1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
300E/FORU AGINDUA, urriaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena, 2025eko urriaren 15erako deitutako greba dela-eta.
Zenbait sindikatuk greba orokorrerako deialdiak egin dituzte 2025eko urriaren 15erako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zerbitzua ematen duten funtzionario eta langile lan-kontratudun guztiei zuzenduta:
–Egun horretako 00:00etatik 24:00etara bitarteko greba-deialdia, kontuan hartuta ezen, txandarik egonez gero, greba hasiko dela eguneko lehenengo txandan, 00:00ak baino lehen, eta azken txandan bukatuko dela, 24:00etatik aurrera.
–Txanda bakoitzean 2 orduko lanuztea egiteko deialdia: 02:00etatik 04:00etara gaueko txandan, 10:00etatik 12:00etara goizekoan, eta 17:00etatik 19:00etara arratsaldekoan.
–Txanda bakoitzean 3 orduko lanuztea egiteko deialdia, 03:00etatik 06:00etara gaueko txandan, 11:00etatik 14:00etara goizekoan, eta 19:00etatik 22:00etara arratsaldekoan.
–Txanda bakoitzean 4 orduko lanuztea egiteko deialdia, 03:00etatik 07:00etara gaueko txandan, 11:00etatik 15:00etara goizekoan, eta 18:00etatik 22:00etara arratsaldekoan.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, lanuzterako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honek hauxe du xede: 2025eko urriaren 15erako deitutako lanuzte orokorra dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.
Apirilaren 2ko 71/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako Basozainen kolektiboaren Plan Zuzentzaileak hau dio 2.4 puntuan: "Ingurumen larrialdiak. Gaur egun, Nafarroan ingurumen larrialdiei behar bezalako arreta emateko, 3 talde operatibo antolatzen dira, eta bakoitzean bikote bat aritzen da, goiz eta arratsaldeko txandetan eta urteko 365 egunetan aritzen direnak. Talde horietako bakoitza Nafarroa banatzeko ezarritako eskualdeetako batez arduratzen da. Talde horiez gain, barruti bakoitzak, gutxienez, goizeko basozain bat eta arratsaldeko beste bat izan beharko ditu suteen kanpainetan (neguan eta udan), beharrezkoa denean eta klimatologiagatik hala erabakitzen denean, eta horiek zuzenean lagunduko diote kasuan kasuko larrialdi taldeari beharrezkoa bada".
Era berean, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren 1. puntuaren arabera, "Herritarrek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetan eskaera eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea segurtatzeko, bulego horiek jendearentzat zabalik egonen dira lanegun guztietan 8etatik 14:30 arte".
Horregatik guztiagatik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak beharrezkotzat jo dute gutxieneko zerbitzuak izatea Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren mendeko koordinazio unitateetan, bai eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren mendeko erregistro orokorreko bulego batzuetan ere, zehazki, herri hauei atxikita daudenetan: Iruña, Tafalla, Tutera, Lizarra, Zangoza, Irurtzun, Elizondo eta San Adrián.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1.–Zenbait sindikatuk urriaren 15erako iragarritako lanuzte orokorra dela-eta, non txanda bakoitzean 2 orduko, 3 orduko edo 4 orduko lanuzteak edo txanda osoko lanuzteak izanen baitira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea:
–Basozain bat koordinazio unitate eta txanda bakoitzeko.
–Administrari bat erregistro orokorreko bulego bakoitzeko.
2.–Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak izendatuko dituzte aurreko artikuluan adierazitako funtsezko zerbitzuak beteko dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileak. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.
3.–Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4.–Foru agindu hau igortzea Greba Batzordeari, Ingurumen Hezkuntzaren, Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Langileria Bulegoari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
5.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
6.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2025eko urriaren 14an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2513544