218. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

620E/2025 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez zehazten baita zenbat langile behar diren, urriaren 15erako aurreikusitako greba dela-eta, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko baliabideetako (harrera-baliabideak eta Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroa) gutxieneko zerbitzuei arreta emateko.

CCOO eta UGT sindikatuek estatu mailako deialdia egin dute bi orduko lanuzteak egiteko: lanaldi jarraituan, gaueko txandan, 02:00etatik 04:00etara; lanaldi zatituan eta goizeko txandako lanaldi jarraituan, 10:00etatik 12:00etara; eta arratsaldeko txandako lanaldi jarraituan 17:00etatik 19:00etara.

ELA sindikatuak 00:00etatik 24:00etara bitarteko lanuztea egiteko deialdia egin du (txandakako funtzionamendua duten unitateen kasuan, greba lehenengo txandan hasiko da, nahiz eta urriaren 15a baino lehen hasi, eta azken txanda bukatutakoan bukatuko da, nahiz eta hilaren 15eko 24:00etatik aurrera bukatu).

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen zerbitzu publikoen eremuan, alde batetik, genero indarkeriaren biktimentzako eta haien seme-alabentzako harrera-baliabideak daude (larrialdi zentroa, babes etxea eta egoitza-pisuak), eta, bestetik, Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroak arreta espezializatua ematen die sexu-indarkeriaren biktima izan diren edo bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeei, hala gaur egunekoei nola lehengoei, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan.

Horren ondorioz, emakume erabiltzaileei arreta egokia emateko ezinbestekoak diren zerbitzuen estaldura bermatuko duten gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla emakumezko erabiltzaileei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Horrenbestez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. 2025eko urriaren 15erako iragarritako greba dela-eta, honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba-eskubidea:

–Indarkeriaren biktima diren emakumeentzako harrera-baliabideak: jaiegunetarako aurreikusitako langile kopuru bera arituko da.

–Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroa (CAIVS): jaiegunetarako aurreikusitako langile kopuru bera arituko da.

2. Aurreko atalean adierazitako funtsezko zerbitzuak enpresa bakoitzeko zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Ebazpen honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Ebazpen hau greba batzordeari, Xilema Programas SLri eta Gizain-Gizarte Zerbitzu Publikoak Kudeatzeko Nafarroako Fundazioari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Lan Harremanen Atalera igortzea.

5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2025eko urriaren 15ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

Iragarkiaren kodea: F2513361