1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
135E/2025 FORU AGINDUA, urriaren 10ekoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Arguedasko Udal Plan Orokorraren aldaketa bat, APR-06 arean, Navarra de Suelo y Vivienda SAk sustatua.
Arguedasko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.
Espedienteak proposatzen du berrantolatzea SE-005 espazio sektorean sartuta dagoen APR-6 area (beste plangintza batean arautu beharreko area, industrialdea hartzen duen lehengo 15. sektoreari dagokiona), egun industria-erabilerako lurzoru urbanizagarriaren sailkapena duena. Aldaketaren ondorioz, eremuko lurzoru batzuk aldatu eta lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuko lirateke, zenbait kategorizazio desberdinekin.
Era berean, sektoreko lurzoru urbanizagarriaren zati bat baztertu ondoren, APR-6 arearen ondoriozko eremuaren gehieneko eraikigarritasunari dagokion determinazio egituratzailea aldatzen da, Udal Plan Orokorrean SE-005 espazio sektoreari dagokion Hirigintza Araudi Partikularraren fitxa aldatuta.
Ingurumeneko zuzendari nagusiak maiatzaren 12an emaniko 369E/2025 Ebazpenaren bidez proiektu honi buruzko ingurumen txosten estrategikoa egiten da, ingurumenean ukipenik eragiten ez duela iritzita: "Arguedasko Udal Plan Orokorraren aldaketa. APR-06 arearen eremua. Jarduera ekonomikoetarako eremua handitzea". Aldaketa horren sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA da.
Ebazpen hori 2025eko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 13koan.
Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.
Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,
AGINTZEN DUT:
1. Behin betiko onestea Arguedasko Udal Plan Orokorraren aldaketa bat, APR-06 arean, Navarra de Suelo y Vivienda SAk sustatua.
2. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari jakinaraztea eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Foru agindu hau Arguedasko Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.
4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eta onetsitako hirigintza araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 10ean.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.
Iragarkiaren kodea: F2513301