222. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MEANOKO KONTZEJUA

Aldaketa, Kontzejuaren hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzuak egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Meanoko Kontzejuko Batzarrak, 2025eko uztailaren 5ean egin bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Meanoko Kontzejuaren hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzuak egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza. Aldaketa hori jendaurrean jarri zen 2025eko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 26an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork haren kontrako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi da. Haren testua iragarki honen eranskinean argitaratzen da:

ORDENANTZA, MEANOKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZUAK EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA.–HILERRIAREN ERABILERA ETA ERABILTZEKO ESKUBIDEAK

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 39.1.f) artikuluen eta Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onetsi zuen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren arabera, Meanoko Kontzejuari dagozkio bere hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administratzeak, zuzentzeak eta zaintzeak honako ahalmen hauek dakartza berekin:

a) Hilerrietako higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilerriak zaindu, garbitu eta egokitzea. Hala ere, partikularren betebeharra izanen da hobia edo nitxoa mantendu eta zaintzea, behar bezalako segurtasuna, osasungarritasuna eta apaintasuna izan ditzan.

c) Hilotzak eramateari lotutako guztia eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

d) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

e) Bidezkoak diren eskubide eta tasak kobratzea.

f) Hilobien erregistroa eramatea, liburu zigilatu eta zenbatu batean.

3. artikulua. Kontzejuko buruaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du, eta behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Kontzejuari, bere eginbehar hori ahalik eta hobekiena betetzeko.

4. artikulua. Udalerriko biztanleen erroldaren araberako hilobi kopurua egonen da Meanoko hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Meanoko hilerrian lurperatuko dira ehorztera ekartzen diren hilotz guztiak, legezko izapideak bete badira; tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

6. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietako elementuak paratzeko erabiliko da, ez besterako. Azken lan horiek egiteko, obra lizentzia beharko da, eta dagokien zerga ordaindu.

7. artikulua. Meanoko Kontzejuaren kargura izanen dira hobien kokapena, lur-erauzketen gastuak eta hobiak ireki eta ixteko kostuak.

Heriotza bat gertatzen denean, ahaideek edo ehorzketan interesa dutenek hau eginen dute:

–Kontzejuari aditzera eman, hobia edo nitxoa presta dadin.

–Bake Epaitegiko Idazkaritzan heriotza-ziurtagiri medikoa aurkeztu, Erregistro Zibilean inskribatzeko, kasua bada, eta ehorzketarako lizentzia egiteko.

8. artikulua. Titularren betebeharra da ehorztoki eta hilobiak seguru, garbi eta txukun edukitzea.

Hilobiaren kontserbazio egoera behar bezalakoa ez denean, Kontzejuko buruak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei, behar diren obrei ekiteko; obra horiek, gehienez, 2 hilabeteko epean bukatu beharko dira.

Aipatu epea bukatuta, Kontzejuko buruak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, eta horren gainean ordenantza fiskalak dioena aplikatuko du; kostua, interesdunek ordaindu beharko dute.

9. artikulua. Kontzejuak eremu bat ezarriko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak eta abar).

Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

10. artikulua. Aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daiteke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

11. artikulua. Desobiratzeak izan daitezke hilerrian berean lekuz aldatzeko edo beste hilerri batera eramateko.

Desobiratze guztiak egin beharko dira osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

12. artikulua. Desobiratzeak zer egun eta ordutan eginen diren adieraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikus dezaten, hala nahi badute.

Desobiratzea egin behar denean epea bukatzeagatik, ez da inolako abisurik eman beharko.

Eskatzaileak desobiratze lanak bere kontura kontratatzen ahalko ditu. Kontzeju buruari komunikatu beharko dio aurretik, 30 egun naturaleko epean, hark baimena eman eta lanak ikuskatuko baititu.

13. artikulua. Hilerrian bertan beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko hobitik ateratzen diren gorpu-hondakinak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

Beste hilerri batetik ekartzen direnak ehorzteko, ez da lur berririk okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobi batean utzi beharko dira edo, bestela, hezurtegira eraman.

14. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez bazekarren, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahalko dira hobitik:

a) Ehortzi ondotik gutxienez hamar urte iraganda, lurrean, panteoietan, hobietan edo nitxoetan ehortzitako hilotzak atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, noiznahi ateratzen eta lekuz aldatzen ahalko da, baldin hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Aipatutakoak baino epe laburragoetan ez da hobitik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean. Salbuespenezko kasuak izan daitezke, baina, Kontzejuko buruak hala baimenduta.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da baimenik emanen hilotzak ateratzeko aipatu baino epe laburragoetan, epaile batek agindu ezean.

Hala ere, ateratzen ahalko dira hilabete horietan hildako baten ezkontidearen gorpu-hondakinak edo 2. mailara arteko odol ahaide batenak, hildakoarekin batera ehorzteko, aldi berean eta haren ondoan.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a) eta b) baldintzak bete beharko dira.

15. artikulua. Noiznahi baimendu daiteke hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekualdatzea, baina hilkutxaren kanpoko kutxa berria paratu beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

16. artikulua. Hilotzak lekualdaketa egiteko ateratzen badira edo berriz ehorzten badira, horri buruzko oharra jasoko da behar den liburuetan.

II. TITULUA.–XEDAPEN BEREZIAK

17. artikulua. Meanoko hilerrian debeku dira lurreko ehorzketak.

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, nitxo edo hobietan baizik ez dira ehorzten ahalko hilotzak edo gorpuzki erraustuak; ez da panteoirik eraikitzeko baimenik emanen.

18. artikulua. Meanoko hilerrian ehortziak izateko eskubidea izanen dute baldintza hauetako bat betetzen dutenek:

a) Lapoblación-Meanoko Udalean erroldaturiko bizilagunak (biztanle-entitatea, Meano); gutxienez bi urte lehenagotik erroldatuak izan beharko dute, heriotza gertatzen denetik zenbatzen hasita.

b) Lapoblaciongo eta Meanoko seme-alabak: ordenantza hau aplikatzeari dagokionez, Lapoblación eta Meanoko seme-alabak dira Lapoblación-Meanoko Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Lapoblacionen edo Meanon izan zutela frogatzen dutenak.

c) Aurreko baldintzetako bat betetzen dutenen ezkontideak eta lehen mailako ahaideak.

d) Aurreko kasuetan egon gabe ere, Lapoblaciongo edo Meanoko hilerrietan ehortziak izan nahi duten guztiak.

19. artikulua. Ehorzketa egiteko egungo ilaren ordenari segituko zaio, heriotzaren dataren arabera, eta ordena hori ez da inola ere aldatuko.

20. artikulua. Hilobietan paratu edo idatzi nahi diren hilartitzak, oroigarriak eta ikurrak begirunetsuak izan beharko dira, eta lekuarekin bat egin.

Debeku da nitxo edo hobien fabrikan zulatze edo arbastatze lanak egitea, uztaiak, gako-iltzeak eta abar paratze aldera, baina finkoak ez diren elementuak paratzen ahalko dira. Betiere, Kontzejuko buruak ikuskatu eginen ditu baimentzen diren lanak.

II. KAPITULUA.–MEANOKO HILERRIAN ZERBITZUAK EGITEKO TASAK

21. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek egitean:

1.–Ehorzketak nitxo edo hobietan.

2.–Desobiratzeak.

3.–Hilerriko beste lan batzuk.

22. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak izanen dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.

23. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean ageri da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

24. artikulua. Lizentziak ematen ahalko dira hilobi berean bi hilotz edo gorpu-hondakin nahiz gehiago batera lurperatzeko, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zedarriturik badaude, baina hilotz bakarra ehorztetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

25. artikulua. Baldin hilerri honetako hilobi batetik gorpu-hondakinak ateratzen badira, eta bertako beste batean berriz ehortzi, desobiratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpu-hondakinak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

26. artikulua. 22. artikuluko 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren zerbitzuen tasak ordaindu behar dira zerbitzuak egin baino lehen, premia larrietan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainaraz dezaten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatzen ahalko dira.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legeari jarraikiko zaio.

TARIFEN ERANSKINA

1.–Ehorzketak.

a) Lapoblación-Meanoko Udalean erroldaturiko bizilagunak (biztanle-entitatea, Meano); gutxienez bi urte lehenagotik badira erroldatuak, heriotza gertatzen denetik zenbatzen hasita: 100 euro.

b) Lapoblaciongo eta Meanoko seme-alabak (ordenantza hau aplikatzeari dagokionez, Lapoblación eta Meanoko seme-alabak dira Lapoblación-Meanoko Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Lapoblación edo Meanon izan zutela frogatzen dutenak): 300 euro.

c) Aurreko baldintzetako bat betetzen dutenen ezkontideak eta lehen mailako ahaideak: 300 euro.

d) Aurreko kasuetan egon gabe ere, Lapoblaciongo edo Meanoko hilerrietan ehortziak izan nahi duten guztiak: 800 euro.

2.–Desobiratzea.

Hilerriko hilobi guztietarako: 1.000 euro.

3.–Gorpuzki erraustuen ontziak ehorztea.

a) Lapoblación-Meanoko Udalean erroldaturiko bizilagunak (biztanle-entitatea, Meano); gutxienez bi urte lehenagotik badira erroldatuak, heriotza gertatzen denetik zenbatzen hasita: 50 euro.

b) Lapoblaciongo eta Meanoko seme-alabak (ordenantza hau aplikatzeari dagokionez, Lapoblación eta Meanoko seme-alabak dira Lapoblación-Meanoko Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Lapoblación edo Meanon izan zutela frogatzen dutenak): 150 euro.

c) Aurreko baldintzetako bat betetzen dutenen ezkontideak eta lehen mailako ahaideak: 150 euro.

d) Aurreko kasuetan egon gabe ere, Lapoblaciongo edo Meanoko hilerrietan ehortziak izan nahi duten guztiak: 300 euro.

4.–Gorpuzki erraustuen ontziak desobiratzea.

Hilerrian egiten diren mota horretako desobiratze guztiak: 100 euro.

5.–Hilerriko beste lan batzuk.

Nitxoetan edo hobietan egiten diren ehorzte edo desobiratze lanak. Tarifa izanen da zerbitzua egiten duen kanpoko enpresak jasanarazitako kostua.

Meanon, 2025eko urriaren 16an.–Kontzejuko burua, José María Sáez Pérez.

Iragarkiaren kodea: L2513606