1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
694/2025 EBAZPENA, urriaren 13koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita haur-eskolei errefortzuko hezitzaileak esleitzeko irizpidea 2025-2026 ikasturtetik aurrera.
2022-2023 ikasturteaz geroztik, Hezkuntza Departamentuak zenbait neurri jarri ditu abian haur-eskoletako hezkuntza-arretaren kalitatea hobetzeko, eta horietako bat errefortzuko hezitzaileak kontratatzea izan da.
Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloko Batzordean, xede horrekin eratutako lantalde teknikoak egindako proposamenaren ostean aldatu zen errefortzuko hezitzaileak esleitzeko irizpidea, honela: haur-eskolan jardunean dauden unitateen kopurua aintzat hartu beharrean, ikasturteko lehen astean haur-eskolan benetan matrikulatutakoen kopurua hartuko da kontuan.
Nafarroako Gobernuak eta EH Bildu-Nafarroa parlamentu-taldeak duten konpromisoen akordioa betez, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege Proiektuari dagokionez, bidezkoa da eguneratzea 2025-2026 ikasturtetik aurrera errefortzuko hezitzaileak esleitzeko erreferentziatzat hartuko den matrikula kopurua.
Haur Eskolen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, aipatutako eguneratzea proposatuz.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Eguneratzea, 2025-2026 ikasturtetik aurrera, errefortzuko hezitzaileak esleitzeko irizpidea, ikasturteko lehen astean haur-eskolan benetan matrikulatutakoen kopuruaren arabera, hots, honela:
MATRIKULA KOPURUA | ERREFORTZUKO HEZITZAILEAK |
16 edo gutxiago | 0 |
17-29 | 0,5 |
30-43 | 1 |
44-57 | 1,5 |
58-71 | 2 |
72-85 | 2,5 |
86-99 | 3 |
100-113 | 3,5 |
114-127 | 4 |
128 edo gehiago | 4,5 |
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau igortzea interesdun diren toki erakundeetara, Hezkuntza Departamentuko Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalera eta Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura.
4. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.
Iruñean, 2025eko urriaren 13an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
Iragarkiaren kodea: F2513271