1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1182E/2025 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez indarrik gabe uzten baita Cabanillasko udal plan orokorraren ingurumen adierazpen estrategikoa formulatzen duen uztailaren 17ko 682E/2025 Ebazpena. Sustatzailea Cabanillasko Udala da.
2025eko otsailaren 27an, Cabanillasko udal plan orokorraren proiektua sartu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.
Halako planak ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren prozeduraren mende daude, bat etorriz Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoarekin.
Era berean, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 19.1 artikuluan arautzen du nola egin ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta ingurumen adierazpen estrategikoa formulatzeko. Zehazki, honako hau adierazten du: "Ingurumen-organoak plan edo programaren zirriborroari eta hasierako agiri estrategikoari buruzko kontsultak egingo dizkie eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta haiek berrogeita bost laneguneko epea izango dute, jasotako egunetik zenbatzen hasita".
Kasu honetan, administrazio jarduleari egozten ahal zaion kausa dela medio, ez zen aipatu tramitea egin. Hori dela eta, toki entitateak idatzi bat aurkeztu zuen 2025eko irailaren 5ean, non honako hau adierazi baitzuen: "Akats batzuk atzeman dira Cabanillasko ingurumen adierazpen estrategikoan, eta, ondorioz, eskatzen da prozedura lehenagoko egoerara atzera eramatea edo akatsak zuzentzea, horiek egin aurreko egoerara itzultzeko".
Ingurumen adierazpen estrategikoa tramiteko egintza ez-kualifikatua da juridikoki, eta udal plan orokorra onesteko prozedura zabalagoan txertatzen da. Hala ezartzen du Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 25.4 artikuluak, baita, udal hirigintza-plangintzari dagokionez, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 71.11 artikuluak ere. Horrenbestez, eta atzeman denez aurretiazko kontsulten nahitaezko tramitea dela egin ez dena, indarrik gabe uzten da eginiko ingurumen adierazpena, zuzendu dadin eta inplikatutako entitate eta pertsonek dagokien bermea izan dezaten.
Horrekin guztiarekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Indarrik gabe uztea uztailaren 17ko 682E/2025 Ebazpena, Cabanillasko udal plan orokorraren ingurumen adierazpen estrategikoa formulatzen duena, Cabanillasko Udalak sustatutakoa.
2. Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura atzeratzea ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko tramitera, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19.1 artikuluan adierazitakora, hain zuzen ere.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Cabanillasko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2025eko urriaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2513367