224. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

398E/2025 EBAZPENA, urriaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Tuterako udal mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak lortzeko, hidrogel desinfektatzailea ekoizteko eta eskualanoa fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 96E/2021 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 732E/2024 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2024ko azaroaren 4an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, lurrungailuaren hondakin kontzentratuari esleitutako EHZ kodea (gaur egun 190809 EHZ kodea du) aldatu eta, horren ordez, 190814 EHZ kodea esleitzeko eskatu zuen.

Titularrak argudiatu duenez, lurrungailutik datozen EHZ 190809 eta EHZ 190814 kodeak dituzten hondakinek (R1209 kudeaketa-prozesua) ez dute oso deskribapen argia: "lurrungailuaren kontzentratua" eta "lurrungailutik datorren ur frakzioaren soberakina", hurrenez hurren. Horrek ez du aukerarik ematen fisikoki zehazteko zer hondakin dagozkion kode bakoitzari.

Gainera, 190809 EHZ kodea duen hondakinaren izaerari dagokionez ("Ura eta substantzia oliotsuak bereiztean sortutako koipe eta olioen nahasketa, soilik koipe eta olio jangarriak dituena"), ez dator bat sortutako hondakinarekin, hondakina lohi bat delako eta, beraz, 190814 EHZ kodearekin bat datorrelako. "Landare-olioen frakzio ez-destilatua" hondakinaren karakterizazioa erantsi da, hondakinen arloan akreditatutako ikuskapen entitate batek egina.

Aurkeztutako ikuskapen txostenak adierazten duenez, hondakin hori likidoa da, eta honela deitzen dio: "uren tratamendutik datorren lohia, non %70 ura, gatzak eta olio- eta koipe-arrastoak diren". Egindako analisien emaitzak ikusita, proposatzen du hondakinari 190814 EHZ kodea ematea. Hondakin hori neutralizazio- eta lurrunketa-prozesu bat jasaten duten finketa-oreak bikoizteko prozesuko uren tratamendu fisiko-kimikoan sortzen da.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

–Aurkeztutako informazioa ikusita, zerbitzu honek uste du "lurrungailuaren kontzentratua" hondakinari ezin zaiola lohi bati dagokion kodifikazioa esleitu; izan ere, aurkeztutako ikuskapen txostenak adierazten duen bezala, hondakin hori likidoa da, eta, beraz, 161004 EHZ kodea esleitzen zaio ("161003* kodean zehaztutakoez bestelako kontzentratu urtsuak").

Gogorarazten da ezen, EHZ kode bat esleitzeko, hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzen duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren arabera, lehenik eta behin, iturri edo jarduera sortzaileari dagokion kapituluan bilatzen dela (01etik 12ra bitarteko kapituluak edo 17tik 20ra bitartekoak), 99 bukaera duten kodeak izan ezik. Kode egokirik aurkitu ezean, 13., 14. eta 15. kapituluetan bilatzen da, eta, azkenik, 16. kapituluan. Kapitulu horretan ere aurkitzen ez bada, jarduera sortzaileari dagokion kapituluko 99. kodea erabili beharko da.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Tuterako udal mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak lortzeko, hidrogel desinfektatzailea ekoizteko eta eskualanoa fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Oleofat Trader SLri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2513727