1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1201E/2025 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita "Carpio" eguzki instalazio fotovoltaikoko proiektuaren gainean eta energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Basoa" proiektuaren gainean. Proiektuak Carpio Solar SLk eta Basoa Energía SLk enpresek sustatu dituzte, Zangozako udal mugartean.
Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Basoa" proiektua sartuta dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko n) apartatuan, bai eta lege horrek izan dituen ondotiko aldaketetan ere. Beraz, bi proiektuen pilaketagatik, han ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar dute.
1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.
2024ko uztailean, Carpio Solar SLk organo substantiboan aurkeztu zituen Zangozako 6. poligonoko 812. lurzatian kokatutako "Carpio" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua eta ingurumen dokumentazioa, barne hartua hurbileko linea elektrikorainoko lurpeko ebakuazio azpiegitura. Halaber, aurretiko administrazio-baimena eta hura eraikitzeko baimena ere eskatu zituen.
Proiektua sartua dago abenduaren 22ko 17/2020 Foru Legearen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzekoaren, 2. eranskinean; hori dela eta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak instalaziorako ingurumen afekzioen gaineko txostena eskatu zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta aldeko txostena egin zuen irailaren 24ko 282E/2024 Ebazpenaren bidez, zeina Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendariak eman zuen.
2025eko martxoaren 21ean, Basoa Energía SLk organo substantiboan aurkeztu zuen Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Basoa" proiektua, bai eta proiektuaren ingurumen-ebaluazioa, Carpio eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektu aldatuarekin batera, egiteko ingurumen-dokumentua ere. Halaber, aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko baimena eskatu zituen Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko "BESS Basoa" instalaziorako.
Geroago, 2025eko martxoaren 27an, Carpio Solar SLk "Carpio" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren aldaketa aurkeztu zuen organo substantiboak, eta hartarako, ingurumen afekzioen txostena egin zuen 282E/2024 Ebazpenaren bidez. Aldaketaren bidez instalazioaren kokalekua aldatu zuten batez ere, jatorrizkoaren aldameneko lurzati batera eraman baitzuten. Aldaketa bat zetorren, era berean, 2025eko martxoaren 21ean emandako baterako ingurumen-dokumentuan.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraztea helburu, dokumentazioa igorri zion Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.
Zehazki, honako hauei egin die kontsulta: Zangozako Udala; Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala; Ekologistak Martxan Iruñea, Gurelur Natura Babesteko Nafarroako Funtsa; Lurraren Defentsarako Lurra Elkartea; Cederna-Garalur Elkartea; Sustrai Erakuntza Fundazioa; eta Goristi Natur Zientzien Elkartea. Lurraren Defentsarako Lurra Elkarteak baino ez du erantzun. Gogora ekarri zuenez, Nafarroako Oihan-ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, interes orokorreko azpiegiturak eraikitzeko proiektuetan, baldin eta baso azalera gutxitzen bada, ukitutako eremurako basoberritzeko edo basoa lehengoratzeko proiektua erantsiko da, gutxienez ere okupatuko den lur saila adinako azalera batean, eta oihan administrazioak aztertu eginen du interes publikoko azpiegiturak eraikitzeko proiektuek hondatu edo urez hartuko luketen oihan azalera, eta aginduzko txosten loteslea emanen du horiekin batera aurkezten zaizkion basoberritzeko edo basoa lehengoratzeko proiektuen egokitasunari buruz.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.
Aurkeztutako dokumentazioan ingurumen gaiei buruzko dokumentu bat dago, bat datorrena Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanak honako alderdi hauek jasotzen ditu: alternatiben analisia, kaltea hartzeko arriskua duten ingurumen faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorraraz ditzaketen ekintzen identifikazioa eta ingurumen faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa, barne hartuta eragin sinergikoak eta metatze eraginak, ezbehar larri edota hondamendien aurreko kalteberatasunaren ondoriozkoak, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak, eta ingurumen-jarraipena egiteko jarduketak.
2.–Proiektuen deskribapena.
–Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko "BESS Basoa" sistema:
Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko "BESS Basoa" instalazioa energia metatzeko sistema bat da, ion-litio teknologiako biltegiratze elektrokimikoan oinarritua. Proiektuaren helburua sarearen malgutasunean laguntzea da, ekoizpen handiko uneetan energia biltegiratuz eta eskari handieneko uneetan sarera bideratuz, eta, hala, energia berriztagarrien integrazioa sustatuz.
Proiektuak "stand-alone" moduan lan eginen du, hau da, sorkuntzako zentral batean integratua egon gabe. Perimetroa hesitutako eremu bat da (374 m²), Zangozako 6. poligonoko 811. lurzatian, eta bertan egonen dira bateriak nahiz transformazio-, babes- eta neurri-zentroa, bai eta biltegiratzeko instalazioa osatzen duten gainerako ekipoak ere. Bateriak edukiontzien barrenean ezarriko dira, eta halakoek sistema automatikoak edukiko dituzte (tenperatura, aireztatzea eta suteak itzaltzekoa). Sarbidea lehendik dagoen bidetik eginen da (Paco de Ugaste bidea). Proiektua dagoen lurzati bereraino iristen da bidea.
Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazioak 13,2 kV-ko Zangoza-Ledea linearekin konektatzen du, 3. euskarrian; hala, egokitu/aldatu beharko da. Hala bada, 13,2 kV-ko lurpeko linea elektriko baten 940,91 metro erabiliko dira hartarako, lehendik dauden bide trazadurari jarraituz, hesitutako esparruko transformazio-, babes- eta neurri-zentroaren eta "BESS Basoa" ebakitze-zentroaren artean. Azken titularra I-DE Redes Eléctricas Inteligentes izanen da. Ebakitze-zentro hartatik (3. euskarritik 70 metrora baino gutxiagora) interkonexio linea bat ezarriko da lehendik dagoen 13,2 kV-ko Zangoza-Ledea linearaino.
Ingurunean eragin akustikoa gutxiagotzeko moduan diseinatu da instalazioa. Hartarako, soinua murrizteko zenbait neurri ditu; besteak beste, instalazioaren perimetroan zehar pantaila akustiko landareztagarri fonoabsorbenteak daude. Haiei esker, ingurunearen gaineko eragin akustikoa eta bisuala gutxitzen da.
–"Carpio" eguzki-instalazio fotovoltaikoa:
"Carpio" eguzki-instalazio fotovoltaikoak 1,7017 hektareako esparru hesitu bakarra du, Zangozako 6. poligonoko 811. lurzatiaren zati batean, energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko "BESS Basoa" instalazioaren aldamenean.
Instalazioak 1.666 eguzki-modulu fotovoltaiko izanen ditu, silizio monokristalinozkoak. Multzoka ezarriko dira ardatz bateko jarraitzaileen gainean, ipar-hego noranzkoan jarriak, eta lurzoruan zuzenean tinkatuz finkatuak.
Modulu multzoak 4 inbertsorera konektatuko dira; sortutako energia elektrikoa haietatik aterako da hesitutako esparruan berean dagoen transformazio zentroraino, eta zentroan tentsioa 13,2 kV-ra handituko da. Sortzen den energia transformazio zentrotik garraiatuko da 13,2 kV-ko lurpeko ebakuazio-linea baten bitartez (825 metro inguru ditu), Zangozako 6. poligonoko 469. lurzatian dagoen ebakitze-zentro bateraino. Linearen trazadura, zati batean, energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko "BESS Basoa" instalazioko ebakuazio-azpiegiturarena bera izanen da, bai eta lehendik dagoen "IFV Camino de Javier" eguzki-instalazio fotovoltaikoko ebakuazio-azpiegiturarena bera ere. Handik, gutxi goiti-beheiti 60 metroko linea elektriko baten bidez, bat eginen du 13,2 kV-ko Zangoza-Rocaforte lineako 3. eta 4. euskarrien arteko zati batekin, eta 4. euskarria ordeztu beharko du.
Zulaketa zuzendua egitea proposatzen da ebaluazioaren xede diren bi proiektuek partekatzen duten lurpeko linea elektrikoaren zatian, Aragoi ibaiaren ibaiadar bat lurpean zeharkatzeko.
Instalazioaren inguruan 2 metro garaiko hesi zinegetikoa planteatzen da; lurrera 20-30 cm-ko distantzia izanen du gutxienez, eta ez du elementu ebakitzaile edo puntazorrotzik.
3.–Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.
–Alternatiben azterketa:
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuak alternatiben azterketa egiten du, ingurunera ahalik eta gehien egokitzeko eta instalazioekin lotua eraginik txikiena izateko. Alternatibak aztertzen dira honako hauetarako: erabili beharreko teknologia, instalazioaren kokapenerako eta ebakuazio linearen trazadurarako, bai eta 0 alternatiba ere, sustatzaileak baztertua, uste baitu proiektua ez gauzatzeak ekarriko duela ez laguntzea deskarbonizazio helburuak lortzen, ezta erregai fosilen merkatuarekiko independentzia murrizten eta epe luzera hornitzeko segurtasuna bermatzen ere.
LFP litiozko baterien teknologia hautatu da biltegiratze sistemarako, eta eguzki-instalazio fotovoltaikorako, berriz, ardatz bateko jarraitzaileen teknologia; izan ere, sistema finkoaren aldean, nabarmen handitzen du (% 30) sortutako elektrizitatea, eta errendimendua, bi ardatzeko jarraitzaileen aldean, % 5 txikiagoa baino ez da. Orobat, azkenekoek azalera handiagoa behar dute; energia gehiago kontsumitzen dute; mantentze-lan konplexuagoak eta garestiagoak ditu, baita eragin bisual handiagoa ere, jarraitzaileen altuera handiagoa delako.
Konexio puntuen kokapenak, lursailen eskuragarritasunak eta lurraldearen ingurumen-sentiberatasunak baldintzatzen dute instalazioen kokapena. Kokatzeko 3 alternatiba aztertu dira, eta irizpide anitzeko analisia egin da haien gainean; hala, 1. alternatiba aukeratu da, azalera txikiena baitu, eta hurbilen baitago konexio puntutik.
Ebakuazio azpiegiturarako 3 alternatiba ere aztertu dira, eta 1. alternatiba aukeratu da, luzera txikieneko lurpeko linea delako.
a) Proiektuaren eragin nagusien analisia:
- Geomorfologia eta lurzoruak:
Ezarri beharreko gunea ia laua da. Hesiaren barnean % 0,42ko gutxieneko, % 3,22ko gehieneko eta % 1,46ko batez besteko malda dago; horrenbestez, hagitz lur mugimendu gutxi behar izanen dira.
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren arabera, eraikitzeko frasean makina astunek igarotzeak trinkotuko dute lurra, eta lurzoruak kalitatea galduko du ondorioz. Orobat, materialen eta produktuen biltegiratze okerragatik, eta/edo makinen istripuzko isuriengatik, kutsatzeko arriskua dago, eta lurzoruen kalitatea hondatzekoa. Ustiatzeko fasean, ingurumen-dokumentuak dio istripuzko isuriak ere izan litezkeela mantentze-lanetako ibilgailu eta/edo makinetan, baita transformadoreetan ere. Sustatzailearen iritziz, faktore honen gaineko eragina bateragarria da fase guztietan.
- Landaretza, fauna eta babes figurak:
Oro har, azterketa eremua hagitz antropizatua dago (laboreak, lanetarako etxolak, linea elektrikoak eta abar). Eguzki-instalazioa eta energia biltegiratzeko sistema almendrondo sail baten lurzatian daude, eta SIGPACen kartografiaren arabera, lurpeko ebakuazio-lineak honako hauetan izanen du eragina: "bideak", "bazkalekua zuhaixkekin" eta "ur-lasterrak eta urguneak"; azken horiek erreka txiki bati dagozkio, zulaketa zuzendu batez zeharkatu beharrekoa. Ezarriko den eremuan ez dago Batasunaren intereseko habitatik.
Ingurumen-dokumentuan proiektuaren eraginpeko eremuko espezieen inbentario bibliografikoa bildu da, lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren arabera eta 10 km-ko aldea duen UTM koordenatu-sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Inbentarioaren arabera, proiektua kokatzen den laukian 174 espezie aipatzen dira (ornagabe 1, 9 arrain, 7 anfibio, 12 narrasti, 28 ugaztun eta 117 hegazti).
Eraikitzeko fasean, ukitutako landare natural bakarrak bide ertzetako landare erruderal izanen dira. Gainera, ingurumen-dokumentuak oraingo habitatak suntsitzea edo aldatzea aurreikusten du, baita hautsaren, zaraten eta gizakien presentziaren ondoriozko eragozpenak ere; horrek bertan dagoen faunaren gaineko nahasmendua ekarriko du. Ustiatzeko fasean, kontuan hartutako eragin nagusia habitat galtzea da; halere, azalera txikia dela kausa, ez du zatiketarik ekarriko, ezta hesi-efektu nabarmenik ere. Halaber, gizakien presentziak faunaren gainean eragindako eragozpenak ia ezdeusak izanen dira, orobat. Sustatzailearen iritziz, faunaren eta floraren gaineko eragin handiena ustiatzeko fasean izaten da, eta moderatutzat hartzen da.
Babes-figurei dagokienez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lurpeko ebakuazio-tartearen zati bat baino ez dago "Aragoi ibaiaren meandroak eta terrazak Esa-Zangozan". Estatuko, autonomiako eta/edo eskualdeko legeriak babestutako gainerako natur figuren mugetatik kanpo dago proiektua. Sustatzaileak hutsaltzat jotzen du, fase guztietan, babes figuren gainean dagoen eragina.
4.–Proposamena.
Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta biltegiratzeko proiektua nahiz eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txostena eman du eta adierazi ezen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela egokia haren ingurumen-ebaluazio arruntaren tramitazioa hastea, eta aurreikusten dela proiektuen ingurumen-eragina bateragarria izatea ingurune hartako naturaren balioekin, betiere, proiektuek betetzen badituzte ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen-dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta horiez gain, Ingurumen Eraginaren Azterketa honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuen baimen substantiboan jasoko direnak:
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. "Carpio" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuak eta Energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko instalazio bat ezartzeko "BESS Basoa" proiektuak, hurrenez hurren Carpio Solar SLk eta Basoa Energía SLk Zangozako udal mugartean sustatuek, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan, ez dutela eragin nabarmenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Bai eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektu aldaturako, bai energia elektrikoa baterietan biltegiratzeko proiekturako, bete beharko dira Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 24ko 282E/2024 ebazpenean ezarritako baldintzak. Esandako ebazpenak ingurumen afekzioen txostena egin zuen "PSFV Carpio" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren gainean, zeina Carpio Solar SLk sustatu baitzuen Zangozako 6. poligonoko 812. lurzatian.
–Ebazpenean 4. euskarria egokitzeko ezarritako baldintzak bete egin beharko dira bai Zangoza-Ledea 13,2 kV-ko lineako 4. euskarrirako planteatutako ordezpena egiteko, bai 3. euskarrian beharrezko den egokitzapena/aldaketa egiteko; azken horretan konektatzen da baterietan biltegiratzeko instalazioa.
–Paisaian izandako eraginei dagokienez, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, eta proiektuen lurzoru urbanizaezineko baimenean erantsiko da.
3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.
4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangoza barrutia) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2513809