Iragarkia
218. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1919E/2025 EBAZPENA, urriaren 9koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita teknikari espezialisten 5 plaza huts betetzeko, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako.
Abenduaren 14ko 116/2022 Foru Dekretuaren bidez, 2022. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio.
Abenduaren 27ko 120/2024 Foru Dekretuaren bidez, 2024. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio (aurrekontuak 2024rako luzatu ziren).
Ikusi dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak egin dituen proposamenak, teknikari espezialisten plaza hutsak merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez bete daitezen.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea teknikari espezialisten 5 plaza huts betetzeko, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako.
2. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen oinarriak onestea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, eta erabiliz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.
Iruñean, 2025eko urriaren 9an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan teknikari espezialisten 5 plaza huts betetzea, merezimendu-lehiaketaren bidezko lekualdatzearen bitartez. Plaza horiek eranskinean adierazten dira. Espezialitate bakoitzak bere prozedura izanen du, deialdi honetan ezarritakoarekin bat.
1.2. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:
–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.
–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duena, azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuak aldatua (foru dekretu horrek arautzen du nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).
–1/2025 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 7koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko ezohiko eta premiazko neurriak onesten dituena.
–Gainerako arau aplikagarriak eta oinarri hauek.
1.3. Deialdiaren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:
–Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orria (www.empleosalud.navarra.es/eu), "Lekualdatzeak" izeneko erlaitza, dagokion kategoriaren barnean.
1.4. Merezimendu-lehiaketaren deialdi honetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatzea eta esparru nazionaleko lekualdatzea sartzen dira, hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera bidezko diren espezialitateetan.
Esparru nazionaleko lekualdatzean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lan publikoaren eskaintzan (LPE) sartutako plaza hutsen %10 (zenbaki osoetan) eskainiko dira eta hautatzen ahalko dira. Bestalde, LPEko plazen kopurua hamar baino txikiagoa bada, plaza hutsen kopuru hori kontuan hartuko da hurrengo deialdien ondorioetarako, eta dagokion proportzioan eskainiko dira esparru nazionaleko lekualdatzean, bakar-bakarrik, metatutako plaza hutsak hamar baino gehiago badira.
Eranskinean agertzen da zenbat diren metatutako plazak eta zenbat esparru nazionalerako eskainiko direnak, espezialitate bakoitzerako.
1.5. Plaza hutsak.
1.5.1. Deialdiaren xede izanen dira hasiera batean deialdian sartutako plazak eta plaza berria lortzen dutenek hutsik utzitakoak, baldin eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko plantillakoak badira.
1.5.2. Deialdi honetan hasiera batean eskainitako plaza kopurua aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.
1.5.3. Aipatutako plazak deialditik kanpo uzten ahalko dira, birkokatze-prozesuetan sartuta daudelako edo jarduneko zerbitzura itzultzen direnei esleitzen zaizkielako. Era berean, ez dira eskainiko izangaiek hutsik uzten dituzten plazak, bete behar ez badira iraungi beharreko plazak direlako edo titularrak benetan betetzen ari ez direlako, ez eta ordezkapen bidez ere, betetzeko borondaterik ez dagoenean.
1.6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen merezimendu-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek, lanaldi osoko plaza bat hartzearekin batera, funtzionario izaera eskuratuko dute. Funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoa dutenek, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko plaza bat eskuratzeko. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.
Merezimendu-lehiaketaren bidez plaza eskuratzen duten Osasun Sistema Nazionaleko langileek aukera izanen dute Nafarroako administrazio publikoetako funtzionario bihurtu eta bertako Langileen Estatutuan sartzeko, eta bi hilabeteko epea izanen dute aukera horretaz baliatzeko, plazaz jabetu eta biharamunetik hasita, abenduaren 29ko 717/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.
1.7. Deialdi honetan plaza eskuratzen duten funtzionarioek, estatutupeko langileek edo lan-kontratudun finkoek unean uneko xedapenen arabera dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.
1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
Orobat, lanpostuan egin beharreko guardiak eta/edo guardia lokalizatuak egin beharko dituzte, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordetuta, dagokion burutzak hori agintzen duenean.
1.9. Dedikazio esklusiboaren araubidean arituko dira lanean, hau da, prestasun osoz eta erabateko dedikazio absolutua izanda, eta ezin izanen dira irabazizko beste inolako jardueratan aritu, ez sektore publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.
1.10. Plaza bat lortzen duena plaza dagoen lantokiari organikoki lotuta geldituko da. Halaber, eginkizunei dagokienez, kasuan kasuko osasun barrutiari edo arloari atxikita geldituko da, eta atxikipen funtzional horren ondoriozko jarduerak bete beharko ditu, betiere zentroko zuzendaritzak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dituen arau eta jarraibideak betez.
1.11. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta, era berean, herritarren osasuna hobetzea helburu duten heziketa ekintzetan lagunduko dute.
2.–Betebeharrak.
2.1. Merezimendu-lehiaketa honetan onartuak izateko, betebehar hauek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak izatea, zein diren ere haien araubide juridikoa eta egoera administratiboa:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa, estatutupeko langilea edo lan-kontratudun finkoa izatea, C maila edo taldekoa.
b) "Osasuneko teknikarien" estamentuan eta kasuan kasuko espezialitatean sailkatua dagoen lanpostu batean aritzeko izendatua izatea.
c) Bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
Baldintza hori frogatzeko, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena eman ziurtagiri hori Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari eska diezaion.
2.1.2. Osasun Sistema Nazionaleko langileak:
a) Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoa izatea, eta hartan jardunean aritzea edo plaza erreserbatuta izatea.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileentzat 2.1.1.b) eta c) ataletan aipatzen diren baldintzak betetzea.
2.2. Izangaiek, jardunean ez beste egoera batean badaude, frogatu beharko dute deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituztela.
2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, plaza-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira merezimendu-lehiaketa honetan parte hartuz.
2.4. Beren estamentu eta espezialitateko plaza huts bati atxikita behin-behinekoz jardunera itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute merezimendu-lehiaketaren deialdi honetara, behin betiko destinoa esleitzearen ondorioetarako, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.
2.5. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen plaza elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).
Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten plazetan sartu direnek 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten norberaren administrazio publikoko plaza hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.
Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.
2.6. Parte hartzeko eskaera aurkezteko epean bete beharko dira baldintzak, eta horien jabe izan prozedura osoan, lortutako plaza esleitzen den arte, kasua bada.
3.–Eskaerak eta merezimenduak aurkezteko epea eta tokia.
3.1. Inskripzioa.
Merezimendu-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko eskaera telematika bidez aurkeztu beharko dute https://empleosalud.navarra.es/eu/inicio web-orriaren bidez, "Lekualdatzeak" atalean, dagokion kategoria hautatu eta "Inskripzioa" sakatuta.
Eskaerak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Merezimenduak aurkeztea eta egiaztatzea.
3.2.1. Merezimenduak eta baldintzak agiriekin eta bide telematikoz aurkeztu behar dira, merezimendu-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabide-orria aurkezteko epe berean, deialdiaren baremoan adierazitako atalak kontuan hartuta. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
3.2.2. Barne lekualdaketako izangaiek ez dituzte honako merezimendu hauek justifikatu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, baremazioa egin dezan:
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan deialdiaren xede den lanpostuan aitortua duten antzinatasuna.
–Web-orriaren bidez izangaiei erakusten zaizkienak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko deialdien datu basean daudelako.
3.2.3. Lekualdatze nazionalaren txandan parte hartzen duten langileek deialdiaren oinarrietan eskatzen diren betebeharren frogagiriak eta baremaziorako merezimenduak aurkeztu beharko dituzte eskabide-orriarekin batera, horretarako ere prozedura telematiko bera erabiliz.
3.2.4. Lehenago frogatu ez bada, sexu delituei dagokienez eskatzen den baldintza frogatzen ahalko da baimena emanez (horretarako, parte hartzeko eskabidean dagoen atala beteko da), edo bide telematikotik dagokion ziurtagiria bidaliz.
3.2.5. Hizkuntzak jakiteko betebeharra dagokion titulazio ofizialaren bidez egiaztatu beharko da, merezimenduak aurkeztearekin batera.
4.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-orrian argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo bost egun balioduneko epean izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela, eta, hala behar izanez gero, akatsak zuzendu. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketako plazak bete gabe gelditu direla adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko.
4.3. Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Deialdi honen oinarrietako eranskinean ageri dira deialdiko espezialitate bakoitzari dagokion prozeduran aritzeko izendatutako kalifikazio epaimahaietako kideak.
5.2. Organoaren eraketa baliozkoa izan dadin, bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeari dagokionez, beharrezkoa izanen da buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek parte hartzea, bertaratuz edo urrutitik, baita organoko kideen erdiek ere.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren gaiak.
5.4. Onartuen behin betiko zerrendan izangai bakarra badago, deialdia egin duen organoak deialdi honen 9. oinarrian xedatutakoa aplikatuko du zuzenean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen epaimahaia eratzea, ezta jardutea ere.
6.–Merezimenduen balorazioa.
6.1. Lekualdatze-lehiaketako deialdi hauetan, honela baloratuko dira merezimenduak:
a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
3. Zerbitzu-eginkizunetan eta jarduneko egoera berezian –igoeragatik edo goragoko kategoria bateko lanak betetzeagatik– egindako zerbitzuak benetan egin direneko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
4. Zerbitzu berezietako egoeran eta eszedentzia berezian egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
b) Hizkuntzak jakitea.
1) Frantsesa edo ingelesa jakitea (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
Frantsesa edo ingelesa merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.
2) Aurreko atalean ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:
–Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.
–Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.
Eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratuko da plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.
Oharrak b) atal guztirako:
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.
6.2. Epaimahaiak ez du behin ere onartuko alegatu ez den merezimendurik, edo agiri bidez frogatu ez denik.
6.3. Barne lekualdaketako baremo bera erabiliko da lekualdaketa nazionalerako.
7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.
7.1. Epaimahaiak merezimenduak kalifikatuko ditu, eta deialdiaren web-orrian argitaratuko du izangaien behin-behineko zerrenda, lortu duten puntuazioarekin. Zerrenda bat argitaratuko da esparru bakoitzeko: barnekoa eta nazionala.
7.2. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoetan zerbitzuak egiten antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da.
7.3. Izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda horiek argitaratzen direnetik, bidezko alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek telematika bidez eginen dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.
7.4. Alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko du, oinarri honetan adierazitako moduan eta aipatutako bideen bitartez.
8.–Plaza hutsak aukeratzea.
8.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzea honako kasu hauetan erabiltzen ahalko da langileak beren borondatez mugitzeko prozedura gisa:
a) Langileen atxikipen zentro batetik bestera igarotzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Lanaldi arrunta edo osoa duen plaza batetik lanaldi partziala duen plaza batera joateko, eta alderantziz.
8.2. Hona hemen jarraitu beharreko prozedura:
a) Plazak aukeratu aurretik, izangaien eskura jarriko da aukeran dauden plazen zerrenda, bai hasieran iragarritakoak, bai lekualdatzearen ondoriozkoak. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
b) Izangaiek telematika bidez eginen dituzte eskaerak, bost egun balioduneko epean, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, deialdiaren web-orrian adierazitako estekara jo beharko dute, eta lehentasun ordenaren arabera aipatuko dute zer plaza eta/edo zentro nahi duten, hasieran deitutakoak izan edo lekualdatzearen ondoriozkoak.
c) Destino berria lortu nahi duten guztiek eginen dute eskaera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen merezimendu-lehiaketakoak izan, edo esparru nazionaleko merezimendu-lehiaketakoak.
d) Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du plazak hautatu eta esleitzeko egintza.
Hautatzeko orduan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruko izangaiek lehentasuna dutela esparru nazionaleko izangaien aurretik.
e) Emaitzaren informazioa deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
8.3. Plaza huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak esleitzen zaion plaza berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.
8.4. Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean plaza aukeratzen ez duenak lehiaketaren xede diren plazetan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu.
8.5. Plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epean, lekualdatze nazionalaren bidez parte hartzen dutenek jatorrizko administrazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, egungo administrazio egoerari buruzkoa.
9.–Plazak esleitzea eta betetzea.
9.1. Organo eskudunak, ebazpen baten bitartez, lehiaketan eskuratutako plazak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du ebazpena. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
9.2. Kontratatzen diren izangaiek esleipenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute lortutako plazaz.
9.3. Esleipenaren gainean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada edo aurkeztu bada merezimendu-lehiaketaren deialdiaren aurka edo haren garapenaren edo ebazpenaren aurka, esleipena ez da irmoa izanen, eta errekurtso horiei buruz administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ematen den ebazpenaren zain geldituko da, haren mende egonen baita.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluarekin bat, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.
Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.
ERANSKINA.–DEIALDIKO PLAZAK ETA KALIFIKAZIO EPAIMAHAIEN OSAKETA
1.–Dietetikako teknikari espezialista (DTE).
Plaza kopurua: 2.
–2 plaza Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan: 67485, 71345.
1.4 oinarrian xedatutakoa aplikatuz, 2 plaza sartu dira lan publikoaren eskaintzan. Aurretik 9 plaza daudenez metatuak, lekualdatze-lehiaketa honetan plaza 1 eskaintzen da esparru nazionalerako, eta plaza 1 geldituko da metatua hurrengo deialdietarako.
Kalifikazio epaimahaia:
Epaimahaiburua: Ana Izco Larrañeta andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Sostengu Prozesuetako Zainketen eta Baliabide Materialen Erizaintza Arloko burua.
Ordezko epaimahaiburua: María Jesús Armendáriz Andueza andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Prozesu Medikoetako Zainketen II. Erizaintza Arloko burua.
Epaimahaikidea: Catalina Jiménez Andreu andrea. O-NOZeko Langileen Batzordeak izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Begoña Ruiz Malagón andrea. O-NOZeko Langileen Batzordeak izendatua.
Idazkaria: Estefanía Ipiña París andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Baimenen eta Absentismoaren Unitateko burua.
Ordezko idazkaria: Susana Cruces Azpa andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Langileen eta Lan Harremanen zuzendariordea.
2.–Erradioterapiako teknikari espezialista (ETTE).
Plaza kopurua: 3.
–3 plaza Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan: 67484, 73316, 73317.
1.4 oinarrian xedatutakoa aplikatuz, 3 plaza sartu dira lan publikoaren eskaintzan. Aurretik 7 plaza daudenez metatuta, lekualdatze-lehiaketa honetan plaza 1 eskaintzen da esparru nazionalerako, eta 0 plaza geldituko da metatuta hurrengo deialdietarako.
Kalifikazio epaimahaia:
Epaimahaiburua: María Jesús Armendáriz Andueza andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Prozesu Medikoetako Zainketen II. Erizaintza Arloko burua.
Ordezko epaimahaiburua: María Araiz Vergara andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Emakumeak, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Erizaintza Arloko burua.
Epaimahaikidea: Idoia Lozano San Román andrea. O-NOZeko Langileen Batzordeak izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Ana Isabel Martínez Abadía andrea. O-NOZeko Langileen Batzordeak izendatua.
Idazkaria: Gorka Izco Leatxe jauna. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Administrazio Unitateko burua.
Ordezko idazkaria: Ana Valencia Moreno andrea. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kontratazioa eta Deiak Kudeatzeko Zerbitzuko burua.
Iragarkiaren kodea: F2513193
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
