, non teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri baitziren; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Guría SA da.

Bigarrena.–Zentroan dauden errekuntza ertaineko instalazioen gehieneko isurketa-balioak eta monitorizazio-maiztasuna aldatzea, abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuan ezarritakora egokitzearren; izan ere, errege dekretu hori errekuntza instalazio ertainetatik atmosferara egiten diren zenbait agente kutsatzaileren gehieneko emisio mugak mugatzeari buruzkoa da, eta Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina eguneratzen du.

Hirugarrena.–Hondakin urak ur jabari publikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketak une bakoitzean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen baditu. Baimenaren indarraldian zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, halako gorabeherak gertatzen direnean non, lehenago gertatu izan balira, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketen. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketenak. Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea; hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Guría SAri, Biurrun-Olkozko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2513721