22. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1411E/2024 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita Bidaurreta aldeko lurzatiak biltzeko oinarrizko proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren txostena, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak sustatua.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko asmoz, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak «Bidaurreta aldeko lurzatiak biltzeko oinarrizko proiektuaren» ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera aurkeztu du Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan, oinarrizko proiektuarekin eta ingurumen agiriarekin batera.

–Proiektuaren deskribapena.

Lurzatiak biltzeko eremu osoa Bidaurretako udal-mugartean dago, eta Jaitz udalerrian ere parte bat du, non barneratzen den «A-2 bidearen» trazaduraren zati txiki bat. Proiektuak 500 ha inguruko azalera du. Lurzatiak biltzeko proiektuaren helburua landa jabetza antolatzea da, egungo partzelazio edo lurzatiketa indizea murriztuta, nekazaritzaren, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik bideragarriagoak diren ustiategiak sortzeko asmoz. Lurzatiak biltzeko proiektuaren perimetroaren barnean 1.347 lurzati daude, 181 jaberenak, eta batez besteko azalera 0,37 ha-koa da. Asmoa 449 lurzati izatea da, batez besteko azalera 1,12 ha-koa, murrizketa indizea 3,00 eta murrizketa koefizientea %77,02koa. Jarduketa horrek bideak eta saneamenduak eraikitzeko lanak egin beharra ekarriko du.

Nekazaritzako azpiegiturak behar bezala garatzeko obrak egin behar izanen dira, hau da, bideak eta hustubideak egin eta egokitu. Proiektuko bide sarean 16 bide berri eginen dira, 4, 4,50 eta 5 metroko errodadura zabalerarekin (gehieneko okupazioa 9, 9,50 eta 10 metrokoa izanen da, hurrenez hurren), eta hainbat bide egokituko dira, 4 metro zabalekoak. Aurreikusitako sare osoak 14.576 metroko luzera du; horietatik 12.432 metro berriak dira, eta 2.144 metro egokitu beharreko bideak. Bideen trazadura egitean, dauden bideen lehengo trazaduretatik igaro dadin saiatu gara, nahiz eta obra berritzat jotzen diren, egungo kontserbazio egoera dela eta. 2.463 bat metro bide eginen dira trazadura berriaren gainean. Proiektuan, bideek gutxienez 20 cm-ko bide-zorua izanen dute, ibaiko zabor-legarrezkoa, eta gutxienez 10 cm-ko bide-zoru trinkotua, egokitutako bideetarako. «A», «A-1», «A-3» eta «E» bideetan HP-35 hormigoizko 20 cm-ko geruza batez hormigoiztatu beharko dira zenbat tarte, guztira 1.621 m, gehi errepidearekiko elkarguneetako lehen 30 metroak, zeinetan lehen kalkulatutako ibaiko zabor-legarrezko 20 cm-ko geruzaren gainean botako den hormigoia. Egokitutakoetan izan ezik, bideetan 0,50 metroko areka triangeluarrak eginen dira, 1:1 ezpondarekin. Proiektuaren arabera, lubetetako ezpondak 3(H):2(V) izanen dira; lur erauzketetan ezponda bertikalagoak erabiliko dira, lurraren arabera: 1:1 lurra bada, 2:3 iragaitzan eta 1:5 haitza bada.

Bidezidorren sareari dagokionez, aurreproiektuan sarea kontserbatu beharrekotzat jotzen da, eta proposatzen da bide sarean sartzea eta horren okupazioa (gutxienez 4 metro zabal) etorkizuneko berrantolaketa masa planoetan adieraztea, bide azpiegitura moduan. Proiektuan ez dira nekazaritzako bide azpiegituratzat hartzen, baina eremuko bidezidorren sarean sartzen dira.

Hustubideei dagokienez, drainatze ibilguen 2.013 m linealetan egin nahi dira jarduketak; horietatik 1.755 m lehendik dauden drainatze trazaduretan barrena doaz, zeinetan garbiketa lanak eginen diren, eta 258 m, berriz, berriak dira. Hustubideen aire zabaleko sekzioa 3,5-5,0 m zabal eta 1,5-2,0 m sakon izanen da, 1:1 ezpondekin. «a», «a-1» eta «d» hustubideen zenbait zatitan berma bat egitea proposatzen da proiektuan, ertzetako batekin paralelo. Bermak 4 metroko okupazioa eta 0,50 metroko sakonera izanen ditu; hartara, hustubidearen sekzio bateratuak eta berman duen landaketa zerrendak ibilgu txikiagoa eta ibilgu handiagoa izateko aukera emanen dute. Berma egiteko 870 m lineal aurreikusten dira. Eraikuntza proiektua gauzatzen denean, azterketa hidrologiko xehatua eginen da hustubideen behin betiko sekzioak zehazteko.

Ez da aurretiazko azterketarik edo zundaketarik egin maileguen eta zabortegien kokapena aurreikusteko. Iruñerritik gertu dagoenez, seguruenik gertuko harrobi eta zabortegi baimenduak erabiliko dira.

–Ingurumen ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.

Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean sartzen da proiektua. Beraz, arau horren II. tituluko II. kapituluko 2. atalean araututako ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak Bidaurreta aldeko lurzatiak biltzeko oinarrizko proiektua eta ingurumen agiria igorri ditu Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena egin aurretik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak proiektuaren ingurumen agiriari buruzko kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin zitzaten. Honako hauei egin zaizkie kontsultak: Bidaurretako eta Jaitzeko udalei; Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiaren Zainketa Zerbitzuari; Basoak Kudeatzeko Atalari; Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari; Ekologistak Martxan elkarteari; Gorosti Natur Zientzi Elkarteari, Espainiako Ornitologia Elkarteari; Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsari eta Xabier Zubialde Legarretari. Kontsulta horien ondorioz, Bidaurretako Udalaren, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren eta Xabier Zubialde Legarretaren erantzunak jaso ditugu.

Bidaurretako Udalak ingurumen informazioa aurkeztu du, ingurumen agirian egindako ingurumen inbentarioaren osagarri. Udalaren idazkian landaredi naturala eta habitatak eskala txikiagoan aztertzen ditu, eta, funtzionaltasun ekologikoa izateagatik, berrantolaketa prozesuan kontuan izan beharreko paisaia elementuak aipatzen dira. Udalak balio handikotzat jotzen ditu udalerrian dauden larreen azalerak, bai eta heskaiak eta landare naturaleko muinoak dituzten finka txikien sarea ere, eta paisaiaren, ingurumenaren eta sozioekonomiaren ikuspegitik begiratuta baloratzen ditu. Toki erakundeak eskatzen du biltzeko prozesua bat etor dadila Tokiko 2030 Agendaren helburu eta jarraibideekin eta Bidaurretako udalerriko Klimaren eta Energiaren aldeko Ekintza Planarekin. Iradokizun horietako zenbait kontuan izan dira ingurumen inpaktuaren txosten honen baldintzen atalean.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak igorritako txosteneko oharrak ingurumen inpaktuaren txosten honen baldintzetan txertatu dira.

Xabier Zubialde Legarretak ekarpenen sei idazki aurkeztu ditu, proiektuari alegazioak egiteko. Horietako zenbait ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren eremutik kanpo geratzen dira; izan ere, basoen kudeaketari, nekazaritzaren garapenari, plangintzari edo genero ikuspegiari buruzko alderdiak aipatzen baititu. Ingurumen alderdiei dagokienez, alegazioaren egileak adierazten du ingurumen agiria ez datorrela bat araudian eskatutako edukiekin. Bere iritziz, bestelako aukeren azterketan eta proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioen azterketan daude, batik bat, gabeziak.

Interesdunak eskatzen du nekazaritza ekologikoaren irizpideen arabera kudeatutako lursailak elementu ekologiko eta kultural garrantzitsu gisa baloratzea, eta bide eta hustubideen sarea diseinatzean euri jasen eta bero boladen intentsitatea eta maiztasuna handitzeak dakartzan arriskuak ere kontuan hartzea proposatzen du. Iradokizun horiek aintzat hartu dira, hein batean, ingurumen inpaktuaren txosten honen baldintzetan, eta organo substantiboari igorri zaizkio, jakinaren gainean egon dadin.

Administrazio prozedurari dagokionez, interesdunak defentsa-gabezia argudiatzen du, parte-hartze publikoan gardentasunik eza eta gabeziak daudela iritzita. Era berean, uste du ez dela betetzen 237/1999 Foru Dekretua, ekainaren 21ekoa, lurzati berrantolamenduko prozesuetan ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioa arautzen duena. Foru Dekretu horrek Ingurumenari buruzko proiektu publiko eta pribatu jakinen ondorioak ebaluatzeari buruzko 97/11/EE Zuzentaraua, Kontseiluarena, erregelamendu bidez betetzen du, eta Nekazaritzako Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legea garatzen du; bi araudi horiek indargabetuta daude. Horri dagokionez, jakinarazten da proiektua indarreko Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera izapidetu dela, ingurumenaren aldetik.

Ildo horretan, interesdunak interpretatzen du proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren bidez izapidetu behar zela, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean aipatzen diren irizpideak betetzen dituelako, bere ustez.

–Proiektuaren ingurumen-ebaluazioa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan harturik.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluaren arabera, ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen du aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera, argitzeko ea proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen, edo ingurumen inpaktuaren txostena eman behar den, proiektuak ingurumenarengan eragin nabarmenik izan ez dezan beharrezkoak diren baldintzetan.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin. Aztertutako aukera nagusiak, ukipen nabarmena izan dezaketen ingurumen-faktoreen deskribapena, proiektuaren ekintzek faktore horietan dituzten ondorioen balorazioa, eta ingurumenaren gaineko eragin negatibo nabarmen oro prebenitu, zuzendu eta konpentsatu ahal izatea dakarten prebentzioko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak. Ingurumen jarraipeneko programa bat ere bai.

Ingurumen inbentarioaren kapituluaren barruan, ingurumen agiriak hainbat «ingurumen unitate» bereizten ditu jarduketa eremuan, eta unitate horietan egituraren eta funtzionamenduaren aldetik antzekoak diren espazioak biltzen dira, ingurumen erantzuna ere homogeneoa dutenak proiektuak dakartzan jarduketen aurrean. Ingurumen agirian 6 ingurumen unitate definitzen dira, eta balio oso handikotzat jotzen eta baloratzen ditu honako hauek: artadi-erkameztia eta ibaiertzeko landaredia; balio handi-ertainekotzat: sastraka mediterraneoa; balio ertain-txikikotzat: landaredi naturala duten zurezko laboreak; eta balio txikikotzat: landaredi naturala duten labore belarkarak eta hiri eremua.

Gainera, ingurumen agirian, paisaia dibertsifikatzeko hainbat elementu kartografiatzen, ezaugarritzen eta baloratzen dira, "elementu ekologiko eta kultural garrantzitsuak" izenpean. 390 elementu garrantzitsu inguru kartografiatu dira eremuan, 360,68 ha egiten dutenak, hau da, udalerri osoko azaleraren %71. Ingurumen agirian honela tipifikatzen eta baloratzen dira kartografiatutako elementu horiek: 1) «landaredi naturala» (artadi-erkameztia, sastraka mediterraneoa eta ibaiertzeko landaredia), balio handikotzat kategorizatu direnak; 2) « muinoak eta mugak» (landaredian zuhaitzak, zuhaixkak eta/edo belarra dutenak), balio handia, ertaina eta txikia dutenak; 3) «alfer-lurrak edo etzeak» (landaredian zuhaitzak, zuhaixkak eta/edo belarra dutenak), balio handia, ertaina eta txikia dutenak; nabarmentzeko moduko beste elementu batzuk, hala nola «lehorreko zurezko laboreen mosaikoa», «baltsak edo putzuak», «ibilguak edo hustubideak», «harrizko hormatxoak», «eraikuntzak, nabeak edo eskortak», «zuhaitz bereziak» eta «aztarnategi arkeologikoak», balio handia, ertaina edo txikia dutenak.

Ingurumen agirian ingurumenaren gainean izandako inpaktu globala aztertzen da, plangintza fasean eta obra fasean, eta negatiboa eta bateragarria iritzi dio. Ustiapen faseko inpaktu globala, berriz, positibotzat eta bateragarritzat jotzen da.

Hala ere, ingurumen agirian zenbait neurri zehazten dira plangintzaren eta obraren faseetan, bai eta konpentsazioko neurriak ere, ingurumenaren gaineko ondorio negatiboak minimizatzeko.

Bide eta hustubideen sarea planifikatzeko fasean, ingurumen agiriaren arabera, bideen diseinua bideen egungo trazadurara egokitzen da, egungo paisaiaren ezaugarri geometrikoei eusteko eta egungo bide sarearekin eta drainatze lineekin lotutako mugak, muinoak eta ingurumen intereseko beste elementu batzuk desager ez daitezen. Bide eta drainatze sarea diseinatzeko neurri espezifikoei dagokienez, ingurumen agirian, ukitzen ahal diren ibaiertzetako gune ahulenak balizatzeko aukera hartzen da aintzat, eta errespetatu eta kontserbatu behar diren ezponda zehatzak zeintzuk diren ere zehazten da, kontserbatu beharreko ingurumen interes handieneko ertzak zeintzuk diren, edo okupazioa zein tartetan minimizatu behar den, eraikuntza lanen ondoriozko eragina murriztearren. Ingurumen agiriko 1, 2, 3 eta 4 zenbakietako neurriak.

Landaredi eta fauna urtarraren gain eragin txikiagoa izate aldera, egun zeharkatzeko azpiegiturarik ez dagoen lekuan edo egungo azpiegiturak hobetu behar diren lekuan ibilguen gaineko bost pasabide eraikitzea diseinatu da (6 zenbakiko neurria). Hustubideak egitean, «a hustubidearen» ertzetan dauden zuhaitz orpoak errespetatzea aurreikusten da, bai eta zuhaitzak eskuz inaustea edo garbitzea ere, beharrezkoa izanez gero (8 zenbakiko neurria).

Obra fasean, ingurumen agiriak hainbat jarraibide eta neurri zuzentzaile proposatzen ditu airearen eta uren kalitatean, lurzoruan eta geomorfologian, landaredian, faunan, paisaian, abelbideetan eta ondare arkeologikoan hautemandako eragin negatiboak murrizteko (9 zenbakiko neurria), bai eta neurri sozioekonomikoak ere.

Zenbait elementu ekologikotan ingurumen kalitatearen galera konpentsatzeko neurri gisa, 5 ha inguru Ingurumen Integrazioko Masa Komun moduan erabiltzea planteatzen da, natura leheneratzeko, landatzeko edo bilakaera naturala izan dezan (5 zenbakiko neurria). Ingurumen agirian proposatzen da, halaber, «a», «a-1» eta «d» hustubideetan diseinatutako bermak edo terrazak espezie autoktonoekin landatzea, 3.480 m²-ko azaleran (7 zenbakiko neurria).

Ordezko finken diseinuari eta banaketari dagokienez, kartografiatutako eta «Balio handikotzat» jotako elementu ekologiko eta kultural garrantzitsuak osorik errespetatzea proposatzen da ingurumen agirian. «Balio ertainekotzat» kartografiatutako elementuak ahal den neurrian kontserbatuko dira. Agirian adierazten da balio ertaineko elementu horiek ezabatzeko ingurumen organoaren nahitaezko baimena lortu behar izanen dela. Gainera, agiriak jarraibide orokorrak ezartzen ditu ordezko finken konfigurazioan eta erabileran, ingurumen elementu garrantzitsuak babesteko eta bildu beharreko lurraldearen dibertsitate mailari eusteko.

Azkenik, ingurumena zaintzeko programa bat ere badakar ingurumen agiriak, plangintzaren, obraren eta ustiapenaren faseetarako.

Sustatzaileak emandako informazioa, kontsulten emaitzak eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak ebatzi du ezen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira. Horrela, bada, Bidaurreta aldean lurzatiak biltzeko proiektuaren aldeko txostena egitea proposatzen da, txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira, eta adierazten da ez dela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar. Baimen hau emateak ez du ezertan ukatzen aplikatu beharreko beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren bestelako kontzesio eta baimenak lortzea, eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari, bideen jabari publikoari eta arroko erakundeari dagozkionak; halaber, obra gauzatzeko behar diren gainerako baimenak ere lortu behar izanen dira.

Kontsulten emaitzetatik eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Bidaurreta aldeko lurzatiak biltzeko oinarrizko proiektuaren aldeko txostena egitea proposatzen du, hori guztia ukatu gabe indarreko legearen arabera lortu beharreko bestelako baimenak.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta legeek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta (11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa, 32. artikuluan; Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 255/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duena),

EBAZTEN DUT:

1. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak sustatutako Bidaurreta aldeko lurzatiak biltzeko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuarren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legean (II. tituluko I. kapituluko 1. atalean) aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektuaren ingurumen agirian jasotako neurriak eta ingurumena zaintzeko programa osorik bete beharko ditu sustatzaileak, betiere ebazpen honetan ezarritakoaren aurka ez badoa. Gainera, proiektuak honako baldintza hauek ere bete behar ditu:

–Ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturalak.

  • «Elementu ekologiko eta kultural garrantzitsuak», ingurumen agiriaren 7 zenbakiko planoan «Balio Handiko» eta «Balio Ertaineko» elementutzat kartografiatuak, ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturaltzat joko dira lurzatiak biltzeko oinarrietan, Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 17. artikuluaren b) letran adierazitakoaren ondorioetarako. Ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio horietan, lurzatiak egokitzeko jarduketa txikiak baino ezin izanen dira baimendu, aurretiaz eskaera eginda Basoak Kudeatzeko Atalari, betiere jarduketak behar bezala justifikatuta badaude.
  • 7 zenbakiko planoan «Balio handiko elementutzat» kartografiatutako elementuak osorik errespetatu eta kontserbatu behar izanen dira. Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik balio horiek aldatu behar izanez gero, galdutakoen antzeko ezaugarriak eta zerbitzu ekologikoak leheneratzeko moduan konpentsatu behar da aldaketa.
  • 7 zenbakiko planoan «Balio ertaineko elementutzat» kartografiatutako elementuak errespetatu eta kontserbatu egin beharko dira. Eraldatu behar badira, betiere beste aukerarik ez badago, horien galerak konpentsazio neurriak hartzea ere ekarri behar izanen du.
  • 7 zenbakiko planoan «Balio txikiko elementutzat» kartografiatutako elementuak, bai eta kartografiatu gabeko landaredi naturaleko eremuak ere, baldin eta ordezko finka berri baten inguruaren barruan badaude, berriro ere laborantzarako erabili ahal izanen dira, betiere gutxieneko azalera duen entitatea osatzen badute eta izaera lineala ez badute, muinoen eta mugen antzera.
  • Lurzati baten jabeak landaredi naturalaren esparruren bat, kartografiatua ala kartografiatu gabea, ezabatu nahi badu, erabilera aldatzeko dagokion eskaera izapidetu beharko du Basoak Kudeatzeko Atalean.
  • 7 zenbakiko planoan kartografiatutako eta elementu berezien taula osagarrian 259 eta 261 zenbakiekin zerrendatuta agertzen diren esparruak («alfer-lurrak edo etzeak, landaredian zuhaitzak, zuhaixkak eta/edo belarra dutenak») larre sastraka mediterraneoko azalerak dira, zurbeltz laxo batean (259 zenbakiko esparrua) biltzen direnak, edo erkametza eta zurbeltzen orpo sakabanatuak dituztenak (261 zenbakikoa); oro har, malda handia duten lurzoru pobreetan kokatzen dira. Bidaurretako Udalak, kontsulta fasean egindako idazkian, balioa eman die eremu horiei eta inbertsioak egin ditu abeltzaintzarako larreak sortzeko; aipatu behar da Batasunaren intereseko habitat motak areagotu egin direla esparru horietan. Biltzeko prozesuaren ondoren, esparru horiek baso lurrak izaten jarraitu beharko dute 13/1990 Foru Legearen ondorioetarako, eta, beraz, aziendak aprobetxatzeko moduko azalerak larre moduan egokitu ahal izanen dira, baina ez dira laborantzarako lurzati bihurtu behar.
  • 7 zenbakiko planoan "Balio ertaineko elementu" gisa katalogatutako esparruak, lurzatiak biltzeko oinarrietan lehenengo zazpi lur moten barruan sailkatuta egonez gero (1.etik 7.era bitarteko motak), berriro laborantzarako erabili ahal izanen dira, betiere gutxieneko azalera duen entitatea osatzen badute. Laborantza eremuen barruan edo horien ondoan kokatutako belarretako alfer-lur (EH) gisa karakterizatutako esparruak soilik hartzen dira gutxieneko azalera duten entitatetzat, eta ez izaera linealeko esparruak, hala nola muinoak, ez eta alfer-lur sastrakadunak edo zuhaitz orpoak dituztenak ere; beraz, balio ertaineko elementu linealak (RM-, RM+, EMA, EM motakoak eta abar) ezin izanen dira luberritu. Esparru horietan aziendak aprobetxatzeko moduko azalerak larre moduan egokitu ahal izanen dira, baina ez dira laborantzarako lurzati bihurtu behar.
  • 7 zenbakiko planoan 351 zenbakiarekin kartografiatutako esparrua berriz mugatu beharko da, eta gutxienez 5 metroko zabalera emanen zaio masa planoan; era berean, ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko eta «Balio handiko» balio naturaltzat hartu behar da. Esparru horretan sakan bat dago, eta izaera katastrala eman beharko zaio, gutxienez, Belaskoainbidetik Arga ibaira bitarte.
  • 183 zenbakiarekin kartografiatutako esparrua lehorreko fruta-arbolen eremutzat identifikatuta dago SIGACen, eta, beraz, «Balio txikiko» «Lehorreko zurezko laboreen mosaikotzat» karakterizatu behar da.
  • Eraikuntza proiektua eta behin betiko plano bektorialak, kartografiatutako esparruak ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio natural gisa kategorizatuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalean aurkeztu behar dira obra gauzatu aitzin.

–Bideen eta hustubideen sarea.

  • Oro har, okupazioak eta lur erauzketak saihestuko dira, baldin eta bidea handitu badaiteke edo ardatza landaredi naturalik gabeko ertzera eraman badaiteke.
  • «A», «A-2», «B», «C» eta «I» bideetan, eta ingurumen agirian «A-3» eta «J» bideetatik adierazitako tarteetan, eraikuntzaren zabalera osoa murriztuko da, zuhaitz orpoen eta landaredi naturalaren gaineko eragina leuntze aldera. Trazaduraren zabaleraren barruan geratzen direlako kendu behar diren zuhaitzak konpentsatu eginen dira, landaredi naturalik gabeko bideen ertzetan zuhaitzak landatuta. Landaketa horien xedea bideari itzal egitea izanen da, tokiko aisialdirako edo bizikletaz ibiltzeko bide gisa erabiltzen ahal dela aurreikusita; gainera, dibertsitate eta konektibitate ekologikoa ere hobetuko dira. Okupazio zabaleratik kanpo geratzen diren zuhaitz orpoak errespetatu eginen dira, eta adarretan ukipenik eragin ahal izanen dela aurreikusiz gero, inausi eginen dira.
  • «A-1 bidea» egiteak eta horren okupazio zabalerak ez du eraginik izanen 367 zenbakiko elementu garrantzitsuan, hau da, 2 metrotik gorako zuhaitzak dituen muinoan.
  • «A-3 bidearen» ardatza lekuz aldatuko da, 294 zenbakiko elementu garrantzitsutzat kartografiatutako zuhaixkak dituen mugan okupaziorik eta eraginik ez izateko; horretarako, ingurumen integrazioko 1" zenbakiko neurria" aplikatuko da.
  • «B» eta «C» bideek malda handiak dituzte, eta horien trazadurek Bidaurretako herriguneak eteten dituen bi sakanen ibilbideari jarraitzen diote. Xabier Zubialde Legarreta jaunak kontsulta fasean aurkeztutako idazkian dioenez, egun bide horiek hustubide azalera gisa jarduten dute, urak herriko kaleetara bideratzen dituztelako, eta aurreikusteko moduko arrisku egoerak sortzen dituzte herrigunean. Proiektuan, bi bide horien eraikuntza diseinua berraztertu beharko da, baita hustubideak Bidaurretako herrigunetik gora egiteko beharra ote dagoen ere, eremuaren azterketa hidrologiko xehatua egin ondoren.
  • «H bideari» dagokionez, «G bidearekin» elkartzen den tokitik Etxarri udalerriarekiko mugaraino doan tartea «kontserbatu beharreko bidetzat» hartuko da proiektuan, eta ez da eraikuntza lanik eginen trazaduran.
  • Ordezko finkak diseinatu ondoren, «H bidearen» gainerakoan lanen justifikazioa eta egikaritze beharrak aztertuko dira berriro, eta jarduketarik ez egiteko aukera baloratuko da. Egokitzapena beharrezkotzat jotzen bada, «H bideari» dagokionez, «a hustubidearen» bidegurutzetik «G bidearekin» elkartzen den tokiraino doan tartea IV motako bidetzat hartuko da, «egokitu beharrekoa», 4 metroko okupazio zabalera eta ibaiko zabor-legarrezko 10 cm-ko bide-zorua izanik, eta arekarik gabe. «H bidean» Arga ibaiari lotutako ibilbide naturalaren eginkizunei eman beharko zaie lehentasuna.
  • «H bidearen» ardatza egokitu eginen da, Arga ibaiaren eskuineko ertzetik aldenduta. Ahal den heinean, eta Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritako ekarpenen kenkariaren irizpidea betez, bidearen eta ibaiertzeko landarediaren arteko azalera ingurumen integrazioko masa komun moduan erabiliko da, ingurumen agirian 5 zenbakiko neurria izanik. Nolanahi ere, 15 cm-tik gorako diametro normala duten zuhaitz orpo guztiak errespetatuko dira.
  • «J bidearen» ardatza egokitu eginen da, eraikuntza lanak egitean 314 zenbakiko elementu berezi garrantzitsutzat kartografiatutako esparruan ahalik eta eragin txikiena izateko. Trazadura ekialdetik 314 zenbakiko esparruarekiko paralelo joanen da, eta zeharkatu eginen du esparru horren eta zurezko laboreen 317 zenbakiko esparruaren artetik.
  • San Migel sakana zeharkatu ondoren, «J bidearen» trazadura berria aldatu egin behar da, sakanaren hegoaldean dagoen fruta-arbolen lurzatiaren iparraldeko mugatik igaro dadin, gehieneko malda onargarria gainditu gabe. Zurezko laboreen lurzatiaren ekialdeko aldetik, «J bideak» aurrera eginen du 37 zenbakiko esparrutzat kartografiatutako elementu berezian barrena, mendi-magalaren goiko aldean proposatutako trazadurarekin elkartu arte (1. irudia).
  • «J bidea» egiteak ez du eraginik izan behar Belaskoainbidea izeneko bidezidorraren (proiektuan «S-1 bidea» da) ekialdeko ertzeko ezponda hartzen duten zuhaixka eta zuhaitzetan. Trazadura berriak abandonatutako fruta-arbolak dituzten malda txikiko lurzatiak okupatu beharko ditu, elementu garrantzitsuen 7 zenbakiko planoan 352 zenbakiarekin kartografiatutako esparruaren barruan.
  • Bermak eraikiko dira hustubideekin lotuta eta horien paralelo, okupazio zabalera 4 metro eta sakonera 0,5 metro izanik, oinarrizko proiektuaren «3.5.2 Hustubide sarea» kapituluan deskribatutako hustubideen tarteetan.
  • Horretaz gain, Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritako ekarpenen kenkariaren irizpidea betez, berma bat eginen da eraikuntza tipologia berekoa, «a hustubidean». NA-7110 errepidetik (Etxauri-Orendain) «E bidera» arteko zatian. Gainera, ahal den heinean, «E bidearen» arekan, «a hustubidetik» udalerriaren mugara arteko zatian, landaketarako zerrenda bat utziko da arekaren kanpoaldean. 7 zenbakiko neurrian deskribatutako landaketak eginen dira azalera horretan. Zertarako eta hustubidea+bidea azpiegitura linealak Arga ibaiarekin duen lotura eginkizuna hobetzeko.
  • «A hustubidea» egokitzean eta berma egitean, ertzetan dauden zuhaitz orpoak errespetatuko dira, ingurumen agiriaren 8 zenbakiko neurrian zehaztutakoaren arabera.
  • «C hustubidearen» egungo trazadura garbitzean, ahal den heinean, dauden harrizko hormak errespetatuko dira.

–San Migel sakana proiektuan planteatzen den «d hustubidetik» gora egokitu behar ote den aztertuko da, eraikuntza proiektuaren aurretik egin beharreko azterketa hidrologikoa xehatua egin ondoren. Nolanahi ere, «d hustubidea» bermarekin diseinatuko da eta eginen da azkenik erabakiko den diseinuaren trazadura osoan.

–Prebentzioko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak.

  • Lanak bisoi europarraren (Mustela lutreola) banaketa eremuaren barruan daude, eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan sartuta dago galzoriko espezie hori. Beraz, ezein jarduketak ez dio espezie horri kalterik eragin behar. Bisoien ugalketa garaian, hau da apirilaren 1etik abuztuaren 31ra bitarte, saihestu egin behar dira, oro har, espezieari eragiten ahal dioten jarduketak. Horretarako, honako alderdi hauek hartu behar dira kontuan:
    • Jarduketa puntualak badira landaretzarik gabeko eremuetan, eremu horietan lan egiten ahal da hazkuntza garaian, betiere hori lanak puntualki egiten badira eta inguruko gainerako eremuetan eraginik izan gabe.
    • Jarduerak landaredia dagoen gune jakin batzuetan egiten badira, eta horietan sastrakak kendu behar badira jarduketak gauzatzeko, jarduketaren xede den eremuan aldez aurretik sastrakak garbitzen ahalko dira apirilaren 1a baino lehen.

Modu horretan, ez dute hazkuntzarako gordelekurik eginen, landarerik ez egoteagatik, eta, hartara, gainerako jarduketak hazkuntza garaian egiten ahalko dira.

  • Uraren kalitatean eragina izaten ahal duten lanak egiten badira ibilgu naturaletan edo haien inguruetan, uztailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean eginen dira, ziprinidoen ugalketa garaian eragozpenik ez sortzeko.
  • Obrak hasi aitzin, inguruan hegazti harrapari ugaltzaileen presentziaren jarraipena eginen da. Beharrezkoa izanez gero, ingurumen agirian xedatzen denez, ugalketa garaian eragozpenak sortzen ahal dituzten eremuetan egiten diren lanen egutegian murrizketak ezarriko dira. Oro har, ugalketa garaia amaitzen denean eginen dira lan guztiak.
  • Lanak egin bitartean espezie mehatxatuen katalogo nazional edo autonomikoetan bildutako flora edo fauna espezieren baten presentzia hautemanez gero eta lanek espezie horrengan kalterik eragiteko aukera egonez gero, berehala emanen zaio horren berri Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta zerbitzutik xedatzen duena bete beharko da.
  • Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak kontsulta fasean egindako txostenean jasotzen denez, Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogatutako «San Kristobal» aztarnategian eta haren babes ingurunean eragina izaten ahal duten obra guztien jarraipen arkeologikoa egin beharko da, bereziki, A bidea egiteko obrena.
  • Proiektua gauzatu aitzin,sustatzaileak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren alde txostena eskuratu beharko du, Nafarroako kultur ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Bereziki, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari egin beharko zaio kontsulta zabortegi eta maileguak ezartzeari buruz, eta, horretarako, Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogatutako aztarnategiak hartuko dira aintzat.
  • Legarrak eta agregakinak erauzteko, administrazioaren baimena beharko da. Ahal den neurrian, obran birziklatutako agregakinen portzentaje bat erabiliko da, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz.
  • Drainatzeetan, ibilguetan, sakanetan eta jabari publiko hidraulikoko eremuetan, zortasun eremuetan edo polizia eremuetan egiten diren jarduketek arroko erakundearen nahitaezko administrazio-baimena izan beharko dute. Ibilguak zeharkatzeko pasabide eta bidegurutzeen kasuan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ezartzen dituen gutxieneko ezaugarriak bete beharko dira.
  • Hustubideen egungo zatiak garbitzean, ertzetan dagoen ibaiertzeko landaredia errespetatuko da, eta lanak ibilguen alde batetik bakarrik eginen dira; ezpondan landaredi naturala ateratzen denean, kontrako aldetik lan egin ahal izanen da, bi ertzak txandakatuta. Bi ezpondetan ezin izanen da aldi berean lan egin.
  • Hustubideetan mantentze lanak egitean, ibilguen hondoan soilik eginen dira jarduketak, eta lohiz betetako materialak aterako dira.
  • Hustubide berriak eraikitzean eta mantentze lanak egitean erauzitako lurrak nekazaritzako lurzatietan zabaltzen ahal dira, baina ez gertu egoten ahal diren lugorrietan edo landaredi naturalean. Ez da lurrezko lubetarik edo kordoirik eginen hustubidearen trazaduran barrena.
  • Hustubideetan sortzen diren ebakidura ezpondek malda txikia izan behar dute, gutxienez 1H:1V, proiektuaren arabera, eta ez dira inoiz bertikalak izanen.
  • Hustubideen ertzak ez dira izanen ura husteko bide horiek zurruntzen eta bideratzen dituzten elementu edo materialez osatuak, hala nola harri-lubetazko harriak, hodiak, hormak eta abar.
  • Obraren aldi baterako okupazioak ez dira ibai ibilguetan, ibaiertzeko landare formazioetan eta landaredi naturaleko edo erdi-naturaleko eremuetan eginen. Era berean, ezin izanen da materialik bildu, ez inolako hondakinik isuri, ez eta makineria parkea eremu horietan kokatu ere. Ibaiertzeko landare formazioak balizatu egin beharko dira aldez aurretik, babesteko.
  • Nolanahi ere, obratik datozen materialak ubidera edo ibaiertzeko basora iristea saihestu behar da. Horretarako, egoera hori saihesteko neurri egokiak hartu beharko dira. Halakorik gertatuz gero, ahalik eta azkarren erretiratu beharko dira.
  • Ibilguaren inguruan egin beharreko lur mugimenduak euri garaitik kanpo eginen dira, solidoak ibaira herrestan joan ez daitezen.
  • Egiten diren bermen azaleretan, ibaiertzeko zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatuko dira, bermen lotura eginkizuna hobetze aldera.
  • Ez da zuhaitz orpo isolaturik landatuko SIGPACen zuhaixkak edo zuhaitzak dituen larretzat jotzen diren lurzatietan. Landaketak ordezko finka berrien artean utzitako konpentsazio azaleretan egiteari emanen zaio lehentasuna, bai eta lehorreko labore belarkaren lurzatien artetik doazen bideetan barrena egiten diren landaketa linealei ere.
  • Konpentsatzeko landaketak eginen dira, halaber, Arga ibaiaren ertzean, gutxienez 25 metro zabaleko zerrenda batean, ibaiertzeko landarediak 25 metro baino gutxiagoko zabalera duen eremuetan, betiere ibaiaren eskuineko ertzetik kontatzen hasita. La Playa, El Licharro eta Urberoa parajeetan.
  • Zurezko eta basogintzako landareen haziak ingurukoak bertakoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Obrak amaitu eta 6 hilabete igaro baino lehen amaitu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak landaketa garaiaren, klima baldintzen eta abarren mende daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, gutxienez bi urtez, eta, beharrezkoa izanez gero, landaketa berriak eginen dira. Landaketetan, landaketa markoa ordena jakinik gabe antolatzea komeni da, patroi geometrikoak saihestearren.
  • Bermetan eta konpentsazio azaleretan landaketak egiteko erabiltzen diren azalerak ingurumen integrazioko masa komun moduan gisa erabiliko dira, ingurumen agirian 5 zenbakiko neurria izanik.
  • Hustubideen ertzetan ibaiertzeko landare autoktonokoekin sortutako landaketen azalerak ur ibilguak babesteko zerrendatzat hartzen dira, urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera (7/2024 Foru Agindua, urtarrilaren 17koa, arauak ezartzen dituena Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta baldintzazkotasun soziala aplikatzeko).
  • Zuzentzeko eta konpentsazioko neurriak egin ondoren, landaketen azalera guztiak, ingurumena lehengoratzeko azalera guztiak eta ingurumen integrazioko masa komunerako erabiliko diren azalera guztiak balio handiko eta ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko «Balio handiko» balio naturaltzat hartuko dira ondorio guztietarako.
  • Ordezko finkak diseinatzean eta banatzean, kontuan hartuko dira ingurumen agiriaren 2.2.2 kapituluan adierazitako kontserbatu beharreko elementuak babesteko jarraibide orokorrak. Horretaz gain, nekazaritza ekologikoaren irizpideen arabera kudeatutako lursailak, ahal dela, egungo jabeei esleitzeko jarraibidea kontuan izanen da.

–Ingurumenaren jarraipena egiteko neurriak.

  • Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programa gauzatuko du, ingurumen agiriaren V. kapituluan aurreikusitakoari jarraikiz.

–Ingurumen balioei buruzko informazioa ematea titularrei.

  • Lurzatiak berrantolatzeko erabakian, ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturalak karakterizatu eta kartografiatuko dira, Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 17. artikuluko b) letran xedatutakoari jarraikiz. Ingurumen balioa duten elementu horiek errespetatzeko betebeharraren berri eman beharko die jabeei sustatzaileak.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera egindako kontsulten izapidean jasotako idazki eta ekarpen guztiak Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura igortzea, proiektuaren sustatzaile den aldetik, jakinaren gainean egon dadin.

4. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua baimentzeko egintzaren aurka, hala badagokio, auzibidean edo administrazio bidean jartzen ahal direnak, hala badagokie.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6. Ebazpen hau Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Bidaurretako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera igortzea, dagokion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA

1. irudia.–«J biderako» proposatutako trazadura berria, malda bideragarria dela egiaztatu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2500027