22. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1410E/2024 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak sustatutako Ollakarizketa aldeko lurzatiak biltzeko proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren txostena.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko asmoz, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak «Ollakarizketa aldeko lurzatiak biltzeko proiektuaren» ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera aurkeztu du Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan, oinarrizko proiektuarekin eta ingurumen agiriarekin batera.

–Proiektuaren deskribapena.

Lurzatiak biltzeko eremu osoa Txulapaingo udal-mugartean dago, eta Ollakarizketako kontzeju osoa eta Gartziriaingo zati bat ere hartzen ditu, non barneratzen den A eta C bideen trazatuaren zati bat. Proiektuak 100 ha baino zertxobait gehiagoko azalera hartzen du. Lurzatiak biltzeko proiektuaren perimetroaren barnean 139 lurzati daude, 33 jaberenak, eta batez besteko azalera 0,72 ha-koa da. Asmoa 46 lurzati izatea da, batez besteko azalera 2,17 ha-koa, murrizketa indizea 3,00 eta murrizketa koefizientea %87,73koa.

Nekazaritzako azpiegiturak behar bezala garatzeko obrak egin behar izanen dira, hau da, bideak eta hustubideak egin eta egokitu. Proiektuko bide sarean 9 bide berri eginen dira, 4, 4,50 eta 5 metroko errodadura zabalerarekin (gehieneko okupazioa 9, 9,50 eta 10 metrokoa izanen da), eta 2 bide egokituko dira, 4 metro zabalekoak. Aurreikusitako sare osoak 4.101 metroko luzera du; horietatik 3.714 metro berriak dira, eta 387 metro egokitu beharreko bideak. Bideen trazadura egitean, dauden bideen lehengo trazaduretatik igaro dadin saiatu gara, nahiz eta obra berritzat jotzen diren, egungo kontserbazio egoera dela eta. 2.000 bat metro bide eginen dira trazadura berriaren gainean. Proiektuan, bideek gutxienez 20 cm-ko bide-zorua izanen dute, ibaiko zabor-legarrezkoa, eta gutxienez 10 cm-ko bide-zoru trinkotua, egokitutako bideetarako. A, A-2, B eta C bideetan, HP-35 hormigoizko 20 cm-ko geruza batez hormigoitu behar izanen dira zenbat tarte, guztira 861 m izanik. Egokitutakoetan izan ezik, bideetan 0,50 metroko areka triangeluarrak eginen dira, 1:1 ezpondarekin. Proiektuaren arabera, lubetetako ezpondak 3(H):2(V) izanen dira; lur erauzketetan ezponda bertikalagoak erabiliko dira, lurraren arabera: 1:1 lurra bada, 2:3 iragaitzan eta 1:5 haitza bada.

Hustubideei dagokienez, Urtxikia ibaiaren mendebaldeko lurrak drainatzen dituzten bi sakanetan jarduteko asmoa dago, ibaiaren eskuineko ertzean. 228 m garbituko dira "a hustubidean", Ibarren sakanean, eta 317 m "b hustubidean", Kapana eta Austogia alderdietan. Bi hustubideen azken tartea lurpean doa. "a hustubidearen" hodia kontserbatu eginen da. "b hustubidearen" azken zatian, 0,80 metroko diametroa eta 56 metroko luzera duen lurpeko hodi bat jarriko da. Hustubideen aire zabaleko sekzioa 4 m zabal eta 1,60 m sakon izanen da, eta 1:1 ezpondekin. "a hustubidearen" eskuineko ertzean, 4 metroko okupazioa eta 0,50 metroko sakonera dituen berma bat paratuko da; hartara, hustubidearen sekzio bateratuak eta berman duen landaketa zerrendak ibilgu txikiagoa eta ibilgu handiagoa izateko aukera emanen dute.

Ez da aurretiazko azterketarik edo zundaketarik egin maileguen eta zabortegien kokapena aurreikusteko. Iruñerritik gertu dagoenez, seguruenik gertuko harrobi eta zabortegi baimenduak erabiliko dira.

–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea.

Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean sartzen da proiektua. Beraz, arau horren II. tituluko II. kapituluko 2. atalean araututako ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak Ollakarizketa (Nafarroa) aldeko lurzatiak biltzeko oinarrizko proiektua eta ingurumen agiria igorri ditu Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena egin aurretik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, 2024ko martxoaren 27an, proiektuaren ingurumen agiriari buruzko kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin zitzaten. Honako erakunde hauei egin zaizkie kontsultak: Txulapaingo Udalari, Ollakarizketako Kontzejuari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Arrantza Kudeaketarako Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Ekologistak Martxan elkarteari, Gorosti Natur Zientzi Elkarteari eta Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsari. Kontsulta horien ondorioz, Txulapaingo Udalaren eta Arrantza Kudeaketarako Atalaren erantzunak jaso ditugu. Udalaren hirigintza txostenak ondorioztatzen du ez dagoela indarreko udal plangintzarik, eraginpeko lurzoru urbanizaezinetako zenbait babes espezifikoei atxikita daudela eta aldez aurreko baimenak, sektorialak, beharrezkoak izanen direla. Arrantza Kudeaketarako Atalak egindako txosteneko oharrak ingurumen inpaktuaren txosten honen baldintzetan txertatu dira.

–Proiektuaren ingurumen-ebaluazioa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan harturik.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluaren arabera, ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen du aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera, argitzeko ea proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen, edo ingurumen inpaktuaren txostena eman behar den, proiektuak ingurumenaren gainean eragin nabarmenik izan ez dezan beharrezkoak diren baldintzetan.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin. Aztertutako aukera nagusiak, eragin nabarmena izan dezaketen ingurumen-faktoreen deskribapena, proiektuaren ekintzek faktore horietan dituzten ondorioen balorazioa, eta ingurumenaren gaineko eragin negatibo nabarmen oro prebenitu, zuzendu eta konpentsatu ahal izatea dakarten prebentzioko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak. Ingurumen jarraipeneko programa bat ere bai.

Ingurumen inbentarioaren kapituluaren barruan, ingurumen agiriak hainbat "ingurumen unitate" bereizten ditu jarduketa eremuan, eta unitate horietan egituraren eta funtzionamenduaren aldetik antzekoak diren espazioak biltzen dira, ingurumen erantzuna ere homogeneoa dutenak proiektuak dakartzan jarduketen aurrean. Sei ingurumen unitate definitzen dira eta, dokumentuaren arabera, balio handikotzat jotzen dira honako hauek: baso mistoa, ibaiertzeko landaredia eta sastraka mediterraneoa; balio ertainekotzat: koniferoak; eta balio txikikotzat: hiri-eremua eta landare autoktonoak dituzten lur moten mosaikoa.

Gainera, ingurumen agirian, paisaia dibertsifikatzeko elementu bereziak kartografiatzen, ezaugarritzen eta baloratzen dira, "elementu ekologiko eta kultural garrantzitsuak" izenpean. 59 elementu garrantzitsu kartografiatu dira eremuan, 78,84 ha egiten dutenak, hau da, bildu beharreko eremuaren azaleraren %64,51. Ingurumen agirian honela tipifikatzen dira elementu horiek: 1) landaredi naturala (baso mistoa, sastraka mediterraneoa, ibaiertzeko landaredia eta koniferoak), balio handikoa eta ertainekoa; 2) mugak eta muinoak (landaredian zuhaitzak, zuhaixkak eta/edo belarra dutenak, altueran 2 m baino gehiago edo gutxiago izanik), balio handi, ertain eta txikikoa; 3) alfer-lurrak edo etzeak (landaredian zuhaitzak, zuhaixkak edo belarra dutenak), balio handikoa eta ertainekoa; eta 4) eraikinak, nabeak edo kortak, balio ertainekoak.

Ingurumen agirian ingurumenaren gainean izandako inpaktu globala aztertzen da, plangintza fasean eta obra fasean, eta negatiboa eta bateragarria iritzi dio. Ustiapen faseko inpaktu globala, berriz, positibotzat eta bateragarritzat jotzen da.

Hala ere, ingurumen agirian zenbait neurri zehazten dira plangintzaren eta obraren faseetan, bai eta konpentsazioko neurriak ere, ingurumenaren gaineko ondorio negatiboak minimizatzeko.

Bide eta hustubideen sarea planifikatzeko fasean, ingurumen agiriaren arabera, bideen diseinua bideen egungo trazadurara egokitzen da, egungo paisaiaren ezaugarri geometrikoei eusteko eta egungo bide sarearekin eta drainatze lineekin lotutako mugak, muinoak eta ingurumen intereseko beste elementu batzuk desager ez daitezen. Bide eta drainatze sarea diseinatzeko neurri espezifikoei dagokienez, errespetatu eta kontserbatu behar diren ezponda zehatzak zeintzuk diren ere zehazten da ingurumen agirian, kontserbatu beharreko ingurumen interes handieneko ertzak zeintzuk diren, edo okupazioa zein tartetan minimizatu behar den, eraikuntza lanen ondoriozko eragina murriztearren. Ingurumen agiriko 1, 2 eta 3 zenbakiko neurriak. Urtxikia ibaiko landarediaren eta faunaren gainean ukipena txikiagoa izate aldera, ibilguaren gainean pasabide bat eraikitzea diseinatu da, B biderako proiektatu den bidegurutzean (4 zenbakiko neurria).

Bide eta hustubideen sarea eraikitzearen ondoriozko landaredi galera konpentsatzeko neurri gisa, 0,6-1,2 ha Ingurumen Integrazioko Masa Komun moduan erabiltzea planteatzen da, natura leheneratzeko, landatzeko edo bilakaera naturala izan dezan (5 zenbakiko neurria). Ingurumen agirian planteatzen da, halaber, hustubideen azken zatiaren diseinua aldatzea; izan ere, proiektuan lurpeko hodia baitago aurreikusita, eta aire zabalean eraikiko da, bermekin edo terrazak eginda, berma eta terraza horietan espezie autoktonoak linealki landatzeko (6 zenbakiko neurria).

Ordezko finken diseinuari eta banaketari dagokienez, kartografiatutako eta "balio handikotzat" jotako elementu ekologiko eta kultural garrantzitsuak osorik errespetatzea proposatzen da ingurumen agirian. "Balio ertainekotzat" kartografiatutako elementuak ahal den neurrian kontserbatuko dira. Agirian adierazten da balio ertaineko elementu horiek ezabatzeko ingurumen organoaren nahitaezko baimena lortu behar izanen dela. Gainera, agiriak jarraibide orokorrak ezartzen ditu ordezko finken konfigurazioan eta erabileran, ingurumen elementu garrantzitsuak babesteko eta berrantolatu beharreko lurraldearen dibertsitate mailari eusteko.

Obra fasean, ingurumen agiriak hainbat jarraibide eta neurri proposatzen ditu airearen eta uren kalitatean, lurzoruan eta geomorfologian, landaredian eta faunan, paisaian hautemandako eragin negatiboak murrizteko, bai eta neurri sozioekonomikoak ere.

Azkenik, ingurumena zaintzeko programa bat ere badakar ingurumen agiriak, plangintzaren, obraren eta ustiapenaren faseetarako.

Sustatzaileak emandako informazioa, kontsulten emaitzak eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak ebatzi du ezen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira. Horrela, bada, Ollakarizketa aldeko lurzatiak biltzeko proiektuaren aldeko txostena egitea proposatzen da, txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira, eta adierazten da ez dela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntarik egin behar. Baimen hau emateak ez du ezertan ukatzen aplikatu beharreko beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren bestelako kontzesio eta baimenak lortzea, eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari, bideen jabari publikoari eta arroko erakundeari dagozkionak; halaber, obra gauzatzeko behar diren gainerako baimenak ere lortu behar izanen dira.

Kontsulten emaitzetatik eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ollakarizketa aldeko lurzatiak biltzeko proiektuaren oinarrizko proiektuaren aldeko txostena egitea proposatzen du, hori guztia ukatu gabe indarreko legearen arabera lortu beharreko bestelako baimenak.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta legeek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta (11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa, 32. artikuluan; Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 255/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duena),

EBAZTEN DUT:

1. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak sustatutako Ollakarizketa aldeko lurzatiak biltzeko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean (II. tituluko I. kapituluko 1. atalean) aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektuaren ingurumen agirian jasotako neurriak eta ingurumena zaintzeko programa osorik bete beharko ditu sustatzaileak, betiere ebazpen honetan ezarritakoaren aurka ez badoa. Gainera, proiektuak honako baldintza hauek ere bete behar ditu:

–Ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturalak.

  • "Elementu ekologiko eta kultural garrantzitsuak", ingurumen agiriaren 7 zenbakiko planoan "Balio Handiko" eta "Balio Ertaineko" elementutzat kartografiatuak, ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturaltzat joko dira lurzatiak berrantolatzeko oinarrietan, Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 17. artikuluaren b) letran adierazitakoaren ondorioetarako. Ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio horietan, lurzatiak egokitzeko jarduketa txikiak baino ezin izanen dira baimendu, aurretiaz eskaera eginda Basoak Kudeatzeko Atalari, betiere jarduketak behar bezala justifikatuta badaude.
  • 7 zenbakiko planoan "Balio handiko elementutzat" kartografiatutako elementuak osorik errespetatu eta kontserbatu behar izanen dira. Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik balio horiek aldatu behar izanez gero, galdutakoen antzeko ezaugarriak eta zerbitzu ekologikoak leheneratzeko moduan konpentsatu behar da aldaketa.
  • 7 zenbakiko planoan "Balio ertaineko elementutzat" kartografiatutako elementuak errespetatu eta kontserbatu egin behar izanen dira. Eraldatu behar badira, betiere beste aukerarik ez badago, horien galerak konpentsazio neurriak hartzea ere ekarri behar izanen du.
  • 7 zenbakiko planoan "Balio txikiko elementutzat" kartografiatutako elementuak, bai eta kartografiatu gabeko landaredi naturaleko eremuak ere, baldin eta ordezko finka berri baten inguruaren barruan badaude, berriro ere laborantzarako erabili ahal izanen dira, betiere gutxieneko azalera duen entitatea osatzen badute eta izaera lineala ez badute, muinoen eta mugen antzera.
  • 7 zenbakiko planoan "Balio ertaineko elementutzat" katalogatutako esparruak, lurzatien berrantolaketarako oinarrietan lehenengo zazpi lur moten barruan sailkatuta egonez gero (1.etik 7.era bitarteko motak), berriro laborantzarako erabili ahal izanen dira, betiere gutxieneko azalera duen entitatea osatzen badute. Laborantza eremuen barruan edo horien ondoan kokatutako belarretako alfer-lur (EH) gisa karakterizatutako esparruak soilik hartzen dira gutxieneko azalera duten entitatetzat, eta ez izaera linealeko esparruak, hala nola muinoak, ez eta alfer-lur sastrakadunak ere; beraz, balio ertaineko elementu linealak (RM-, RM+, EM motakoak eta abar) ezin izanen dira luberritu.
  • Lurzati baten jabeak landaredi naturalaren esparruren bat, kartografiatua ala kartografiatu gabea, ezabatu edo luberritu nahi badu, erabilera aldatzeko dagokion eskaera izapidetu beharko du Basoak Kudeatzeko Atalean.
  • 7 zenbakiko planoan kartografiatutako eta taulan 14 zenbakiarekin zerrendatuta agertzen den esparrua, ibaiertzeko landaredia (VR), ondoko soro landuen benetako mugara egokitu beharko da, eta egun dagoen landaredi natural guztia hartu beharko du barnean (1. irudia).
  • Eraikuntza proiektua eta behin betiko plano bektorialak, kartografiatutako esparruak ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturaltzat kategorizatuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalean aurkeztu behar dira obra gauzatu aitzin.

–Bideen eta hustubideen sarea.

  • Oro har, okupazioak eta lur erauzketak saihestuko dira, baldin eta bidea handitu badaiteke edo ardatza landaredi naturalik gabeko ertzera eraman badaiteke.
  • Trazadura berriko "B bidea" egiteak eta horren okupazio zabalerak ezin du eraginik izan 3, 14, 16 eta 35 zenbakiekin identifikatu diren eta ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturalak dituzten esparrutan. Trazadura 13. poligonoko 108-110 lurzati katastraletako finken artetik igarotzen den zatian, hartu beharreko neurriak hartuko dira landaredia naturala duten eta 3 zenbakiarekin (baso mistoa) eta 14 zenbakiarekin (ibaiertzeko landaredia) identifikatu diren esparruetan ahalik eta eraginik txikiena izateko; ikus 2. irudia. Landaredi naturalaren gaineko afekzioa konpentsatzeko, "B bidearen" eta Urtxikia ibaiaren arteko eremuan landaketak eginen dira, honako baldintza hauen arabera:
  • "B bidearen" ardatza egokitu eginen da bide-zoruaren edo, hala badagokio, arekaren ertzak gutxienez 5 metroko distantzia utz dezan Urtxikia ibaiari lotutako ibaiertzeko landarediaren mugaraino (14 zenbakiko esparrua). Ekintza horren bitartez, uholde garaian bidean ahalik eta eragin txikiena izatea eta ibaiaren beraren ekosistema hobetzea lortu nahi da. "B bidearen" zati hori ez da hormigoiztatuko. Ahal den heinean, eta Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritako ekarpenen kenkariaren irizpidea betez, "B bidearen" eta ibaiertzeko landarediaren arteko azalera ingurumen integrazioko masa komun moduan erabiliko da. Azalera horretan, ingurumen agiriaren 3.4.2 puntuan definitutako landaketak eginen dira.
  • "B bidea" Urtxikia ibaiaren gainetik igarotzean, ibaiertzeko landarediari afekzio txikien egiten dion eremutik igaroko da, eta jarduketa egiteko beharrezkoa den ahalik eta landaredia gutxien kendu edo inausiko da. Ekintza hori konpentsatzeko, landaketak eginen dira ingurumen integrazioko masa komuneko eremuetan, eta ibai-ibilguen sarearen konektibitate ekologikoa hobetuko da.
  • "A bidea" egiteak eta horren okupazio zabalerak murriztu egin beharko du 8, 12, 13, 32, 33, 34 eta 41 zenbakiekin identifikatutako eta ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturalen gaineko afekzioa. Horretarako, ingurumen agiriko 1 zenbakiko neurria gauzatzeaz gain, honako neurri hauek ere hartu beharko dira:
    • "A bidearen" okupazioa eta ardatza landaredi naturalik gabeko ertzerantz mugituko da trazadura 8, 12, 33, 34 eta 41 zenbakiko esparruen eta soro landuen artetik doan tarteetan. Trazaduraren maldak horretarako aukera ematen duen heinean, "A bidearen" iparraldeko hasieran, NA-4100 errepidearekin elkartu ondoren, bidearen okupazioa Txulapaingo 10. poligonoko 124. lurzatiko soro landurantz mugituko da, eta 8 zenbakiko esparruari eragin txikiagoa eginen zaio.
    • "A bidea" egitean, okupazio zabalerak ahalik eta txikiena izan behar du eta, behar izanez gero, errodadura zabalera murriztu egin behar da trazadurak 8 eta 32 zenbakietako esparruak zeharkatu behar dituen tarteetan. Esparru horietan ukitutako azalera konpentsatu egin beharko da, galdutakoen antzeko neurriak, ezaugarriak eta zerbitzu ekologikoak leheneratzeko moduan betiere.
    • "A bidea" egitean, ez da eraginik izan behar 13 zenbakiko esparruan identifikatutako haritz bereziaren gain. Trazaduraren maldak ahalbidetzen duen heinean, "A bidearen" ardatzak egungo gurdibidearen trazadurari jarraituko dio 8 zenbakiko esparrua zeharkatzen duen zatian; tarte hori 10. poligonoko 120., 121., 125. eta 126. lurzati katastralek mugatzen dute (3. irudia. 1. puntua).
    • 8 zenbakiko esparruko landaredi naturaleko azalera, bidearen trazadura berriaren eraginpean geratzen dena, konpentsatu egin beharko da, erabilerarik gabe geratuko den egungo bidearen trazaduran landaredi naturala berreskuratuta (3. irudia. 1. eta 2. puntuak). Gaur egungo bidea eraitsi, destrinkotu eta landareztatu egin beharko da, landare lurra bota ondoren, esparruko landaredian berezkoak diren landareekin.
  • Trazadura hodi bidez eta lurpean dutela eraiki nahi diren hustubide zatiak aire zabalean eginen dira, berez, ubidea argitan utzita, eta ibaiertzeko landarediaren landaketari eta garapenari eusteko berma bat eraikiko da alboetako batean, ingurumen agiriko ingurumen integrazioko neurriei buruzko kapituluko 6 zenbakiko neurrian adierazten denez.
  • Hustubideen zati berriak egitean sortzen diren ebakidura ezpondek malda txikia izan behar dute, gutxienez 1H:1V, ezponda horiek lurretan eginen dira eta ez dira inoiz bertikalak izanen.
  • Hustubideen ertzak ez dira izanen ura husteko bide horiek zurruntzen eta bideratzen dituzten elementu edo materialez osatuak, hala nola harri-lubetazko harriak, hodiak, hormak eta abar.
  • Ibarren errekan egun aire zabalean dauden tarteetan (a hustubidea) eta "b hustubide" izendatutako izenik gabeko ibilguan, ertzetan dagoen ibaiertzeko landaredia osorik errespetatuko da.
  • Tarte horietan, korrontearen fluxua oztopatzen duten elementuak ezabatzeko mantentze lanak baino ezin izanen dira egin.
  • Ez da landaredi naturalik kenduko Ibarren errekan egun aire zabalean doan zatian (a hustubidea) berma egiteko.
  • Mantentze lan puntualetan, sakanari lotutako landaredi naturalaren gaineko eragina murrizteko behar diren neurriak hartu behar dira, ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio handiko balio naturala den aldetik.
  • Mantentze lanak ibilguen alde batetik bakarrik eginen dira, eta ezpondan landare naturalak ateratzen denean, kontrako aldetik lan egin ahal izanen da, bi ertzak txandakatuta. Bi ezpondetan ezin izanen da aldi berean lan egin.
  • Mantentze lanetan eraginpean geratzen ahal den landaredi naturala konpentsatzeko, landu den ertzean landaketak eginen dira.
  • Mantentze lanak egitean, ibilguen hondoan soilik eginen dira jarduketak, eta lohiz betetako materialak aterako dira.
  • Hustubide berriak eraikitzean eta mantentze lanak egitean erauzitako lurrak nekazaritzako lurzatietan zabaltzen ahal dira, baina ez gertu egoten ahal diren lugorrietan edo landaredi naturalean. Ez da lurrezko lubetarik edo kordoirik eginen hustubidearen trazaduran barrena.

–Prebentzioko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak.

  • Lanak bisoi europarraren (Mustela lutreola) banaketa eremuaren barruan daude, eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan sartuta dago galzoriko espezie hori. Beraz, ezein jarduketak ez dio espezie horri kalterik eragin behar. Bisoien ugalketa garaian, hau da apirilaren 1etik abuztuaren 31ra bitarte, saihestu egin behar dira, oro har, espezieari eragiten ahal dioten jarduketak. Horretarako, honako alderdi hauek hartu behar dira kontuan:
    • Jarduketa puntualak badira landaretzarik gabeko eremuetan, eremu horietan lan egiten ahal da hazkuntza garaian, betiere lanak puntualki egiten badira eta inguruko gainerako eremuetan eraginik izan gabe.
    • Jarduerak landaredia dagoen gune jakin batzuetan egiten badira, eta horietan sastrakak kendu behar badira jarduketak gauzatzeko, jarduketaren xede den eremuan aldez aurretik sastrakak garbitzen ahalko dira apirilaren 1a baino lehen.

Modu horretan, ez dute hazkuntzarako gordelekurik eginen, landarerik ez egoteagatik, eta, hartara, gainerako jarduketak hazkuntza garaian egiten ahalko dira.

  • Uraren kalitatean eragina izaten ahal duten lanak egiten badira ibilgu naturaletan edo haien inguruetan, uztailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean eginen dira, ziprinidoen ugalketa garaian eragozpenik ez sortzeko.
  • Obrak hasi aitzin, inguruan hegazti harrapari ugaltzaileen presentziaren jarraipena eginen da. Beharrezkoa izanez gero, ingurumen agirian xedatzen denez, ugalketa garaian eragozpenak sortzen ahal dituzten eremuetan egiten diren lanen egutegian murrizketak ezarriko dira. Oro har, ugalketa garaia amaitzen denean eginen dira lan guztiak.
  • Lanak egin bitartean espezie mehatxatuen katalogo nazional edo autonomikoetan bildutako flora edo fauna espezieren baten presentzia hautemanez gero eta lanek espezie horrengan kalterik eragiteko aukera egonez gero, berehala emanen zaio horren berri Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta zerbitzutik xedatzen duena bete beharko da.
  • Proiektua gauzatu aitzin,sustatzaileak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren alde txostena eskuratu beharko du, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
  • Legarrak eta agregakinak erauzteko, administrazioaren baimena beharko da. Ahal den neurrian, obran birziklatutako agregakinen portzentaje bat erabiliko da, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz.
  • Drainatzeetan, ibilguetan, Urtxikia ibaiaren bidegurutzean eta jabari publiko hidraulikoko eremuetan edo polizia eremuetan egiten diren jarduketek arroko erakundearen nahitaezko administrazio-baimena izan beharko dute. Ibilguak zeharkatzeko pasabide eta bidegurutzeen kasuan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ezartzen dituen gutxieneko ezaugarriak bete beharko dira.
  • Obraren aldi baterako okupazioak ez dira ibai ibilguetan, ibaiertzeko landare formazioetan eta landaredi naturaleko eremuetan eginen. Era berean, ezin izanen da materialik bildu, ez inolako hondakinik isuri, ez eta makineria parkea eremu horietan kokatu ere. Ibaiertzeko landare formazioak balizatu egin beharko dira aldez aurretik, babesteko.
  • Nolanahi ere, obratik datozen materialak ubidera edo ibaiertzeko basora iristea saihestu behar da. Horretarako, egoera hori saihesteko neurri egokiak hartu beharko dira. Halakorik gertatuz gero, ahalik eta azkarren erretiratu beharko dira.
  • Ibilguaren inguruan egin beharreko lur mugimenduak euri garaitik kanpo eginen dira, solidoak ibaira herrestan joan ez daitezen.
  • Gorago adierazi denez, "B bidearen" eta Urtxikia ibaiaren ertzeko landarediaren artean geratzen den azaleran (14 zenbakiko esparrua), landaketak eginen dira ibaiertzeko zuhaitz eta zuhaixka autoktonoekin, soroak uraldien ondorioetatik babesteko eta ondorio horiek arintzeko. Espezie hauek erabiltzen ahal dira:
    • Zuhaitzak (≥ %50 landare kopurua): lizarrak (Fraxinus angustifolia, F. excelsior), haltza (Alnus glutinosa), zumartxuria (Populus alba), lertxuna (Populus tremula), zumarra (Ulmus spp.), almeza (Celtis australis), gereziondoa (Prunus avium) edo intxaurrondoa (Juglans regia).
    • Zuhaixkak: sahatsak (Salix spp.), hurritza (Corylus avellana), astigarrak (Hacer campestre, A. monspessulanum), zuhandorra (Cornus sanguinea), intsusa (Sambucus nigra), marmaratila (Viburnum lantana), elorri beltza (Prunus spinosa), gurbitza (Arbutus unedo), basarrosa (Rosa spp.) edo erramua (Laurus nobilis).
  • «a» eta «b» hustubideetako aire zabaleko tarte berrietan egiten diren bermen azalerak ingurumen integrazioko masa komun moduan erabiliko dira, eta landaketak eginen dira ibaiertzeko landaredia berreskuratzeko. Gorago aipatutako espezieak erabiltzen ahal dira landaketa horiek egiteko.
  • Zurezko eta basogintzako landareen haziak ingurukoak bertakoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Obrak amaitu eta 6 hilabete igaro baino lehen amaitu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak landaketa garaiaren, klima baldintzen eta abarren mende daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, gutxienez bi urtez, eta, beharrezkoa izanez gero, landaketa berriak eginen dira. Landaketetan, landaketa markoa ordena jakinik gabe antolatzea komeni da, patroi geometrikoak saihestearren.
  • Ahal den heinean, eta Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritako ekarpenen kenkariaren irizpidea betez, Ibarren sakanaren (a hustubidea) eta "b hustubide" izendatutako izenik gabeko sakanaren azalera katastrala aldatu eta handituko da. Oro har, sakanek gutxienez 10 metroko zabalera izanen dute, hustubide gehi berma. Ibarren sakanaren barruan, "a hustubidea", 35 zenbakiko esparru osoa eta 3 zenbakiko barrutiko sakanaren ibaiertzeko egungo landaredia ere sartuko dira.
  • Hustubideen ertzetan ibaiertzeko landare autoktonokoekin sortutako landaketen azalerak ur ibilguak babesteko zerrendatzat hartzen dira, urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera (7/2024 Foru Agindua, urtarrilaren 17koa, arauak ezartzen dituena Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta baldintzazkotasun soziala aplikatzeko).
  • Zuzentzeko eta konpentsazioko neurriak egin ondoren, landaketen azalera guztiak, ingurumena lehengoratzeko azalera guztiak eta ingurumen integrazioko masa komunerako erabiliko diren azalera guztiak balio handiko eta ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturaltzat hartuko dira ondorio guztietarako.
  • Ordezko finkak diseinatzean eta banatzean, kontuan hartuko dira ingurumen agiriaren 2.2.2 kapituluan adierazitako kontserbatu beharreko elementuak babesteko jarraibide orokorrak.

–Ingurumenaren jarraipena egiteko neurriak.

  • Sustatzaileak ingurumenaren jarraipena egiteko programa gauzatuko du, ingurumen agiriaren V. kapituluan aurreikusitakoari jarraikiz.

–Ingurumen balioei buruzko informazioa ematea titularrei.

  • Lurzatiak biltzeko erabakian, ezinbestean kontserbatu eta babestu beharreko balio naturalak karakterizatu eta kartografiatuko dira, Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 17. artikuluko b) letran xedatutakoari jarraikiz. Ingurumen balioa duten elementu horiek errespetatzeko betebeharraren berri eman beharko die jabeei sustatzaileak.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua baimentzeko egintzaren aurka, hala badagokio, auzibidean edo administrazio bidean jartzen ahal direnak, hala badagokie.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Ebazpen hau Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Txulapaingo Udalera, Ollakarizketako Kontzejura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA

1. irudia.–VR 14 zenbakiko barrutian egun dagoen landaredi natural guztia sartu beharko da, ez soilik egungo lurzatiaren muga barrukoa.

2. irudia.–13. poligonoko 108., 109. eta 110. lurzatien arteko bidegurutzean "B bidea" egiteak ahalik eta eragin txikiena izan behar du landaredi naturaleko 3 zenbakiko esparruan (baso mistoa), eta 14 zenbakiko esparruan (ibaiertzeko landaredia).

3. irudia.–"A bidea", ahal den heinean, egungo bidearen trazadurara egokitu beharko da. Oraingo bidea desmuntatu eta landareztatu egin beharko da.

Iragarkiaren kodea: F2500020