Iragarkia
22. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
459E/2024 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, "Bizitegien sektorea deskarbonizatzeko laguntzak (2025-2026)" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 806126.
2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planaren helburuen artean daude energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energiaren bukaerako kontsumoan energia berriztagarrien ekarpena handitzea eta erregai fosilen erabilera murriztea.
Eraikinak berotegi-efektuko gasen isurle nabarmenak dira, baina isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukera handiak daude. Horregatik, bizitegien sektorea deskarbonizatzeko laguntzen deialdi honen helburua da deskribatutako helburuak lortzen laguntzea, erregai fosilak erabiltzen dituzten instalazio termikoen ordez energia berriztagarrien instalazio termikoak ezarriz.
2021eko ekainean onetsi zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1119 (EB) Erregelamendua, 2021eko ekainaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita klima-neutraltasuna lortzeko esparrua eta aldatzen baitira 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak.
EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, klima-neutraltasuna 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailen aldean. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.
Nafarroako Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Foru Legearen 38. artikuluak, bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikinetako sistema termikoei buruzkoak, honako hau ezartzen du: "2027ko ekainaren 30etik aurrera debekatuta egonen da gasolioz hornitzea gas naturala hodi bidez banatzeko azpiegitura duten herrietan kokatuta dauden bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikinak. Nafarroako Gobernuak beharrezkoa den laguntza-sistema ezarriko du jabeek klimatizaziorako energia-iturria aldatu ahal izan dezaten".
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Bizitegien sektorea deskarbonizatzeko laguntzen 2025-2026ko deialdia onestea.
2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen dira.
3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
820001-82500-7809-425210: beste sektore batzuetako deskarbonizazioa, autokontsumoa eta energia-biltegiratzea edo baliokidea, betiere kreditu egokia eta aski badago. | 2025 | 1.660.000 |
2026 | 550.000 |
Halaber, gehienez ere 500.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Zenbateko gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan adierazitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko abenduaren 26an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Eraikinen energia-efizientziari buruzko 2024ko apirilaren 24ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024/1275 (EB) Zuzentaraua (testu bategina), emisioak murrizteko helburu batzuk ezarri ditu.
Bizitegi-eraikinen kasuan, lehen mailako energiaren kontsumoa gutxienez % 16 murriztuko dela bermatu beharko da 2030erako, eta % 20-22, 2035erako. 2030erako, efizientzia txikieneko bizitegi-eraikinen % 16 berritu beharko dira, eta % 26, 2033rako, energia-efizientziako gutxieneko baldintzak bete ditzaten.
Laguntza deialdi honen helburua da deskribatutako helburuak lortzen laguntzea, erregai fosilak erabiltzen dituzten instalazio termikoen ordez energia berriztagarriko instalazio termikoak ezarrita.
2. oinarria. Onuradunak.
1. Honako subjektu hauek izaten ahalko dira onuradun, baldin eta jarduketa diruz lagungarriak egiten badituzte:
a) Pertsona fisikoek. Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estaturen batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.
b) Jabeen erkidegoak, Jabetza Horizontalaren uztailaren 21eko 49/1960 Legeak araututakoak.
c) Pertsona fisikoen taldeak.
d) Etxebizitzen kooperatibak.
2. Hauek dira onuradun izateko betebeharrak:
a) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, hala badagokio, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo-emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
c) Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharrik ez izatea bete gabe, eta emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende ere ez egotea, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.
3. Atal honetan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, laguntza-eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.
3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntza hauen xede dira Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduari jarraikiz erregai fosilen bidezko sorkuntza termikoko instalazioak energia-iturri berriztagarrien bidezko sorkuntza termikoko instalazioekin ordezkatzeko eginiko inbertsioak. Baldintza hauek bete beharko dituzte gastuek diruz lagungarriak izateko:
a) Nafarroako Foru Komunitatean bizitegien sektorean egiten diren jarduketak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.
b) Energia-zerbitzuen hornitzaileekin izenpetutako kontratuen bidez eskuratzen diren aktiboak diruz lagungarriak izan daitezke, baldin eta kontratuaren hasieratik eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik ordaintzen bada eta, gainera, kontratu bukaeran aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada kontratuan. Zerbitzu Energetikoen Hornitzaileen zerrendan inskribaturik egon beharko dute, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.
c) Jarduketa diruz lagungarriak, kasu orotan, erregai fosilen bidezko instalazio termikoak kentzea eta ordeztea ekarriko dute, eta, hala badagokio, erregai fosilak biltegiratzeko sistemak desgaitzea ere bai.
d) Energia berriztagarrien bidezko sorkuntza termikoko instalazio berriak mota hauetako batekoak izanen dira:
–Aire-ura aerotermiako instalazioak.
–Eguzki-energia termikoko instalazioak.
–Biomasako instalazioak.
–Zirkuitu itxiko geotermia-instalazioak.
–Zirkuitu irekiko geotermia- edo hidrotermia-instalazioak.
Halaber, lehenagotik dauden energia berriztagarrien bidezko bero-sareetara konektatzeko instalazioei dagozkien jarduketak ere izanen dira diruz lagungarriak.
2. Ez dira gastu diruz lagungarriak izanen honako hauek:
a) Instalazioko banaketa-sareetan egindakoak.
b) Bero- edo klimatizazio-igorgailuak ordeztea edo aldatzea.
c) BEZa, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.
3. Instalazio termikoen jarduketa diruz lagungarriak indibidualak zein kolektiboak izaten ahalko dira, eta honako bi tipologia hauetako baten barruan egonen dira:
a) 1 motako jarduketak: gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartekoa tartearen barruan duten jarduketak.
b) 2 motako jarduketak: gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko irailaren 15era bitartekoa tartearen barruan duten jarduketak, non eta ez den eskatu 2025ean fakturatutako inbertsioaren zenbatekoari dagokion laguntzaren zati bat 2025ean ordaintzea.
c) 3 motako jarduketak: gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko irailaren 15era bitartekoa tartearen barruan duten jarduketak, non eta 2025eko irailaren 30era arte fakturatutako inbertsioaren zenbatekoari dagokion laguntzaren zati bat 2025ean ordaintzea eskatu den.
4. Honela kalkulatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa: instalazioaren potentzia termikoa (indibiduala zein kolektiboa izan) bider beheko taulako A zutabean deskribatutako moduluaren zenbatekoa, eta muga hauek izanen dituzte laguntzek:
a) Instalazio termiko indibidualen kasuan, laguntzaren gehieneko balioak ez du gaindituko B zutabean definitutako balioa.
b) Instalazio termiko kolektiboen kasuan, laguntzaren gehieneko balioak ez du gaindituko C zutabean definitutako balioa.
Eskaera guztiei erantzun ondotik kreditu erabilgarririk gelditzen bada, B eta C zutabeetan zehaztutako gehieneko zenbatekoak zenbatekoa mugatu dien eskaerei erantzunen zaie.
JARDUKETAK | A | B | C |
Laguntza-modulua (euro/kW) | Gehieneko laguntza-balioa instalazio indibidual | Gehieneko laguntza-balioa instalazio kolektibo | |
Aire-ura aerotermiako instalazioak* | 500 | 4.000 | 100.000 |
Eguzki-instalazio termikoa | 900 | 2.700 | 54.000 |
Biomasako instalazioak | 250 | 4.000 | 100.000 |
Zirkuitu itxiko instalazio geotermikoak | 2.250 | 18.000 | 36.000 |
Zirkuitu irekiko instalazio geotermiko edo hidrotermikoak | 1.600 | 12.800 | 25.600 |
Bero-sareetara konektatzea | 25 | 400 | 30.000 |
–Aerotermiako, geotermiako eta hidrotermiako instalazioetarako, instalazioaren Ps potentziatzat hartuko da fitxa teknikotik edo fabrikatzailearen zehaztapenetatik ateratako berokuntzako potentzia, UNE-EN 14511 arauaren saiakuntzen arabera; hau da, bero-ponpa geotermikoetarako, B0W35 berokuntza-potentziaren balioa hartuko da, eta aerotermietarako, berriz, A7W35 berokuntza-potentziaren balioa. Ps potentzia ezin bada justifikatu arau horren arabera, teknikari eskudunak edo enpresa instalatzaileak sinatutako txosten bat aurkeztuko da, potentzia hori justifikatzeko.
Bero-sareetara konektatzeko azpiestazio termikoen kasuan, azpiestazioaren bero-trukearen potentzia erabiliko da laguntza kalkulatzeko.
Bero-sareetatik instalazio termiko hartzaileetarako deribazioen kasuan, ordeztutako elementu sortzailearen potentzia erabiliko da laguntza kalkulatzeko.
Petrolio-produktu likidoak biltegiratzeko tangak zerbitzuz kanpo jartzeko laguntza gehigarria gastu horren % 60 izanen da, eta gehienez ere 10.000 eurokoa.
4. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, edo, hala gertatuz gero, baimendutako aurrekontua bukatzen denean.
2. Baldintza hauek bete beharko dituzte laguntza-eskaerek:
a) Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
b) Eskaera pertsona fisiko edo juridiko baten izenean egiten bada, ordezkaritza-ahalmenak egiaztatu beharko dira.
3. Eskaera izapidetzean, dokumentu bereizietan eta behar bezala identifikatuetan, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberako deskripzio-memoria, zeinak informazio hau jaso beharko baitu:
–Laguntzaren xede den jarduketaren mota Halaber, adieraziko da beste mota baterako laguntza eskatzen den, baldin eta adierazitako jarduketa-motarako laguntza-eskaerari erantzuteko kreditu erabilgarririk ez badago.
–Jarduketaren aurrekontuaren zenbatekoa.
–3. motako jarduketen kasuan, 2025ean eta 2026an fakturatuko den inbertsioaren ehunekoa.
–Jarduketak zenbat etxebizitzari eragiten dien.
–Dagoen instalazioaren ezaugarriak.
I. Erregai-mota.
II. Instalazioaren potentzia (elementu sortzailearen plakan edo lehenagotik dagoen instalazioaren ziurtagirian dago).
III. Erregai fosila metatzeko deposituaren edukiera, hala badagokio.
–Energia berriztagarrien bidezko sorkuntza termikoko instalazio berriaren ezaugarri teknikoak:
I. Mota, 3.1 oinarriaren arabera.
II. Instalazioaren potentzia.
–Instalazio kolektiboen kasuan, inbertsioaren zer ehuneko ez den bideratuko bizitegien sektorera (adibidez, merkataritza-lokalak).
b) Erregai fosilen bidezko sorkuntza-elementuak zein energia berriztagarrien bidezkoak dituen bero-sare batera konektatzeko jarduketen kasuan (azpiestazio termikoak zein deribazioak izan), bero-sareari energia hornitzen dion enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, zeinak zehazten baitu hornitutako energiaren zer ehuneko den jatorri berriztagarrikoa.
c) Erreforman egindako jarduketak jasotzen dituen aurrekontu banakatua.
Jarduketaren barnean sarturik badago petrolio-produktu likidoak biltegiratzeko tangak zerbitzutik kanpo jartzea, espresuki aipatuko da kontzeptu horretarako zenbatekoa.
d) Instalatu beharreko azpiestazio termikoko sorkuntza-elementuen edo bero-trukagailuen fitxa teknikoa, aplikatzekoa den kasuetan.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Oinarri honen 3. atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, egoera hori ez da inola ere zuzentzen ahalko.
5. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.
1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen denez, eskabideak aurkezten diren hurrenkeraren arabera ebaluatuko dira, 3. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea aplikatuta, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
Laguntza-eskabidean adierazitako urteko gastu-baimenaren kargura emanen dira laguntzak, eta urte horretan baimendutako gastua agortu bada eta beste urtean eskuragarri badago, beste urte horretarako emanen da, eskabidean hala adierazi bada. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
Aipaturiko foru-legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 13an hartutako 3282 Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastua baimentzeko eta 2025-2026 urtean bizitegien sektorea deskarbonizatzeko dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean.
2. Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atalak ebaluatuko ditu eskaerak ezarritako irizpideei jarraituz, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, haien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
3. Baldin eta dirulaguntza eman ondotik eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen kreditua askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Oraindik saldo erabilgarririk badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatutako eskaerei erantzunen zaie, 3.4 oinarrian adierazitako laguntzaren zenbatekoa osatu arte.
4. Egindako inbertsioak justifikatzeko epea bukatu ondotik kreditua askatzen bada, baldin eta aurrekontu-krediturik ez dagoelako ezetsi den eskaerarik ez badago, laguntza gehiago ematen ahalko zaie onuradunei –laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatu badu zenbatekoa–, 3.4 oinarrian adierazitako laguntzaren zenbatekoa osatu arte.
6. oinarria. Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.
1. Justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea:
–1 motako jarduketak: muga-eguna, 2025eko irailaren 30a.
–2 motako jarduketak: muga-eguna, 2026ko irailaren 15a.
–3 motako jarduketak:
i. Justifikazio partziala: 2025eko irailaren 30a izanen da azken eguna.
II. Azken justifikazioa: 2026ko irailaren 15a izanen da azken eguna.
2. 1. motako eta 2. motako jarduketak justifikatzeko eta 3. motako jarduketen azken justifikaziorako (3. puntuan adierazten da 3. motako jarduketen justifikazio partzialerako dokumentazioa), gauzatutako jarduketak egiaztatzen dituzten honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte onuradunek, telematika bidez eta laguntzen fitxaren bidez:
a) Fakturak, onuradunaren izenean, salbu eta energia-zerbitzuen hornitzaile batekin egindako kontratu baten bidez egindako jarduketen kasuan; kasu horretan, enpresaren izenean egonen dira.
b) Fakturen ordainagiriak.
c) Instalaturiko azpiestazio termikoko sorkuntza-elementuen edo bero-trukagailuen fitxa teknikoa, hala badagokio (ez da aplikatzekoa bero-sare baterako deribazioetarako jarduketen kasuan).
d) Instalazio termikoaren ziurtagiria, instalatzaile baimendu batek emana. Kendutako instalazioaren erreferentzia jaso beharko du. Ez da aplikatzekoa bero-sare baterako deribazioetarako jarduketen kasuan.
e) Eraikinetako instalazio termikoen erregistroaren egiaztagiria edo enpresa instalatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, EITEren arabera erregistratu beharrik ez dagoela adierazten duena. Ez da aplikatzekoa bero-sare baterako deribazioetarako jarduketen kasuan.
f) Bero-sare batera deribatuz gero, enpresa instalatzaileak sinatutako egikaritze-ziurtagiria, kendutako instalazioaren erreferentzia jasotzen duena.
g) Jarduketaren barnean sartu bada petrolio-produktu likidoak biltegiratzeko tangak zerbitzutik kanpo jartzea, eta aplikatzekoa bada MI-IP 06 JTOa («Petrolio-produktu likidoak biltegiratzeko tangak zerbitzuz kanpo uzteko prozedura»), zerbitzuz kanpo utzi direla adierazten duen ziurtagiria. Jarraibide tekniko osagarri hori aplikatzekoa ez bada, lanak egin dituen enpresak sinatutako egikaritze-ziurtagiria.
h) Energia-zerbitzuen hornitzaile batekin egindako kontratu baten bidez egindako jarduketen kasuan, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Zerbitzu energetikoen hornitzailearekin izenpetutako kontratuaren kopia.
–Errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula.
–Otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat zerbitzu energetikoen hornitzaileak Zerbitzu Energetikoen Hornitzaileen Zerrendan inskribaturik dagoela adierazten duen egiaztagiria.
i) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori «Kontuen eta ordainketen kontsulta» izeneko izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.
3. 3. motako jarduketak partzialki justifikatzeko, onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez eta laguntzen fitxaren bidez, justifikazio partziala egiteko:
a) Fakturak, onuradunaren izenean, salbu eta energia-zerbitzuen hornitzaile batekin egindako kontratu baten bidez egindako jarduketen kasuan; kasu horretan, enpresaren izenean egonen dira.
b) Fakturen ordainagiriak.
c) Ordura arte eginiko jarduketaren justifikazio-memoria.
d) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.
4. Ordainketa eskaera eta dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzendu dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.
5. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondotik, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza % 5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
6. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aztertuko ditu onuradunek aurkeztutako frogagiriak, eta dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, egindako inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du aurretik. Ondotik, laguntza ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio organo eskudunari, zeinean jasoko baita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak.
7. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denetik hiru hilabeteko epean gehienez.
7. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diruz lagundutako jarduketa gauzatu eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.
b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
c) Onartutako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.
d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
e) Zerbitzu energetikoen hornitzaileekin sinatutako kontratuen bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, onuradunak zerbitzu energetikoak ematen dituen enpresari ordaindutakoa dirulaguntza baino txikiagoa bada, onuradunak diferentzia hori ordaindu beharko dio zerbitzu energetikoak ematen dituen enpresari, eta diru-kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da. Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko dizkio laguntzak kudeatzen dituen organoari, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean betiere.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza % 5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 6 oinarrian ezarritako epean egiten bada.
3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
8. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
9. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
10. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta, horretarako, erabiliko du Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zer aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (https://www.nafarroa.eus).
11. oinarria. Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal direla, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
12. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2419162
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
