Iragarkia
222. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRATI HIRI-HONDAKIN SOLIDOEN MANKOMUNITATEA
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gidari plaza bat, hiri-hondakin solidoak garraiatzeko eta biltzeko
Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2025eko uztailaren 2an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako deialdi hau: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hiri-hondakin solidoen garraioko eta bilketako gidari plaza bat.
Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO GIDARI PLAZA BAT, HIRI-HONDAKIN SOLIDOAK GARRAIATZEKO ETA BILTZEKO, ETA LAN-POLTSA BAT ERATZEKO IRATI HIRI-HONDAKIN SOLIDOEN MANKOMUNITATEAN
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea gidari lanpostu bat, lan-kontratudun finkoen araubidekoa, hiri-hondakin solidoak garraiatzeko eta biltzeko.
1.2. Lanpostuak izanen ditu plantilla organikoan eta Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko langile lan-kontratudunekin dagoen hitzarmenean ezarritako ordainsariak, eta langilea afiliatuko da eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuen beharrei begira.
1.4. Probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, kontratazio zerrenda bat eginen da, erdietsitako puntuazioaren arabera ordenatua, ondorengo kontrataziorako erabiltzen ahalko dena, mankomunitateak premiarik izanez gero.
1.5. Deialdiko plaza bete gabe utz dezake epaimahaiak, baldin irizten badio izangai batek ere ez duela lanpostuan jarduteko behar bezalako jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik.
2. oinarria.–Bete beharreko eginkizunak.
Eginkizun orokorrak dira haren kategoriarako ezarri direnak, zehatz-mehatz:
a. Udal eskumeneko hiri-hondakin solidoak bildu eta garraiatzea Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen lurralde-eremuan.
b. Udal eskumeneko hiri-hondakin solidoen gaikako bilketarako guneak kudeatzea:
a) Hondakinen edukiontziak manipulatzeko eskuzko zereginak.
b) Edukiontziak eta haien ingurunea garbitzea.
c) Hondakinak eskuz manipulatzea eta biltzea (edukiontziak, kamioia edo bertze sistemaren bat eskuz kargatzea).
c. Udal eskumeneko hiri-hondakin solidoen zerbitzuari atxikitako kamioiak gidatzea.
d. Udal eskumeneko hiri-hondakin solidoen bilketa zerbitzuko instalazioak, altzariak eta higiezinak mantentzea eta garbitzea.
e. Kamioien mantentze eta garbiketa lanak (matxurak kontrolatzea, erradiadoreko ura, elementu hidraulikoak koipeztatzea, gasolio depositua betetzea, gasolio makina maneiatzea, presioa eta pneumatikoen egoera kontrolatzea, etab.), biltzeko ekipoko prentsak, trinkogailuak, gabarra…
f. Arduradunak berariaz agintzen dizkionak, mantentze-lanak, konponketak eta abar egiteko Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen instalazio, baliabide eta ibilgailuetan.
g. Lanpostuari aplikagarria zaion hitzarmenean ezarritako jarduketa eta eginkizun osagarriak.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a. Adinez nagusi izatea, eta Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.
b. Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
c. Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroko adina ez gainditzea.
d. Gutxienez ere, DBHko graduatu titulua edo horren baliokidea izatea.
e. Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
f. Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.
g. C motako gidabaimena, gutxienez, edukitzea, indarrean eta puntuekin duela LGA delakoa (Lanbide gaikuntzarako ikastaroa).
3.2. 4. oinarrian ezarritakoa izan ezik, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak arestiko betebeharrak frogatu beharko ditu deialdi honen 10. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, hautapen prozesu osoan eta izendapen eguna arte bete ere.
4. oinarria.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epe luzaezina izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Honela aurkezten ahalko dira:
–Aurrez aurre Irati HHS Mankomunitatearen bulegoetan, Iruñeko errepidea kalea 1, 3. zenbakia, 31430, Agoitz.
–Gutun ziurtatua bidaliz, hartu izanaren agiriarekin, Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen egoitzaren helbidera. Dokumentazioa postetxera entregatzeko data adierazitako epea amaitu baino lehenagokoa izan beharko da.
–Edo, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, 4. oinarrian adierazitako epean (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
4.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a. Nortasun agiri nazionalaren edo agiri baliokide baten fotokopia konpultsatua.
b. Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak.
c. Eskatutako tituluaren fotokopia, konpultsatu ahal izateko jatorrizko agiriarekin batera aurkeztuko dena, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
d. Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
e. Gaitasun profesionalaren ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.
f. DGTren ziurtagiriaren kopia konpultsatua, gidabaimenean indarreko puntuak izatea frogatzeko.
5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen web-orrian (www.mancomunidad-irati.es).
5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 10 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta okerrik egin badute, haiek zuzendu.
5.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko buruak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta argitaratuko da Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen web-orrian (www.mancomunidad-irati.es). Ebazpen horretan adieraziko da probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
5.4. Aipatutako epeak luzaezinak dira.
5.5. Hautaprobetarako deia ez da inola ere banaka eginen, kolektiboki baizik, aipatutako argitalpenen bidez.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Javier Navarlaz Rodriguez. Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko burua.
Ordezkoa: Elisa Ayape Arrieta. Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko buruordea.
–1. epaimahaikidea: Joseba Vizcay Belzunce. Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko gidaria, hiri-hondakin solidoak garraiatzeko eta biltzeko.
Ordezkoa: Óscar Rubio Unzué. Nafarroako Hondakinen Partzuergoko langilea.
–2. epaimahaikidea: Jose Antonio Irízar Otamendi. Mendialdea Mankomunitateko bilketa-arduraduna.
Ordezkoa: Iñigo Iparraguirre Larrañaga. Mendialdea Mankomunitateko gidaria, hiri-hondakin solidoak garraiatzeko eta biltzeko.
–3. epaimahaikidea: Joseba Sánchez Arizmendiarrieta. Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko aholkulari teknikoa.
Ordezkoa: Silvia Ruiz de Larramendi. Izarbeibarko Mankomunitateko hondakinen teknikaria.
–Idazkaria: Asier Gil Artuch. Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: Inés Carpintero Ruiz. Zangoza Eskualdeko Mankomunitateko idazkaria.
6.2. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, bildu beharko da kide guztien gehiengo osoa gutxienez.
6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.
6.4. Epaimahaiak aholkulari adituei deitzen ahalko die probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.5. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusitako arrazoiak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean. Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
7.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zer ordutan hasiko den oposizio-lehiaketa.
Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.
7.3. Oposizio-lehiaketan, gehienez, 100 puntu eskuratzen ahalko dira osotara; haietarik, 20 puntu lehiaketaldiari dagozkio eta 80 puntu oposizioaldiari.
8. oinarria.–Lehiaketaldia.
Lehiaketaldian 20 puntu eskuratuko dira, gehienez ere. Proba teorikoaren fasean 17,5 puntu lortu dituzten izangaiei esleituko zaizkie lanposturako eskatzen den lanbide esperientziaren balorazioari dagozkion puntuak.
8.1. Oinarri hauei jarraikiz alegaturiko eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremoaren arabera puntuatuko dira:
8.2. Merezimendu profesionalak. 12 puntu, gehienez.
a. Hiri-hondakin solidoak biltzeko kamioi gidari gisa lanbidean egindako denbora, baldin eta horretarako C1 eta/edo C2 gidatzeko baimena eskatzen bazen, edozein administrazio publikoren zerbitzuan edo haien meneko enpresa edo entitateetan, urte bakoitzeko 2 puntu, eta gehienez ere 10 puntu.
b. Arestiko paragrafoan aipatutako lanbidean emandako denbora, baina enpresa pribatuetan edo autonomo gisa, urte bakoitzeko 1 puntu, eta gehienez ere 5 puntu.
c. Lanbidean kamioi gidari gisa emandako denbora, baldin eta horretarako C1 eta/edo C2 gidatzeko baimena eskatzen bazen, 0,5 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 2 puntu.
d. Lehen azaldutako eginkizunekin zerikusia duten bertze batzuk egiten aritu izana, administrazio publikoren batean edo haien meneko enpresa edo entitateetan, urte bakoitzeko 0,5 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.
8.3. Merezimendu akademikoak. 4 puntu, gehienez.
a. Hondakinen kudeaketarekin ikusteko duten prestakuntza-ekintza edo -ikastaroetan parte hartu izana, baldin eta erakunde ofizialek edo aitortutakoek emandakoak badira. 100 ordutik goitiko ikastaro bakoitzeko, 2 puntu; 50etik 100 ordura bitarteko ikastaro bakoitzeko, 1,5 puntu; eta 30etik 50 ordura bitarteko ikastaro bakoitzeko, 1 puntu.
Atal honetan 4 puntu lortzen ahal dira gehienez.
8.4. Euskara jakitea. 4 puntu, gehienez.
a. Honako puntuazio hauek ezarri dira:
–B1 maila: 1 puntu.
–B2 maila: 2 puntu.
–C1 maila edo goragokoa: 4 puntu.
Atal honetako puntuak ezin dira metatu, eta soilik baloratuko da aurkeztutako maila gorenekoari dagokion puntuazioa.
8.5. Lehiaketaldia bukatutakoan, argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen web-orrian.
9. oinarria.–Oposizioaldia.
9.1. Oposizioaldiaren helburua da frogatzea lanposturako behar den gaitasuna.
9.2. Proba teoriko bat, eta ondotik proba praktiko bat, izanen ditu.
9.3. Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
9.4. Oposizioko ariketak, horretarako aukera ematen badute, gutun-azal itxien sistema erabiliz eginen dira eta gehienez 80 puntu lortzen ahalko dira.
9.5. Proba teorikoa (35 puntu gehienez).
9.5.1. Test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz; erantzuteko zenbait aukera emanen dira baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.
9.5.2. Proba honetan, epaimahaiak 35 puntu emanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 17,5 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Galdera okerrak zehatu eginen dira, erantzun zuzen baten balioaren herena adina (1/3).
9.5.3. Proba teorikoan gutxienez 17,5 puntu lortu dituzten izangai guztiak oposizioaren proba praktikora igaroko dira.
9.5.4. Gaitasun teorikoaren proba teorikoa bukatuta, lortutako puntuazioen zerrenda argitaratuko da Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen web-orrian. 5 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko, idatziz. Epea igaro eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, emaitzen behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratuko da. Orduan adieraziko dira, proba praktikoaren eguna, ordua eta lekua.
9.6. Proba praktikoa (45 puntu gehienez).
9.6.1. Kasu praktiko bat ebatziko da in situ. Adibidez, honen moduko zerbait egitea eskatzen ahalko du epaimahaiak: Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak zabor bilketa zerbitzua egiteko erabiltzen dituenen gisako ezaugarriak edo ezaugarri berdintsuak dituen kamioia egiazki gidatzea (tartea eta baldintzak epaimahaiak ezarriko ditu), aparkatzeko maniobra, etab.
9.6.2. Proba honetan, epaimahaiak gehienez 45 puntu ematen ahalko ditu.
9.7. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
9.8. Oposizioaren fasea burututakoan, gainditu duten izangaien zerrenda ikusgai jarriko da, lortutako kalifikazioekin batera, Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen web-orrian. 5 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko, idatziz. Epea iragan ondoan –eta alegazioak ebatzi ondoan, halakorik bada–, onetsirik geldituko da emaitzen behin betiko zerrenda, eta argitara emanen da.
10. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
10.1. Azken ariketaren kalifikazioaren ondoren, epaimahaiak aditzera emanen du Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen web-orrian, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena eginen du.
10.2. Epaimahaiak puntuazio handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamen loteslea eginen dio Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko buruari. Proposamen hori argitaratuko da Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen web-orrian.
10.3. Izendapen proposamena aditzera eman ondoko 30 egun naturalean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko Erregistro Orokorrean:
a. Zinpeko deklarazioa, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua, eta ez dela kendua izan inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik.
b. Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.
c. Zin egite edo hitzematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
10.4. Aipatutako epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, aipatu diren agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, horrek ezertan galarazi gabe dagokion erantzukizuna haren eskabidearen faltsukeriagatik, halakorik badu.
10.5. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, deialdi honetako oposizioa gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea Mankomunitateko buruak, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
10.6. Gainerako izangaiekin lan poltsa bat eratuko da, puntuazio-ordenaren arabera ordenatua, eta horiei dei eginen zaie mankomunitateak izanen dituen lan beharren arabera.
11. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
11.1. Hautapen-prozedura bukatutakoan eta 10.2 oinarrian aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, Mankomunitateko buruak hiri-hondakin solidoak garraiatu eta biltzeko gidari izendatuko du izangaia, Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatean jardun dezan.
11.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan, ezinbertzeko arrazoiak salbu, ez badu jabetza hartzen, Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko nomina eta plantillako langilea izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiko 10. oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.
12. oinarria.–Kontratazioetarako poltsa.
Hautaketa prozesuan parte hartu eta, gainditu ondotik, plaza lortu ez duten pertsonek osatuko dute lan poltsa.
Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du erran nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek ezarritako moduan frogatu beharko dituzte.
Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen kontratazio-zerrenda honi dagokion deialdiaren ondorioz kontratu bat onartzen dutenek, erakunde berak bertze zerrenda batzuetarako bertze deialdi bat egiten badu, izangaiak zein deialdi onartzen duen aukeratu ahalko du, uko egiten dion zerrendan bere postua galdu gabe.
Izangaien zerrendaren kudeaketa izanen da Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatean lanpostuak aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko araudian ezarritakoaren araberakoa, eta egokituko zaio, aplikatzekoa zaion guztian, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren III. tituluan ezarritakoari (foru agindu horren bidez onesten dira aldi baterako kontratazioak kudeatzeko arauak).
13. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea da.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
–2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.c) artikulua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra): tratamendua beharrezkoa da, betetzeko tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat.
–2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.b) artikulua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra): tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz aplikatzeko kontratuaren aurreko neurriak.
Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan, barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, jarraikiz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluari.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, Mankomunitatearen bulegoetara joz edo mrsirati@aoiz.es helbidearen bidez. Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bertzela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
14. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurtsoa jartzeko asmoaren berri emanik; edo bertzela,
b. Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabaki edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
c. Berraztertzeko errekurtsoa, erabaki edo aplikazio egintza hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo aplikazio egintza hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Agoitzen, 2025eko urriaren 20an.–Mankomunitateko burua, Javier Navarlaz Rodríguez.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
–Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko estatutuak eta funtzionamendua.
–Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateko ordenantza.
–14/2018 Foru Legea, 2018ko ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.
–7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa.
–Nafarroako Hondakinen Plana (2017-2027).
–Ingurunea ezagutzea: kale izendegia, toponimia, demografia, klimatologia, etab.
–Mekanika, kamioien mantentze-lanak eta bide-hezkuntza.
Gai-zerrendari buruzko dokumentazioa eskuragarri izanen da Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen web-orrian.
II. ERANSKINA.–DEIALDIAREN EZAUGARRI ESPEZIFIKOEN TAULA
Deialdia egiten duen toki-erakundea: Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea.
1.–Plazen identifikazioa.
KODEA | LANPOSTUA | MAILA | ARAUBIDE JURIDIKOA | LANALDIA | ESKATUTAKO TITULUA | NAHITAEZKO HIZKUNTZAK | BERTZE BETEKIZUN BATZUK |
01 | Hiri-hondakin solidoak garraiatu eta biltzeko gidaria | D | Lan-kontratuduna | %100 | DBHko graduatu titulua, eskola graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa edo lehen mailako Lanbide Heziketa | C motako gidabaimena, Gidarien Gaitasun Agiriarekin (GGA) |
2.–Betebeharrak.
–Adinez nagusi izatea, eta Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.
–Gutxienez ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren titulua edo horren baliokidea izatea.
–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
–Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.
–C motako gidabaimena, gutxienez, edukitzea, bai eta Gidarien Gaitasun Agiria (GGA) ere.
3.–Tasak.
Ez da aurreikusten inolako tasarik azterketak egiteko eskubideagatik, Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak 2025erako onartutako tasa eta prezio publikoetan.
III. ERANSKINA.–ESKABIDEA
Iragarkiaren kodea: L2513799
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
