218. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

72/2025 FORU AGINDUA, urriaren 14koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena larrialdiak kudeatzeko hirugarrenek aire bitartekoekin ematen dituzten zerbitzuetarako, 2025eko urriaren 15erako deitutako greba dela-eta.

Zenbait sindikatuk 2025eko urriaren 15ean greba egiteko deialdia iragarri dute.

Greba eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan jasoa, bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai Konstituzio Auzitegiarenak.

Greba deialdiaren ondorioz larrialdien kudeaketaren arloan hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuak ezin dira gelditu, kontuan hartuta osasun laguntza, larrialdietako garraioa, suteak itzaltzeko lanak eta abar behar bezala egiteko zerbitzu osagarriak direla. Hori guztia, zerbitzu horiek lotura estua dutelako bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubideekin. Horrenbestez, botere publikoek bermatu behar dituzte.

Bestalde, funtsezkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena gobernu agintaritzari esleitzen zaio, Lan harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuan xedatutakoaren arabera. Eskumen hori, aztertzen ari garen kasuan, Nafarroako Foru Komunitateak egikaritu behar du, Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartutako eskumenen arabera, bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legean eta Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legean xedatutakoarekin.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen xedea da hirugarrenek ematen dituzten funtsezko zerbitzuak arautzea zenbait arlotan (osasun ebakuazioa larrialdi egoeran, larrialdietako operazioak, babes zibileko lanak eta suteen kontrako borroka), larrialdietako zerbitzuek funtzionamendu egokia izan dezaten 2021eko urriaren 15erako iragarri den greba dela eta; funtsezko zerbitzu horiek ezartzeko arrazoia da zerbitzu horiek nahitaez bete beharrekoak direla herritarrek larrialdi egoeretan dituzten beharrei babesa eta erantzuna emateko.

Funtsezko zerbitzuak zehazteko, kontuan hartu da zein diren administrazio honek aire bitartekoen zerbitzurako kontratuaren bidez itunduta dituen eginkizun publikoak, eta horietatik kanpo utzi dira segurtasunarekin eta larrialdiekin loturarik ez duten zerbitzu funtzional hutsak.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, lan harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. apartatuan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoa,

AGINTZEN DUT:

1. 2025eko urriaren 15erako deitutako greba dela eta, greba egiteko eskubidea erabiliko da funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek mantentzen direla errespetatuz:

a) Larrialdietako aireko osasun garraioa. Larrialdi egoeretako edo urgentziako osasun ebakuazioak ere sartuko dira, eta kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

b) Erreskateak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

c) Babes zibileko lanak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

d) Su-itzaltzea. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

e) Nafarroako Foruzaingoaren patruila eta behaketa lanak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

2. Foru agindu honetan jasotzen diren funtsezko zerbitzuak zerbitzu bakoitza esleitua duen enpresak horretarako izendatzen dituen langileek beteko dituzte.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaritzari, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendaritzari eta Nafarroako Foruzaingoaren burutzari, eta jakinaraztea Greba Batzordeari eta Eliance Helicopter Global Services SLri.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2025eko urriaren 14an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria (Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren 17/2025 Foru Dekretua, urriaren 10ekoa), Juan Luis García Martín.

Iragarkiaren kodea: F2513325