1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1204E/2025 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita «Galarko (Nafarroa) udal-mugartean "BESS Cordovilla" baterien bidez energia biltegiratzeko sistemaren eta ebakuazio azpiegituren proiektuaren» ingurumen inpaktuaren txostena. Proiektu horren sustatzailea Soner Zurbaran SLU da.
2025eko abuztuaren 4an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 n) multzoan dago sartuta.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena egin aurretik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Kontsulta egin zaie Galarko Udalari eta zenbait talde ekologistari, bai eta instalazio berriak ukituriko lurretan edo zerbitzuetan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko atalei ere (Ondare Historikoaren Zerbitzua). Legez ezarritako epean, Galarko Udalaren erantzuna jaso da, hirigintza bateragarritasuna zehazteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen inpaktuaren txostena dagokion.
–Proiektuaren deskribapena.
Jarduketaren helburua da "BESS Cordovilla" izeneko biltegiratze instalazioa eraikitzea eta instalazioaren perimetroa hesitzea. Noain-Ezkirotz industrialdean dagoen Galarko 2. poligonoko 315. lurzatiko 4,6 hektareetatik 2,6 hektarea okupatuko lituzke (azalera hesitua). Instalaziotik, 30 kV-ko lurpeko linea baten bidez ebakuatuko da energia, baterietatik hurbil eraikiko den "BESS Cordovilla TAE" azpiestazio jasotzaile berrira arte, eta, ondoren, hura 220 kV-ko lurpeko konexio linea baten bidez konektatuko da Red Eléctricaren (aurrerantzean, ESE) jabetzako Cordovilla TAEra. Instalazioak 49,9 MW-ko potentzia izanen du, eta 200 MWh-ko biltegiratze ahalmena; beraz, 4 orduko autonomia izanen du.

Biltegiratze instalazioak LPF ioien bateriak (litio-ferrofosfatoa) izanen ditu. Instalazioak 49,9 MW-ko potentzia izendatua izanen du, eta biltegiratzeko 40 edukiontzitik lortuko da (edukiontzien neurriak: 6,06 x 2,9 x 2,44 metro). Edukiontziak hormigoizko lauzen gainean jarriko dira.
Sustatzaileak perimetroan hesia jartzea proposatzen du. Hesi zinegetikoa izanen da. Alanbre galvanizatuzko sarearekin eginen da eta 2 m-ko altuera izanen du, ingurumen ukipenen azterketaren arabera. Sarea metalikoa izanen da, bihurdura sinplearekin, 20 cm-ko hormigoizko hormatxo baten gainean jarriko da, eta goiko aldean alanbrez errematatuko da, proiektuaren arabera. Sarbide ate bat instalatuko da, 4 metroko luzerakoa ukipenen azterketaren arabera, eta 6 metrokoa proiektuaren arabera.
Ukipenen azterketaren arabera, 60x60x6 neurriko T motako hesien ainguraketa zutabeak lurrean ainguratuko dira. Zutoin batetik bestera 5 metroko tartea egonen da. Ikusgarritasuna emateko eta talkak saihesteko, 10 metrotik behin plakak jarriko dira altuera desberdinetan.
Baterietako energia BESS Cordovilla TAE eraiki berrira ebakuatuko da, 30/220 kV-ko tentsio izendatuekin. Bertan, 60 MVAko biribiltze transformadore bat egonen da. TAE horrek hormigoi prefabrikatuzko operazio eta mantentze-lanetarako eraikin bat izanen du. Azpiestazio horrek hesi bat izanen du. Sarea metalikoa izanen da, bihurdura sinplearekin, 20 cm-ko hormigoizko hormatxo baten gainean, eta goiko aldean alanbrea izanen du.
BESS Cordovilla TAEtik energia 220 kV-rekin ebakuatuko da, lurpean, ESEren jabetzako Cordovilla TAEra. Lineak 1.391 metroko luzera izanen du eta laborantza lurretatik pasatuko da, eta, azken tartean, hiri-lurzorutik, ESEren azpiestaziora iristeko. Zirkuitua zuzenean lurperatuta egonen da, eta 700 x 1.250 mm-koa izanen da. A-15 autobia eta PA-31 errepidea zulaketa gidatu bidez gurutzatuko dira.
Baterien bidezko biltegiratze instalazioen helburua da sistema elektrikoaren sareari malgutasuna eta segurtasuna ematea.
Instalazioa ezartzeko lurzatiak, katastroaren arabera, hiri-lurzoru industrialeko erabilera du. Lurzatia zelaia da eta malda leuna du, eta Noain-Ezkirotz industrialdeko sarbideetatik sartzen da bertara. 5 metroko zabalerako barne-bideak eraikiko dira.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Aurkeztutako ingurumen dokumentazioak konexio puntutik 2 km ingurura dauden alternatiben azterketa bat du. Azterketa horrek industria lurzoru gisa kategorizatutako lurzorua erabiltzea aukera hoberentzat jotzen duenez, 2. poligonoko 315. lurzatia aukera onena dela ezartzen du.
Ebakuazio lineari dagokionez, laborantza lurretan ahalik eta eragin txikiena izanen duen ibilbide bat aukeratu da, lurpean, eta ez da alternatibarik aurkeztu.
Instalazioaren ezarpen eremuaren morfologia, funtsean, laua da. Izan ere, jatorrizko morfologiak aurretik aldatu ziren industrialki esku hartutako industrialdea delako; beraz, ahalik eta lur-mugimendu gutxien eginen lirateke. Aldaketa geomorfologiko oso txikiak eraginen dira; hortaz, geologiaren eta lurzoruaren gaineko inpaktua bateragarritzat jo da eraikuntza eta ustiapen faseetan.
Proiektuaren eremuak ez du aurreikusten Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ez eta ingurumen babeseko figuraren bateko guneetan ere. Instalaziorako lurzatia bera egungo industrialdean egonen da, eta banaketa sarearekin lotzeko lotunetik hurbil dago. Horrek berresten du jarduketa eremua ingurune oso antropizatu batean dagoela, hainbat bide- eta eraikuntza-azpiegitura ditu gertu, eta, beraz, interes handiko fauna- edo landare-komunitateak bertan egoteko aukera txikiagoa da.
Era berean, ingurunea nolakoa den aintzat hartuta, erabili beharreko hesi moten arteko desberdintasunek ez dute garrantzi berezirik, eta, beraz, sare zinegetikoarekin edo bihurdura sinplearekin hesitzeak ez ditu nabarmen handitzen eraginak, industrialde bat baita.
Aurkeztutako ingurumen dokumentazioaren arabera, prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak ezarri aurretik inpaktu handienak zarata faktorearen gainekoak dira. 75 dB-ko legezko muga dago egunez, eta 65 dB-koa gauez. Iturri igorle hipotetikoa 80 dB-ra ezartzen da, eta immisio-puntu hurbilenean, 70 metrora, 43 dB-ra pasatuko da; balio hori ezarritako mugak baino txikiagoa da.
Faktore horri dagokionez, industria lurzoruan instalatuko denez eta inguruan errepideak daudenez, bateragarritzat jo da inpaktua.
Hidrologia eta hidrogeologia, landaredia eta habitatak eta fauna faktoreen gaineko eragina ez da esanguratsutzat jo, eta bateragarritzat jo da eraikuntza fasean faunari begira.
Inpaktuak minimizatzeko, hainbat prebentzio eta zuzenketa neurri proiektatu dira, obra fasean airearen kalitatearen gaineko eragina minimizatzeko, obra fasean kutsadura akustikoak eragindako kalteak minimizatzeko eta zangak irekitzean geomorfologiaren gaineko eragina minimizatzeko (erauzitako materiala bereiziko da lehengoratzean zangak behar bezala betetzeko).
Landarediari dagokionez, funtzionamendu fasean landaredia mantentzeko neurriak hartuko dira, hala nola aldizka moztea (mekanikoki) sute-arriskua saihesteko.
Azkenik, ingurumen inpaktuaren azterketak ingurumen jarraipeneko plan bat jasotzen du, egin beharreko obrak egin aurreko jarduketekin eta txostenekin, eta Ingurumeneko Departamentuan entregatuko dira.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.
Hala, proposatzen da Soner Zurbaran SLUk sustatutako «Galarko (Nafarroa) udal-mugartean "BESS Cordovilla" baterien bidez energia biltegiratzeko sistemaren eta ebakuazio azpiegituren proiektuaren» aldeko txostena egitea, bertan jasotako baldintzak betetzeko eskakizuna ezarriz, eta adierazten da ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik ez dagoela. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta legeek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua),
EBAZTEN DUT:
1. Galar udalerrian Soner Zurbaran SLUk sustatutako «Galarko (Nafarroa) udal-mugartean "BESS Cordovilla" baterien bidez energia biltegiratzeko sistemaren eta ebakuazio azpiegituren proiektuak» ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarrita dagoen moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. apartatuan aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du honako baldintza hauek betetzea:
–Ebakuatzeko linea guztiak lurpekoak izanen dira, zulatuko diren zanga berrien edo lehendik dauden kanalizazioen bidez.
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio baimena eskuratu aurretik.
–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
–Ezarpen eremuko landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa berariaz debekatzen da herbizidak erabiltzea.
−Lagomorfoen, karraskarien edo beste animalia batzuen kontrola egin behar bada, dagozkion baimenak lortu beharko dira lehenbizik.
−Biltegiratze instalazioak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira ahal den heinean, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan.
–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak industria guneetan edo gune antropizatuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredia naturalak estalitako eremuetan.
−Lanek aldatutako eremu guztiak eta lanen ondoren mantenduko ez diren bideak behar bezala leheneratu beharko dira, lanak egin aurreko erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.
–Lanak hasi aurretik, lan eremuak, makinak igarotzeko eremuak eta materialak biltzeko eremuak zehaztuko dira argiki. Ezinbestekoa den azalera txikiena izanen dute eremu horiek.
–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonera duen landare-lurrezko geruza bat erauziko da hasteko; lur-geruza hori hondeatutako gainerako lurretik bereizita pilatu beharko da, eta berriro jarriko da gainazalean zanga betetzen denean.
−Ahal den neurrian, lursailaren mugetan eta lursail mugakideetan landarediaren eta/edo sastraken gaineko ukipenak saihestuko dira.
–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra-hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, ukitutako eremuak leheneratuko dira.
–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali behar dio Iruñeko barrutiari (gmapamplona@navarra.es), edo 608062649 telefonora deitu.
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2513776