1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
387E/2025 EBAZPENA, urriaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Etxarri Aranazko udal mugartean agerikoak ez diren adreiluak eta egurrezko pelleta fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Jardueraren titularra Cerámica Utzubar SL da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 29ko 204/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 31ko 344E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
2025-04-08an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu du; zehazki eskatu du instalazioan kudeatutako hondakinen zerrendan sartzea 030105 EHZ kodea duten hondakinak, R0305 eta R0105 kudeaketa-prozesu baimenduetan, eta 100101 EHZ kodea duten hondakinak, adreilua egosteko buztinari gehitu beharreko material gisa.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:
EHZ KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
03 01 05 | Zerrautsa, txirbila, ebakinak, zura, partikulazko oholak eta xaflak, 03 01 04 kodean aipatutakoez bestelakoak | Onartu egiten da instalazioan baimendutako R0105 eta R0305 prozesuetan kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea. |
10 01 01 | Su-errautsak, zepak eta galdarako hautsa [10 01 04 kodean zehaztutako galdarako hautsa izan ezik] Biomasa-galdarako errautsak. | Onartu egiten da instalazioan baimendutako R0507 prozesuan kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea. |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea Etxarri Aranazko udal mugartean agerikoak ez diren adreiluak eta egurrezko pelleta fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Ceramica Utzubar SL da.
Bigarrena.–Ceramica Utzubar SL eta Gesbrick SL instalazio osorako balio duen ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak direnez, baimen horretako baldintzak betetzearen erantzule solidario izanen dira, baita instalazioaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioena ere.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Seigarrena.–Ebazpen hau Cerámica Utzubar SLri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 8an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2513136