218. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1958E/2025 EBAZPENA, urriaren 13koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko OOLTko pediatren 8 plaza oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta, bestetik, hautaproben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, lanpostu horretan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Abenduaren 27ko 117/2024 Foru Dekretuaren bidez, 2024. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio (aurrekontuak 2024rako luzatu ziren).

Abenduaren 27ko 120/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako osasun langileen 2024. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2024ra arte luzatu den 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio.

Apirilaren 30eko 43/2025 Foru Dekretuaren bidez, 2025eko enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Enplegu eskaintza hori 2025era arte luzatu den 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio.

Deialdi honen xedeko plazak izanen dira lehenago egindako lekualdatze-lehiaketa deialdian hutsik gelditzen direnak.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko OOLTko pediatren 8 plaza sarrera-prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketa sistema erabiliz betetzea, bai eta deialdiaren oinarriak ere.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko OOLTko pediatren 8 plaza oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta, bestetik, hautaproben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, lanpostu horretan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin eta aintzat hartuz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2025eko urriaren 13an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.

DEIALDIA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO OOLTko PEDIATREN 8 PLAZA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdiko plazak.

Deialdi honen xedea da OOLTko pediatren 8 plaza oposizio-lehiaketa bidez betetzea; hona hemen destinoak:

–5 plaza Oinarrizko Osasun Laguntzan: 60044, 60320, 60490*, 60878, 68706.

–2 plaza Tuterako Osasun Barrutian: 64396, 69920.

–Plaza bat Lizarrako Osasun Barrutian: 71506.

–B2 euskara maila izateko betebeharra.

1.2. Plazen banaketa txandaka.

Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdiko plazak honako ordena korrelatibo honen arabera banatuko dira:

–Lehenengoa, hirugarrena, bosgarrena eta abar, igoera txandan.

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena eta abar, txanda irekian.

Igoera txandatik hasiko da kontatzen plaza hutsak betetzeko hurrenkera, txanda irekikoa izan baitzen aurreko deialdian sartutako azken plaza.

Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako plazak:

–4 plaza, igoera txandan.

–4 plaza, txanda irekian.

Bete gabe gelditzen badira igoera txandarako, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandarako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandarako gordeta dauden plazetako batzuk, txanda horietako izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, bidezko den txandakoei gehituko zaizkie, lehen ezarritako hurrenkeraren arabera.

Era berean, erreserba txandetako edozeinetan, hautaprobak gainditzen dituztenak deialdiko plazak baino gehiago badira, izangai horiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda irekiko izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioren arabera.

Hori horrela, deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandetako izangaiak txanda irekian onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak, eta baldin eta kontrakoa espresuki adierazten ez badute.

1.3. Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek OOLTko pediatren lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–111/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arloko A mailako langileen lanpostuetan (A.1 eta A.2 estamentuak) sartzeko eta lanpostu horiek betetzeko prozedurak (I. eranskina), eta ezartzen baitira horietan aplikatu beharreko merezimendu baremoak.

–97/2024 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duena.

–7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko ezohiko eta premiazko neurriak onesten dituena.

–202E/2025 Foru Agindua, ekainaren 6koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira betetzeko zailak diren lanpostuak zehazteko irizpideak eta lanpostu horiek betetzeko pizgarriak.

–205E/2025 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan betetzeko zailak diren lanpostuen zerrenda zehazten duena.

–Gainerako arau osagarriak.

1.5. Publikotasuna.

Deialdi hau eta haren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:

–Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu/), erlaitz honetan: "Oposizioak", "Osasun arloko kategoriak", "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua", "OOLTko pediatra". (Aurrerantzean, deialdiaren web-orria).

1.6. Lanpostuaren sailkapena.

Deialdi honetako lanpostua A maila edo taldekoa da, eta "Fakultatibo espezialistak" estamentuan eta "OOLTko pediatra" espezialitatean dago sailkaturik (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

1.7. Ordainsariak.

Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.8. Lanaldia.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

Dedikazio esklusiboaren araubidean eginen dira zerbitzuak, hau da, prestasun osoz eta erabateko dedikazio absolutua izanda, irabazizko beste inolako jardueratan aritzeko aukerarik gabe, ez sektore publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.

Orobat, lanpostuan egin beharreko guardiak eta/edo guardia lokalizatuak egin beharko dituzte, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordetuta, dagokion burutzak hori agintzen duenean.

1.9. Irakaskuntza.

Hala agintzen baitu azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.10. Lotura organikoa.

OOLTko pediatren plaza bat lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera (foru dekretu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen).

1.11. Hizkuntzak.

Nafarroako edozein administrazio publikotan euskara edo hizkuntza komunitarioren bat jakin beharra duten plazetan sartzen direnek, geroago, beren administrazio publikoko beste plaza huts batzuk betetzeko prozesuetan parte hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada. Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.

2.–Betebeharrak.

2.1. Izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko:

2.1.1. Txanda irekia.

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Medikuntza eta Kirurgiako gradudun edo lizentziadun titulua eta Pediatria eta haren arlo berariazkoak espezialitateko titulua edukitzea, edo eskaerak aurkezteko azken egunerako titulu horiek eskuratzeko moduan egotea.

Izangairen batek alegatzen badu eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dioten ikasketa baliokideak dituela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko du, edo, bestela, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroleko Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txanda.

Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea (funtzionarioa, estatutupekoa edo lan-kontratudun finkoa) eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona deialdia egin duen administrazio bereko beste plaza finko edo aldi baterakoren batean ari bada lanean.

b) Deialdiko lanpostuaren maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den titulazioa izatea eta gutxienez bost urteko antzinatasuna aitorturik izatea administrazio publikoetan.

2.2. Euskaraz jakitea derrigorrezkoa den plazetan sartzeko, beharrezkoa den ezagutza maila izan behar da.

Ezagutza maila hori frogatzeko, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera dagokion titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da; zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

2.3. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte betebehar horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segitu, harik eta izendatzen dituzten arte.

3.–Eskaera, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Inskripzioa egiteko epea.

Inskripzio-eskaera aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Modu telematikoan aurkeztuko da inskripzio-eskaera eta ordainduko dira tasak, deialdiaren webgunearen bidez, "espezialitate zehatz bakoitza" aukeratuz eta gero "Inskripzioa" sakatuz.

%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da telematikoki. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

b) Langabe gisa inskribaturik daudenak, hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik.

Salbuespen hori frogatzeko, izangaiek baimena ematen ahal diote Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari kontsulta egin diezaion dagokion erakundeari. Kontsulta hori egiteko baimenik ematen ez badute, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen dutenak.

3.4. Inskripzio-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Inskripzio telematikoa egiteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, kasuaren arabera:

–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta ez badute ematen langabezia-egoera kontsultatzeko baimenik, kasu horretan bakarrik, aurkeztu beharko dute kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

–Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak baldin badira, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, hauek guztiak jasotzen dituena: zer araubide juridiko duten, zer egunetan izendatu edo kontratatu zituzten, aitortua duten antzinatasuna, zer maila edo taldetakoak diren eta zer administrazio-egoeratan dauden.

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diena, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c) Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria. Betiere, aitorpen hori lortu beharko da, modu frogagarrian, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen. Bestela, interesdunak galduko ditu txanda horretan parte hartzearekin lotutako eskubide guztiak, hots, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortua dutenentzako erreserba txandaren bidez parte hartzearekin lotutako eskubide guztiak.

%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.

–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori frogatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du deialdiaren web-orrian argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, akatsik egin badute, zuzendu. Telematikoki egin beharko dute, deialdiaren web-orriaren bidez.

4.3. Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du deialdiaren web-orrian argitara dadila. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.

4.4. Izangairen bat kanporatzen bada berari egotz dakiokeen arrazoi bategatik, ez zaio azterketa-eskubideengatik ordaindutako tasa itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen interesdunei onartzea ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betebeharrak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketako plazak bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Susana Miranda Alcoz andrea. Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza.

Ordezko epaimahaiburua: Ana María Puig Arrastia andrea. Nafarroako Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordea.

Epaimahaikide titularra: Edurne Ciriza Barea andrea. OOLTko pediatra.

Ordezko epaimahaikidea: Verónica Etayo Etayo andrea. OOLTko pediatra.

Epaimahaikide titularra: María Chueca Guindulain andrea. Espezialitateko Batzorde Nazionalak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Cristina Azcona San Julián andrea. Espezialitateko Batzorde Nazionalak izendatua.

Epaimahaikide titularra: Isabel Vera Arlegui andrea. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Arantxa Mosquera Gorostidi andrea. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeak izendatua.

Idazkari titularra: Carlos Javier Suescun Sánchez jauna. Oinarrizko Osasun Laguntzako Profesionalen Zerbitzuko burua.

Ordezko idazkaria: Enrique Amóztegui Hermoso de Mendoza jauna. Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko burua.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bertan izan gabe kideen gehiengo osoa, gutxienez. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen arazo guztiak.

5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2025eko otsailean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian proba hauek egin beharko dira:

a.1.) Proba teoriko-praktikoa, test erakoa: idatziz erantzun beharko zaio aukeratzeko hainbat erantzun dituen galdera sorta bati. Aukera horietako bakarra izango da baliozkoa, eta I. eranskineko gai-zerrendari buruzkoa izanen da. Erantzun okerrek penalizazioa izanen dute. Proba hasi baino lehen zehaztuko du epaimahaiak zenbat galdera izanen diren, zer penalizazio izanen duten erantzun okerrek eta probak zenbat iraunen duen gehienez.

a.2.) Deialdi honen xedeko lanpostuaren jardunarekin zerikusia duten kasu kliniko praktiko batzuk ebaztea (erantzunak test motakoak izanen dira). Kasu praktiko horiek epaimahaiak zehaztuko ditu eta izangai guztientzat berdinak izanen dira. Proba hasi baino lehen jakinaraziko du epaimahaiak zenbat kasu praktiko diren, zein izanen den horiek ebazteko gehieneko denbora eta, hala badagokio, kasu bakoitzari esleituko zaion gehieneko puntuazioa.

Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondotik.

6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:

Lehenengo probak 33 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere. Gehieneko puntuazioa (33 puntu) proban puntuazio altuena ateratzen duenari emanen zaio, eta gainerako izangaiei, berriz, proportzionalki dagokien puntuazioa. Baztertuta geldituko dira 33 puntutik gutxienez 16,5 lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren probak 33 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere, eta baztertuta geldituko dira gutxienez 16,5 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena baztertua geldituko da oposizioalditik, eta, beraz, lehiaketatik.

6.3.4. Prozesu honetan, probak egiteko behar dituzten egokitzapenak ezarriko zaizkie desgaitasuna duten izangaiei, baldin eta eskatu badituzte prozesuan parte hartzeko eskaeran, eta, betiere, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak lehiaketaldiari ekinen dio oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin.

Merezimenduak telematikoki aurkeztu beharko dira, deialdiaren web-orriaren bidez, baremoan adierazitako atalen arabera dagokien kategoria hautatuta. Merezimenduak aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izanen da, oposizioaldiko behin betiko emaitza argitaratzen denetik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Salbuespenez, jatorrizko agiriak eskatzen ahalko dira.

Ez dira merezimendu hauek aurkeztu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, balorazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratu dituztelako eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko deialdien datu basean daudelako.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 39 puntu eskuratzen ahalko dira.

Aurrekoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:

a) Eremu euskaldunean: merezimenduen baremoko gainerakoari esleituriko puntuazioaren %11.

b) Eremu mistoan: merezimenduen baremoko gainerakoari esleituriko puntuazioaren %7, herritarrekiko arreta edo tratu maila aintzat harturik hala ezarria duten plazetarako.

Balorazio horretatik kanpo geldituko dira euskara jakitea nahitaezkoa duten plazak.

Baremoaren gehieneko puntuazioa (39 puntu) handituko zaie betetzen zaila den lanpostu baten aritzen direnei edo aritu direnei, ekainaren 6ko 202E/2025 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz, zeinaren bidez ezartzen baitira betetzen zailak diren lanpostuak zehazteko irizpideak eta lanpostu horiek betetzeko pizgarriak.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Fakultatibo espezialistak" estamentuan eta "OOLTko pediatra" espezialitatean sailkaturik dagoela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateen izendapenen indarreko sailkapenean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Egindako zerbitzuen iraupena, zer egunetatik zer egunetara adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiek aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta bost egun balioduneko epea irekiko da alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azken puntuazioetan berdinketarik badago, oposizioaldian puntuaziorik altuena duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak badirau, deialdi honen II. eranskineko baremoaren atalen hurrenkerari jarraikiz guztira puntuazio handiena lortzen duenari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak badirau, azpiatalen hurrenkerari jarraikiko zaio.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren web-orrian, prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran, eta deialdiko plaza kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari.

8.–Zentroa hautatzea eta esleitzea.

8.1. Destinoko zentroaren hautaketa eta esleipena eginen da izangaiak izendatzeko proposamena argitaratu baino lehen, izangaiek egindako eskaeren arabera, parte hartzeko txanda eta lortu duten ordena kontuan hartuta, eta, betiere, plaza horietan sartzeko oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

8.2. Lehenik, igoera txandan parte hartzen dutenek hautatuko dute, eta, ondoren, txanda irekikoek.

Nafarroako Foru Komunitateak onetsitako araudiaren arabera egiten diren sarrera deialdietan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua duten izangaiek eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeek, plaza lortuz gero, edozein txandatan parte hartuta, eta izaera hori frogatzen badute, lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko orduan, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.

8.3. Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza batean edo bestean jarduteko, plazak hautatzen hasi aurretik, egokiena esleituko zaio, horren gainean egiten den txostena aztertu eta gero.

8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:

–Hautaketa egin baino lehen, hautatu dezaketen izangaien zerrenda eta aukeratzen ahal dituzten zentroen eta plaza zenbakien zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

–Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak, deialdiaren web-orriaren bidez, hamar egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaera horietan, hautatu nahi dituzten plazak zerrendatu beharko dituzte, lehentasunaren arabera ordenatuta.

8.5. Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du plazak hautatzeko eta esleitzeko egintza, eta horren emaitzaren berri emanen du deialdiaren web-orriaren bidez.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak behar den izendapen proposamena eginen du plaza egokitu zaien izangaien alde. Proposamen hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

9.2. Proposamena argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiek kasu bakoitzerako adierazten diren agiri hauek helarazi beharko dizkiote Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Sarrerarako eta Lanpostuak Betetzeko Atalari, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta lanpostuari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

Desgaitasuna duten pertsonen txandan parte hartzen duten izangaiek, gainera, balorazio eta orientazio talde eskudunek emaniko frogagiri bat aurkeztu beharko dute, zehazten duena desgaitasun gradua zenbatekoa den eta desgaitasuna deialdiko lanpostuaren eginkizun eta zereginekin bateragarria dela.

Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak diren izangaiek, aurrekoaz gain, 3.4 oinarrian agertzen den ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1.b), e) eta g) ataletan adierazitako agiriak soilik aurkeztu beharko dituzte.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Salbuespenez, jatorrizko agiriak eskatzen ahalko dira.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko baimena emanen du, eta plaza hutsak esleituko dizkie.

10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Bestalde, langile lan-kontratudun finkoek dagokien araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen dituzte.

Nafarroako administrazio publikoetako edozein montepioren eskubide pasiboen araubidean afiliatuta daudenek aukeran izanen dute Administrazioari dagokion montepioan jarraitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

10.3. Izendapena edo, hala badagokio, kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak. Izendapen ebazpenean ezartzen den egunean hartuko dute plazen jabetza hautatutako pertsonek, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

10.4. Jabetza hartzen ez dutenek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario bihurtzeko edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

10.5. Deialdiko plazak beteko direla ziurtatzeko, izangairen batek uko egiten badu, baldintzak betetzen ez baditu, dagokion epean eta moduan plaza aukeratzen ez badu edo izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu, administrazio organo eskudunak plaza hutsak beteko ditu prozesua gainditu dutenen zerrendan jarraian agertzen diren izangaiekin.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hautaketa. Beraz, funtzionario edo kontratatu berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko bete gabe gelditu direla oposizio-lehiaketako plazak. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Errekurtsoren bat jartzen bada deialdi honen aurka edo oposizio-lehiaketaren garapenaren edo ebazpenaren aurka, oposizio-lehiaketa ez da irmoa izanen harik eta errekurtsoak ebazten diren arte.

11.–Zerrendak prestatzea aldi baterako kontratazioak egiteko, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

11.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta gero horiek kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendek indarra hartzeko unean indarrean den foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko (2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa).

11.2. Kontrataziorako zerrenda motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.3. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

Ezin dute aldi baterako kontrataziorako zerrendetan izena eman kategoria horretan berean plaza finkoren bat jabetzan dutenek.

11.4. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, hamar egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.

11.4.1. Titulazioa.

Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izateko, deialdian eskatzen den titulazioa izatea frogatu beharko da.

Izangaiaren titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea. Bestela, erantsi egin beharko da.

Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulazioa kontsultatzeko Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.

11.4.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizioaldia gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Izangaiak ikusten badu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez ditu berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.

–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, zer egunetatik zer egunetara adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

11.4.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

11.4.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematikoki eginen da.

Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute deitu diezaietela bakarrik lanaldiaren %50eko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

11.5. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaiek noiznahi egiaztatzen ahalko dute euskararen ezagutzaren betebeharra, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

11.6. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun egoera noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek.

11.7. Indarrean jartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute plaza eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

12.–Zerrendak prestatzea aldi baterako barne igoerarako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

12.1. Aldi baterako barne igoerarako zerrendak prestatzeko eta ondoren kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, horren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

12.2. Zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta kontratazioa egin arte mantendu: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, OOLTko pediatren lanpostuari dagokion maila-taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea, eta lanpostu horretan aritzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, beharrezkoa izanen da deialdiaren oinarrietan oposizioaldirako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gaindituta izatea.

Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute plaza eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta aintzat hartuz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez egindako eskumenen eskuordetzea.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Gai-zerrenda orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: Atariko titulua.

2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez: I., II. eta III. kapituluak.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua eta II. tituluko VIII. kapitulua. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

4. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa.

5. gaia.–41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituena, eta 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubide eta betebeharrei buruzkoa.

6. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: Atariko Titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

7. gaia.–44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa: Atariko titulua eta I. titulua.

8. gaia.–16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzkoa: atariko kapitulua, eta I. kapitulutik VIII.era bitartekoak.

Gai-zerrenda espezifikoa.

1. gaia.–Oinarrizko Osasun Laguntzaren ekonomia eta kudeaketa sanitarioa. Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeen funtzionamendua. Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatriako zerbitzuen zorroa. Osasunaren ekonomiari buruzko oinarrizko kontzeptuak: ekitatea, efikazia, efizientzia eta eraginkortasuna.

2. gaia.–Oinarrizko epidemiologia. Maiztasun neurriak. Arriskua eta kausazko lotura. Proba diagnostikoen eta baheketa proben baliozkotasuna. Zaintza epidemiologikoa; nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak Nafarroan. Osasun publikoko programa bereziak.

3. gaia.–Txertoen oinarri immunologikoak. Txertaketaren kontzeptua. Txertoen sailkapen mikrobiologikoa eta sanitarioa. Txertoen efikazia, eraginkortasuna eta efizientzia. Txerto bidez prebenitu daitezkeen gaixotasunak.

4. gaia.–Txertoen egutegi ofiziala Nafarroan. Egutegi ofizialeko txertoen mota, osaera, gomendioak eta kontraindikazioak. AEPko Txertoen Batzordeak gomendatutako egutegiko txertoen mota, osaera, gomendioak eta haurren kontraindikazioak, COVID-19aren aurkako txertoei eta GRIPEaren aurkako txertoei dagokienez.

5. gaia.–Osasunerako hezkuntza: prebentzioko eta osasuna sustatzeko jarduerak. Ohitura onei buruzko informazioa, aholkuak eta sustapena. Aho-hortzen osasuna. Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (PADI) Foru Komunitatean. Bularreko haurraren bat-bateko heriotzaren sindromea prebenitzea. Ikusmenaren alterazioak. Haurren hipoakusia hautematea. Hipoakusiak. Sexu hezkuntza. Nahi gabeko haurdunaldien eta sexu-transmisiozko infekzioen prebentzioa nerabezaroan. Tabakoaren (pasiboa eta aktiboa), alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa prebenitzea eta detektatzea. Infekzioak kontrolatzeko neurriak: haur eskolak eta ikastetxeak. Eskola bazterketaren infekzio-arrazoiak.

6. gaia.–Emozioen eta jokabideen garapen normalaren ebaluazioa. Diagnostikoa egiteko irizpideak (adi bidez, DSM). Haurraren eta nerabearen osasun mentala. Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua. Nahasmendu mental larriak eta alarma-seinaleak Pediatriako eta nerabezaroko adinean. Beldurrak, fobiak, loaren nahasmenduak. Portaeraren, jokabidearen eta ikaskuntzaren nahasmenduak. Nahasmendu psikosomatikoak. Osasun mentalarekin lotutako patologiak: depresioa, autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN). Elikadura-portaeraren nahasmenduak. Loaren nahasmenduak.

7. gaia.–Haurraren garapen normalaren sekuentzia eta mugitzeko trebetasunak, egokitzekoak, hitz egitekoak eta trebetasuna sozialak bereganatzea jaiotzen denetik. Jaio aurreko, erditzeko eta erditu ondoko faktoreak, jaioberriaren epe ertain eta luzeko hazkundeari eta garapenari eragin diezaioketenak. Hazkuntzaren eta garapenaren etapekin lotzen diren alterazio, gaixotasun eta osasun-arazo espezifikoak. Garapen psikomotorra eta afektiboa. Alerta-zantzuak. Garapen-arloetako atzerapenak baloratzea. DSM-5eko hizkuntzaren nahasmenduen diagnostikoaren kategoriak. Hizkuntzaren nahasmenduak eta hizketaren nahasmenduak sailkatzea. Arreta goiztiarra Nafarroan: antolaketa eredua eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatriarekiko lotura.

8. gaia.–Nutrizioaren oinarri fisiologikoak eta adin-talde bakoitzaren nutrizio-beharrak. Elikadura-piramidearen gomendioak. Elikagai-iturriak, mikromantenugai garrantzitsuenen funtzioak eta haien defizitaren ondorioak. Eragin kulturalak elikagaiak sartzeko adinean eta horri buruzko gomendioak. Elikadura-metodo alternatiboak eta horien konplikazio ohikoenak.

9. gaia.–Amagandiko edoskitzea. Edoskitzearen oinarri fisiologikoak eta ama-esnearen ezaugarriak eta abantailak. Bularra emateko arazorik ohikoenak eta amak kontraindikatuta izan ditzakeen medikamentuak. Formula bereziak erabiltzeko indikazioak.

10. gaia.–Nutrizio-defizitak. Nutrizio-arriskua. Nutrizio-gabezia nagusiekin lotutako seinale eta sintomak. Nutrizioaren euskarri osagarria eskatzen duten prozesu patologikoak eta prozedura mota horien konplikazioak.

11. gaia.–Obesitatea. Obesitatearekin lotutako osasun-arazoen arrisku-faktoreak. Obesitatea eta pubertaroko garapena. Prebentzioa eta esku-hartze terapeutikoa.

12. gaia.–Pediatria soziala. Elkarrizketa klinikoa: banakakoa eta familiakoa. Motibazio-elkarrizketaren metodoak. Gaizki tratatutako haurra: motak, detekzioa eta esku-hartzea. Kontzeptua, motak, arrisku-adierazleak, beste bati eragindako nahasmendu faktizioa barne, eta tratu txarren, axolagabekeriaren edo abusuaren arrisku handiagoarekin lotutako ezaugarri pertsonalak, familiarrak eta sozialak. Bullinga. Sare sozialen ondorioak aztertzea. Haurrei eta familiei eragiten dien araudia. Haur adoptatua eta haur migratzailea: txertaketa egutegiak eta gaixotasun infekziosoak. Anemiak, sukarra, malnutrizioa eta arazo psikosozialak.

13. gaia.–Nerabezaroa: patroi normalak eta ohiko arazoak nerabearen garapen psikologikoan, sexualean eta kognitiboan. Sexualitatearen garapena nerabezaroan. Sexu-identitateko arazoak. Homosexualitatea. Istripuak, adikzioak eta substantzia toxikoen abusua, beste adikzio batzuk. Elikadura-jokabidearen nahasmendua. Jokabide arriskutsuak.

14. gaia.–Bioetika: pazienteen eta profesional sanitarioen eskubideak eta betebeharrak (informazioa, konfidentzialtasuna, baimen informatua). Legezko arazo etiko ohikoenak Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatrian. Autonomiaren, ongintzaren, kalterik ez egitearen eta justiziaren printzipioak, "adingabe emantzipatua" eta "adingabe heldua". Haurrei eta ikerketa-argitalpenei aplikatutako ikerketaren etikaren printzipioak.

15. gaia.–Kalitatearen ebaluazioa eta hobekuntza. Prozesuen araberako kudeaketa. Pazientearen segurtasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak. Ondorio kaltegarrien kausa ohikoenak paziente pediatrikoen medikazioan eta txertaketan, oro har eta lantokian bertan. Kontrako efektuen eragina erikortasun eta hilkortasun pediatrikoan. Akats mediko bat detektatzearen eta hobetzeko gaitasunaren arteko lotura.

16. gaia.–Ikerketa: test estatistikoen indarguneak eta mugak. Azterketa motak Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatriako ikerketa klinikoan.

17. gaia.–Historia klinikoa eta informazio-sistemak Oinarrizko Osasun Laguntzan. Kodetze diagnostikoko sistemak Oinarrizko Osasun Laguntzan. Informazio klinikoaren erabileraren legezko alderdiak.

18. gaia.–Alergologia pediatrikoa Oinarrizko Osasun Laguntzan. Gell eta Coombs-en sailkapena. IgE-k bideratu gabeko alergiak. Urtikaria, angioedema eta anafilaxia. Alergiaren agerpen sistemikoak (arnasketakoak, digestiokoak eta larruazalekoak). Gaixotasun alergikoen aukera terapeutikoak. IgE-dun eta IgE gabeko mekanismoak ezagutzea.

19. gaia.–Sistema kardiozirkulatorioaren alterazio organikoak eta funtzionalak Pediatrian. Esku hartzea Oinarrizko Osasun Laguntzatik. EKG Pediatrian. Bihotz-gutxiegitasuna. Bihotz-maiztasunaren eta -erritmoaren nahasmenduak. Giltzurrunen jatorriko hipertentsioa Pediatrian. Murmurioak. Bularraldeko mina. Sinkopea. Beste gaixotasun sistemiko batzuen konplikazio kardiakoak. Sortzetiko kardiopatiak.

20. gaia.–Dermatologia pediatrikoa Oinarrizko Osasun Laguntzan. Oinarrizko lesioak dermatologian: orientazio diagnostikoa. Entitate ohikoenak. Gaixotasun exantematikoak. Kortikoide topikoak. Fotobabesa Pediatrian. Gaixotasun sistemikoen larruazaleko adierazpenak.

21. gaia.–Endokrinologia pediatrikoa Oinarrizko Osasun Laguntzan: hazkundearen alterazioak. Gehiegizko pisua eta obesitatea. Sindrome metabolikoa. Pubertaroko patologia. Diabetes mellitusa. Adin pediatrikoan afekzio endokrinoa duten sindrome nagusiak. Patologia endokrino batzuen etiologia ohikoena: poliuria, tiroidearen tamaina handitzea, errakitismoa eta hipogluzemia adin-tarte desberdinetan. Hipotiroidismoaren, hipertiroidismoaren eta hiperkaltzemiaren ezaugarriak eta seinale klinikoak adin desberdinetan.

22. gaia.–Digestio-aparatuaren patologia Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatrian. Digestio-sintoma nagusien balorazioa eta azterketa (abdomeneko mina, gorakoak, beherakoa, idorreria...). Eritasun zeliakoa. Hesteetako eritasun inflamatorioa. Malabsortzioak. Hepatopatiak eta ikterizia haurtzaroan. Elikadura-intolerantziak.

23. gaia.–Gaixotasun genetiko nagusiak Pediatrian: jarraipen-programa espezifikoak Oinarrizko Osasun Laguntzan.

24. gaia.–Haur eta nerabeen ginekologia Oinarrizko Osasun Laguntzan. Bulbobaginitisa. Metrorragia funtzionalak. Obulutegi polikistikoaren sindromea. Ziklo menstrualaren nahasmendua. Abdomeneko min ginekologikoa. Sexu-transmisiozko gaixotasunak. Kontrazepzioa. Haurdunaldia nerabezaroan.

25. gaia.–Patologia hematologikoa Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatriako kontsultan: anemia eta beste nahasmendu eritrozitario batzuk. Leukozitosia eta beste nahasmendu leukozitario batzuk. Tronbopenia eta plaketa-nahasmenduak. Koagulazioaren trastornoak.

26. gaia.–Pediatriako gaixotasun infekziosoen epidemiologia eta patogenia Oinarrizko Osasun Laguntzan: sukarra, FODa (fokurik gabeko sukarra), sukar luzeak eta sukar errepikatuak. Orientazioa eta proba diagnostikoak. Infekzio biriko, bakteriano, mikotiko eta parasitario ohikoenak, tuberkulosia eta GIB Pediatrian. SARS-COV 2 eta COVID 19. Diagnostiko azkarren testen erabilgarritasuna. Gaixotasun infekzioso eta kutsakorren kasuan hartu beharreko kontrol-neurriak. Antibiotikoak zentzuz erabiltzea. Infekzioak haur immunokonprometituarengan.

27. gaia.–Immunologia pediatrikoa Oinarrizko Osasun Laguntzan: immunitatearen fisiologia eta fisiopatologia. Immunoeskasiak eta infekzio errepikakorrak. Lotutako klinika eta immunoeskasien hasierako azterketa.

28. gaia.–Metabolismoko gaixotasunak: jaioberrien baheketa Nafarroan. Aminoazidoen metabolismoaren nahasmenduak. Karbohidratoen metabolismoaren nahasmenduak. Lipidoen eta lipoproteinen metabolismoaren nahasmenduak. Hezurretako gaixotasun metabolikoen arrisku-faktoreak eta seinaleak: D bitaminaren eskasia, errakitismoa eta osteoporosia. Tratamendu dietetikoa eta farmakologikoa.

29. gaia.–Hezur eta lokomozio sistemaren patologia Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatrian. Haurren patologia traumatologikoa eta ortopedikoa eta haren miaketa. Aldakaren garapenaren displasia. Genu varum, genu valgum. Anomalia torsionalak. Perthesen gaixotasuna eta beste nekrosi aseptiko batzuk. Oin normala eta horren nahasmenduak. Zifosia eta eskoliosia. Bat-batean agertzen den herrentasuna. Hartutako nahasmendu muskulu eskeletikoen diagnostiko diferentziala: osteomielitisa, artritis piogenoa eta sinobitis toxikoa. Traumatismo muskuloeskeletikoak: luxazioa, pronazio mingarria, bihurrituak, haustura duten deformazioak, haurtzaroan arruntak direnak.

30. gaia.–Patologia nefrourologikoa Pediatrian Oinarrizko Osasun Laguntzatik. Malformazio nefrourologikoak: giltzurrun-agenesia, giltzurrun-displasia multikistikoa, errefluxu besesikoureterala eta errefluxu bidezko nefropatia. Hematuria eta proteinuria: kausak, seinaleak, sintomak eta jarrera diagnostikoa. Arterietako hipertentsioa. Gernu-infekzioa, etiologia, diagnostikoa eta tratamendua. Enuresia. Glomerulonefritisa. Nefrolitiasia. Giltzurrun-gutxiegitasun akutua eta kronikoa. Sendagai nefrotoxikoak.

31. gaia.–Patologia neurologikoa Pediatrian Oinarrizko Osasun Laguntzan. Haurtzaroko nahasmendu neurologiko nagusiak. Sindrome epileptikoak. Sukar-krisiak. Nahasmendu paroxistiko ez-epileptikoak. Zefalea eta migraina. Haurtzaroko atzerapen psikomotorra detektatzea eta maneiatzea. Autismoaren espektroko nahasmenduen baheketa. Haurren garun-paralisia. Gaixotasun neuromuskularrak: bizkarrezurreko muskulu-atrofia, miastenia larria, Duchenne-ren muskulu-distrofia. Gaixotasun neurokutaneoak (NF1, NF2 esklerosi tuberoso konplexua). Jokabidearengatiko insomnioa, atsedenik gabeko zangoen sindromea, parasomniak, erritmo zirkadianoaren nahasmenduak.

32. gaia.–Patologia onkologikoa Oinarrizko Osasun Laguntzatik: Tumore-prozesuen susmoa; seinaleak eta sintomak. Tumore solido ohikoenak. Leuzemiak. Linfomak. Haur onkologikoaren Oinarrizko Osasun Laguntzaren jarraipena. Intzidentzia aldakorra jatorri etnikoaren arabera. Familiaren euskarria.

33. gaia.–Patologia oftalmologiko ohikoena Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatrian: Aldi kritikoak ikusmen-funtzioaren eta ikusmen binokularraren garapenean: anbliopia, estrabismoa, patologia errefraktarioa eta sortzetiko gaixotasunak (katarata eta glaukoma). Begi gorriaren diagnostiko bereizlea. Dakriozistitisa, blefaritisa, ubelitisa, orzulua eta txalaziona. Zelulitis periorbitarioa eta orbitarioa. Begietako traumatismoak eta erredurak.

34. gaia.–Pediatriako ORL patologia Oinarrizko Osasun Laguntzan: sortzetiko anomaliak. Hipoakusia. Otitisa. Erdiko otitisen konplikazioak. Mastoiditisa. Faringoamigdalitisa. Hipertrofia adenoidea eta adenoiditisa. Sinusitisa. Sudurreko polipoak. Crupa eta epiglotitisa. Adenopatiak eta lepoko masak.

35. gaia.–Arazo odontologiko nagusiak Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatrian. Hortzeria dezidua eta behin betikoa, hortzen kopuruan eta forman gertatzen diren alterazioak, hortzen erupzioa eta erorketa. Sortzetiko anomaliak (jaioberrien hortzak, goiko ezpaineko frenulua, ankiloglosia). Ahoko tumoreak. Txantxarra. Gingibitisa. Kandidiasia, ahoko eta aho-inguruko ehunen lesioak.

36. gaia.–Arnasbideetako patologia garrantzitsuak Pediatrian Oinarrizko Osasun Laguntzan. Goiko arnasbideetako infekzio akutua, laringitisa, trakelitisa, bronkitisa, bronkiolitisa, pneumonia. Eztul kronikoa. Asma: sailkapena. Diagnostikoa. Jarrera eta jarraibideak oinarrizko tratamenduan. Haur asmadunaren hezkuntza. Jarrera asma krisietan. Loaren nahasmenduak eta patologia: Loaldiko apnearen/hipopnearen sindromea. Fibrosi kistikoa.

37. gaia.–Orientazio diagnostiko eta terapeutikoa gaixotasun erreumatologiko nagusietan Oinarrizko Osasun Laguntzan. Gazte-artritis kronikoa. Henoch-Schönlein-en purpura. Kawasakiren gaixotasuna eta beste baskulitis batzuk. Beste konektiboopatia batzuk: Ehrles Danlos-en sindromea eta Marfan-en sindromea. Sukar erreumatikoa. Sukar periodikoen sindromeak. PFAPA. Erreumatologian erabiltzen diren tratamenduak.

38. gaia.–Orientazio diagnostiko eta terapeutikoa haurtzaroko arazo urologiko nagusietan Oinarrizko Osasun Laguntzan. Mikzio-patroien oinarrizko kontzeptuak eta horien anomaliak. Zistitisaren patogenia, etiologia eta maneiua. Maskuri neurogenoaren patogenia, etiologia eta maneiua. Emakumeen eta gizonen sortzetiko anomaliak. Emakumeek eta gizonek hartutako anormaltasunak.

39. gaia.–Larrialdi pediatrikoak Oinarrizko Osasun Laguntzan. Egoera ohikoenetan jarduteko protokoloak eta prozedurak. Teknikak eta prozedurak egoera kritikoetan. Min akutuaren eskalak eta tratamendua Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatrian. Garraioa larrialdi-egoeran. Urgentziazko kontsultaren arrazoi ohikoenak (diagnostiko bereizlea adinaren arabera). Pediatriako larrialdiak I: larrialdiko maleta. Bihotz-biriketako bizkortzea. Bihotz gelditzea. Gorputz arrotza. Uretan sartzeagatiko asfixia. Asma krisiak. Epiglotitisa. Konbultsioak. Pediatriako larrialdiak II: traumatismo kraneoentzefalikoa eta beste traumatismo batzuk. Koma. Erredurak. Elektrokuzioa. Bero kolpea. Intoxikazioak. Anafilaxia. Bularreko haurraren bat-bateko heriotza. Haur politraumatizatua. Hozkadak.

40. gaia.–Neonatologiaren kontzeptuak Oinarrizko Osasun Laguntzan aplikatzeko. Jaiotzaren inguruko fisiologia eta fisiopatologia. Umetoki barneko hazkunde atzeratua. Haurduntza eta erditze anizkoitza. Erditze goiztiarra eta prematuritatea. Jaiotzaren inguruko hipoxia eta asfixia. Trauma erditzean. Sortzetiko malformazioak eta dismorfismoak. Adin horretako aurkikuntza ohikoak eta espezifikoak baloratzea (ikterizia, bihotz-murmurioa, trauma obstetrikoak...). Arrisku-amen seme-alabak. Abstinentzia sindromea.

41. gaia.–Zainketa aringarriak Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatrian. Zainketa aringarrien kontzeptua. Haur terminalaren eta haren senideen premiak. Familiaren ingurunea, haur bat berehala hiltzekoa denean. Ahalegin terapeutikoa eta minaren maneiua zainketa aringarrietan.

42. gaia.–Kirol medikuntzaren printzipio orokorrak Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatrian. Ariketa aerobikoaren eta anaerobikoaren oinarrizko fisiologia. Hezurren heldutasuna eta ariketa fisikoa. Kirola egin aurreko banakako ebaluazioa Pediatrian. Bat-bateko heriotzaren prebentzioa kirolaren jardunean. Mundu mailako gomendioak jarduera fisikoari eta ohitura sedentarioei buruz (Osasunaren Mundu Erakundea, OME), haur eta nerabeentzat. OMEren jarraibideak 5 urtetik beherakoentzako jarduera fisikoari, jokabide sedentarioari eta loari buruz.

43. gaia.–Farmakologiako kontzeptuak Oinarrizko Osasun Laguntzako Pediatrian. Tratamenduarekiko atxikiduran eragina duten faktoreak. Haurrei preskribatutako sendagaiei lotutako erroreak (adibidez, dosifikazioa, batetik besterako tarteak). Sendagaien interakzio farmakologikoak. Plazenta bidezko transferentzia eta medikamentuak iraiztea ama-esnean. Antibiotiko komunekiko erresistentzia gure ingurunean. Zenbait antibiotikoren erabilerarekin lotutako ondorio kaltegarriak. Kortikosteroideekin egindako tratamendu kronikoari lotutako arriskuak. Glukokortikoideen dosi handiak 14 egunetan edo gehiagotan eta birus bizidunen txertoak emateko gomendatutako tartea. Antiinflamatorio ez-esteroideoak. Erabilerari lotutako albo-ondorioak. Eragin labur eta luzeko beta-agonista inhalatuen farmakozinetika. Gehiegizko erabilerarekin lotutako arriskuak. Epilepsiaren aurkakoak. Laborategiko proben ondorio kaltegarriak, toxikotasuna eta alterazioak. Depresioaren aurkakoak. Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren tratamendu medikoa.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan fakultatibo gisa egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin diren lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Lortu nahi den espezialitatean egoiliar gisa egindako zerbitzuak prestakuntza espezializatuaren atalean baloratuko dira. Beste espezialitate batean egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 atalean baloratuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin eta aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

2.4, 2.6 eta 2.8 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Akta-liburuetan edo abstractetan jasotzen diren komunikazioak, posterrak eta txostenak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Hirugarren zikloko ikasketak.

a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.

b) Doktore gradua: 2,5 puntu.

c) Cum laude: 0,5 puntu gehituko dira.

a) eta b) ataletan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.

2.2. Prestakuntza espezializatua:

Egonaldia osorik egina izatea deialdiaren xedeko espezialitatean, programa nazionalaren bidez edo graduatu ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 6 puntu.

2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,025 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; eta ikaslea ikasturte osoan aritu dela ageri bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Honako arlo hauetako prestakuntza baloratuko da: laneko arriskuen prebentzioa, informatika, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, genero-indarkeria eta/edo osasuna eta generoa ardatz duen berariazko prestakuntza edo prestakuntza sektoriala.

Atal honetan, erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Osasun Zientzietako espezialistek ikasle egoiliar gisa egindako prestakuntzaldiko orduak ez dira atal honetan kontatuko.

Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.

2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartekoak: lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Espainiakoak: lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

–Autonomia erkidegoetakoak: lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hirurak: 0,025 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartekoak: 1 puntu.

–Espainiakoak: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoetakoak: 0,25 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.6. ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak, inpaktu-faktorearen (IF) arabera, Journal Citation Reports-ek jasotakoari jarraikiz:

–IFa 3tik gorakoa bada, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,5 puntu. Hurrengo hirurak: 0,25 puntu.

–IFa 3 bada, edo hortik beherakoa, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hirurak: 0,15 puntu.

–Inpaktu-faktorerik ez badu, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Inpaktu-faktorea izangaiak berak frogatu beharko du, eta lana zer urtetan argitaratu zen, urte horretakoa izanen da.

Gehienez ere 4 puntu emanen dira.

2.7. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagirietan egiaztatutako aldia ikasturte oso batera iristen ez bada, proportzionalki dagokien puntuazioa emanen zaie.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.8. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Hizkuntza horiek merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitea baloratuko da azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuari jarraikiz, plazak kokatuta dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauen arabera:

a) Eremu euskaldunean: merezimenduen baremoko gainerakoari (1. eta 2. atalak) esleituriko puntuazioaren %11, gehienez ere 4,29 puntu.

b) Eremu mistoan: merezimenduen baremoko gainerakoari (1. eta 2. atalak) esleituriko puntuazioaren %7, gehienez ere 2,73 puntu, herritarrekiko arreta edo tratu mailaren arabera.

4. atala.–Betetzen zailak diren lanpostuen balorazioa.

Betetzen zailak diren lanpostuak betetzen dituzten pertsonek pizgarri hauek izanen dituzte sarrera prozeduretan:

4.1. Oinarrizko osasun laguntzaren eremuko profesionalak, Tuterako eta Lizarrako osasun barrutietako ospitale laguntzako zentro eta zerbitzuetakoak, Osasun Mentaleko profesionalak eta betetzen zaila den lanpostu bat deklaratuta duen zentro edo unitate batean aritzen diren estamentu, espezialitate eta txanda bereko langileak:

a) Parte hartzen den lehenengo hautaketa-prozesuan:

Betetzen zaila den lanpostu bat urtebetez baino gehiagoz bete duenak puntuazio handiagoa izanen du baremoan; hain zuzen ere, emandako zerbitzuei edo antzinatasunari dagokion puntuazio osoaren %15 gehienez. Aldiz, betetzen zaila den lanpostu bat urtebetez edo gutxiagoz bete dutenek %5 izanen dute gehienez.

5 puntu emanen dira betetzen zailak diren lanpostu batean emandako urtebeteko aldi bakoitzeko, edozein dela ere lanaldiaren araubidea; 15 puntu emanen dira gehienez ere, betetzen zailak diren lanpostu batean emandako hiru urteko aldi bakoitzeko.

Urte osoa ez bada, proportzionalki dagokion puntuazioa emanen da.

b) Hautaketa-prozesu hauetan:

Betetzen zaila den lanpostu batean aritutako beste hiru urteko aldi bakoitzeko, beste eskubide bat sortuko da baremoan puntuazio handiagoa izateko, sartzeko beste hautapen-prozesu batean parte hartzean.

4.2. Oinarrizko osasun laguntzaren eremuko profesionalak, betetzen zaila den lanposturen bat daukan osasun zentro batean beste lanpostu batzuetan aritzen direnak, lanpostua betetzen zailtzat hartzen den bitartean: puntuazio handiagoa baremoan parte hartzen den lehenengo hautapen-prozesuan, alegia, 2,5 puntu gehiago urte bakoitzeko, 7,5 puntu egin arte.

4.3. Mediku egoiliarrak: aldi baterako kontratu bat onartzen badute betetzen zaila den lanpostu baterako, prestakuntza amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan: puntuazio handiagoa, puntuazio osoaren %25eraino igo daitekeena, 4.1 atalean aurreikusitako baldintzetan.

4.4. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko arloko fakultatibo espezialistak:

a) Aritzen direnak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan soilik dauden eta 202E/2025 Foru Aginduaren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituzten espezialitateetan.

b) Tuterako eta/edo Lizarrako ospitaleetan betetzen zailak diren lanpostutzat hartutako unitateren batean aritzen direnak.

c) Tuterako eta/edo Lizarrako ospitaleetan aritzen direnak, arlo funtzional baten edo antzeko aliantza-tresna baten parte delako.

Honako hauek aplikatuko zaizkie:

–Puntuazio handiagoa, %15ekoa gehienez, jardueraren araberako puntuazio osoaren gainetik.

–4.4 ataleko a) letran ageri diren profesionalei, baremo honen 4.1 ataleko pizgarriak aplikatuko zaizkie.

–b. eta c. letretan ageri diren profesionalei honela aplikatuko zaizkie: lau hilabeteri dagokien puntuazioa zenbatuko da (5 puntu), baldin eta aldi horretan gutxienez bi guardia egiten badira, edo bi produktibitate hilero edo batez beste lau hilabetean.

Iragarkiaren kodea: F2513237