1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
EPEA IREKITZEA, industria sektoreari zuzendutako online enpresa-misioan parte hartzea eskatzeko - Mexiko
Online topaketak 2026ko urtarrilaren 19tik 30era bitartean eginen dira.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana bultzatzen du, Nafarroako enpresen presentzia kanpoan sustatzeko tresna gisa. Plan horren arabera, Mexiko da kanpo sustapeneko jarduerak egiteko lehentasunezko herrialdeetako bat.
Nafarroako Nazioarteko Planak online merkataritza misio bat antolatu du Mexikon interesak dituen industria sektorerako.
Mexiko funtsezko plataforma bihurtu da nazioartean hedatzeko. Haren kokapen geografikoa lotune bat da Ipar Amerika eta Latinoamerikaren artean, merkataritza askeko tratatuetarako sarbidea da, eta horrek AEBekiko eta Kanadarekiko merkataritza errazten du.
Misio honekin, Nafarroako Gobernuak esparru egoki bat sortu nahi du Mexikon, Nafarroako industria sektorea ezagutarazteko eta negozio aukera berriak irekitzeko.
Online misioaren helburuak.
Kanpo sustapenerako ekintza honek xede hauek ditu Mexikoko merkatuari begira:
–Benetako negozio aukerak hautematea.
–Bazkide potentzialekin loturak ezartzea.
–Industria sektorearen funtsezko azpisektoreetan Nafarroako eskaintza ikusaraztea.
–Querétarorako misio zuzena prestatzeko ekintza, "International Automotive Industry Supply Summit" delakoan parte hartzeko aukerarekin.
Ekintzaren xede diren sektoreak.
–Industria eta manufaktura aurreratua.
–Automozioa.
–Mugikortasun elektrikoa.
–Nekazaritza eta elikadura teknologia.
–Energia.
–Industria sektorearen digitalizazioari lotutako beste batzuk.
Ekintzaren edukia.
Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek izanen ditu parte hartzen duten enpresentzat:
–Online merkataritza agenda pertsonalizatuak antolatzea, bai eta bileretako euskarria eta laguntza ere.
Agenda hamar lanegunetan gauzatuko da. Enpresako bilera kopurua enpresaren eta sektorearen profilaren araberakoa izanen da.
–Misio honetan inskribatutako enpresek prestaketa saio bat izanen dute, honako hauek barnean hartuta:
- Mexikoko merkatuaren ezaugarrien ikuspegi orokorra
- Enpresa bakoitzak eginen dituen B2B topaketen operatiba azaltzea.
- "International Automotive Industry Supply Summit" delakoan parte hartzeko (aukerakoa) aurkezpena eta prestakuntza. Querétaron eginen da, 2026ko maiatzaren 6tik 7ra.
Enpresa parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
Ekintza honetan parte hartzen duten enpresek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:
–Aipatutako sektoreetako batekoa izatea.
–Nafarroan izatea egoitza edo helbide soziala edo bertan garapen eta ekoizpen lanak gauzatzea.
–Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.
–Misioan parte hartuko duen enpresako pertsonak bere CVaren bidez frogatu behar du gaitasuna duela misioaren merkataritza-harremanak lantzeko, bai enpresa ezagutzen duelako, bai sektoreko merkataritza-harremanetarako gaitasunak dituelako.
–Izena emateko unean web-orri bat izatea.
Eskaera aurkezteko epea.
Eskaerak telematikaz aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2025eko azaroaren 14ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez.
Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve eduki beharko da.
Gehienez parte hartzen ahal duten entitateen kopurua.
Gehienez ere hamabi entitatek parte hartuko dute, eta ekintza hori gauzatzeko gutxieneko kopurua sei entitatekoa da. Hautaketarako, kontuan hartuko dira zer hurrenkeratan ematen duten izena baldintzak betetzen dituzten enpresek .
Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie ekintza prestatzeko saio batera.
Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, misioa hasi baino gutxienez hilabete lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.
Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.
Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.
–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskabidean zehazten direnak.
–Merkataritza-misioa egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den Mexikon egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.
–Misioaren ondoren, bilera bat egitea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin.
Iruñean, 2025eko urriaren 13an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.
Iragarkiaren kodea: F2513264