218. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

364E/2022 FORU AGINDUA, urriaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek egin beharreko funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2025eko urriaren 15eko 00:00etatik aurrera 24orduz egitekoa den greba dela eta.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da herritarren funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek egiten dituzten zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko osasun arreta behar bezala eman ahal izateko zerbitzu osagarriak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola pazienteen bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Beste alde batetik, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f), 53. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen helburua da, 2025eko urriaren 15erako deitutako greba dela kausa, hirugarrenek egiten dituzten zerbitzuei dagozkien funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea, osasun zerbitzuek modu egokian funtziona dezaten. Zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Horrek guztiak justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea iragarritako grebak dirauen bitartean.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzean, lehenbizi, oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, eta kontuan hartuz zerbitzu horien beharra duten erien ezaugarriak eta beharrezkotzat jotzen diren zerbitzuak ez emateak ekar litzakeen ondorio larriak, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan arreta ematen zaiela sor daitezkeen presako abisuei.

Farmazia bulegoei dagokienez, Osasun Departamentuak etengabeko arreta farmazeutikoa bermatzen die herritarrei. Horretarako, egunero guardiako zerbitzuak eman behar dituzten farmazia bulegoak finkatzen ditu. Hortaz, guardiako farmaziak dira gutxieneko zerbitzuak emanen dituztenak.

Farmazia produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, ezinbestekotzat jo da farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaien horniketa bermatzea.

Bestalde, laginen osasun garraioari dagokionez, beharrezkoa da Nafarroa osoko osasun zentroetatik eta kontsultategietatik erreferentziako laborategietaraino gauzatuko dela bermatzea, laginak ez hondatzeko eta erabiltzaileek eragozpenik ez izateko.

Azkenik, hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta establezimenduetan egiten dituzten gainerako zerbitzuei dagokienez –zehazkiago, segurtasun zerbitzuak eta mantentze-lanetako zerbitzuak–, jai egunetan beren jarduna gauzatzeko izaten dituzten zerbitzu berberak mantendu beharko dituzte gutxieneko funtsezko zerbitzu gisa. Gainerako zerbitzuei dagokienez –Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako garbiketa zerbitzuak eta elikadura zerbitzuak–, gutxieneko zerbitzu gisa mantendu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 1969E/2025 Ebazpenean gutxieneko zerbitzu gisa ezarritako jarduera bermatzeko beharrezkoak direnak.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. paragrafoan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.2 artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoa,

AGINTZEN DUT:

1. 2025eko urriaren 15erako deitutako greba orokorra eginen da jarraian zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek mantentzen direla errespetatuz:

1.1. Oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan arreta ematen zaiela sor daitezkeen presako abisuei.

1.2. Farmazia produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, beharrezkoa da farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaien horniketa bermatzea.

1.3. Guardiako zerbitzua ematen duten farmazia bulegoen zerbitzuaren ehuneko ehun bermatuko da.

1.4. Hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta establezimenduetan egiten dituzten zerbitzuei dagokienez –zehazkiago, segurtasun zerbitzuak eta mantentze-lanetako zerbitzuak–, jai egunetan beren jarduera gauzatzeko izaten dituzten zerbitzu berberak mantendu beharko dituzte funtsezko gutxieneko zerbitzu gisa. Gainerako zerbitzuei dagokienez –Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako garbiketa zerbitzuak eta elikadura zerbitzuak–, gutxieneko zerbitzu gisa mantendu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 1969E/2025 Ebazpenean jasotakoak.

2. Foru agindu honen 1. atalean jasotako funtsezko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresetan horretarako izendatzen diren langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau Greba Batzordeari, Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zerbitzuari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2025eko urriaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2513334