219. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1980E/2025 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2025eko urriaren 20an hasi eta 2025eko azaroaren 2an bukatuko den grebarako deialdia dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena eta haiei arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.

Sindicato Médico de Navarrak (SMN) greba deialdia egin du, zeinak eragina izanen baitu Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko laguntza espezializatuko (ospitaleetako laguntza eta ospitalez kanpoko laguntza) osasun arloko fakultatiboak diren langile eta enplegatu publikoek –prestakuntzan daudenak barne– egiten dituzten lan jarduera eta jarduera funtzionarial guztietan. Greba 2025eko urriaren 20an hasiko da, egun horretako 00:00etan, eta 2025eko azaroaren 2ko 24:00etan bukatuko da.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da herritarren funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Argudio horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea iragarritako grebak dirauen bitartean.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2025eko urriaren 20tik azaroaren 2ra arte egitekoa den greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza espezializatuko (ospitaleetako laguntza eta ospitalez kanpoko laguntza) osasun arloko fakultatiboen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Greba Batzordeak ez du alegaziorik aurkeztu.

Bestetik, posible da BAME langileak gutxieneko zerbitzuetan sartzea. Izan ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an gai honi buruz emandako 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egin du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia, zeinak langile horiek sartzea galarazten baitzuen. Epai horrek, gainera, adierazten du ezen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, eta errekurritutako ebazpena ordenamendu juridikoaren araberakoa dela.

Horren haritik, zehaztu behar da Auzitegi Gorenak, Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Atalaren 1523/2021 Epaiaren bidez, ezetsi egin duela SMNk apelazio-epai horren aurka jarritako kasazio-errekurtsoa, eta adierazi duela epai horrek ez duela ordenamendu juridikoa urratzen. Hain zuzen, zuzenbideko oinarrietatik bosgarrenean, onarpen autoan planteatutako auziari emandako erantzunari dagokionez, honako hau dio: "Onarpen autoan planteatu den jurisprudentzia osatzeko kasazio-interes objektiboaren gaiari erantzun beharraz, adierazten dugu barneko mediku egoiliarrak sar daitezkeela kontratu bidez lotuta dauden ospitale-zentroan deitzen diren osasun langileen grebetan ezarri behar diren gutxieneko zerbitzuetan".

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko esparruetako kudeatzailetzetan eta zuzendaritza asistentzialetan ezarriko diren funtsezko gutxieneko zerbitzuen edukiari buruz galdetu zen.

Hori horrela, orain arte ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan jarraitu den irizpidea bat dator greba eskubidea mugatzeari buruzko erabaki jurisprudentzialekin, osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean. Era horretan, bi errealitate hauen arteko proportzionaltasun printzipioa betetzen da: batetik, funtsezko zerbitzu horien erabiltzaile edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik, greba egin nahi dutenei inposatzen zaizkien sakrifizioak. Izan ere, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez du gainditu behar sen onak agintzen duena.

Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, erabilitako irizpidea izan da, dauden langileak oinarri harturik, osasun laguntzaren sektorean gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriari funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.

Esparru bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta esparru bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:

1.–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa:

Ospitalizazioan, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna. Pazienteei alta emateko ahalmena ere eduki behar da, ospitaleetan osasun arreta ez kolapsatzeko.

Esparru horretan kontuan hartu dira, orobat, arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala eta transplanteen koordinazioa.

Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu honetan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ustez, gutxienekoen ebazpenean aipatu ohi den eta ebazpen honetan ere ezartzen den %60 hori doi-doia da paziente guztiei arreta eman ahal izateko. Kasu honetan, kontuan hartuz greba eskubidea mugatzeari buruz lehen aipatutako erabaki jurisprudentzialak, ez da ehuneko hori handituko, baina baliteke etorkizuneko greba deialdietan aztertzea, kasuan kasuko egoeren arabera.

Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da prozesu kliniko baten zain dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egitea.

Era berean, beharrezkotzat jo da:

–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.

–Arreta ematea larrialdiei, zaintza-unitate kritikoetan eta berezietan ingresatuta dauden pazienteei eta erditzeko arloetan eta horien parekoetan daudenei.

–Ospitaleko farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitalizatuei eta onkologikoei.

–Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroei hornidura egiteko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.

2.–Osasun Mentala.

Greba egunetan mediku bat egon beharko litzateke Errehabilitazio Unitatean, Egonaldi Ertaineko Unitatean 2, eta Egonaldi Luzeko Unitatean bat.

Jarduera pautatua duten zerbitzuei dagokienez (Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak), Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak zehaztu du osasun mentalaren arloko eguneko ospitaleratzea tratamendu intentsibo bat dela, ospitaleratzearen ordezkoa, eta pazienteen egoera klinikoa subakutua dela eta, beraz, ziurtatu egin behar direla arreta eta tratamendua.

Osasun mentaleko zentroetako kontsultetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, aztertu da haietako bakoitzean zenbat diren lehen kontsultak, eta horiek zer ehuneko egiten duten kontsulta guztiekin alderatuta. Erabaki da zentro bakoitzeko lehen kontsultak eta larrialdietakoak bermatu beharko liratekeela.

Zentro bakoitzak ahalmen logistiko desberdina behar du, plantillaren arabera eta lehen kontsultetan ematen duen lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batez beste, gutxienez plantillaren %40 bermatuko da.

4.–Lizarrako Osasun Barrutia:

Lizarrako Osasun Barrutiak, Laguntza Espezializatuko osasun arloko fakultatiboei dagokienez, García Orcoyen ospitaleko eta Osasun Mentaleko asistentzia hartzen du bere baitan.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Osasun Mentalak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren ospitaleko jarduerarako.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.

Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.

5.–Tuterako Osasun Barrutia:

Tuterako Barrutiak, Laguntza Espezializatuko osasun arloko fakultatiboei dagokienez, funtsean, Reina Sofia ospitaleko eta Osasun Mentaleko asistentzia hartzen du bere baitan.

Kasu honetan ere, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Osasun Mentalak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren ospitaleko jarduerarako.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.

Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.

6.–BAME langileak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzeari dagokionez:

Aipatu da jada Auzitegi Gorenaren 1523/2021 Epaia, Administrazioarekiko Auzien Salaren Laugarren Atalak emana, ezetsi egiten duena SMNk jarritako kasazio-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiaren aurka jarria. Epai horrek, hain zuzen, errebokatu egin zuen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak 2019ko uztailaren 10ean emandako 191/2019 epaia eta deklaratzen du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea.

Orobat, esparru bakoitzari bere iritzia ere eskatu zaio, arretari dagokionez. Hortik ikusi denez:

Edozein egunetako etengabeko arretan, zentroko profesional espezialistak eta BAME langileak aritzen dira. Zentroek uste dute funtzionatzeko modu hori oso errotua dagoela eta arreta segurua eta kalitatezkoa bermatzen duela. Gainera, haien ustez, greba egoeretan ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta, horretarako, antolaketa-eredu berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sor daitezkeelako larrialdiak artatzean.

BAME langileak lan-kontratudunak dira, eta prestakuntzan egotea ez da arrazoi aski gutxieneko gisa izendatuak ez izateko; izan ere, guardia medikoak egitea oso garrantzitsua da prestakuntzaren ikuspegitik. Are gehiago, beren prestakuntza-programetan gutxienez zenbat guardia egin behar dituzten agertzen da.

BAMEek etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu gisa egin beharreko jarduera hori ez da egiten duten ohiko jarduna ez bezalakoa. Ez da haien jarduera handitzen ospitaleko espezialistak ordezteko. Espezialisten eta BAMEen arteko proportzioa ez da aldatzen.

Azken batean, BAME langileak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza beharrak ez dira horretarako oztopo, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatzen badira.

Funtsezko zerbitzuak zehazteaz ari garenean, Laguntza Espezializatuko osasun arloko fakultatiboei buruz ari gara (hala ospitaleetako laguntzakoak nola ospitalez kanpoko laguntzakoak), prestakuntzan dauden langileak ere barne, langileen sektore hori baitago grebara deituta.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Sindicato Médico de Navarrak (SMN) grebarako deia egin du 2025eko urriaren 20ko 00:00etan hasi eta 2025eko azaroaren 2ko 24:00ak arte. Grebak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko (ospitaleetako laguntza eta ospitalez kanpoko laguntza) osasun langile fakultatiboen (prestakuntzan ari direnak barne) kolektiboko langile publikoek betetzen dituzten jarduera guztiei eraginen die, eta ondotik zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuz eginen da:

I.–Ospitaleak:

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.

Gainera, zentroen jarduera aurrera eramateko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitaleratzea: ahalmen logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.

–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.

–Minaren Unitatean etengabeko tratamendua duten pazienteentzako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteentzako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko pazienteentzat ere.

–Osasun Mentaleko sareko eguneko ospitaleak.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, ondoren aipatzen direnen jarduera ere bai: Larrialdiak, ZIU, EZBU, Zainketa Koronarioen Unitateak, Kritikoen Unitateak, Erditzeen Arloa eta parekagarriak diren beste unitate batzuk.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Honako arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteentzako arreta eta, halakorik bada, ohiko arreta guztiak bermatuko dira, ahalmen logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta pautatuak dituzten pazienteentzako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroak hornitzeko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.

II.–Osasun Mentala:

–Fakultatibo bat Errehabilitazio Unitatean, bi fakultatibo Egonaldi Ertaineko Unitatean eta fakultatibo bat Egonaldi Luzeko Unitatean.

–Osasun mentaleko zentroetan, kontsulta-jardueretan, ahalmen logistiko desberdina behar da plantillaren arabera eta lehen kontsultetan ematen den lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batez beste, gutxienez plantillaren %40 bermatuko da.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau Greba Batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluarekin, eta aintzat hartuta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2025eko urriaren 15ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.

Iragarkiaren kodea: F2513431