218. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

136E/2025 FORU AGINDUA, urriaren 10ekoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena San Adriango Udal Plan Orokorraren aldaketa bat, 1. poligonoko 1132. lurzatian (S-18 sektorea), Intermalta SAk sustatua.

San Adriango Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da San Adriango S-18 sektorearen barruan eremu bereizi berri bat zedarritzea, S-18.1 azpisektorea izenekoa, eta hura garatzeko behar diren hirigintza-antolamenduko determinazioak ezartzea, 1. poligonoko 1132. lurzatian dagoen instalazioa handitu ahal izateko.

Eremu sortu berria, S-18.1 azpisektorea, katastroko lurzatietan oinarrituta zedarritu da, 1. poligonoko 1132. lurzatiko B, C eta E azpilurzatiak barne hartuta.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 30eko 619E/2025 Ebazpenaren bidez ingurumen txosten estrategikoa eman zen San Adriango udal planaren aldaketari buruz, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela iritzita. Aldaketak 1. poligonoko 1132. lurzatiaren eremuari eragiten dio (S-18 sektorea).

Ebazpen hori 2025eko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 4koan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea San Adriango Udal Plan Orokorraren aldaketa bat, 1. poligonoko 1132. lurzatian (S-18 sektorea), Intermalta SAk sustatua.

2. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari jakinaraztea eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau San Adriango Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eta onetsitako hirigintza araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko urriaren 10ean.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2513303