1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak
13/2025 FORU LEGEA, urriaren 27koa, zeinaren bidez SODENA-Sociedad de Desarrollo de Navarra SLri baimena ematen baitzaio Dynamobel SAri abala eman diezaion.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:
FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ SODENA-SOCIEDAD DE DESARROLLO DE NAVARRA SLRI BAIMENA EMATEN BAITZAIO DYNAMOBEL SARI ABALA EMAN DIEZAION.
ATARIKOA
Sociedad de Desarrollo de Navarra SL sozietate publikoak Nafarroako Parlamentuaren berariazko baimena eskatu du bi milioi euroko abala emateko Dynamobel SAri, gainerako bazkideek beste milioi bat euroko ekarpena, partaidetzako maileguaren eran, egiteko baldintzaren mende.
Eskaera horrek honako hauek ditu oinarri: 1/1984 Foru Legea, urtarrilaren 2koa, Nafarroaren Garapen Sozietatea (SODENA) sortzeari buruzkoa; 13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa; 19/2024 Foru Legea, abenduaren 26koa, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa, hark baimendutako gehieneko zenbatekoaren barruan baitago; eta Nafarroako Gobernuaren Erabakia, 2025eko apirilaren 16koa, SODENA-Sociedad de Desarrollo de Navarra SL sozietate publikoari baimena ematen diona 2025eko ekitaldian abalak emateko, oro har, 20.000.000 euroko mugara arte.
Arau horietan ezarritakoaren esparruan, eta kontuan hartuta eragiketaren garrantzi berezia, oso handia baita enpresa horrek Azkoien inguruan daukan eragin sozioekonomikoa, egokia da berariazko baimena ematea SODENAri Dynamobel SA finantza dezan.
Artikulu bakarra.–Dynamobel SA finantzatzeko baimena.
Baimena ematen zaio Sociedad de Desarrollo de Navarra SL sozietate publikoari bi milioi euroko abala emateko Dynamobel SAri, gainerako bazkideek beste milioi bat euroko ekarpena, partaidetzako maileguaren eran, egiteko baldintzaren mende.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2025eko urriaren 27an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.
Iragarkiaren kodea: F2513932