220. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

394E/2025 EBAZPENA, urriaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berrikusten baita Tafallako udal mugartean fruta-zukuak eta alkoholik gabeko edariak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiari, non teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezarri baitziren; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Refresco Ibería SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urriaren 6ko 1553/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren martxoaren 23ko 203E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez; erabaki horretan elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (lege horren testu bategina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen ), 2023ko maiatzaren 15ean Refrescos Iberia SAUri eskatu zitzaion 2023ko abuztuaren 4a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2023ko abuztuaren 4an eta 2023ko azaroaren 14an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkezturiko dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa egokituta dagoela Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiari.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea Tafallako udal mugartean fruta-zukuak eta alkoholik gabeko edariak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiari, non teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri baitziren; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SAU da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P01227090242025 zenbakiarekin. Sortzen ahalko dituen hondakinak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Zentroari kentzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa duen inskripzioa.

Laugarrena.–Hondakin urak udal kolektoreen sarera isurtzeko baimena sartzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Refresco Iberia SAUra eta Tafallako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 16an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2513629