219. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 15ean hartua, zeinaren bidez aldatzen baita Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua, Ultzamako udalerria kanpo utzita.

Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrak Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua ezarri zuen Iruñerrian. Horren arabera, udalerri hauek osatzen zuten eremua: Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Eguesibar, Esteribar, Ezkabarte, Galar, Uharte, Noain-Elortzibar, Oltza, Orkoien, Iruña, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

Taxiei buruzko Foru Legearen xedapen gehigarri bakarraren 6. apartatuak honako hau xedatzen du, oro har: "Nafarroako Gobernuak, garraioen arloko eskumena duen departamentuaren proposamenez, 1. idatz-zatian aipatutakoez gain beste udalerri batzuk sartu ahal izanen ditu Iruñerriko Mankomunitatean, taxi zerbitzuari dagokionez, aldez aurretik udal interesdunak hala eskatuta, Iruñerriko Mankomunitateak erabakia hartuta eta Nafarroako Taxien Kontseiluak txostena emanda."

Bestalde, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatu zuen urriaren 30eko 21/2018 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrak prozedura espezifiko bat ezarri zuen hasiera batean Eremuan sartu ez ziren Iruñerriko Mankomunitateko udalerriak sartzeko. Honela dio, hitzez hitz:

"1. Iruñerriko Mankomunitatearen barruan egonik uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarraren 1. apartatuan sartu ez ziren udalek hiru hilabeteko epean eskatu ahalko dute, foru lege honek indarra hartzen duen egunetik kontatzen hasita, eskualde horretako Baterako Zerbitzurako Eremuan sartzea. Horretarako, nahikoa izanen da interesa duen udalaren osoko bilkuraren erabakia, zeina, 48. artikuluan ezarritako baldintzak betez gero, Mankomunitateak berretsi eta Nafarroako Gobernuari igorriko baitio, udal hori baterako eremuan sartzea onets dezan. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Taxi Kontseiluaren txostena, xedapen gehigarri bakarraren 6. apartatuan aipatuta dagoena. Epe hori agortzen bada eremuan sartzeko eskaerarik egin gabe, hortik aurrerako eskaerei dagokienez helduko zaio xedapen gehigarri bakar haren 6. apartatuan ezarritako prozedurari."

21/2018 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean ezarritako prozedura espezifiko hori aplikatuz, Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 24an egindako bilkuran hartutako Erabakiaren bidez (2019ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 7koan), eremu horretan Elo, Legarda, Tebas-Muru Artederreta, Odieta, Uterga, Muruzabal eta Ultzamako udalerriak sartzea onetsi zen.

Gaur egun, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua udalerri hauek osatzen dute: Adios, Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Biurrun-Olkotz, Burlata, Zizur, Eguesibar, Etxauri, Esteribar, Ezkabarte, Galar, Uharte, Legarda, Elo, Muruzabal, Elortzibar, Odieta, Oltza zendea, Orkoien, Iruña, Tebas-Muru Artederreta, Ukar, Ultzama, Uterga, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

Ultzamako Udalak, 2025eko apirilaren 10ean egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen Iruñerriko Mankomunitateari eskatzea behar zen erabakia har zezala Ultzamako udal mugartea Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremutik ateratzeko edo bertatik kanpo uzteko.

2025eko ekainaren 30ean, Mankomunitatearen Batzar Orokorrak erabaki zuen Ultzamako udalerria Iruñerriko Mankomunitatetik bereiztearen aldeko txostena egitea, taxi zerbitzuari dagokionez, eta espedientea jendaurrean jartzea 15 egun balioduneko epean.

Erabaki hori Iruñerriko Mankomunitatearen iragarki taulan eta 2025eko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 17koan. Horretarako emandako epean ez da alegaziorik aurkeztu.

2025eko abuztuaren 28an, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak 565/2025 Ebazpena eman zuen. Horren bidez, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari eskatu zion behar ziren izapideak hasteko, Ultzamako udalerria Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremutik ateratzeko.

Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarraren 4. apartatuak ezartzen du zer arau aplikatuko diren 1. apartatuan zerrendatutako udalerri guztiak Iruñerriko Mankomunitatean, taxi zerbitzua kudeatzeari dagokionez, sartzen ez diren kasurako edo udalerri horietako bat bereizten den kasurako:

"a) Gutxienez udalerrien bi herenak, Eremuko biztanleen 100eko 75 edo gehiago biltzen dituztenak, Mankomunitatean sartzen badira edo bertan irauten badute, Nafarroako Gobernuak Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuko lurraldea aldatuko du, integratu gabeko udalerriak kanpo utzita. Hala gertatuz gero, 1. idatz-zatian adierazitako mugartean egiten diren taxi zerbitzuak, abiapuntua eta helmuga eremuaren barruko udalerrietan badituzte, hiriko taxi zerbitzutzat joko dira, nahiz eta ibilbidean tarteka eremutik irten.

b) Aurreko a) letran ezarritako portzentajeak lortzen ez badira, Nafarroako Gobernuak beste formula bat onetsi ahal izanen du Iruñerrian taxi zerbitzua egoki arautu eta antolatzeko."

Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jakinarazi duenez, Ultzama denez eremutik bereiztea eskatu duen udalerri bakarra, eta bertako biztanleria kontuan hartuta, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarraren 4. apartatuko a) letran xedatutakoa aplikatu behar da. Hori dela eta, bidezkoa da Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua aldatzea, udalerri hori kanpo utzita. Bereizketa horrek ez dio eragiten eremu horren jarraitutasun geografikoari, eta ez du ekarriko jarraitutasunik gabeko eremurik egotea eremu horretan sartuta dauden udalerrien arteko zerbitzuen ibilbideetan, zeinak hiri-eremutzat hartzen baitira.

Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarraren 6. apartatuan eta 49.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuak Nafarroako Gobernuak aldatuko ditu, Nafarroako Taxien Kontseiluak txostena egin ondoren.

2025eko irailaren 10ean egindako bilkuran, Nafarroako Taxien Kontseiluak erabaki zuen Ultzamako udalerria Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremutik bereiztearen aldeko txostena ematea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aldatzea Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua, Ultzamako udalerria horretatik kanpo utzita.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki hau Ultzamako Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.

4. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean.

Erabaki hau argitaratu edo jakinarazi, zein den kasua, eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko urriaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2513384