218. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2259/2025 EBAZPENA, 2025eko urriaren 20koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, Estatuko I+G+Bko Planeko Jakintza Sortzeko Proiektuei lotutako doktoratu aurreko 3 kontraturen deialdia onetsi eta gastua baimentzen da.

2022ko urriaren 29ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratutako 2022ko urriaren 27ko CIN/1025/2022 Aginduaren bidez onetsi ziren Estatuko Ikerketa Agentziak kudeatu behar dituen 2021-2023 aldirako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Estatuko Planaren zenbait programari eta azpiprogramari dagozkien laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak. Arau horiek 2023ko abenduaren 26ko CNU/1459/2023 Aginduaren eta 2024ko apirilaren 4ko CNU/307/2024 Aginduaren bidez aldatu ziren, zeinak 2024ko urtarrilaren 12ko eta apirilaren 9ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu baitziren, hurrenez hurren.

Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen ministroaren 2024ko abenduaren 9ko Aginduaren bidez, deialdi bat onetsi zen Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako 2024ko laguntzak emateko prozedura aldez aurretik izapidetzeko, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren barnean. (Dirulaguntzen datu-base nazionalaren identifikatzailea: 801943; laburpena "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu zen, 2024ko abenduaren 12an).

2025/07/29an, 3 laguntza eman zaizkio behin-behinean Nafarroako Unibertsitate Publikoari doktoratu aurreko ikertzaileek prestakuntza gisa tesi bat egin dezaten Jakintza Sortzeko Proiektuetarako 2024ko deialdiaren barnean finantzatutako proiektuetako baten baitan. Laguntza horien helburua da profesionalen belaunaldi berriak prestatzea lehenbiziko mailako ikerketa-talde baten barnean ikertzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratuko ditzaten. Prestakuntza horren barrenean, mugikortasuna bultzatuko da, ikasleek egonaldi laburrak egin ditzaten estatuko eta nazioarteko beste zentro batzuetan, bai eta beste azpiegitura eta instalazio zientifiko eta teknologiko batzuetan ere. Kontratuak finantzatzeko doktoratu aurreko laguntzak Europako Plus Gizarte Funtsaren kontura finantzatzen ahalko dira (aurrerantzean, EGF+), Enpleguko, Hezkuntzako, Prestakuntzako eta Gizarte Ekonomiako EGF+ Programaren barruan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak, 2025eko irailaren 22an egindako bileran, erabaki zuen Estatuko I+G+Bko Planeko Jakintza Sortzeko Proiektuei lotutako doktoratu aurreko 3 kontraturen deialdia onestea.

Ikusirik 103/2019 Errege Dekretua, 2019ko martxoaren 1ekoa, Prestakuntzan dauden Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duena.

Ikusirik 2024ko abenduaren 9ko Agindua, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako 2024ko laguntzak emateko prozedura aldez aurretik izapidetzeko, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren barnean (801943 identifikazio-zenbakia du dirulaguntzen datu-base nazionalean).

Ikusirik Jakintza Sortzeko 2024ko Proiektuetarako eta ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako laguntzak emateko prozeduraren behin-behineko ebazpen-proposamena, 2025eko uztailaren 29koa, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren barnekoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzu Juridikoak egindako aldeko txostenaren arabera.

Ikusirik badagoela kreditu erreserba.

Barne Kontrolerako Zerbitzuko zuzendariak aldeko fiskalizazioa eginda.

Ikerketako errektoreordeak proposaturik.

Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 50. artikuluak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluak (estatutuak 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsi zituen, eta Nafarroako Gobernuaren 2011ko martxoaren 21eko erabaki batek aldatu) ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren 2024ko abenduaren 9ko Aginduaren bidez onetsitako deialdiaren babesean NUPi emandako laguntzei jarraikiz, doktoratu aurreko 3 kontraturen deialdia onestea –kontratu horiek lotuak daude Jakintza Sortzeko Proiektuekin eta proiektu horiekin lotutako doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzeko jarduerekin–, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren esparruan barrenean, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarrien arabera. Honako hauek dira kontratuen zenbatekoak:

–Kontratuaren lehenbiziko, bigarren, hirugarren eta laugarren urteetan: 24.468,15 euro gordin, 12 ordainsaritan.

Unibertsitateak hartuko ditu bere gain Gizarte Segurantzaren enpresa-kuotak, indarrean daude legeetan ezarritako baldintzetan.

7.000 euroko laguntza gehigarria onetsiko da doktoretza-ikasketen ondoriozko matrikula-gastuak eta I+Gko zentroetako egonaldien kostuak finantzatzeko, aipatutako ministerio-aginduaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.–444.938,49 euro-ko gastua baimentzea. Horretarako, behin betiko ebatzi beharko da Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako laguntzak emateko 2024ko deialdia, bai eta beharrezko izapideak egin ere laguntza horiek kudeatzeko sortuko diren aldi baterako unitate organikoen partidetan behar besteko aurrekontu zuzkidura egon dadin. Gastuaren urtekako banakapena honako hau izanen da:

–2026. urteko ekitaldia.

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 62.393,66 euro.
  • Gizarte Segurantza 20.858,20 euro.

–2027. urteko ekitaldia.

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 76.369,85 euro.
  • Gizarte Segurantza 25.599,17 euro.

–2028. urteko ekitaldia.

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 77.897,24 euro.
  • Gizarte Segurantza 26.173,47 euro.

–2029. urteko ekitaldia.

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 79.455,19 euro.
  • Gizarte Segurantza 26.696,94 euro.

–2030. urteko ekitaldia.

  • Prestakuntzan dauden ikertzaileak 23.956,29 euro.
  • Gizarte Segurantza 4.538,48 euro.

Hirugarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, esleipen ebazpena Estatuko Ikerketa Agentziaren webgunean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Laugarrena.–Aukera egonen da kontratu kopurua eta haien zenbatekoa handitzeko, baldin eta hala adierazten bada Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako 2024ko deialdiko laguntzak ematen dituen behin betiko ebazpenean eta baldin eta aurrekontu handiagoa badago deialdi hau finantzatzeko.

Bosgarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Ikerketako errektoreordeari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, kontratuen zuzendariei, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Irakaskuntza Zerbitzuari, Gizarte Kontseiluari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.

Zazpigarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka eta haren oinarrien aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2025eko urriaren 20an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

DEIALDIA, DOKTORATU AURREKO 3 KONTRATU EMATEKO (I+G+BKO ESTATUKO PLANEKO JAKINTZA SORTZEKO PROIEKTUEI LOTURIKO KONTRATUAK)

EBAZPENAREN ERANSKINA

2022ko urriaren 29ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratutako 2022ko urriaren 27ko CIN/1025/2022 Aginduaren bidez onetsi ziren Estatuko Ikerketa Agentziak kudeatu behar dituen 2021-2023 aldirako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Estatuko Planaren zenbait programari eta azpiprogramari dagozkien laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak. Arau horiek 2023ko abenduaren 26ko CNU/1459/2023 Aginduaren eta 2024ko apirilaren 4ko CNU/307/2024 Aginduaren bidez aldatu ziren, zeinak 2024ko urtarrilaren 12ko eta apirilaren 9ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu baitziren, hurrenez hurren.

Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen ministroaren 2024ko abenduaren 9ko Aginduaren bidez, onetsi zen Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako 2024ko laguntzak emateko prozedura aldez aurretik izapidetzeko deialdia, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren barnean. (Dirulaguntzen datu-base nazionalaren identifikatzailea: 801943; laburpena "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratua, 2024ko abenduaren 12an).

2025/07/29an, 3 laguntza eman zaizkio behin-behinean Nafarroako Unibertsitate Publikoari doktoratu aurreko ikertzaileek prestakuntza gisa tesi bat egin dezaten Jakintza Sortzeko Proiektuetarako 2024ko deialdiaren barnean finantzatutako proiektuetako baten baitan. Laguntza horien helburua da lehenbiziko mailako ikerketa-talde baten barnean ikertzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratuko dituzten profesionalen belaunaldi berriak prestatzea, barne hartuta mugikortasuna sustatzea beste zentro nazional eta nazioarteko batzuetan, azpiegituretan eta instalazio zientifiko eta teknologikoetan egonaldi laburrak eginez. Kontratuak finantzatzeko doktoratu aurreko laguntzak Europako Plus Gizarte Funtsaren kontura (aurrerantzean, EGF+) finantzatzen ahalko dira, Enplegu, Hezkuntza, Prestakuntza eta Gizarte Ekonomiako EGF+ Programaren barruan.

Hori guztia kontuan hartuz, Ikerketa Batzordeak proposatu du doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzeko kontratuen deialdi hau onestea, Jakintza Sortzeko Proiektuei lotua.

1.–Deialdiaren xedea.

Doktoratu aurreko 3 kontraturen deialdia egitea Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta proiektu horiekin lotutako doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzeko jardueretarako, 2025-2026 ikasturterako eta segidan aipatzen diren proiektuetarako, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027 aldiko Estatu Planaren esparruan. Deialdia oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, eta adierazitako zenbatekoen eta epeen arabera emanen dira laguntzak, betiere aurrekontu zuzkidura nahikoa badago.

Deialdian kontratu hauek daude:

–Doktoratu aurreko kontratu bat, Zientzia Matematikoen arlokoa, Espazio-denboraren Modelizazio Estatistikoaren eremuko proiektu honi lotua: "PID2024-155382OB-I00 Aurrerabideak espazio-denboraren modelizazioan, ikaskuntzan eta aplikazioetan". Zuzendaria: María Dolores Ugarte Martínez.

–Doktoratu aurreko kontratu bat, Nekazaritzako eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arlokoa, ekosistema irekiak lehengoratzeko larreen eta belarjaleen arteko elkarreragina erabiltzearen eremuko proiektu honi lotua: "PID2024-159620OB-C22 Mikrobio konexioak: belarjalea-lurzorua-landarea continuumaren eta eremu epeletan belarjaleen bidez eta su emanez kudeatzen diren ekosistemen egonkortasunean duten rola aztertzea". Zuzendaria: Rosa María Canals Tresserras.

–Doktoratu aurreko kontratu bat, Ingurumen Zientzien eta Teknologien arlokoa, Ingeniaritzaren eremuko proiektu honi lotua: "PID2024-162043OB-I00 Ekipo geologikoetarako eta sumendien zaintza autonomorako sorkuntza termoelektrikoko sistema aurreratuak". Zuzendaria: David Astrain Ulibarrena.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Doktoratu aurreko kontratuaren eskatzaileek haren gaiaren jakintza-arloari lotutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean onartuak egon behar dute laguntza eskatzeko epearen barnean.

Ez badaude onartuak NUPeko ezein doktoretza-programatan, NUPeko doktoretza-programa baterako onarpena eskatua izan behar dute eskaerak aurkezteko epearen barnean, eta, gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programaren batera sartzeko gaitzen duten aurretiazko ikasketak izan beharko dituzte.

Laguntza esleitzeko hautatua izanez gero, eskatzaileak 2025-2026 ikasturterako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean matrikula egin duela egiaztatu beharko du laguntzaren behin betiko esleipena argitaratzen denean ezartzen den epean. Doktoretza-programaren matrikula NADOEk ezarritako ohiko epeetatik kanpo egin ahal izateko, doktoretzaren onarpen eskaera aurkeztu beharko da; matrikula egiteko, beharrezkoa izanen da doktoratu aurreko kontratua lortzea.

Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu eskaera egiteko epea ixten den egunean doktoretza-tesi bat egiteko bestelako kontratu edo laguntza homologagarriren bat jaso dutenek, baldin eta hura 12 hilabetekoa edo gehiagokoa izan bada, edota doktoratu aurreko prestakuntza doktoratu aurreko prestakuntzarako beste laguntza batzuen finantzaketarekin hasi dutenek, baldin eta laguntza horiek Ikerketarako, Garapenerako eta Berrikuntza Teknologikorako Estatuko Planaren edo aurreko plan nazionaletako baten esparruan eman badira.

12 hilabete baino gutxiagoko kontratu edo laguntza homologagarri baten onuraduna izan bada, murriztu eginen da deialdi honetan jasotako doktoratu aurreko kontratuaren eta bere luzapenen gehieneko iraupena, kontratatua egon den denboran (hilabeteak eta egunak), Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Murrizketa hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskatzailea zenbat denbora egon den kontratatua deialdi honetako doktoratu aurreko kontratua formalizatzen den egunera arte.

Momenturen batean ikusten bada eskatzaileak ez dituela baldintzak betetzen, eskatzaile hori hautaketa-prozesutik kanpo geldituko da.

3.–Araubide juridikoa.

3.1. Arau hauetan ezartzen den esparru juridikoak arautuko du deialdi hau: 2024ko abenduaren 9ko Agindua, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen ministroak emana, Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako 2024ko laguntzak emateko prozedura aldez aurretik izapidetzeko deialdia onesten duena, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027ko Estatu Planaren barnekoa (laburpena 2024/12/12ko "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratua) (aurrerantzean Ministerio Agindua), Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legeak aldatua, eta Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutua onesten duen 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretua.

3.2. Doktoratu aurreko kontratuen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izanen dira, eta Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutuan ezartzen den beste edozein (2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitako estatutua).

3.3. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu doktoratu aurreko kontratuak, bai eta 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legean ezarritakoak ere –lege horrek aldatzen du aipaturiko 21. artikulua–.

3.4. Zuzendaria zein ikerketa-taldetakoa den eta zein saili dagoen atxikia, ikerketa-talde eta sail berera atxikiko dira onuradunak.

3.5. Deialdi honetan jasotzen diren kontratuek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak gerora Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.

3.6. Deialdi honen babesean kontratu bat esleitzea bateraezina da prestakuntzan dauden doktoratu aurreko ikertzaileek beste edozein lan-kontratu indarrean izatearekin edo soldata-izaera duen beste edozein zenbateko jasotzearekin, baldin eta horrek kontratuaren ikerketa- eta prestakuntza-helburuari kalte egiten badio eta/edo ordutegi berean gertatzen bada, bai eta antzeko helburua duten beste laguntza batzuk jasotzearekin ere. Honako salbuespen hauek izanen dira, betiere Ikerketako errektoreordeak aldez aurreko baimena ematen badu eta ez badute kaltetzen edo eteten doktoratu aurreko kontratuaren helburua:

–I+G proiektu eta kontratuetatik datozen soldataz kanpoko ordainsari osagarriak, kontratu-loturarik ez dakarten irakaskuntza-lanengatiko osagarriak.

–Ikertzaileen mugikortasuna sustatzeko laguntza osagarriak, baldin eta laguntza horiek ez badakarte berekin lan-kontratuak formalizatzea, edo kongresu, bilera edo jardunaldi zientifikoetara joateko bestelako laguntzak.

4.–Eskaeren aurkezpena.

Ezinbestean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Unibertsitatearen erregistro elektronikoan, Prozeduren Katalogoan horretarako ezarritako prozeduraren bidez. Unibertsitatearen egoitza elektronikotik sartzen da horra, esteka honetatik hain zuzen:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8504&blockType=AREAS–SEDE&entity=1096&lang=eu

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskatzen diren betebeharrak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.

Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Inprimaki normalizatua, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren prozeduren katalogotik jaisten ahalko dena.

https://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/investigacion/ayudas-y-convocatorias/contratos-predoct-fpi.pdf

Lortu nahi den doktoratu aurreko kontratua zein den adierazi behar da inprimakian.

b) Indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren edo titulazioen kopia, kontratua eskatzeko inprimakian adierazitakoaren eta II. eranskinaren arabera. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

d) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren edo titulazioen ziurtagiri akademiko zehaztuaren kopia, aurreko apartatuaren arabera. Ziurtagiri horretan, lorturiko kalifikazioak jaso beharko dira, bai eta noiz lortu diren ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

Eskatzaileek ikasketak atzerrian egin badituzte, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak egindako noten baliokidetasuna aurkeztu beharko dute gainera. Baliokidetasun hori hemen eskatzen ahal da:

https://universidades.sede.gob.es/pagina/index/directorio/Equivalencia–notas–medias/language/eu–ES

Ziurtagiriak prozeduraren fitxaren bidez eta eskaerak egiteko epean aurkeztu beharko dira; bestela, ez dira kalifikazioak kontuan hartuko. 0 punturekin baloratuko dira.

Agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

e) Eskatzaileak egindako ikasketen promozioko batez besteko notaren ziurtagiria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Master bereko 2023-2024 ikasturteko promozioaren batezbestekoa onartzen da, baldin eta 2024-2025 ikasturtean masterra amaituko duten eskatzaileei ezinezkoa bazaie oraingo ikasturteko batezbestekoa izatea.

f) Merezimenduen zerrendaren inprimakia. Hemen dago:

https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/INVESTIGACION_2025/Meritos_contrato_predoctorales.pdf

Inprimakiarekin batera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Eskabideak aurkezteko epean agiri bidez egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, ez besterik. Merezimenduak ez egiaztatzea ez da baztertzeko arrazoia, eta, beraz, ez da inola ere eskatuko egiaztapen-falta hori zuzentzeko.

Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.

Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpen soila erantsi beharko da, eta Ikerketa Batzordearen esku utziko da zinpeko itzulpena eskatzea, beharrezkoa izanez gero.

g) Motibazio gutuna/interesaren adierazpena, helbide honetan eskuragarri:

https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/INVESTIGACION_2025/Carta%20motivacion_expresion_BILINGUE.pdf

h) CVa, eredu normalizatuaren araberakoa, helbide honetan eskuragarri:

https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/INVESTIGACION_2025/CVA_castellano_predoc.docx

https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/INVESTIGACION_2025/CVA_english_predoc.docx

Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, baina zirkunstantzia hori jakinarazi beharko dute idazki baten bidez. Idazki horretan, zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen identifikatu behar dute.

Prozeduraren edozein fasetan, eskaerak aurkezteko epean aurkeztutako egiaztagirien jatorrizko dokumentuak aurkezteko eskatzen ahalko die Ikerketa Zerbitzuak interesdunei.

Aurkeztutako informazioa faltsua bada edo dokumenturen bat manipulatu bada, eskatzaile horrek galdu eginen du hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskubidea, eta dagokion erantzukizuna eskatzen ahalko da.

6.–Hautagaien aukeraketa.

Hautaketa-batzorde hauek hautatuko dituzte izangaiak:

6.1. PID2024-155382OB-I00 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–María Dolores Ugarte Martínez.

–Tomás Goicoa Mangado.

–Aritz Adin Urtasun.

6.2. PID2024-159620OB-C22 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–Rosa María Canals Tresserras.

–Beatriz Soret Lafraya.

–Leticia San Emeterio Garciandía.

6.3. PID2024-162043OB-I00 proiektuari atxikitako doktoratu aurreko kontratua:

–David Astrain Ulibarrena.

–Miguel Araiz Vega.

–Álvaro Martínez Echeverri.

7.–Hautaketa egiteko irizpideak.

Atal honetan ezarritakoari jarraikiz hautatuko ditu Hautaketa Batzordeak doktoratu aurreko kontratu bakoitzeko izangaiak:

1. irizpidea.–Izangaiaren ibilbide akademikoa eta/edo zientifiko-teknikoa (50 puntu gehienez).

1.a) azpi-irizpidea: ekarpen zientifiko-teknikoak (45 puntu gehienez). Izangaiaren espediente akademikoa (40 puntu gehienez) eta curriculumeko beste merezimendu batzuk baloratuko dira, eta, orobat, izangaiak egokiak ote diren egin beharreko zereginetarako, beren prestakuntzaren eta lanbide-esperientziaren arabera.

a) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren espedientearen batez besteko nota ponderatua, II. eranskinaren arabera: gehienez ere 40 puntu.

Batez besteko nota ponderatua honela kalkulatuko da:

Nota ponderatua = (IN+ 5+DN) / 2

Non IN ikaslearen batez besteko nota den eta DN, berriz, INaren desbideratze normalizatua promozioaren batez besteko notarekiko (NT). Izangai bakoitzaren DNaren balioa lortzeko, bere IN-NT desbideratzea zati eskatutako doktoratu aurreko kontratuan onartutako izangaien IN-NT desbideratzerik altuena (Dmax) bider 5 egin behar da, hots: DN=5(IN-NT)/Dmax.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ez dute aurkeztu beharko informazio hau, Laguntza Akademikorako eta Irakaskuntza Zerbitzuak emanen baitu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztiei aplikatuko zaie ezarri den ponderazio formula.

Beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleen kasuan, haien ardura izanen da behar den dokumentazioa epe barnean aurkeztea aipatutako ponderazio formula aplikatzeko. Promozioaren batez besteko notaren (NT) egiaztagiririk aurkezten ez duten eskatzaileei bi hauen artean handiena den balioa aplikatuko zaie promozioaren batez besteko nota gisa: promozioaren batez besteko nota altuena deialdi honetako beste izangaiei doktoratu aurreko kontratu bererako aplikatutakoen artetik edo eskatzaileak lortutako batez besteko nota indibiduala.

Masterreko ikasketen kasuan, doktoretza-programan sartzeko erabiltzen den masterraren eta master horren aurreko unibertsitateko ikasketen batezbesteko ponderatua kalkulatuko da, titulazio bakoitzari dagozkion kredituen arabera (II. eranskina).

Eskatzaileak 5.d) apartatuan adierazitako beharrezko dokumentazioa aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez du hura egiaztatzeko eskatuko, eta espedienteari 0 puntu emanen zaizkio.

Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira doktoratu aurreko kontratu bakoitzean. 40 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

Eskabide inprimakian doktoretzako ikasketetara zein titulazioren bidez sartzen den adieraziko da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batezbestekoa. Master baten bidez sartzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere hartuko da kontuan, II. eranskinaren arabera.

Espediente akademikoaren batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera:

∑(irakasgaiaren kreditu kopurua x nota) / (titulazioaren kreditu kopurua guztira)

1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.

Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei "Gainditua" kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.

Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:

–Ohorezko matrikula 10.

–Bikain 9,25.

–Oso ongi 7,75.

–Gainditua 5,75.

Eskatzaileek espediente akademikoaren batez besteko nota adierazi behar dute, beren jatorrizko erakundeak informazio hori ez badu espedientean sartzen. Kalkuluan akats esanguratsuren bat detektatuz gero, hura egiaztatzeko edo argitzeko eskatuko zaie. Garaiz eta forman egiaztatzen ez bada, doktoratu aurreko kontratua ukatzeko arrazoi nahikoa izan daiteke.

b) Izangaiaren curriculumeko beste merezimendu batzuk: 5 puntu gehienez (deialdiaren I. eranskinak ezartzen duenaren arabera).

–Ikerketa-jarduera: 3 puntu gehienez.

–Ikastaroak: 2 puntu gehienez.

1.b) azpi-irizpidea: mugikortasuna eta nazioartekotzea (5 puntu gehienez). Zentro nazionaletan eta nazioartekoetan eta/edo industria-sektorean egindako egonaldiek izangaiaren ikerketa-ibilbidean izan duten garrantzia eta eragina baloratuko da, egonaldiaren hartzaile izan den erakundearen prestigioa eta bertan egindako jarduera kontuan hartuta.

2. irizpidea.–Zenbateraino den egokia izangaia garatu beharreko ikerketa-jardueretarako (50 puntu gehienez). Garatu beharreko ikerketa-programara, -proiektura edo -jardueretarako izangaia egokia ote den baloratuko da, aldez aurreko prestakuntzaren eta esperientziaren arabera. Horretarako, proiektua egiteak bere ikerketa-karrerarako izanen duen balio erantsia hartuko da kontuan, bai eta zentroari eta talde hartzaileari emanen dien balioa ere. Irizpide hau baloratzeko, honako azpi-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Banakako elkarrizketa ezagutzen eta gaitasunen egokitasunari buruz: 40 puntu gehienez.

b) Interesaren adierazpena / Motibazio gutuna: haietan, izangaiak justifikatu beharko du egokia dela garatu beharreko programarako, proiekturako edo jardueretarako, aldez aurretik izan duen prestakuntzaren eta esperientziaren arabera, bai eta proiektua egiteak bere ikerketa-karrerarako nolako balio erantsia izanen duen eta zentroari eta talde hartzaileari nolako balioa emanen dien ere: 10 puntu gehienez.

Elkarrizketa Hautapen Batzordeak eginen du, eta gehienez ordubete iraunen du. Elkarrizketan, izangaiak eskabide dokumentuetan alegatutako ezagutzak eta gaitasunak baloratuko dira, kontratu bakoitzaren ikerketa-ildo eta -gaiekin loturik. Hautagaia doktoretza-tesiaren xede den ikerketaren gairako egokia dela ziurtatzeko, derrigorrezkoa izanen da elkarrizketan gutxienez 20 puntu lortzea. Hautapen Batzordeak arrazoiak eman beharko ditu apartatu honetan lortutako puntuazioa justifikatzeko, eta, puntuazio hori lortu ezean, hautagaia hautaketa-prozesutik kanpo geldituko da.

Berdinketa haustea: eskabide batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute kontratu bererako, berdinketa ebazteko, 1. irizpidearen balorazioan puntuaziorik handiena duen eskaeraren alde eginen da. Oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da, eta zozketa Hautapen Batzordeko kideen aurrean eginen da.

Hautapen batzordeek txosten bat egin beharko dute, non ebaluazio- eta hautaketa-prozesua deskribatuko den eta hautatutako pertsonaren egokitasuna justifikatuko den, aipatutako irizpide eta azpi-irizpideetan oinarrituta. Txosten hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku geldituko da, haren gordailuzain gisa, eta edozein unetan eskatzen ahalko zaio kontratuak gauzatzeko edo justifikatzeko aldian zehar, lotutako proiektuaren bitarteko jarraipen txostenean eman beharreko informazioaren kalterik gabe. Ebaluazio- eta hautaketa-prozesuan, erakunde onuradunek kontuan hartu beharko dute 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 4.bis artikuluaren 5. paragrafoan xedatutakoa.

8.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, gehienez ere hilabeteko epean, tramitera onartutako eta eskatutako kontraturako ezarritako eskakizunen bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda onetsiko da Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horretan 10 egun balioduneko epea emanen zaie eskatzaileei, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hautemandako akatsak zuzendu edo erreklamazioa aurkez dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ez da tramitera onartuko.

8.2. Hautapen Batzordeak aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.

Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, haren aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.3. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean gehienez ere, puntuazioak eta laguntzen behin-behineko esleipen proposamena onetsiko dira Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez. Ebazpena Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta gehienez ere 10 egun balioduneko epea izanen dute interesdunek erreklamazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.4. Hautapen Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu, eta puntuazioak eta behin betiko esleipen proposamenak onetsiko, eta behar den proposamena bidaliko dio Ikerketako errektoreordeari.

Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, deialdi honetako doktoratu aurreko kontratuen behin betiko puntuazioak eta esleipenak onetsiko dira. Ebazpen hori Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, haren aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.5. Argitalpenaren esteka: Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoa.

https://www.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa?languageId=100001

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazten ahalko zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.

9.–Doktoratu aurreko kontratuaren helburua eta baldintzak.

9.1. Doktoratu aurreko kontratuaren xedea Jakintza Sortzeko Proiektu baten esparruan ikerketa-lanak egitea izanen da, eta, zehazki, doktoretza-tesia egitea deialdi honen 1. klausulan zehaztutako helburuarekin, baita hamabi hilabetez gehienez doktoratu ondoko orientabidea ematea ere. Kontratatuak prestakuntzan dauden doktoratu aurreko ikertzaileak izanen dira.

9.2. Kontratua idatziz sinatuko dute prestakuntzan dagoen doktoratu aurreko ikertzaileak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, lehenbizikoa langilea eta bigarrena enplegatzailea direnez gero. Kontratuari doktoratu aurreko ikertzailea doktoretza-programan onartu dutela adierazten duen agiria erantsiko zaio, programaren ardura duen unitateak edo, hala badagokio, doktoretzako edo graduondoko eskolak emana.

Ezin izanen da kontratua sinatu tesia gordailutua edo defendatua duten eskatzaileekin, eta, horrenbestez, deialdi honetatik kanpo uztea edo, hala badagokio, kontratua ukatzea ekarriko du horrek.

Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta lau urteko iraupena izanen du gehienez. Beharrezkoa izanen da urtero aldeko txostena egitea doktoretza-programako Batzorde Akademikoak, edo, bestela, doktoretza-eskolak, ikertzaileak programan irauten duen bitartean. Lehenago doktoratu aurreko kontratu paretsu bat izan duten onuradunen kasuan, lau urte horiei kendu eginen zaie kontratatuta egon diren denbora. Doktoretza-tesia eta doktoretza-programako matrikula arduraldi osokoak izanen dira.

Doktoretza-titulua lortzeak amaiera emanen dio ikertzaileen prestakuntza-etapari, eta, une horretatik aurrera, doktoratu ondoko etapari heltzen ahalko zaio, zeinak, gehienez ere hamabi hilabetez, doktoratu ondoko orientazioa ematea izanen baitu xede. Nolanahi ere, kontratuaren iraupena ezin izanen da aurreko paragrafoan adierazitako gehienekoa baino luzeagoa izan.

Doktoratu aurreko kontratua indarrean den bitartean amaitzen bada prestakuntza jasotzen ari den ikertzailea atxikia dagoen proiektua, ez da beharrezkoa izanen proiektua aldatzeko baimena ematea, baldin eta prestakuntzan dagoen ikertzailea beste proiektu edo ikerketa-lerro bati atxikia gelditzen bada eta amaitu den proiektuaren ikertzaile arduradunak koordinatzen badu proiektu edo ikerketa-lerro berri hori. Kasu horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak dagokion jarraipen-txostenaren bidez jakinarazi beharko dio egoera hori laguntza eman duen organoari, eta proiektu edo ikerketa-lerro berriaren eta garrantzitsutzat jotzen duen gainerako informazioaren berri eman beharko dio.

9.3. Doktoratu aurreko kontratuaren indarraldia honako kasu hauetan bukatuko da:

–Kontratuaren gehieneko epea bukatzen bada.

–Doktoretza-programan egoteko aldia bukatzen bada edo tesiaren defentsa egin baino lehen doktoregaia doktoretza-programan matrikulatua ez badago.

–Doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren aurkako txostena jasotzen badu doktoregaiak, edo aurkako ebaluazioa Ikerketarako Estatuko Agentziak egiten duen tarteko txostenean.

9.4. Doktoratu aurreko kontratuak lau urteko iraupena du gehienez ere, eta bitarte horretan jasoko den ordainsari gordina ezin izanen da 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa izan. Hauek dira ezarritako ordainsariak:

–Kontratuaren lehenbiziko, bigarren, hirugarren eta laugarren urteetan: 24.468,15 euro gordin, 12 ordainsaritan.

Unibertsitateak hartuko ditu bere gain Gizarte Segurantzaren enpresa-kuotak, indarrean daude legeetan ezarritako baldintzetan.

10.–Matrikula-gastuetarako eta egonaldiak egiteko laguntza.

Deialdi honen onuradunek 7.000 euroko laguntza gehigarria izanen dute doktoretza-ikasketen ondoriozko matrikula-gastuak eta I+Gko zentroetako egonaldien kostuak finantzatzeko, Ministerio Aginduaren 12.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.000 euroko laguntza bakoitzari doktoratu aurreko ikertzaile kontratatuaren doktoretza-ikasketen ondoriozko matrikula-gastuak kenduko zaizkio –tutoretza akademikoa eta prestakuntza-kredituak–, doktoratu aurreko etapako kontratazioak egiteko laguntza indarrean dagoen bitartean matrikulatuta dauden ikasmailei dagozkienak. 4 matrikula oso izanen dira gehienez ere. Gastu finantzagarriak ezin izanen ditu gainditu Nafarroako Foru Komunitateak unibertsitate publikoentzat ezarritako unibertsitateko zerbitzu akademikoak emateagatiko prezio publikoen gehieneko zenbatekoak.

Gainerako zenbatekoak kontratua gauzatzeko aldian kontratatutako ikertzaileek atxikitako I+Gko zentroetan ez beste batzuetan egiten dituzten egonaldiak finantzatzeko erabiltzen ahalko dira, bai doktoratu aurreko etapan, bai doktoratu ondoko orientazioko aldian. Hala, beren prestakuntza hobetzeko eta tesiaren garapena bultzatzeko jarduera onuragarriak egiten ahalko dituzte, bai eta eskuratutako ikerketa-prestakuntza osatu eta finkatu ere. Egonaldiek aurreko prestakuntza akademikoagatik edo beste faktore batzuengatik (bizilekua edo nazionalitatea, esaterako) lortu ez den mugikortasun eta/edo nazioartekotze maila bermatu beharko dute, eta inola ere ez dute eraginen doktoretza-ikasketak beranduago amaitzea. Doktoratu ondoko orientazioko aldian, egonaldi horiek doktoratu aurreko prestakuntza osatzeko eta doktoratu ondoko etapako etorkizuneko lan-ildoak bideratzeko erabiltzen ahalko dira.

Egonaldiak atzerriko edo Espainiako I+Gko beste zentro publiko edo pribatu batzuetan egiten ahalko dira, enpresetan barne, betiere zentro horiek ez badaude kokatuak jarduera egiten den zentroaren herri berean. Egonaldiek gutxienez hilabeteko iraupena izan beharko dute, etenik gabe, zentro hartzailean sartzen direnetik kontatzen hasita eta kontratua gauzatzeko epearen barnean. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ardura izanen dira egonaldirako I+G zentroa aukeratzea, bertan egin beharreko jarduerak gauzatzea eta egonaldia egiteko baimena ematea.

Egonaldiak finantzatzeko laguntza gehigarriari dagokionez, gastu finantzagarria Ministerio Aginduaren 11.3.b) eta 12.5.a) artikuluetan ezarritakoa izanen da, eta prestakuntzan dauden doktoratu aurreko ikertzaileak proiektua gauzatzen diharduten langiletzat hartuko dira. Gastuak harrerako I+G zentroak emandako egonaldiaren ziurtagiriarekin egiaztatuko dira.

Onuradunei emanen zaie I+Gko zentroetako egonaldien gastuak ordaintzeko laguntza, egonaldia eginen den datekin bat etorriz, eta betiere zentroan sartu direla egiaztatu ondoren.

Onuradunak, egonaldia amaitu eta hamabost eguneko epean, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Ikerketa Zerbitzuan:

a) Gastuak likidatzeko justifikazio-kontua, gastuen egiaztagiriekin batera.

b) Destinoko zentroko arduradunaren ziurtagiria, egonaldiaren hasiera-eguna eta amaiera-eguna berariaz jasotzen dituena.

c) Egonaldiaren azalpen-memoria laburra, gehienez ere 500 hitzekoa. Bertan tesi-zuzendariaren adostasuna jaso, eta egonaldiaren emaitza zein izan den adieraziko da.

Egonaldia egiten ez bada, edo ezin bada justifikatu, onuradunak jaso duen diru kopuru osoa itzuli beharko du.

Egindako egonaldia onartutakoa baino laburragoa bada, gauzatu gabeko aldiari dagozkion dieten zati proportzionala itzuli beharko du.

Bidegabe jasotako zenbatekoen itzulketa Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren arabera eginen da. Itzulketa hori egiteko Ikerketako errektoreordeak ebazpen bidez onetsi beharko du zenbatekoak itzultzeko errekerimendua, eta bertan zehaztuko du ezarritako epeetan itzuli ezean itzultzeko prozedura abiaraziko den ala ez. Itzultzeko errekerimendua eta, hala badagokio, itzultzeko prozedura, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta harekin bat datozen xedapenetan eskatutako izapide eta bermeen arabera eginen dira.

11.–Onuradunen betebeharrak.

11.1. Onuradunak doktoratu aurreko kontratua sinatzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratuen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.

11.2. Onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoan gehienez ere 6 hilabeteko epean hastea lanean, esleipenaren ebazpena Agentziaren webgunean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Doktoratu aurreko ikertzaileek nahitaez dagokion hilaren 1ean hasi beharko dute lanean. Salbuespenez, lanean hasteko epe luzeagoa behar badute, eta hala eskatzen badute Ikerketako Estatu Agentziaren web-orrian eskuragarri dagoen eredua erabiliz, lanean hasteko epea luzatzen ahalko du laguntza eman duen organoak. Ezarritako gehieneko epean lanean hasi ezean, kontratuari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, kontratuari uko egiten diotela ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik hura sinatzeko jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean sinatzen ez badute.

b) Esleituriko ikerketa-taldean eta -institutuan beren lana aprobetxamenduz egitea.

c) Kontratuarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak inola ere ez zabaltzea, laguntzaren zuzendariaren baimenik ez badute.

d) 2024ko abenduaren 9ko Aginduaren 30.2 artikuluan eskatutako jarraipen zientifiko-teknikoko txostenak egitea eta NUPeko Ikerketa Zerbitzuari aurkeztea. Agindu horren bidez, Jakintza Sortzeko Proiektuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzearren proiektu horiekin lotutako jardueretarako laguntzen 2024ko deialdia onetsi zen. Bi txosten eginen dira, bata tartekoa eta bestea amaierakoa, eta azken hori kontratua gauzatzeko aldi osoari buruzkoa izanen da. Txostenak aurkezteko, Ikerketarako Estatuko Agentziaren webgunean eskuragarri dauden ereduak erabiliko dira. NUPek, arestian aipatutako Ministerioaren Aginduaren 6. artikuluan zehazten den forman, tarteko txostena aurkeztu beharko dio kontratua ematen duen organoari, doktoratu aurreko jarduna hasten den egunetik kontatzen hasi eta kontratua gauzatzeko ezarritako hogeigarren hilabetetik hogeita batgarren hilabetera bitartean, eta azken txostena kontratua gauzatzeko aldia amaitu eta hurrengo hilabetean zehar.

Txosten horietan, txostenean jasotako aldian egindakoa eta prestakuntza-programaren betetze-maila deskribatuko dira, eta, hala badagokio, kontratuari gelditzen zaion aldirako lanen plangintza; berariaz aipatu beharko dira proiektuaren egoera, bilakaera eta doktoretza-tesiaren lorpena. Egonaldiak egin badira, egonaldiaren (zentroa eta talde hartzailea, iraupena, etab.) eta egindako jardueren deskribapena ere jasoko dira txostenetan.

Horrez gain, jarraipen txostenekin batera, prestakuntzan dagoen ikertzailearen curriculum vitae eguneratua erantsiko da.

Tarteko txostenaren ebaluazioaren emaitza erabakigarria izanen da kontratuaren finantzaketari eusteko.

e) Ikerketarako Estatuko Agentziak jarduketaren eragina ebaluatzeko definitutako adierazle zientifiko-teknikoen inprimakia betetzea, lehen aipatutako azken txostenarekin batera. Adierazten diren balioek bat etorri behar dute erantsitako curriculum vitaean aipatutakoekin.

f) Doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren urteroko aldeko txostena edukitzea. Ebaluazioa aldekoa ez bada, kontratua deuseztatu eginen da, 15 egun lehenago jakinarazita.

g) Kontratuak irauten duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueren ondoriozko beste emaitza guztietan aipatzea Nafarroako Unibertsitate Publikokoak direla, Unibertsitateak emandako jarraibideen arabera, zeinak esteka honetan baitaude:

https://guias-tematicas.unavarra.es/sp/subjects/guide.php?subject=normalizacion–firma

h) Kontratuak irauten duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueren ondoriozko beste emaitza guztietan aipatzea Nafarroako Unibertsitate Publikokoak direla eta Ikerketarako Estatuko Agentzia eta EGF+ izan direla finantzatzaileak. Honela egin behar da aipamen hori: "Kontratua/argitalpena/emaitza/ekipamendua/bideoa/jarduera/beste batzuk ‘LAGUNTZAREN ERREFERENTZIA’ laguntzaren parte da, MICIU/AEI/10.13039/501100011033/ eta EGF+ izan dira finantzatzaileak", dagokionaren arabera. Era berean, logo hauek sartu beharko dira, aipatzen diren ordenan:

1. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren logoa.

2. Europar Batasunaren ikurra eta, harekin batera, «Europar Batasunak kofinantzatua» testua.

3. Ikerketarako Estatuko Agentziaren logoa.

i) Ikerketa-emaitza guztiak sarbide irekian jartzea, NUPen Academia-e biltegi instituzionalean gordez argitaratutako artikulu guztien kopia bat edo argitaratzeko onartu den azkeneko bertsioaren kopia bat (postprint bertsioarena), artikulua argitaratzen denetik sei hilabetera beranduenez ere. Ahal dela, halaber, ikerketan sortutako datuak ikerketako datuen biltegi batean gordeko dira.

Hona hemen gai horri buruzko xehetasun gehiago:

https://www.unavarra.es/biblioteca/ikerketarako-laguntza/sarbide-irekia?languageId=100001

j) Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea 4 urteko epean gehienez ere doktoratu aurreko kontratuaren hasiera egunetik kontatzen hasita.

Ikerketako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatzen ahalko du kontratua bukatu eta urtebete gehienez ere, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, tesiaren zuzendariak ontzat emana eta NADOEren aldeko txostenarekin.

k) Doktore titulua lortu dela jakinaraztea Ikerketa Zerbitzuari, doktoretza-tesia defendatu eta gainditu eta hurrengo egunean.

11.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak, bestalde, lortutako kontratua ukatzea eta baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, Administrazio Publikoek emandako dirulaguntzen araubide orokorra arautzen duen 2003ko azaroaren 17ko dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz.

11.4. Lortutako doktoratu aurreko kontratuari uko egiten diotenek tesiaren zuzendariaren sinadura duen idazkia bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari, eta, idazki horretan, horretarako arrazoiak eman. Kontratuari uko egiteko eskaerak ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar dira beranduenez.

Kontratua gauzatzean kontratua iraungitzen bada, edo kontratatutako pertsonak uko egiten badu, NUPek beste pertsona bat ebaluatu, hautatu eta kontratatzen ahalko du, honako hauetan ezarritako baldintzak betez: Ministerioaren Aginduaren 12. artikulua, aplikatu beharreko lan-legeria eta 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretua. Kontratua iraungi edo bertan behera utzi eta pertsona berria lanean hasi arteko aldia ezin izanen da 3 hilabetetik gorakoa izan. Jarduketaren esparruan pertsona bat baino gehiago kontratatzeko aukera alde batera utzita, jarduketa gauzatzeko epea lau urtera amaituko da, kontratatutako lehen pertsona lanean hasten den egunetik kontatzen hasita, eta laguntzaren zenbatekoa, nolanahi ere, Ministerioaren Aginduaren 14.5 artikuluan jasotakoa izanen da, ezertan eragotzi gabe Ministerioaren Aginduaren 24.5 artikuluan jarduera gauzatzeko epea eteteari eta luzatzeari buruz xedatutakoa. Emandako doktoratu aurreko laguntza bakoitzari bi pertsonaren kontratuak egozten ahalko zaizkio gehienez ere.

11.5. Doktoratu aurreko kontratu hauen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote haien helburu den ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak kontratuen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie, lortzen lagundu duten emaitzen gainekoak, Unibertsitateko kontratupeko ikertzaileei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan betiere.

12.–Onura sozialak.

Sinatutako doktoratu aurreko kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak izanen dituzte hautatutako izangaiek.

13.–Kontratuen etendura.

Doktoratu aurreko kontratu hauen onuradunek eskubidea izanen dute Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, hartan ezarritako moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21 c) artikuluaren arabera, kontratuaren iraupenaren zenbaketa eten eginen da halako kasuengatik: aldi baterako ezintasunagatik; haurdun egoteagatik; esnea emateagatik; haur baten jaiotzagatik; amatasunagatik; aitatasunagatik; haur bat adopzioan edo harreran hartzeagatik edo adopzio xedez zaintzeagatik; esnea emateko baimena lanaldi osoetan metatua izateagatik; edo halako zerbaitekin zerikusia duen antzeko egoerengatik, baita, kontratuak irauten duen bitartean, kasu hauengatik ere: lanaldi osoko baimenak hartzea kontziliazioagatik edo adingabeak, senideak edo mendeko pertsonak zaintzeagatik; eta seme-alabak edo senideak zaintzeagatiko eszedentziak baliatzen emandako denboragatik; edo genero indarkeriagatik.

Kontratuak irauten duen bitartean, ondoren adieraziko diren arrazoiengatiko baimenak lanaldi murriztuan hartuz gero, kontratua luzatu eginen da murriztu den lanaldi-zatiaren baliokide den denboran: haur baten jaiotza; amatasuna; aitatasuna; haur bat adopzioan edo harreran hartzea edo adopzio xedez zaintzea; esnea emateko baimenarengatik lanaldia murriztea; haur goiztiarraren jaiotzagatik edo erditzearen ondoren ospitaleratzea; legezko zaintza; minbizia edo gaixotasun larria duten adingabeak zaintzea; gaixotasun larria duten edo istripu bat izan duten senitartekoak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzea; edo genero indarkeria; edo antzeko arrazoiengatik lanaldia murriztea; bai eta kontziliazioa edo adingabeak, senideak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko arrazoiengatik ere.

Luzapen hori egiteko beharrezkoa izanen da behar adinako aurrekontua egotea. Eskaera Unibertsitateko erregistro elektronikoan aurkeztuko da, kontratua amaitu baino bi hilabete lehenago beranduenez.

14.–Irakaslanetako lankidetzak.

14.1. Hautatutako izangaiek baimena eskatzen ahal dute Unibertsitateko sail batean irakasle lanean laguntzeko, prestakuntzarako xedez, betiere tesiaren zuzendaria eta ukitutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean gehienez ere 60 ordu hartzen ahal ditu lankidetza horrek, eta gehienez ere 180 ordu kontratuak gehienez irauten ahal duen lau urteetan. Nolanahi ere, irakasle lanean emandako laguntza horiek une oro bete beharko dute gai horri buruz indarrean dagoen legeria, zeina hau baita gaur egun: 103/2019 Errege Dekretua, 2019ko martxoaren 1ekoa, prestakuntzan dauden doktoratu aurreko ikertzaileen estatutua onesten duena.

14.2. Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 12an onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da egoitza elektronikoan, aipatutako prozeduran ezarritakoaren arabera.

10Fhttps://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8661&blockType=AREAS–SEDE&entity=1096&lang=eu

15.–Datuen babesa.

Deialdi honetako parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak araudi hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Tratamendu horren helburua ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta haren oinarri juridikoa, berriz, interes publikoko misioa, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera; izan ere, misio hori ikertzaile gazteei prestakuntza ematea da, prestakuntzan dauden ikertzaileentzako kontratuen deialdia eginez. Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da (NUP), eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 12. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoari jarraikiz.

NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, zer kontratu esleitu diren eta horien onuradunak nor diren NUPen webgunean argitaratuko da, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.

16.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan ere.

17.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA.–ESKATZAILEAREN MEREZIMENDUEN BAREMOA

Izangaiaren merezimenduak: 5 puntu gehienez ere.

Gehienez 3 ekarpen baloratuko dira kategoria bakoitzeko, merezimenduen inprimakian adierazitako zerrendaren arabera:

–Argitalpenak.

–Biltzarrak.

–Finantzatutako ikerketa-proiektuetan parte hartzea.

–Ikerketarako interesekoak diren ikastaroak.

–Jardunaldietara eta biltzarretara joatea.

a) Ikerketa-jardueraren deskribapena eta puntuazioa, gehieneko normalizatua 3 puntu izanik, honela banakatuta:

1. Argitalpenak: gehieneko normalizatua 3 puntu.

  • Nazioarteko aldizkarietako artikuluak: 1,6 puntu.
  • Nazioarteko liburuak, osorik: 1,6 puntu.
  • Estatuko liburuak, osorik, edo nazioarteko liburuetako kapituluak: 0,8 puntu.
  • Estatuko aldizkarietako artikuluak edo estatuko liburuetako kapituluak: 0,4 puntu.
  • Beste argitalpen batzuk: 0,2 puntu.

2. Biltzarrak: gehieneko normalizatua 2 puntu.

  • Nazioarteko biltzarretako komunikazioak edo posterrak: 0,5 puntu.
  • Komunikazioak edo posterrak Espainiako biltzarretan: 0,3 puntu.

3. Finantzaturiko ikerketa-proiektuak: gehieneko normalizatua 2 puntu.

  • Europar Batasuneko proiektuetan parte hartzea: 1 puntu.
  • Plan Nazionaleko edo asimilatuetako proiektuetan parte hartzea: 0,75 puntu.
  • Esparru autonomikoko proiektuetan parte hartzea: 0,5 puntu.
  • LOSUren 60. artikuluaren araberako kontratuetan parte hartzea: 0,1 puntu.

b) Ikastaroen deskribapena eta puntuazioa, gehieneko normalizatua 2 puntu izanik (100 ordu), honela banakatuta:

1. Ikerketarako interesekoak diren ikastaroak: 0,2 puntu hamar orduko.

Iraupena zehazten ez bada, 10 ordu zenbatuko dira ikastaroko.

2. Jardunaldietara eta biltzarretara joatea: 5 ordu/egun.

Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak.

Kasu guztietan, onartu edo argitaratu diren ekarpenak hartuko dira aintzat. Proiektu, ikastaro eta abarretako parte-hartzea behar bezala dokumentatu behar da.

Agiriz egiaztatutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.

Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi apartatutan aurkeztu.

–Argitalpenak eta komunikazioak: onartu direla edo argitaratu direla egiaztatzea. Biltzarretako akta liburuak ez dira argitalpen gisa puntuatuko, nahiz eta ISBNa eduki.

–Biltzarretara joatea baina bertan parte ez hartzea ikastaroen atalean hartuko da kontuan.

–Proiektuak: beharrezkoa da eskatzailea ofizialki proiektuaren ikerketa-taldekoa dela egiaztatzea, proiektuaren erakunde arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez bada; kasu horretan, proiektuaren eta deialdiaren datuak adieraziko dira, dokumentazioa errazago topatu ahal izateko. Ez dira baliozkoak izanen proiektuaren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiriak. Lankidetza-bekak ez dira proiektu gisa baloratuko.

–Kontratuak: LOSUren 60. artikuluaren arabera egindako kontratuetarako atxikipenak baloratuko dira soilik, betiere taldekide gisa agertzen badira kontratuan edo lan-kontratu bat izan baldin badute.

II. ERANSKINA.–HAUTAGAIEN ESPEDIENTEA BALORATZEKO KONTUAN HARTUKO DIREN TITULAZIOAK

Aukera hauen arteko bat adierazi beharko du hautagaiak eskaeran, eta aukera horren arabera duen espedienteko batez besteko nota hartuko zaio kontuan:

–300 ECTS baino gutxiagoko gradu bat + unibertsitate master ofizial bat, Espainiakoak edo Europako Unibertsitate Eremukoak.

–300 ECTS baino gutxiagoko gradu bat + gutxienez 2 urteko ebaluazio positiboa Osasun Zientzietako espezialitateren bateko titulu ofiziala lortzeko programa batean (aldez aurretik prestakuntza sanitario espezializatuko ikaspostu baterako sarbide proban prestakuntzako ikaspostu bat lortu ondoren).

–Gutxienez 300 ECTSko gradu bat, Espainiakoa edo Europako Unibertsitate Eremukoa.

–393/2007 Errege Dekretuaren aurreko lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura.

–Diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + unibertsitateko bigarren zikloko ingeniaritza edo lizentzia bat, 1393/2007 Errege Dekretuaren aurrekoak.

–1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + gutxienez 120 ECTSko unibertsitate master ofizial bat, Espainiakoa edo Europako Unibertsitate Eremukoa.

–1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + Espainiako unibertsitate master ofizial bat edo Europako Unibertsitate Eremuko bat + gutxienez 60 ECTSko master bat + gradu edo masterreko 60 ECTS.

–Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko atzerriko titulua, eman den herrialdean doktoretzako ikasketak egiteko aukera ematen duena.

–Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko atzerriko titulua, ez duena aukera ematen hura eman duen herrialdean doktoretzako ikasketak egiteko + Espainiako unibertsitate master ofizial bat, edo Europako Unibertsitate Eremukoa edo eremu horretatik kanpokoa.

Eskatzaileak gradu, lizentzia, diplomatura edo master titulu bat baino gehiago baditu, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko maila bakoitzeko titulazio bat aukeratzen ahalko du eskaeraren inprimakian, kontuan har diezaioten. Hautatutako aukera ez da aldatzen ahalko eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2513720