Iragarkia
219. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
360E/2025 FORU AGINDUA, urriaren 13koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako.
Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduak onesten ditu aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako, eta, haren bitartez, administrazio-araubideko langileen kontratazioa arautzen da bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.
Arau hau indarrean egon den bitartean, agerian gelditu da komeni dela aldaketa batzuk egitea aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak hobeki kudeatze aldera. Xede horrekin, eta helburuak bete nahian, hots, aldi baterako kontratatutako langileen baldintzak hobetzeko, egoiliar-aldia bukatzen dutenak fidelizatuz profesionalen defizita arintzeko edo erizaintzako espezialitate bat izatearen balioa handitzeko, komenigarritzat jo da arauan aldaketa batzuk egitea, orain arte indarrean egon den arauari eutsiz funtsean, aldaketa horiek ordenamendu juridiko egonkor batek ematen duen segurtasun juridikoarekin bateratzeko asmoz.
Horrela, kontratatzeko izangaien baldintzak hobetzeko helburuari erantzuteko, lanerako prest ez egoteko beste arrazoi justifikatu bat gehitu da prestakuntza ofiziala egiten ari diren bitartean; eta eskaintzei uko egiteko arrazoi justifikatu hauek ere gehitu dira: 24 orduko edo gehiagoko txandei dagozkienak eta hasiera batean zerrenda berezietan zeuden izangaiei eskaintzen zitzaizkien lanpostuei dagozkienak; eta guraso bakarreko familia bateko gurasoak arratsalde edo gaueko txanda finkoetako eskaintzei uko justifikatua egin ahal izateko, 12 urtera arte zabaldu da ardurapeko adingabearen adina, kontziliazioa errazteko.
Egoiliar-aldia bukatu duten langileei dagokienez, zerrendak ordenatzeko formula aldatu da, kontratuen eskaintzak azkarrago egitearren, eta kontratazioan lehentasun bat ezarri zaie baldintza jakin batzuetan.
Era berean, beste lehentasun bat ezarri da erizaintzako espezialitateren bat dutenendako eta pertsona horiek dauden zerrenda bakoitzaren barnean; uko eginez gero, ez du zigorrik ekarriko.
Azkenik, zerrenda berezien kategoria gehigarriren bat sartu da.
Foru Aginduaren proiektua Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoen negoziazio-mahai sektorialean negoziatu da 2025eko apirilaren 29an egindako bileran, aginduzkoa den bezala.
Honako hau dago ezarrita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 13ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan: "Erregelamendu-ahala eta legegintza ekimena gauzatuta, Gobernuak arauen kalitatearen eta erregulazio onaren printzipioen arabera jokatuko du". Arau hau bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Aldatzea Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako.
Bat.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduaren 2. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:
"2. artikulua. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratzea.
1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak deialdi publikoetatik abiaturik prestatuko dira, lehiaketa, oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez, edo zerrenda irekietan inskribatuz. Betiere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuko dira.
2. Foru agindu honetan aurreikusten diren aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan inskribatu ahal izateko, eskatzen diren tituluak eduki beharko dituzte izangaiek, deialdirako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean edo zerrenda irekietan inskribatzeko unean.
3. Aldi baterako kontrataziorako zerrenda hauek prestatuko dira, eta, izangaiei deia egitean, lehentasun-hurrenkera honi berari segituko zaio:
1. Probak gainditu arren plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.
Zerrenda hau prestatuko da kategoria bereko lanpostu batean plantillako langile gisa sartzeko oposizioaldia gainditu arren plazarik lortzen ez duten izangaiekin. Oposizioan edo oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.
2. Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Zerrenda horretan, lehentasun-hurrenkera ezartze aldera, lehenik eta behin kontuan hartuko da zenbat azterketa gainditu diren. Gainditutako azterketa kopuru bera dutenen artean, batu eginen dira azterketa horietan osotara lortutako kalifikazioa eta edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuen balorazioa, baldin eta zerbitzu horiek aldi baterako kontrataziorako lanpostuari dagozkion estamentuan eta espezialitatean egin badira. Berdinketak bere horretan iraunen badu, gainditu gabeko azterketen nota gehituko da.
3. Oposizioko azterketaren batera aurkeztu arren, hautaproba bat bera ere gainditu ez duten izangaiak. Zerrendaren hurrenkera ezartzeko, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuen balorazioaren osotarako kalifikazioa hartuko da kontuan, baldin eta zerbitzu horiek aldi baterako kontrataziorako lanpostuari dagokion estamentuan eta espezialitatean egin badira.
2. eta 3. puntuetan adierazitako zerbitzuak baloratzeko, azken deialdia argitaratu arte egindako zerbitzuak zenbatuko dira; urteko puntu bat emanen da, edo dagokion zati proportzionala, eta gehienez ere 12 puntu eskuratzen ahalko dira. Zenbaiten arteko berdinketa izanez gero, zozketa publikoaren bidez ebatziko da.
Atal honetako 1., 2. eta 3. puntuetan aipatutako zerrendak egiteko, kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, egindako azken deialdi publikoa.
Plaza lortu dutenek, izendapena argitaratu arte, lehentasuna izanen dute iraupen laburreko kontratuetarako deitzen denean, oposizioan edo oposizio-lehiaketan lorturiko puntuazioaren ordenari jarraikiz. Inola ere ezin izanen zaie kontratua hobetzeko eskaini.
4. Hautaprobetarako deialdi publiko baten bidez kontrataziorako eratutako izangaien zerrenda.
5. Zerrenda irekiak:
Zerrenda irekiak eginen dira baldin eta zerrendaren batean ez badago kontratatzen ahal den izangairik.
Halaber, honelako zerrendak irekitzen ahalko dira lanpostu sortu berriak aldi baterako betetzeko. Horretarako, berariazko epea irekiko da, nahi duenak zerrenda horietan sartzeko aukera izan dezan.
Zerrenda irekietan inskribatzeko eskaeren hurrenkera ezartzeko, lortu nahi den lanpostuaren estamentu eta espezialitate berean edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak baloratuko dira, zerbitzu urte bakoitzeko puntu bat emanez, edo proportzioan dagokiona.
Egindako zerbitzurik ez balego, lanpostu sortu berriak aldi baterako betetzeko irekitzen diren zerrendak ordenatzeko kontuan hartuko dira egoiliar gisa egindako urte bakoitzean eskuratutako nota haztatuen eta kuantitatiboen baturaren emaitzak. Kalifikazio horretan berdinketarik bada, honako hau hartuko da kontuan eskaeren hurrenkera ezartzeko: egoiliar-aldia egiteko hautaprobaren deialdi nazionalean lortutako hurrenkera-zenbakia.
Berdinketarik badago, eskaera telematikoa erregistroan lehenago aurkeztu dutenek izanen dute lehentasuna, eguna eta ordua kontuan hartuta. Berdinketak badirau, aurkeztutako eskabidearen erregistro-zenbakia hartuko da kontuan.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan langileen arloko eskumen orokorrak dituen organoak ebazpena eman beharko du zerrenda hauek irekitzeko eta ixteko, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web-orrian argitaratuko dira. Zerrendak itxiko dira horiek irekitzea eragin zuen beharrik ez dagoenean.
4. Titulu ofiziala tramitatzen ari diren Osasun Zientzien arloko gradudunak eta/edo lizentziadunak aldi baterako kontratatzeko zerrendak.
a) Osasun Zientzietan graduatutako edo lizentziatutakoek, baldin eta egoiliar-programa bukatzen badute programa horrek zehaztutako epean, aukera izanen dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aldi baterako kontratazio-zerrendetan izena emateko.
Inskripzioa modu telematikoan eginen da, nahi den kategoria ofizialeko zerrenda irekietan, horretarako irekitzen den epearen barnean. Honako hauek erantsi beharko dira: egoiliar-aldia egin izanaren ziurtagiria, unitate eskudunak emana; egoiliar-aldiaren urte bakoitzeko nota haztatuen eta kuantitatiboen batura (azken urtekoak izan ezik) agertzen duen agiria eta egoiliar-aldia egiteko probaren deialdi nazionalean lortutako hurrenkera-zenbakia adierazten duen egiaztagiria.
Egoiliar-aldia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan egin dutenek ez dute aurkeztu beharko egoiliar-programa egin izana ziurtatzen duen agiria, ez eta egoiliar-aldiaren urte bakoitzeko nota haztatuen eta kuantitatiboen batura (azken urteko notenak izan ezik) agertzen duen agiria ere; dagokion irakaskuntza unitateak igorriko ditu agiri horiek, zuzenean, Deien Koordinazio eta Kontrolerako Atalera.
b) Zerrendak urte bakoitzeko nota haztatuen eta kuantitatiboen baturaren emaitzaren arabera ordenatuko dira, alde batera utzita azken urteko notak. Kalifikazio horretan berdinketarik bada, honako hau hartuko da kontuan eskaeren hurrenkera ezartzeko: egoiliar-aldia egiteko hautaprobaren deialdi nazionalean lortutako hurrenkera zenbakia. Berdinketak badirau, kontuan hartuko da noiz aurkeztu den eskaera telematikoa erregistroan, eguna eta ordua kontuan hartuta, eta, oraindik ere berdinketa badago, eskaeraren erregistro-zenbakia hartuko da kontuan.
c) Fakultatiboei ez zaizkie eskainiko azken urtean onartu ez dituzten kontratuak, eta zuzenean eskainiko zaizkie 4. apartatu honetan aipatutako langileei.
5. Kontratazioaren xede den lanposturako lanbide-profil zehatza behar bada, zerrendaren hurrenkerari jarraituko zaio, baina, betiere, izangaiak bete beharko ditu eskaintza onartzeko ezarritako beharkizunak. Horretarako, langilea non ariko den, zentro horrek txosten bat egin beharko du aldez aurretik, eta hartan justifikatuko dira izangaiak izan beharreko ezaugarriak, bai esperientziari bai prestakuntzari dagokienez. Aldez aurretik jakinaraziko zaio langileen batzordeari.
Izangai bakar batek ere ez baditu betetzen eskatutako lanbide-profilaren baldintzak, zigorrik gabe eskainiko da, eta zerrendako dagoen edozeinek aukeratzen ahal izanen du lanpostua, lehentasun-hurrenkera orokorrari jarraituz.
Zehaztutako lanpostuetarako deialdia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian argitaratuz egiten ahalko da.
6. Salbuespenez, pertsona aproposenak kontratatzen ahalko dira, bete beharreko lanposturako egokiak izateagatik eta lanpostua ezagutzeagatik, betiere hala komeni bada premia frogatuko arrazoiak tarteko, eta harik eta lanpostu zehatz hori betetzen ahal duen edo hartarako prestatzen ahal den izangairen bat deitu arte. Artikulu honen babesean egindako kontratazioek ez dute izanen hilabetetik gorako iraupenik. Halakoetan, kontratazioa eskatu duen organoak txosten arrazoitu bat prestatu behar du, idatziz. Txosten hori kontratazio-espedienteari erantsi behar zaio, eta langileen batzordeari igorri, haren berri izan dezan".
Bi.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduaren 8. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:
"8. artikulua. Deitzea.
1. Zerrendetan daudenei kontrataziorako deia eginen zaie, lehentasun-hurrenkerari zorrotz jarraituz, baldin eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ez badute kontraturik indarrean eskainitako kontratua hasiko den egunean, alde batera utzi gabe kontratazioa hobetzeari buruz ezarrita dagoena.
Ondorio horietarako, kontratua hasieratik dagoela indarrean ulertuko da, salbu eta iraupen laburreko zerrendetatik eratorritako kontratuen kasuan, beste kontratazio-eskaintza batzuekin gainjartzen direnean edo gainjartzen ahal direnean; halakoetan, ulertuko da kontratua indarrean dagoela kontrataziorako izangaiak ados dagoela adierazten duen unetik aitzina.
2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako plaza bat daukan norbaiti deitzea suertatzen denean, eta eskaini beharreko lanpostua dagoen zerrendakoa ez bada, izangaiari dei eginen zaio, bakar-bakarrik, kontratazio-eskaintza goragoko kategoria edo maila batean aritzeko baldin bada edo, kategoria berekoa izanik, ofizialki aitorturiko beste espezialitate batekoa bada. Izangaiak eskaintzari uko egiten badio, ez zaio berriz dei eginen sei hilabeteko epean, kategoria berean dirauen bitartean.
3. Zerrendak kudeatzean, desgaitasunari dagokionez, kontuan hartuko da zer ezartzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei aplikatzekoa den langileei buruzko araudian, eta hori beteko da.
Izangai batek noiznahi frogatzen ahalko du desgaitasuna duela, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta une horretatik aurrera izanen du lehentasuna, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarri bezala. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.
4. Aldi baterako kontratatzeko zerrendetan dauden 55 urtetik gorako izangaiek, baldin eta 15 urtetan edo gehiagotan zerbitzuak eman badituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, deituak izateko lehentasuna izanen dute beren zerrendetan. Hala ere, aurreko apartatuan adierazitako egoeran daudenek lehentasuna izanen dute haien aurretik. Lehentasun honek eragina izan dezan, aipatu egoeran daudenek lehentasuna aplikatzeko eskatu beharko dute, eta, beharrezkoa bada, egoera hori frogatuko dute kontratazio-zerrendak kudeatzeko eskumena duen organoaren aurrean.
4 bis. Iraupen luzeko aldi baterako kontrataziorako izangaiak, baldin eta erizaintzako espezialitateren bat badute, lehentasunez deituko dituzte beren espezialitate horri dagozkion unitateetan. Lehentasun hori 2. artikuluko 3. paragrafoko dagokien zerrendan ezarriko da. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko espezialisten inongo zerrendatan agertzen ez direnek kontratazio-zerrendak kudeatzeko eskumena duen organoaren aurrean egiaztatu beharko dute eskatutako titulazioa dutela.
5. Dei horretan dagoen eskaintzaren berri emanen zaio izangaiari eta, horretarako, bitarteko hauetako bat erabiliko da, hurrenkera honetan eta baldin eta izangaiak datu horiek guztiak eman baditu:
–Telefono mugikorra (deia eta/edo SMSa).
–Telefono finkoa.
–Helbide elektronikoa.
Horretarako, interesdunek adierazitako zenbaki eta helbideak erabiliko dira, eta haien ardura izanen da etengabe eguneratuta edukitzea.
6. Iraupen laburrekotzat hartzen diren kontratazioetan, egun berean bi saiakera eginen dira izangaiarekin harremana izateko, ordu desberdinetan, gutxienez ere ordubeteko tartearekin.
Iraupen luzeko kontratazioetan, bi saiakera eginen dira harremana izateko, ordu desberdinetan (gutxienez 2 orduko tartearekin), egun baliodun desberdinetan.
Bi kontratazio motetan, eta eskainitako kontratua egunean berean edo hurrengo 24 orduetan hasten bada, dei bakarra eginen da, izangaiak adierazitako edozein komunikazio bitartekoren bidez.
Dei guztiak erregistratuta geldituko dira kontratazio-zerrendak kudeatzeko aplikazioan.
7. Dei guztietan, 24 ordu baliodun egonen dira erantzuteko, eta ulertuko da eskaintzari arrazoi justifikaturik gabe uko egin zaiola baldin eta epe hori iragaten bada erantzunik eman gabe.
Iraupen luzeko kontratazioetarako deien kasuan, helbide elektroniko bat egonen da izangaiak adierazi dezan egindako eskaintza onartzen duen edo ez. Onartzen duela adieraziz gero, harekin harremanetan jarriko dira baieztatu dezan eta, eskaintza bat baino gehiago badago, horietako bat aukeratu dezan. Uko eginez gero edo erantzunik eman ezean, 13.2 artikuluan ezarritako zigorra aplikatuko da.
Iraupen laburreko kontratazioen kasuan, eskaintzen den kontratua hurrengo 3 egunetan hastekoa bada, ez zaio erantzuteko epe hori emanen.
8. Ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea arestian zehaztutakoari jarraikiz, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte. Halakoetan, lan-eskaintza horren gaineko eskubide guztiak galduko dira.
9. Artikulu honetan deskribatutako dei sistemaren ordez besteren bat erabiltzen ahalko da, baldin kontratazio-zerrenden kudeaketa errazteko bitarteko eta prozedura teknologikoak badaude.
10. 1. Plaza bera iraupen luzeko beste eskaintza batekin bete behar bada kontratu bat bukatu ondoko 15 egunetan, kontratu hori bete duen izangaiari eskainiko zaio, kasu hauetan izan ezik:
a) Baldin eta, plaza edo postu hori betetzeko, profesional bat behin-behinean, aldi baterako nahiz behin betiko birkokatzen bada.
b) Indarreko arauen babesean, plaza bete behar bada plaza bat jabetzan duten langileen aldi baterako barne igoeraren bidez.
c) Kontratatuta zegoen pertsonari, hasiera batean, kontratazio labur baterako deitu bazitzaion.
10.2. Plaza bera bete behar bada iraupen laburreko beste eskaintza baten bidez eta plaza betetzen ari zenari ezin bazaio jarraitzeko eskaini, bestelako arrazoi batengatik edo administrazio-kontratu motagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak pertsona horri deituko dio lehentasunez kontratazio berrirako.
11. Baldin eta, ordenamendu juridikoan ezarritako edozein bitartekoren bidez, aldi baterako kontratazio bat deusez deklaratzen bada zerrendako dei-hurrenkerari ez jarraitzeagatik, indarrean den kontratua deuseztatuko da, eta deitua izateko eskubide hobea duena kontratatuko da haren ordez, eta hori guztia bestelako ondorioak galarazi gabe, halakorik balego.
12. Dei masiboak.
Kontratazio-eskaintza asko egin behar badira, sartzeko prozesu bat, lekualdatze-lehiaketa bat, aldez aurreko barne-egokitzapen bat edo beste edozein inguruabar izan delako, aurreko paragrafoetan ezarritako ohiko prozedura aldatzen ahalko da, eta kontratazioa honela eginen da:
–Eskura dauden eskaintzak argitara emanen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian. Halaber, hautaketa-sistema telematiko bat eta/edo helbide elektroniko bat egonen da, izangaiak onarpena adierazi ahal izateko, eta, kasua bada, adierazi ahal izateko du zer eskaintza nahiago dituen edo baten bati uko egin nahi dion.
–SMS eta/edo mezu elektroniko bat bidaliko zaie, eskaintzen berri emateko, kontratazio-zerrendetan dauden eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan kontraturik indarrean ez duten pertsonei edo kontratazioa hobetzeko aukera dutenei, eta hor adieraziko zaie nola onartu behar duten eskaintza.
–Erantzuna emateko epea bukatuta, kontratua esleituko zaie onarpena adierazi dutenei, zerrendako lehentasun-hurrenkerari zorrotz jarraituz.
–Hautaketaren emaitza argitara emanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian, edo telefonoz deituko zaie eskaintzaren bat esleitu zaien guztiei.
–Kontuan harturik zenbat kontratu eskaintzen diren, horretarako aukera dutenek hautaketarik egin ez badute edo eskaintza guztiei uko egin badiete, 13.2 artikuluan ezarritako zigorra aplikatuko zaie.
13. 10 egun balioduneko epean onartzen ez diren kontratazio-eskaintzetan erabiltzen ahalko da aurreko apartatuko dei sistema".
Hiru.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduaren 11. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:
"11. artikulua. Kontrataziorako prestasuna.
1. Kontratazio-zerrendetan dauden izangaiek edozein unetan kontratatuak izateko prest egon beharko dute, salbu eta kontratu-harremana hasteko egunean hala ez egoteko arrazoi hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Lanean aritzea; eskaintza egiten duen erakunde edo zentro berean lanean ari direnek ez dute arrazoi hau alegatu beharrik.
b) Baja egoeran egotea, gaixotasun baten ondorioz.
c) Izendatua edo hautatua izatea kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako, eta, horren ondorioz, bateraezintasuna izatea bere eginkizunetan aritzeko; aukeratua izatea administrazio publiko batean aritzeko, izendapen libreko plaza batean; edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratu izana, konstituzio organoetan parte hartzeko, edo bertze postu batean aritzeko, ganbera batek hautatu behar duenean.
d) Nazioarteko erakundeetako batzordeetan, destinoa atzerrian duten osasun arloko GKEetan edo nazioarteko lankidetza programetan parte hartzen egotea.
e) Ezkontzearen edo bikote egonkorra osatzearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen egotea, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
f) Odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak hiltzeagatik edo gaixotasun larriagatik otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuak ezartzen duen baimen-epean egotea, gertaera gertatzen denetik modu jarraituan zenbatuta.
g) Erditze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harreragatiko lizentzian egotea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuak ezartzen duen epean.
h) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzen egotea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.
i) Legezko zaintza dela-eta, %33ko edo hortik gorako desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat zaintzen egotea, pertsona horrek lan ordaindurik egiten ez badu. Hori frogatzeko, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira.
j) Norbere kargura izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, pertsona horrek lan ordaindurik egiten ez badu. Hori frogatzeko, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira.
Kasu hauetan, izangaiak salbuespenez eskatzen ahalko du zerrendetan deitzeko moduan egotea kargura duen pertsona bizi den eremuan soilik, iraupen laburreko nahiz luzeko eskaintzetarako.
k) Izangaiak hala erabakitzea, genero indarkeriaren biktimaren aitorpena azken urtean izatearen ondorioz.
l) Erakunde ofizial baten beka bat badu.
m) Izangaiak berak eskatzen ahalko du, arrazoi pertsonalengatik, "ez-gai" egoeran jartzea kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetan, eremu/aukera guztietan, gutxienez 6 hilabetez.
n) 16. artikuluan jasotako zerrenda berezietarako prestakuntza aldia egin behar izatea, edo horretan aritzea deia egiten den unean.
o) Ezkontideari edo bikotekide egonkorrari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioagatik, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako aldian.
p) Hamar egun balioduneko oporraldiagatik, urte naturalaren barnean eta izangaiak hautatutako aldian. Aldi horrek etenik gabea behar du izan, otsailean, martxoan, apirilean, maiatzean, urrian edo azaroan bakarrik, Aste Santuko jaiegunetan izan ezik.
q) Prestakuntza ofiziala egiteko aldi osoan.
2. Kontratatua izateko moduan ez egoteko aipatutako egoeraren batean dauden izangaiek frogatu egin beharko dute egoera hori, kontratua eskaintzeko deia jaso eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean.
Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, eskainitako kontratuari bidezko arrazoirik izan gabe uko egiten diola ulertuko da deiaren egunetik hasita.
Era berean, izangaiak, kontratatua izateko moduan ez egoteko egoera batean badago, hala adierazten ahalko dio noiznahi Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Hautapen Prozesuak, Lanpostuak Betetzea eta Deiak Kudeatzeko Zerbitzuari, edo kasuan-kasuan haren eskumenak dituen organoari, eta une horretan berean frogatu beharko du.
3. Gorago aipatutako egoeraren batean dagoela alegatzen duen izangaiari ez zaio eskainiko beste kontraturik, eskainitako lanari uko egiten dion egunetik edo, tartean kontratazio-eskaintzarik izan gabe ere, kontratatzeko moduan ez egoteko egoera batean zegoela adierazi eta frogatu zuen egunetik, eta, ordutik aurrera, zerrendan duen tokiari eutsiko dio egoera horretan irauten duen bitartean.
4. Kontratatzeko moduan ez egoteak izangaia dagoen zerrenda guztietan izanen ditu ondorioak, salbu eta 1. apartatuko m) letrako kasuan; hartan, izangaiak aukeratuko du kontratatzeko moduan ez egotea iraupen luzeko kontratuetarako zerrendetan eta/edo iraupen laburretarako zerrendetan, kontratazio-eremu edo aukera guztietan.
5. Interesdunak eskatzen ahalko du berriz kontratatzeko moduan egotea egoera horretan 6 hilabete iragan ondoan edo, epe hori iragan gabe ere, kontratatzeko moduan ez egoteko arrazoia bukatzen denean; horretarako, kontratazio-organoari adierazi beharko dio arrazoi hori bukatu dela, eta hori frogatu beharko du. Artikulu honetako 1. apartatuko m) letran ezarritako kasuan, beti iragan beharko da 6 hilabeteko epe hori.
Berriz kontratatzeko moduan jarriko da hamar egun balioduneko epea iraganik, egoera hori frogatzen denetik zenbatzen hasita, salbu eta b) letraren kasuan, halakoetan bi egun baliodunekoa izanen baita epe hori.
Pertsona bakoitzak bitan bakarrik alega ditzake h), i) eta j) letretako kasuak kontratatzeko moduan ez egoteko.
6. Berriz kontratatzeko moduan egoteko eskatzen denean atzematen bada eskaera egin zenean, alegatutakoaren kontrara, ez zegoela arrazoirik kontratatzeko moduan ez egoteko, ulertuko da artikulu honetako m) letrako 1. apartatuko egoera gertatu dela, eta hor ezarritako araubidea aplikatuko da.
7. Artikulu honetan ezarritako komunikazioak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari helarazteko, administrazio-prozeduraren arloan indarrean den araudian ezarritako bitartekoak erabili behar dira".
Lau.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduaren 13. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:
"13. artikulua. Lehentasun-hurrenkera.
1. Kasuan kasuko kontratuak amaitzean, pertsona bakoitzak azkeneko kontratua sinatu aurretik zerrendan zeukan tokiari eutsiko dio.
2. Lehentasun-hurrenkerako postua honako arrazoi hauengatik galduko da:
a) Arrazoi justifikaturik gabe, bi lan-eskaintzari uko egitea, iraupen luzeko eskaintzen kasuan, eta lau lan-eskaintzari uko egitea, iraupen laburrekoak badira.
Norbaitek 6 aldiz uko egiten badie 6 lan-eskaintzari, arrazoi justifikaturik gabe, ez zaio gutxienez ere 6 hilabeteko epean deituko kontratatzeko. Aldi hori iraganik, berriz ere kontratatzeko moduan egotea eskatzen ahalko du.
b) Indarrean den lan kontratu bati edo haren luzapen bati uko egitea.
c) Ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez, elkarren segidako gutxienez 6 saiakera egin ondoan 2 hilabeteko epean.
Lehentasun-hurrenkera arrazoi honengatik galdu bada, eta berriz ere ezinezkoa bada harekin harremanetan jartzea goian adierazi bezala, izangaiari ez zaio kontratatzeko deituko 6 hilabeteko epean, gutxienez. Aldi hori iraganda, eskatuko du berriz ere kontratatzeko moduan egotea.
3. Aurreko apartatuan ezarritako ondorioetarako, uko egiteak justifikatutzat joko dira honako kasu hauetan:
a) 11. artikuluko 1. apartatuan jasotako kasuetan egitea uko kontratazio-eskaintzei, edo 24 ordu baino gutxiago egotea deia jasotzen denetik kontratua benetan hasten den arte.
b) Lan kontratu bati uko egitea 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Lan kontratu indardunari uko egitea lanaldiaren %50ekoa edo laburragoa bada, gutxienez ere sei hilabete igaro badira kontratuaren hasieratik eta gutxienez 10 egun baliodun lehenago komunikatzen bazaio organo eskudunari.
d) Izangaiak iraupen luzeko kontratu bat onartzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, zentro batek eskainitako iraupen laburreko kontratu bati uko egin ondoren, eta ez badu benetan hasi lehen kontratu-harremana.
e) Indarreko lan kontratu bati uko egitea, baldin kontratudunak egoiliar-programa bati hasiera ematen badio dauden espezialitateetako edozeinetan. Kasu horietan, ez zaio beste kontraturik eskainiko gutxienez 6 hilabeteko epean. Aldi hori iraganda, eskatuko du berriz ere kontratatzeko moduan egotea.
f) Kontratazio-eskaintza bati uko egitea arratsaldeko edo gaueko lan-txanda finkoan aritzeko denean, baldin eta izangaiak 12 urtetik beherako adingabe bat zaindu behar badu eta familia gurasobakarra bada edo gurasobakartasun-egoeran badago. 3 egun balioduneko epean frogatu beharko du hori, deia jasotzen duen egunetik; horretarako, familia gurasobakarraren titulua aurkeztu beharko du, kasuan kasuko autonomia-erkidegoan familia-arloko eskumena duen departamentuak emana, edo, ustekabean gertatutako inguruabarrik bada, zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabiliko du.
Inguruabar hau noiznahi alegatzen ahalko da, edo deia egin ondoan, eta interesdunak zehaztu beharko du zer nahiago duen: arratsaldeko txanda finkoetarako ez deitzea, gaueko txanda finkoetarako ez deitzea, edo bakar baterako ez deitzea. Behin egoera hori frogatuta, ez zaio horrelako kontratuetarako deituko harik eta adingabeak 12 urte betetzen dituen arte.
g) Indarrean dagoen lan kontratu bati uko egitea, lanpostu finkoa lortzeagatik administrazio publiko batean.
h) 24 orduko txanda duen kontratazio-eskaintza bati uko egitea.
i) III. eranskineko zerrenda berezian dauden izangaiekin bete ezin izan den kontratazio-eskaintza bati uko egitea, baldin eta izangaiak uste badu ez duela lanpostua betetzeko behar den gaitasuna edo ezagutza.
4. Zerrendako postua galtzea behar bezala egiaztatu beharko da, eta gehienez 10 eguneko epean jakinaraziko zaie interesdunei.
2. artikuluko zerrendako bakoitzean hurrenkera-postua galduz gero, zerrendako azken postura igaroko da izangaia, hori erabakitzen den unean.
Zerrenda irekien kasuetan, zerrendako tokia galtzea erabakitzen denetik 6 hilabeteko epean, ukitutako pertsonak ezin izanen ditu bere merezimenduak eguneratu, ez eta zerrendetan berriz inskribatu ere.
5. Zerrendako tokia galtzearen ondorioetarako, kontratazio laburretarako zerrendak, kontratazio luzeetarako zerrendak eta zerrenda bereziak independenteak izanen dira.
6. Zerrendako tokia galtzen duenak dagokion postua hartuko du berriz, hurrenkera-postua galtzea eragin duen arrazoia gertatu zen egunetik bi urte iragan ondoan".
Bost.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduaren 15. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:
"15. artikulua. Zerrenda bereziak.
1. Ordezkapenetarako eta bestelako beharrak betetzeko, zerrenda bereziak eratzen ahalko dira iraupen laburreko modalitatean, III. eranskinean ezarritako unitate eta lanpostuetarako.
2. Zerrenda berezi horiek irekiak izanen dira, eta 2. artikuluan xedatutakoaren arabera prestatzen diren kontratazio-zerrendetan dauden izangaiekin osatuko dira, haiek beraiek eskatuta, betiere, behar diren betebeharrak betetzen badituzte. Zerrenda horietara bide hauetako edozeinen bitartez sartuko da:
–Espezialista-titulua izatea, halako espezialitatea dagoenean edo egon denean, edo graduondoko prestakuntza egiaztatzea (gutxienez 200 ordukoa), gradua bukatu ondoren hasi eta bukatua eta lanpostuarekin zerikusia duena, edozein modalitatetakoa, eta gutxienez 30 eguneko aurrez aurreko praktikak dituena.
Graduondoko prestakuntza egiaztatzeko betebehar horiek aplikatuko zaizkie foru agindu hau indarrean jarri ondoan aurkezten diren tituluei. Lehenago aurkeztutako graduondoko tituluak, onartuak izan badira, baliozkotzat joko dira aurrerantzean ere zerrenda berezietan egoteko.
–Zerbitzuak eman izateagatik arlo horietan, gutxienez 90 eguneko benetako lanarekin azken 5 urtean, zerrenda berezian inskribatzeko eskaera aurkeztu zen egunetik zenbatuta.
–Hurrengo artikuluan jasotako prestakuntza-aldia egin izateagatik.
3. Zein hilabetetan egiten den zerrenda berezietan egoteko eskaera telematikoa, ezarritako bitartekoen bidez, hurrengo hilabeteko lehenbiziko lanegunetik aurrera sartuko dira eskatzaileak zerrenda berezi horietan. Salbuespen dira hilabete bakoitzeko hogeigarren egunetik aurrera aurkeztutako eskaerak; izan ere, horiek zerrenda berezietan sartuko dira aurkeztu eta bigarren hilabeteko lehenbiziko lanegunetik aurrera.
4. Oinarrizko osasun-laguntzako administrarien zerrenda bereziaren kasuan, kontuan hartuko da izangaiak zer osasun-eskualde oinarrizko edo larrialdi arrunt edo bereziko zerbitzu aukeratu dituen iraupen laburreko kontratazioetarako zerrendetan, 6. artikuluari jarraikiz, eta eskualde edo zerbitzu horietan sartuko da zerrenda berezietan ere. 1. b).
Zerrenda berezi horietan egoteko, kontuan hartuko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko oinarrizko osasun-laguntzako edozein taldetan administrari gisa emandako zerbitzuak.
Artikulu honen babesean egindako kontratazioak ezin dira izan hilabetetik gorakoak. Hala ere, kontratuaren arrazoia aldi baterako ezintasuna bada, kontratudunak lanean jarraituko du harik eta lanpostuaren titularra lanera itzultzen den arte.
5. Deiak puntuazio-hurrenkerari jarraituz eginen dira. Zerrenda berezietako izangaiek lehentasuna izanen dute III. eranskinean adierazitako unitateetan egiten diren kontratazio-eskaintzetan, artikulu honetan ezarritakoarekin bat eginez.
6. Zerrenda berezietan dauden izangaiei foru agindu honetan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie, prestasunari, zerrendetatik kanporatzeko arrazoiei eta zerrendako postua galtzeari dagokienez".
Sei.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduaren III. eranskina aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:
III. ERANSKINA.–ZERRENDA BEREZIAK
–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa:
- Osasun Mentala (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Ebakuntza-gelak (erizainak, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak eta zeladoreak).
- Esterilizazioa (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Neonatologia / Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatea (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Hemoterapia (laborategiko teknikari espezialistak).
- Erditzeak (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Zainketa Intentsiboetako Unitatea - Koronarioen Unitatea (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Dialisia (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Larrialdi orokorrak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Pediatriako larrialdiak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Anestesia Ondoko Bizkorketarako Unitatea (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Endoskopiak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Onko-hematologia (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Pediatria (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Gammagrafia (erradiodiagnostikoko teknikari espezialistak). Zerrenda honetan egon nahi dutenek medikuntza nuklearreko trebakuntza egokia izan behar dute.
- Larrialdiak (administrazio-langileak).
- Sukaldea (ekoizpena).
Tuterako Osasun Barrutia.
–Tuterako Reina Sofía ospitalea:
- Dialisia (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Ebakuntza-gelak (erizainak, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak eta zeladoreak).
- Endoskopiak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- ZIU (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Erditzeak (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Neonatologia eta Pediatria (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Larrialdiak eta Zaintza Intentsiboaren Unitate ibiltaria (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Osasun Mentala (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Onko-hematologia (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Larrialdiak (administrazio-langileak).
- Bolanteak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
–Oinarrizko Osasun-laguntza:
- Oinarrizko osasun-laguntzako taldeak (administrazio-langileak).
- Pediatria (erizainak).
Lizarrako Osasun Barrutia.
–Lizarrako García Orcoyen ospitalea:
- Ebakuntza-gelak (erizainak, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak eta zeladoreak).
- Endoskopiak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- ZIU (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Erditzeak (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Larrialdiak eta Zaintza Intentsiboaren Unitate ibiltaria (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Osasun Mentala (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Hemoterapia (laborategiko teknikari espezialistak).
- Larrialdiak (administrazio-langileak).
- Pediatria (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Bolanteak (erizainak).
- Farmazia (erizainak).
- Eskanerra (ETE).
- Epidurala (erizainak).
–Oinarrizko Osasun-laguntza:
- Oinarrizko osasun-laguntzako taldea-OOLT eta Ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzua-OKLZ (administrazio-langileak).
- Oinarrizko osasun-laguntzako taldea-OOLT (erizainak).
- Pediatria (erizainak).
–Osasun Mentaleko Kudeatzailetza:
- Osasun Mentala (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
–Oinarrizko Osasun-laguntzako Kudeatzailetza:
- Ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzua-OKLZ eta Larrialdietako zerbitzu arruntak-LZA (administrazio-langileak).
- Oinarrizko osasun-laguntzako taldeak-OOLT (administrazio-langileak).
- Oinarrizko osasun-laguntzako taldea-OOLT (erizainak).
- Pediatria (erizainak).
- Anbulantzietako erizaintza.
- Koordinazioko erizaintza.
- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Larrialdietako zerrenda berezira jo dezake Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak.
–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua:
- Detekzio Goiztiarra (ETE).
- Detekzio Goiztiarraren Atala (administrazio-langileak).
- NOPLOI (Osasun Publikoko erizainak).
- Analisi Kimikoen Unitatea (Laborategiko teknikari espezialistak).
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko urriaren 13an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2513274
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
