22. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

458E/2024 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, "Industria sektorean deskarbonizatzeko jarduketak ezartzeko laguntzak (2025-2026)" emateko dirulaguntza deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 806136.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia komunitateak sustatzea, eta horrela, berotegi efektuko gasen emisioa murriztea.

Berotegi efektuko gas horiek isurtzen dituztenen artean nabarmena da industriaren sektorea, eta hor, isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukera handiak daude.

Horregatik, industria sektorean deskarbonizatzeko jarduketak ezartzeko laguntzen 2025eko deialdi honen xedea hauxe da: 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean adierazitako helburuak erdiesten laguntzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea "Industria sektorean deskarbonizatzeko jarduketak ezartzeko laguntzak (2025-2026)" dirulaguntza deialdia.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820001 82500 7701 425207. "Industriaren deskarbonizatzea, autokontsumoa eta energiaren biltegiratzea", betiere kreditu egokia eta nahikoa badago

2025

2.500.000

2026

1.000.000

Orobat, 700.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko abenduaren 26an.–Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak ("Klimari buruzko Europako legeria").

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa mailekiko. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, behartuta daude behar diren neurriak hartzera.

Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan ezarritako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz, aldi berean, 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, industria sektoreko ETEetan eta enpresa handietan deskarbonizatzeko jarduketak egin daitezen sustatuko du.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Industria sektoreko ETEak eta enpresa handiak izaten ahalko dira onuradun, Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan (EB) ezarritakoa betez, eta dirulaguntza eskatzen dutenean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Haien ekonomia-jardueren sailkapen nazionala hauetako bat izatea:

–07. Mineral metalikoen erauzketa.

–08. Beste erauzketa industria batzuk.

–09. Erauzketa industriari laguntzeko jarduerak.

–10. Elikagaien industria.

–11. Edarigintza.

–13. Ehungintza.

–14. Jantzigintza.

–15. Larruaren eta oinetakoen industria.

–16. Zuraren eta kortxoaren industria, altzarigintza, saskigintza eta espartzugintza izan ezik.

–17. Paperaren industria.

–18. Arte grafikoak eta grabatutako euskarrien erreprodukzioa.

–19. Kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak.

–20. Industria kimikoa.

–21. Farmazia produktuen fabrikazioa.

–22. Kautxuzko produktuen eta plastikoen fabrikazioa.

–23. Metalezkoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazioa.

–24. Metalurgia; burdinazko, altzairuzko eta burdin aleaziozko produktuen fabrikazioa.

–25. Metalezko produktuen fabrikazioa, salbu makineria eta ekipamendua.

–26. Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa.

–27. Material eta ekipo elektrikoen fabrikazioa.

–28. Beste inon sailkatu gabeko makineriaren eta ekipamenduaren fabrikazioa.

–29. Ibilgailu motordunen, atoien eta erdiatoien fabrikazioa.

–30. Garraiorako bestelako materialaren fabrikazioa.

–31. Altzarigintza.

–32. Beste manufaktura industria batzuk.

–33. Makineriaren eta ekipamenduaren konponketa eta instalazioa.

–35. Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire egokituaren hornidura.

–36. Ura hartu, araztu eta banatzea.

–37. Hondakin urak bildu eta tratatzea.

–38. Hondakinak bildu, tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa.

–39. Deskontaminazio jarduerak eta hondakinak kudeatzeko bestelako zerbitzuak.

b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera Nafarroan egitea.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatu izana, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

f) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioan ezarritakoaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan aritzen diren entitateak.

g) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondotik, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen administrazio organoak edo organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahal dute.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1.–Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da. Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaeraren inprimaki telematikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.

3. oinarria. Laguntzen araubide aplikagarria.

1. Eskatutako laguntzak arau-esparru hauetakoren batean sartuko dira:

a) "De minimis" laguntzak, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago "enpresa bakarraren" definizioa.

Horretarako, eskatzaileek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeraren inprimakian.

b) Jakinarazteko betebeharretik salbuetsita egotea (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 38. eta 41. artikuluetan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. EBAOn argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

4. oinarria. Jarduketa diruz laguntzeko baldintzak eta gautzeko epealdia.

1. Dirulaguntza jasotzen ahal duten jarduketak honako hauek dira:

a) Energia efizientzia:

–Ekipamenduak eta instalazioak berritzeko edo hobetzeko inbertsioak, energiaren amaierako kontsumoa eta CO2ren emisioak murrizteko.

–Energiaren kudeaketa sistemen ezarpena edo hobekuntza, energiaren amaierako kontsumoa eta CO2ren emisioak murrizteko.

b) Autokontsumo elektrikoa: teknologia fotovoltaikoko elektrizitatea sortzeko instalazioak sortzea, autokontsumorako, 244/2019 Errege Dekretuan ezarritakoa betez. Sortze instalazioa banaketa sarearekin konektatzeko beharrezkoak diren lanekin lotutako gastuak baino ez dira diruz lagungarriak izanen.

Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arau esparruan sartzen diren energia efizientziako jarduketetarako eskaeren kasuan, diruz lagunduko den gastua azken energiaren kontsumoa eta CO2ren emisioak gutxitzearekin zuzenean lotutakoa izanen da. Kalkulatzeko, baldin eta gastu horiek ezin badira bereiz identifikatu, erreferentziako inbertsio batean oinarrituta zehaztuko da. Erreferentziako inbertsioa da proiektuak ekoizpen maila berarekin duen kostua, baina ingurumen hobekuntzarik eta energia aurrezpenik gabe; hau da, teknologia ez-efizientean edo indarreko legeriak eskatutako gutxieneko efizientzia duen teknologian eginiko inbertsioa, behar bezala justifikatua. Diruz lagungarria den gastua izanen da bi hauen arteko aldea: egin beharreko jarduketaren inbertsioa eta erreferentziako inbertsioa.

2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa.

c) Autokontsumo elektrikoko instalazioen kasuan, zerbitzuan dagoen sarearen banaketa sareko instalazioak indartzeko, egokitzeko edo eraberritzeko lanak, instalazio berriak sartzeko beharrezkoak direnak.

d) Dirulaguntzaren onuradunak 30.000 eurotik beherako laguntza jaso badu, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean ezarritako ordainketa epeetan ordaindu behar izan dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

3. Honako mota hauetan sartuko dira jarduketa diruz lagungarriak:

a) 1. motako jarduketak: gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarteko tartearen barruan duten jarduketak.

b) 2. motako jarduketak: gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko irailaren 15era bitarteko tartearen barruan duten jarduketak, non eta ez den eskatu 2025ean ordaindu eta fakturatutako inbertsioaren zenbatekoari dagokion laguntzaren zati bat 2025ean ordaintzea.

c) 3. motako jarduketak: gauzatzeko epea 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko irailaren 15era bitarteko tartearen barruan duten jarduketak, non eta 2025eko irailaren 30era arte ordaindu eta fakturatutako inbertsioaren zenbatekoari dagokion laguntzaren zati bat 2025ean ordaintzea eskatu den.

Adierazitako jarduketa tipologiarako laguntza eskaerari (1. mota, 2. mota edo 3. mota) erantzuteko kreditu erabilgarririk ez badago, eskaeran adieraziko da laguntza beste tipologia baterako eskatzen den.

4. Jarduketak gauzatzeko epea hau izanen da:

a) Haren hasiera eskaera sartzen den erregelamenduaren araberakoa izanen da.

–"De minimis" araubidean sartzen diren laguntzetan, 2025eko urtarrilaren 1a izanen da.

–Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan sartzen diren laguntzetan, diruz lagundutako jarduketa, edonola ere, laguntza eskatu ondotik hasiko da.

b) Haren bukaera proiektuaren tipologiaren araberakoa izanen da, 4.3 oinarriaren arabera:

–1. mota: aurkezteko azken eguna 2025eko irailaren 30a izanen da.

–2. eta 3. motak: aurkezteko azken eguna 2026ko irailaren 15a izanen da.

5. Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), obra gauzatzeko gastuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ekipo ondasunez hornitzearen edo aholkularitza edota laguntza zerbitzuak ematearen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeratutako eskaintza hautatzeko arrazoiak eman laguntzen fitxako "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Aurreko 4. oinarrian ezartzen diren energia efizientziako jarduketen dirulaguntzen zenbatekoa eskaera aurkezten den laguntzen araubidearen arabera ezarriko da, betiere 3. oinarrian azaldutakoa betez:

a) "De minimis" araubideari heltzen dioten laguntzetan, gastu diruz lagungarriaren %50 eta gehienez ere 300.000 euroko laguntza.

b) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko araubideari heltzen dioten laguntzetan:

ENPRESAREN TAMAINA

LAGUNTZA PORTZENTAJEA (%)

LAGUNTZAREN GEHIENEKO
ZENBATEKOA (eurotan)

Enpresa txikia

50

300.000

Enpresa ertaina

40

Enpresa handia

30

2. Aurreko 4. oinarrian ezartzen diren autokontsumo elektrikoko jarduketen dirulaguntzen zenbatekoa eskaera aurkezten den laguntzen araubidearen arabera ezarriko da, betiere 3. oinarrian azaldutakoa betez:

a) "De minimis" araubideari heltzen dioten laguntzetan, gastu diruz lagungarriaren %25 eta gehienez ere 200.000 euroko laguntza.

b) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko araubideari heltzen dioten laguntzetan:

ENPRESAREN TAMAINA

LAGUNTZA PORTZENTAJEA (%)

LAGUNTZAREN GEHIENEKO
ZENBATEKOA (eurotan)

Enpresa txikia

25

200.000

Enpresa ertaina

20

Enpresa handia

15

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epealdia 2 hilabetekoa izanen da. Epealdia deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hirugarren hileko argitalpen-egunaren zenbaki bereko egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), eta horrekin batera erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztuko da.

3. Eskaera bat aurkeztu beharko da jarduketa bakoitzeko. Eskabide telematikoa honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Jarduketaren deskribapen-memoria, honako hau barne hartuta:

–Gaur egungo egoeraren azalpen teknikoa eta argazki erreportajea.

–4. oinarrian ezartzen diren energia efizientziako jarduketei dagokienez: energia aurrezteko eta energia efizientziarako proposatu den neurriaren azalpen teknikoa, eta jarduketaren bidez aurreztuko den energiaren eta murriztuko den isuriaren justifikazioa.

–4. oinarrian ezartzen diren autokontsumo elektrikoko jarduketei dagokienez: autokontsumorako teknologikoa fotovoltaikoko elektrizitatea sortzeko proposatu den neurriaren azalpen teknikoa, eta instalatu den puntako potentziaren justifikazioa.

b) Jarduketaren aurrekontu osoa eta banakatua xehakatua. Horrez gain:

–3. motako jarduketei dagokienez: 2025ean eta 2026an fakturatuko den inbertsioaren ehunekoa.

–Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko araubideari heltzen dioten energia efizientziako jarduketei dagokienez, erreferentziako inbertsioaren aurrekontua.

c) Eskaera egin duen enpresako ordezkariaren ordezkaritza-ahala egiaztatzen duen agiria.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Oinarri honen 3.a eta 3.b ataletan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ez da inola ere zuzentzen ahalko.

7. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Dena dela, baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun hurrenkera hori ezartzea.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Aurrekontu erabilgarririk egonez gero, areagotzen ahalko da eskaera mugatuei emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko zenbateko batekin, kasu bakoitzean ezarritako laguntzaren gehieneko ehunekora arte, lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz.

2. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Ratio energetikoa-ekonomikoa (energia efizientziako jarduketei dagokienez).

Ratioa = [ (urte amaierako energiaren azken aurrezkia, tep) / (inbertsio hautagarria) ] * 1.000

80 puntu emanen zaizkie efizientzia energetikoaren ratioa 0,65ekoa edo handiagoa duten eskaerei, eta 0 puntu, ratioa 0 bada. Gainerako eskaerak modu proportzionalean baloratuko dira, bi balio horien artean.

b) Sorkuntza elektriko-ekonomikoaren potentziaren ratioa (autokontsumo elektrikoko jarduketei dagokienez).

Ratioa = [ (kWp-etan instalatu den puntako potentzia) / (inbertsio hautagarria) ] * 1.000.

10 puntu emanen zaizkio energia efizientziaren ratioa 2koa edo handiagoa duten eskaerei, eta 0 puntu, ratioa 0 bada. Gainerako eskaerak modu proportzionalean baloratuko dira, bi balio horien artean.

c) Sorkuntza berriztagarria eta/edo biltegiratzea (gehienez, 10 puntu):

–Sorkuntza termiko berriztagarria ezartzea barne hartzen duten energia efizientziako jarduketak: 5 puntu.

–Biltegiratze termikoa ezartzea barne hartzen duten energia efizientziako jarduketak: 5 puntu.

–Biltegiratze termikoa ezartzea barne hartzen duten autokontsumo elektrikoko jarduketak: 5 puntu.

d) Erronka demografikoa (4.1 oinarrian ezartzen diren jarduketa guztietan). 10 puntu lortuko dira jarduketa eginen den establezimendua 5.000 biztanle arteko udalerri batean badago, edo 20.000 biztanle arteko hirigune ez den udalerri batean badago, udalerri horretako biztanle entitate bakun guztiak 5.000 biztanle artekoak badira.

3. Puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, erabakiko da kontuan hartuz irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa, irizpideak azaldu diren hurrenkera berari jarraituz, hain zuzen. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera aurkeztearen hurrenkerari jarraituko zaio.

8. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, haien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza eman ondotik eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen kreditua askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Oraindik saldo erabilgarririk badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatutako eskaerei erantzunen zaie, 5. oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.

5. Egindako inbertsioak justifikatzeko epea bukatu ondotik kreditua askatzen bada, eta aurrekontu krediturik ez dagoelako ezetsi diren eskaerarik ez badago, laguntza gehiago ematen ahalko zaie onuradunei –laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatu badu zenbatekoa–, 5. oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.

9. oinarria. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea eta ordaintzea.

1. Justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea:

–1. motako jarduketak: muga-eguna, 2025eko irailaren 30a.

–2. motako jarduketak: muga-eguna, 2026ko irailaren 15a.

–3. motako jarduketak:

  • Justifikazio partziala: muga-eguna, 2025eko irailaren 30a.
  • Azken justifikazioa: muga-eguna, 2026ko irailaren 15a.

2. Onuradunek telematikoki eta laguntzen fitxaren bidez aurkeztu beharko dituzte gauzatutako jarduketak justifikatzen dituzten azken agiriak.

a) Onuradunaren izenean dauden fakturak.

b) Onuradunaren izenean dauden ordainagiriak. Izan ere, ordainagiri guztiek bete beharko dituzte sektoreko araudi aplikagarrian ezarritako ordainketa epeak, edo, halakorik ezean, Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritakoak.

c) Oso-osorik gauzatu den jarduketa azaltzen duen memoria, eskaeran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoari lotuta, edo egin diren aldaketak azaltzen dituena, ekipoen, instalazioen edo sistemen argazki erreportajea barne.

d) Autokontsumo elektrikoko jarduketei dagokienez: behe tentsioko instalazio elektrikoaren erregistro zenbakia.

e) "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko formularioa, diruz laguntzeko moduko gasturen bat, BEZik gabe, 30.000 eurotik gorakoa (obrak gauzatzeko kostuen kasuan) edo 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza nahiz laguntza zerbitzuak emateko kasuetan).

f) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izeneko izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.

3. 3. motako jarduketak partzialki justifikatzeko, onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez eta laguntzen fitxaren bidez, justifikazio partziala egiteko:

a) Onuradunaren izenean dauden fakturak.

b) Fakturen ordainagiriak.

c) Ordura arte eginiko jarduketaren justifikazio-memoria.

d) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko du, edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuta.

4. Aurreko atalean azaltzen den dokumentazioan zerbait falta bada, edo akatsen bat badauka, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

6. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondotik, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

7. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denetik bi hilabeteko epean gehienez.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

Baldin eta 3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

b) Diruz lagundutako jarduketa gauzatu eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, eta baldin eta halakorik aurkeztu ez badute laguntzak eskatzeko unean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak (2. oinarrian adierazita daude).

d) Ondasun inbentariagarrien kasuan (Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28.4 artikulua,) onuradunak ondasunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu, 7 urteko epealdian, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo 2 urteko epealdian, bestelako ondasunak izanez gero.

e) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 11. oinarrian ezarritako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 9. oinarrian ezarritako epean egiten bada.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

11. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

12. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia bide telematikoz aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

14. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal direla, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2419160