1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
363E/2025 FORU AGINDUA, urriaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko funtsezko gutxieneko zerbitzuak, 2025eko urriaren 15eko 00:00etatik aurrera 24 orduz egitekoa den greba dela eta.
Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Grebarako deialdia dela eta, alde batetik, gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko zerbitzua ezin da erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko osasun laguntza behar bezala eman ahal izateko zerbitzu osagarria baita, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen da, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dielako, hala nola pazienteen bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.
Beste alde batetik, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f), 53. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bere gain dituen eskumenak direla eta.
Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honen helburua da, 2025eko urriaren 15ean egitekoa den greba dela eta, gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko zerbitzuei dagozkien funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Argudio horiek ikusita, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea iragarritako grebak dirauen bitartean.
Gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituen azaroaren 13ko 498/1995 Foru Dekretuaren 1. artikuluaren arabera:
"Osasun Garraioaren Sektorean greba egitean, gaixoak garraiatzeko funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuko dira:
a) Ondoren zehazten diren tratamenduetarako, garraioen %100 eginen dira:
–Kimioterapia.
–Erradioterapia.
–Hemodialisia.
b) SOS-NAFARROAk eskatutako larrialdi zerbitzuak ere %100ean eginen dira, eta, beraz, itxaron-baseetako anbulantziek 24 orduz emanen dute zerbitzua.
c) Ondoren zehazten diren zerbitzuak ere %100ean eginen dira:
–Pazienteak kontsulta medikoetara eramatea.
–Ospitaleko altak.
–Pazienteak zentro batetik bestera eramatea."
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, 2. artikuluan, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horietan arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba-deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak behar diren jarduketak egin ditu grebaren deialdia egin duten sindikatuekin. 2025eko urriaren 13an, ASC, Cobas eta Solidaridad Obrera sindikatuek alegatu zuten ez dela gutxieneko zerbitzurik aplikatu behar, zerbitzu horiek greba-eskubidearen aurkakoak baitira, eta ez dutela beharrezkoa ikusten biltzea administrazioek ezarritako inolako gutxieneko zerbitzurik negoziatzeko.
Horrenbestez, kontuan harturik xedatuta dagoena Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. paragrafoan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.2 artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan,
AGINTZEN DUT:
1. 2025eko urriaren 15erako deitutako greba eginen da jarraian zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek mantentzen direla errespetatuz:
Nafarroako osasun garraioaren sektorean, funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuko dira:
a) Ondoren zehazten diren tratamenduetarako, garraioen %100 eginen dira:
–Kimioterapia.
–Erradioterapia.
–Hemodialisia.
b) SOS-NAFARROAk eskatutako larrialdi zerbitzuak ere %100ean eginen dira, eta, beraz, itxaron-baseetako anbulantziek 24 orduz emanen dute zerbitzua.
c) Ondoren zehazten diren zerbitzuak ere %100ean eginen dira:
–Pazienteak kontsulta medikoetara eramatea.
–Ospitaleko altak.
–Pazienteak zentro batetik bestera eramatea.
2. Foru agindu honetan jasotako funtsezko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresan horretarako izendatzen diren langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.
3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Foru agindu hau Greba Batzordeari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zerbitzuari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2025eko urriaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2513320