1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
54/2025 FORU AGINDUA, urriaren 14koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira departamentu honetako gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak 2025eko urriaren 15erako iragarritako greba orokorrerako deialdia dela eta.
Zenbait sindikatuk greba orokorrerako deia egin dute 2025eko urriaren 15erako.
Kontuan harturik Administrazioak orokorrean ematen dituen zerbitzu batzuen izaera publiko eta funtsezkoa (zenbait esparrutan bereziki), beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihesteko. Kontuan hartu behar da, halaber, langile publiko guztiek eskubide konstituzionala dutela iragarritako lanuztean parte hartzeko ala ez, eta eskubide hori, orobat, Administrazioko zentroen eta bulegoen funtzionamendua bermatuz babestu behar da.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horietan arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba-deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko organo eskudunek behar diren jarduketak egin dituzte Greba Batzordearekin, eta, hala, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.
Herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko eskubidea eta zerbitzu publikoetarako berdintasunezko sarbidea babesteko asmoz –biak ala biak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aitortuak daude, eta bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 102., 106. eta 108. artikuluetan–, erregistro zerbitzuaren funtzionamendua bermatu behar da, gutxieneko eta ezinbesteko langile kopurua zehaztuta. Bestalde, goian aipatutako ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren 2.3 artikuluak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren funtzionamendua bermatu beharra dagoela ezartzen du.
Era berean, beharrezkoa da Nafarroako Jauregiaren lehen solairuan ematen diren zerbitzuen arreta bermatzea. Izan ere, han daude Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eta lehendakariordeen bulegoak, bai eta haien kabineteetakoak ere, eta han dago, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren eta lehendakariaren egoitza ofiziala, ondorio guztietarako; hau da, Foruaren Hobekuntzak ezartzen dituen hiru erakundeetatik biren egoitza.
Azkenik, egun horretako informazio jarduera ere bermatu behar da; izan ere, asteazkena denez, komunikabideen beharrei erantzun behar zaie, ez bakarrik Gobernuaren bilkuren ondoren izaten den ohiko prentsaurrekoari dagokionez, baita ohiko informazio beharrei eta greba egun bati dagozkion informazio beharrei dagokienez ere. Horrez gainera, herritarrek informazioa jasotzeko duten eskubidea bermatu nahi da, egun horretan gerta daitezkeen gorabeherak direla eta.
Hortaz, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, horren bidez behar diren neurriak hartu baitziren, greba deialdiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko,
AGINTZEN DUT:
1. Ikusirik 2025eko urriaren 15erako iragarrita dagoen greba orokorrerako deialdia, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuan:
Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia:
–Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzua:
- Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoa (Herritarren Arretarako Iruñeko Bulegoa): administrari 1.
Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusia:
–Proiekzio Instituzionalaren eta Nafarroa Markaren Zerbitzua:
- Zerbitzu orokorretako lanpostu bat betetzen duen pertsona bat, goizeko txandan.
- Zerbitzu orokorretako lanpostu bat betetzen duen pertsona bat, arratsaldeko txandan.
–Komunikazio Zerbitzua:
- Prentsa Bulegoaren Atala: 2 kazetari.
2. Aipatutako langileen lanuzteak eta lan-gorabeherak ez-legezkotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira. Langile horiek kasuan kasuko unitate organikoaren arduradunak hautatuko ditu.
3. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko titularrari eta Proiekzio Instituzionalaren eta Nafarroa Markaren Zerbitzuko titularrari eta Komunikazio Zerbitzuko titularrari, eta igortzea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari eta Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Gutxieneko zerbitzuak ezarri diren unitate organikoetako arduradunak arduratuko dira zerbitzu horiek emateko izendatutako pertsonei jakinarazteaz.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2025eko urriaren 14an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2513341