218. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

456E/2025 FORU AGINDUA, urriaren 14koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, Bide Segurtasunaren Batzordeko osaera eguneratzen duena.

Nafarroako Gobernuak 2000ko otsailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Bide Segurtasunaren Garapen eta Koordinaziorako Batzordea eratu zen, lantalde gisa. Lantalde horretan, Nafarroako Gobernuko zenbait departamentu zeuden ordezkatuak, xedeko gaiarekin zerikusia zutelako aukeratu zirenak.

Nafarroako Gobernuak 2001eko abenduaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, Bide Segurtasunaren Garapen eta Koordinaziorako Batzordearen osaera aldatu zen, eta Estatuko Administrazioak trafikoaren eta bide segurtasunaren arloan Nafarroako Foru Komunitatean dituen ordezkariak sartu ziren.

Gero, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren 3. artikuluan eta bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren ondorioz, Bide Segurtasunaren Garapen eta Koordinaziorako Batzordearen izena aldatu zen, Bide Segurtasunaren Batzordea deitzera igaro baitzen. Izendapen hori mantendu egiten da azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuan, non Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri baitzen, eta bertan xedatzen da departamentu horretako titularra izanen dela batzordeko burua.

Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, aldatu egin dira Bide Segurtasunaren Batzordearen araubidea eta osaera, alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu-egituran gertatu diren aldaketetara egokitzearren, eta, bestetik, kide anitzeko organo horren eskumenen araubidea egokitzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakora.

Aipatu Nafarroako Gobernuaren Erabakian ezarritakoarekin bat, Bide Segurtasunaren Batzordeko kideak batzordeko buruak izendatu behar ditu; beraz, une honetan, bidezkoa da Bide Segurtasunaren Batzordeko kideak izanen direnak izendatzea. Aurrekoaren ondorioz, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren irailaren 27ko 56/2024 Foru Agindua onetsi zen, Bide Segurtasunaren Batzordeko kideak izendatzen dituena.

Aurrekoarekin lotuta, Trafiko Zerbitzuak txostena egin du, eta, bertan, Bide Segurtasunaren Batzordearen osaera eguneratzea proposatzen da, ibilgailuen azterketa teknikoaren eta ikuspenaren arloko eginkizunak esleituta dituen zuzendari nagusiari dagokionez.

Horregatik guztiagatik, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak eta Bide Segurtasunaren Batzordearen araubidea eta osaera aldatzen dituen Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekainaren 26ko Erabakiak emandako eskumenak baliatuz,

AGINTZEN DUT:

1. Bide Segurtasunaren Batzordearen osaera eguneratzea, jarraian ezarritakoaren arabera:

–Iñigo Arruti Torre jauna izendatzea, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia den aldetik, Uxue Itoiz Mariñelarena andrearen ordez. Izendapenak ebazpen hau sinatzen denetik aurrera izanen ditu ondorioak.

2. Foru agindu hau Bide Segurtasunaren Batzordeko kideei jakinaraztea eta Barne Zuzendaritza Nagusira eta Trafiko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko urriaren 14an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, (Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren 17/2025 Foru Dekretua, urriaren 10ekoa), Juan Luis García Martín.

Iragarkiaren kodea: F2513549