Iragarkia
217. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
22/2025 FORU AGINDUA, 2025eko urriaren 13koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana. Horren bidez, berezitasunak ezartzen dira, zuzeneko ordainketen bidezko esku-hartzeen kudeaketan, Nafarroako Foru Komunitateko 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, 2021eko abenduaren 2koak, ezartzen ditu Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatutako Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan prestatu behar dituzten plan estrategikoetarako (NPEaren plan estrategikoak) laguntzari buruzko arauak, eta indargabetzen ditu 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamendua, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa, 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.
Batzordearen 2022ko maiatzaren 4ko 2022/1172 (EB) Erregelamendu Delegatuak osatzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamendua, nekazaritza politika erkidearen kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari eta baldintzazkotasunaren esparruan aplikatzen ahal zaizkien penalizazio administratiboei dagokienez.
Batzordearen 2022ko abuztuaren 31ko Betearazpen Erabakiaren bidez, Espainiako 2023-2027ko NPEren Plan Estrategikoa onetsi zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen duten Europar Batasunaren laguntzarako (CCI: 2023ES06AFSP001).
Abenduaren 23ko 30/2022 Legeak Nekazaritza Politika Erkidea (NPE) kudeatzeko sistema eta lotutako beste gai batzuk arautzen ditu.
1045/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen jasangarritasunerako errentarako oinarrizko laguntza-eskubideei buruzkoa.
1046/2022 Errege Dekretuak, abenduaren 27koak, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren eta NBEUF eta LGENF nekazaritza funts europarren gobernantza arautzen du Espainian.
1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Plan Estrategikoko esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen du.
147/2023 Errege Dekretuak, otsailaren 28koak, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak ezartzen ditu, eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege dekretu batzuk aldatzen ditu.
1048/2022 Errege Dekretuak, abenduaren 27koak, 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko zuzeneko ordainketen aplikazioa eta baldintza komunen ezarpena arautzen ditu, baita kudeaketa eta kontrol sistema integratuko eskaera bakarra ere.
Abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuak baldintzazkotasun indartua eta baldintzazkotasun soziala aplikatzeko arauak ezartzen ditu, betebehar horiek baitituzte Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan zuzeneko ordainketak, landa garapenerako urteko ordainketa jakin batzuk eta Urruntasunagatiko eta Uhartetasunagatiko Aukera Espezifikoen Programaren esparrukoak jasotzen dituzten laguntzen onuradunek.
1054/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa; haren bidez ezarri eta arautzen da Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritza ekoizpenaren informazio sistema, bai eta Nekazaritza ustiategien erregistro autonomikoa eta Nekazaritza ustiategiaren koaderno digitala ere.
APA/204/2023 Agindua, otsailaren 28koa; haren bidez ezarri eta arautzen da nekazaritza ustiategien Erregistro autonomikoak eta nekazaritza-ustiategiaren Koaderno digitalak izan beharreko gutxieneko edukia eta, orobat, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritza ekoizpenaren Informazio sisteman informazio iturriak sartzeko kronologia.
Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa bidez egindako esku-hartzeen lehenbiziko kudeaketa urtearen ondoren, beharrezkotzat jo da Nafarroan araudi nazionalean jasota ez dauden kudeaketa berezitasun batzuk edo araudiak gaitzen dituen malgutasun batzuk ezartzea.
Zehazki, I. kapituluan, Nekazaritza Politika Erkidearen jasangarritasunerako errentarako oinarrizko laguntza-eskubideei buruzko abenduaren 27ko 1045/2022 Errege Dekretuaren 23. artikuluan araututako Erreserba Nazionala baliatzeko baldintzak ezarri nahi dira.
II. kapituluan, Nafarroan urte anitzeko etengabeko malgutasun batzuk aitortu nahi dira klimaren eta ingurumenaren aldeko araubideetan. Malgutasun horiek abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 4. apartatuaren 2. azpiataletik 5.era bitartean deskribatzen dira.
Gainera, horrela agintari eskudunek urtero Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari ezarritako malgutasunak jakinarazteko duten betebeharrari erantzuten zaio, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.
III. kapituluan, herri-larreak eta abeltzaintzako ustiategi bateragarriak kudeatzeko berezitasunak jasotzen dira.
Azienda ustiategiek erabiltzen duten larre azaleraren zati handi bat udalerri, kontzeju edo entitate arduradunetako herri-larreetan egiten da, berezko arau eta ordenantzen bidez azalera bat sinbolikoki esleitzearen bitartez. Larratze horri esker, ustiategi esleipendun guztietako aziendak mugarik gabe eta batera erabil ditzake azalerak.
Argi dago azalera horiek kudeatzeko moduak erabiltzen dituzten abereen ezaugarriak baldintzatzen dituela. Zezenketarako behi azienden ustiategiak eta esnetarako behi azienden ustiategiak, berez dituzten ezaugarriengatik, osasun kudeaketako baldintzengatik eta banakako maneiu intentsiboagatik, bateraezinak dira mugarik gabeko eta "nahasitako" artzaintza mota horrekin.
Era berean, Urbasa eta Andia jabari publikoko mendietan erabilera komuneko larre azalera aitortzeko prozedura deskribatzen da, NPBren laguntzak eskatzeko.
Azkenik, IV. kapituluan, Nafarroan baldintza artifizialak sortzeko arrisku gisa ezarritako baldintzak jasotzen dira, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 3. artikulua betez. Artikulu horrek ezartzen du agintaritza eskudunek neurri eraginkor eta egokiak hartuko dituztela Europar Batasuneko Zuzenbidearen xedapenak saihestea ekiditeko, eta, bereziki, zainduko dutela nekazaritza araudian ezarritako abantailarik ez ematea laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintzak artifizialki eta araudi horren helburuen kontra sortu dituztela frogatzen den pertsona fisiko edo juridikoei.
Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren gobernantza sistema, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen die Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari eta, kasua bada, zuzendari nagusiei ere, bakoitzak bere eskumenen esparruan, foru dekretua garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten eta, bereziki, osorik edo partez Europako nekazaritzako funtsen bidez finantzatzen diren dirulaguntzen arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezar ditzaten.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Zuzeneko ordainketen esku-hartzeen bidezko kudeaketan berezitasunak onartzea.
Onartu egin dira Nafarroako Foru Komunitateko 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketen bidezko esku-hartzeen kudeaketaren berezitasunak, foru agindu honen eranskinean jasotakoari jarraikiz.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.
Hala ere, 12. artikulua 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta 4. artikulua eta 15.3 artikuluaren 7. puntua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera aplikatuko dira.
Iruñean, 2025eko urriaren 13an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José M. Aierdi Fernandez de Barrena.
ERANSKINA.–ZUZENEKO ORDAINKETEN BIDEZKO ESKU-HARTZEEN KUDEAKETAREN BEREZITASUNAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO 2023-2027 ALDIRAKO NEKAZARITZA POLITIKA ERKIDEAREN PLAN ESTRATEGIKOAREN ESPARRUAN
I. KAPITULUA
Ustiategi bat lehen aldiz ezarri berri duten nekazari gazteek eta nekazari berriek erreserba nazionala baliatzeko baldintza espezifikoak, bai eta nekazari gazteentzako errentarako laguntza osagarria kobratzeko ere.
1. artikulua. Nekazaritza jardueran hastea.
1. Nekazari bat nekazaritza jardueran ustiategiko arduradun gisa hasi dela ulertuko da honako hauen artean datarik zaharrenean:
–Gizarte Segurantzan norberaren kontura eta nekazaritza jardueran alta ematea.
–Nekazari gazteak lanean hasteko laguntzaren aldeko ebazpena landa garapeneko neurrien barruan (lehen ezarpenerako laguntza).
–Nekazaritza erregistroetan izena emanda egotea eta 0,2 NLUko edo gehiagoko ustiategia izatea, banaka edo nekazaritza sozietate bateko partaidetzaren arabera.
–1.214 eurotik gorako nekazaritzako laguntzak jasotzea, bai banaka, bai nekazaritza sozietate bateko kide izateagatik.
2. Beraz, puntu horietako lehena ematen den urtea joko da nekazaritza jardueran hasteko urtetzat.
2. artikulua. Nekazaritzako prestakuntza eta gaikuntza.
Nekazari batek nekazaritzaren arloan prestakuntza eta gaikuntza egokiak dituela egiaztatu duela joko da honako inguruabar hauetakoren bat egiaztatzen duenean (horretarako, landa garapenaren arloan lehen aldiz lanean hasteko laguntza jasotzeko eskatutakoekin bat datozen eskola-prestakuntzako edo lanbide trebakuntzako irizpideak hartuko dira kontuan):
–Nekazaritzaren arloko prestakuntza arautua edukitzea, erdi edo goi mailako ziklo baten parekoa, edo nekazaritzaren edo albaitaritzaren adarreko unibertsitateko prestakuntza.
–Ustiategiak kudeatu eta gobernatzera bideratutako ikastaroak eginak izatea, gutxienez 150 ordukoak.
–Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera baliozkotuak, aitortuak edo izendatuak izan diren prestakuntza entitateek emandako "nekazaritza-ustiategian lanean hasteko" ikastaro espezifiko bat egitea, gutxienez 200 ordukoa.
–Landa garapenaren arloan lehen aldiz lanean hasteko laguntza ematearen aldeko ebazpena izatea, bai profesional gazteak ezartzeko, bai lanaldi partzialeko gazteak eta nekazari berriak ezartzeko.
–Lehentasunezko ustiategi batean instalatzea.
–Desabantaila egoeran dauden nekazarien kasuan, ustiategiko arduradun gisa aurretiaz izandako esperientzia.
–Nekazaritzaren adarreko profesionaltasun ziurtagiria, Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalaren araberakoa, edo lehen sektoreko gaitasun profesionalen egiaztagiria, administrazio publiko batek emana.
3. artikulua. Gizarte Segurantzan nekazaritza jardueran alta ematea.
1. Erreserba Nazionalean sartzeko baldintza orokorra da Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) alta emanda egotea nekazaritza jardueran aritzeagatik, "familiako laguntzaile" gisa inskribatuta daudenak izan ezik.
2. Onartutako EJSN kodeak kanpaina bakoitzerako nekazari aktiboaren figurarako irizpide orokor eta espezifikoei buruzko NBEF Koordinazio Zirkularraren dagokion eranskineko nekazaritzako elikagaien sektorearekin lotutako kodeen zerrendan agertzen direnak dira, laguntza jarduerei dagozkienak izan ezik.
4. artikulua. Eskubideak esleitzea larre azaleretan.
1. Larre azalerak onartzeko, eskatzaileak abeltzaina izan beharko du (Nekazaritza Ustiategien Erregistroan alta emanda egon beharko du eskaera bakarreko aldaketak egitekko azken egunerako) edo larre horien aprobetxamendua egiaztatu beharko du. Hirugarrenek ez dituzte larratze azalerak baliatzen ahalko.
2. Larreen kasuan, 0,20 AzLU/ha-tik beherako azienda dentsitateek baldintza artifizialak sortzeko arriskua dutela joko da, eta beraz ez da eskubiderik esleituko azienda dentsitate txikiagoa duten hektareetarako.
5. artikulua Faseka instalatzen den nekazari gaztea.
1. "Faseka instalatzen den nekazari gaztea" izateko, eskatzailea faseka gauzatutako landa garapenaren eremuko lehen ezarpenerako laguntzaren esparruan nekazaritza jardueran hasi beharko da, hau da, NPEPEaren edo LGParen esparruan nekazari gazteak ezartzeko 2024ko ekitaldia baino lehenagoko laguntza onartzen duen ebazpena izan beharko du.
2. Lehen aldiz faseka instalatuko diren nekazari gazteak dira, eta hainbat kanpainatan Erreserbaren eskubideak jasotzen ahalko dituzte.
3. Aukera horretatik kanpo geratzen dira nekazari berrientzako laguntzaren onuradun diren nekazariak.
4. Nekazari gazteentzako laguntza onartzen duen ebazpenean lehen instalazioa egiteko emandako epea gazteari faseka ezartzeko emandako epea da, eta epe horretan sartzen diren kanpainetan erreserba nazionalerako eskubideak eskatzen ahalko ditu.
5. Faseka gauzatutako landa garapenerako programa baten bidez nekazaritza jarduerara sartzen diren kasuari lotzen zaizkion eskatzaileen kasuan, enpresa planean onartutako abelburuak Erreserba Nazionalaren eskubideak jasotzen ahal dituzten larre hektareen kopuru bihurtzea eginen da bihurketa-faktore bat erabiliz, eta bihurketa-faktore hori izanen da hektarea bakoitzeko 0,20 Azienda Larriko Unitate (AzLU), lehenbiziko urtean edo hurrengoetan jasotzekoak diren eskubideei dagokienez.
II. KAPITULUA.–EKO ARAUBIDEETARAKO BETEKIZUN BATZUEN MALGUTASUNAK
6. artikulua. Karbono nekazaritzaren eta agroekologiaren eko araubideen malgutasunak: artzaintza estentsiboa, uzta eta larre azaleretako biodibertsitatea.
Biodibertsitate uharteak ezartzen direnean bazkalekuetan edo uzta jasangarrian uzta jasangarriari loturiko laguntza jasotzeko, eta, batetik, lepidopteroen bizi zikloa eta, bestetik, bazkalekuen ziklo begetatiboa bultzatzeko, horietan ez da jarduerarik egiten ahalko uztailaren 3tik abuztuaren 31ra bitartean.
7. artikulua. Karbono nekazaritzaren eta agroekologiaren eko araubideen malgutasunak: laboreak txandakatzea eta labore lurretan zuzenean ereitea.
Zuzenean ereiten denean, laborantza bertikalak egiten ahalko dira muturreko trinkotzea dagoen lekuetan, hala nola ezarritako laboreetan esku hartzeko makineriaren errodatuetan (ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioak, eta zerrenda bateko lursail buruak ez dira izanen 8 metro zabal baino gehiago).
8. artikulua. Karbono nekazaritzako eko araubideen malgutasunak: landare estaldurak eta estaldura geldoak labore zurkaretan.
1. Azalera mota guztietara hedatzen da, bai landare estaldura espontaneoak edo ereindakoak, bai labore zurkaretan inausketa hondakinen estaldura geldoak jartzeari begira, estaldurak mantentzeko aukera, sakonera txikiko gainazaleko lanen bidez (eskarifikadorea, kultibadorea, burdin sare area, etab.), apirilaren 1etik irailaren 30era bitartean iraulketa lanik egiten ez bada. Inola ere ez da aldatuko lurzoruaren egitura, eta lurzorua ez da biluzik egonen urteko ezein unetan.
2. Salbuespenez, estalduraren gainean fitosanitarioak aplikatzea baimenduko da, Landare Osasunaren arloko agintaritza eskudunak hala zehazten duen kasuetan, izurrien prebentzio, kontrol edo desagerpenaren ondorioz.
3. Landare estaldurak bizirik egon behar duen nahitaezko aldia abenduaren 1etik martxoaren 31ra ezartzen da.
4. Landare osasunaren arloko agintaritza eskudunak adierazten badu izurri bat dagoela inausketa hondarren gainean, hondar horien kudeaketa dagoen izurri mota bakoitzerako dauden araudi edo gomendioekin bat eginen da. Horrela, agintaritza eskudunak hala zehazten duen kasuetarako honako egoera hauek jasoko dira:
–Inausketa hondarretako estaldura geldoaren gainean fitosanitarioak aplikatzea baimenduko da.
–Inausketa hondarrak kentzea baimenduko da.
–Tratatu ondoren, inausketa hondarrak lurperatzea baimenduko da.
9. artikulua. Agroekologiako eko araubidea: biodibertsitate espazioak.
1. Laborantza lurretako, labore iraunkorretako eta urpeko laboreetako biodibertsitate espazioen azaleren gainean, salbuespenez, fitosanitarioak aplikatzea baimenduko da, Landare Osasunaren arloko agintaritza eskudunak hala zehazten duen kasuetan, izurrien prebentzio, kontrol edo desagerpenaren ondorioz.
2. Urpeko laboreen kasuan, ur geruzak gutxienez hiru hilabetez egon beharko du lurrean, modu jarraituan edo etenean, biodibertsitatea sustatze aldera, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.
III. KAPITULUA.–NAFARROAKO HERRI-LARREEN AZALEREN APROBETXAMENDUAREN BEREZITASUNAK
10. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendu bateratuko azalerak aitortzea.
Ez dira azalera horien onuradun izanen esnetarako edo zezenketarako morfotipoak dituzten behi azienden ustiategiak, ez eta esnetarako eta morfotipo nagusiki intentsiboak dituzten ardi azienden ustiategiak ere, bateraezinak baitira larratze bateratuarekin.
11. artikulua. Bazka aprobetxamendu bateratuko azalerak deklaratzea.
1. Larreen lurzatien titular diren tokiko erakundeek bazka aprobetxamendu bateratuko azalerak esleitzen ahalko dizkiete larratzea benetan eta eraginkortasunez egiten duten abeltzainei.
2. Esleipenak azalera garbi erabilgarriari dagozkionak izan behar dira, larreen onargarritasun koefizientea aplikatu ondoren, azienda batera larratzen duten abeltzainak gutxienez bi direnean eta zein eremu erabiltzen duten bereizten ez denean. Erabiltzen duten larratze eremua bereizten denean, edo abeltzain bakar batek erabiltzen badu herri-lurra, katastroko identifikazioa erabiliko da bazka eremua esleitzeko; hau da, esleipen hartzaileek, eskaera bakarrean, deklaratu beharko dituzte azienda bazkatzeko erabiltzen dituzten herri-lurretako SIGPAC esparru guztiak.
3. Herriko bazka lurretako lurzatiak kudeatzen dituzten toki entitateek "Laguntzak Kudeatzeko Sistema" (SGA) aplikazio informatikoaren bidez eginen dute herri-lurraren deklarazio grafikoa, barnean direla herri bazka lurrak osatzen dituzten SIGPAC esparruak, zehaztu daitezen haien muga grafikoak, azalera garbi osoa, eta esleipen hartzaileak nor diren eta bakoitzari zer azalera garbi esleitu zaion.
12. artikulua. Urbasa eta Andia jabari publikoko mendietan larre azalera aitortzeko prozedura, NPBren Eskaera Bakarreko laguntzak eskatzeko.
1. Etekinetarako Laguntzen Atalari dagokio abeltzainei Urbasa eta Andia jabari publikoko mendietan erabilera bateratuko larre azalera esleitzea.
2. Foru Agindu honek ezarritako prozeduraren arabera esleituko da aprobetxamendu bateratuko bazka eremua, eta abeltzain bakoitzaren eskaera bakarrean deklaratuko da, honela identifikaturik: probintzia, 31; udalerria, 694; poligonoa, 990; lurzatia, 99000, eta esparrua, 99001.
3. Egiaztatuko da deklarazio egileak nekazaritzan jardun duela esleitutako lur eremuan; bestela, edo Ingurune Naturalaren Zerbitzuak jakinarazten badu titularraren aziendak ez direla bazkatu esleitutako lurretan, larre horietan nekazaritza jarduera bete ez dela joko da.
4. Azalera iaz mendilerrora igotako abelburuen Azienda Larrien Unitateen arabera esleituko da. Azaleraren ehuneko bost abeltzain berrientzat gordeko da.
5. Larreak kudeatzeko jardunbide egokiak edo txarrak aitortze aldera, Azienda Larriko Unitateei bi koefiziente aplikatuko zaizkie, aziendaren espeziearen eta eskaera egin aurreko urtean mendilerroan egondako aldiaren arabera. Horrela, azaleraren esleipena ehuneko 43 handituko da ardi azienda larriko unitateen kasuan. Gainerako espezieek ez dute aldaketarik izanen. Era berean, aurreko urtean mendilerroan 150 egun baino gehiago egon ziren ustiategietako azienda larriko unitateei %20ko gehikuntza emanen zaie. Era berean, %20ko murrizketarekin zigortuko dira aurreko urtean mendilerroan 90 egun baino gutxiago eman zituzten ustiategietako azienda larrien unitateak.
6. Esleipen horretarako erabilitako bihurketa taulak Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoa aplikatzeari buruzko abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren IV. eranskinean agertzen dira.
7. Urbasa eta Andia jabari publikoko mendietako erabilera erkideko larreen onuradun izaten ahalko dira nafar auzotasun forala duten eta beren jabetzako azienda mendi horietara larratzera eramaten duten eskatzaileak.
8. Benetan igotako abereei buruzko datuak Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariak jakinaraziko ditu. Igoerarik ez badago, azalera hori deuseztatuko da egungo kanpainako laguntza eskaerei dagokienez.
9. Urbasa-Andia mendietako larreen azalerak aitortzeko eskaerak Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariak ebatziko ditu, eta ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10. Abeltzainek Urbasa eta Andia Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailean biltzen diren abeltzaintzarako jarraibideak bete beharko dituzte.
11. Abeltzain batek Urbasa eta Andia jabari publikoko mendietan larreak lehen aldiz erabiltzen dituenean, horri uko egiten dionean, ustiategia eskualdatu duenean edo onartutako azalera aldatzea eskatzen duenean, adjudikazio ebazpena argitaratu eta 10 eguneko epean idatziz eskatu beharko du azaleraren onarpena, ebazpen honen I. eranskineko eskabide ereduaren arabera. Abeltzainak adierazi beharko du bere jabetzako zer azienda sartu nahi duen Urbasa-Andian egungo kanpainan, azienda kopurua espezieka eta adin tarteak zehaztuta, bai eta Urbasa eta Andia mendietan onartzea eskatzen duen gehieneko larre azalera garbia ere, hektareatan emana. Adierazpen horretan ez da jasoko sei hiletik gorako zezenik, ezin baitira mendietara igo sexu transmisioko gaixotasunak direla-eta, Landa Garapeneko kontseilariaren abuztuaren 12ko 140/2021 Foru Aginduari jarraituz, zeinak osasun programa bat ezartzen duen Urbasa eta Andia mendietako larreak erabiltzen dituzten abeltegientzat.
13. artikulua. Esnetarako morfotipoak aitortzea "Esne ekoizpenerako ugalketa" sailkapen zooteknikoa duten ustiapenetarako, behi esnearen ekoizpen jasangarriari lotutako laguntzarako.
Laguntza hori kobratzeari dagokionez, abere hautagarriak 1048/2022 Errege Dekretuaren XXIII. eranskinean zerrendatutako morfotipoetako bateko esnetarako behi emeak izanen dira, eta Nafarroan, berriz, "esne ekoizpenerako ugalketa" sailkapen zooteknikoa duten ustiapenetarako soilik, esnetarako gaitasun nabarmeneko arrazatzat hartuko dira Montbeliard, Arre alpinoa eta Gurutzatua, 1048/2022 Errege Dekretuaren XIII. eranskinekoez gain.
14. artikulua. Ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak.
1. Foru agindu honetan araututako guztian, Kode Zibilaren 1105. artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan jasotako salbuespenezko inguruabarrak edo ezinbesteko arrazoiak aplikatuko dira. Agintaritza eskudunak ezinbesteko beste arrazoi batzuk eta salbuespenezko inguruabarrak ezar baditzake ere, honako hauek hartuko dira halakotzat beti:
a) Onuraduna hiltzea edo desagertzea.
b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.
c) Hondamendi natural larria edo hondamendi naturalarekin pareka daitekeen fenomeno klimatologiko larria, ustiategiko nekazaritza lurrei kalte larria eragin diena.
d) Ustiategiko abeltzaintza lokalak istripuz suntsitzea.
e) Agintaritza eskudunak aitortutako epizootia, onuradunaren ustiategiko azienda osoa edo zati bat erasan duena.
f) Mikroorganismo patogenikoek edo ingurumen faktoreek eragindako landare izurritea edo landare gaixotasuna, agintaritza eskudunak aitortua, onuradunaren ustiategiko laboreen zati bati edo labore guztiei eragin diena.
g) Ustiategia edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean halakorik ezin bazen aurreikusi.
h) Laborearen edo aziendaren ekoizpena galtzea, zati batean edo osorik, basafaunak eragindako eta agintari eskudunak aitortutako kalteengatik.
2. Ukitutako titularrak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko arrazoiak edo salbuespenezko inguruabarrak, zuzenbidean onartutako bitartekoen arabera egokiak diren frogak erantsita, egitate horiek gertatu eta hurrengo hamabost egunen barnean, edo, haien izaeragatik komunikazioa modu larrian eragotzi edo zaildu bada, onuraduna edo haren ordezkaria hori egiteko moduan dagoen egunean.
IV. KAPITULUA.–BALDINTZA ARTIFIZIALAK SORTZEKO ARRISKUAREN EBALUAZIOA
15. artikulua. Baldintza artifizialak sortzea saihesteko neurriak eta irizpideak.
1. Azaleren araberako neurrietan, nekazaritza jarduera zailtzen duten edo lursailak edukitzea zailtzen duten egoerak detektatuko dira, edo titularraren laguntza eskaeran mugimenduak egiten dituztenak, honako irizpide hauen arabera:
–Nafarroatik kanpo dauden esparruak izendatzea.
–Esparruen baja masiboa aurretiazko kontrolak jakinaraztearen ondorioz eskabideak egokitu ondoren.
–Esparruak nekazaritzakoak ez diren aprobetxamenduetara masiboki aldatzea.
Arriskua ebaluatzeko, mugimenduaren motibazioa eskatuko da, bai eta nekazaritza jardueraren edota edukitzaren justifikazioa ere.
2. Animalien araberako neurrietan, ustiategiaren tipologia edo tamaina dela-eta laguntza eskabidean aitortutako larre azaleretan nekazaritza jarduera ez egitearen susmoa dagoen egoerak detektatuko dira, honako irizpide hauen arabera:
–Larre erkideak aitortzea erabilera horrekin bateragarriak ez diren abeltzaintza ustiategietan.
–Aitortutako larre azalerak gehiegizkoak izatea eta aprobetxamendua justifikatuta ez egotea gutxieneko abere kargara ez iristeagatik.
–Abeltzaintza ustiategitik 10 kilometro baino gehiagora dauden larre esparruak aitortzea.
–Segatu ezin den esparruetan segatzeko nekazaritza jarduera aitortzea.
–Nekazaritzako mantentze jarduerak aitortzea.
Kasu horietan guztietan, garraiatzeari buruzko agiri bidezko justifikazioa eskatuko da, lekualdaketa giden bidez, Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 19. artikuluaren eta Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legearen 50. artikuluaren arabera, bai eta ebidentziak aurkezteko ere, argazki geoerreferentziatuak aurkeztearen bidez.
3. Erreserba Nazionalaren esleipenari dagokionez, frogatzen bada onuradun batek artifizialki sortu dituela erreserba nazionalaren kargurako errentarako oinarrizko laguntza eskubideak eskatzeko baldintzak, ez zaizkio eskubide horiek emanen, edo eskubideak baldintza artifizialak sortu ez diren esparruetara mugatuko dira. Honako hauek izanen dira ebaluazio irizpideak:
–Ustiategiaren ekoizpen-orientazioarekin zerikusirik ez duen azalera edo jarduera mota aitortzea.
–Zuhaixka larreen eta artzaintzarako zuhaitz larreen azalerak esleitzea, ustiategiaren sailkapen zooteknikoagatik, ustiategi motagatik, ekoizpen sistemagatik, arrazagatik, espezieagatik edo beste sailkapen batzuengatik larre horiek benetan ez erabiltzeko arriskua dagoela ondorioztatzen ahal bada.
–Familia edo sozietate harremana eta/edo helbide bera izatea larre-lagatzaileak eta lagapen-hartzaileak.
–Urte askotan zehar tamaina homogeneoa izan duten eta funtzionatzen jarraitzen duten ustiategiak, pertsona fisiko bati transferitzen zaizkionak edo pertsona juridikoari bazkideak ematen dizkionak, eta, animalia berriak kontuan hartuta, hektareen aitorpen neurrigabea dutenak.
–Aitortutako larre lurzatiak eskatzailearen titulartasuneko abeltzaintza instalazioaren edo instalazioen kokaleku nagusitik 10 kilometrora baino gehiagora egotea, eta abereak garraiatzeko gidarik ez edukitzea.
–Abeltzaintza ustiategi nagusia dagoen udalerriarekin mugakide ez den beste udalerri batean aitortzea larreak, eta abereak garraiatzeko gidarik ez edukitzea.
–Hektareako 0,20 azienda larriko unitate (AzLU) baino gutxiagoko abere kargak.
–Ustiategiko nekazaritza lurzatien zati handi batean mantentze jarduerak aitortzea.
–Nekazaritzako jarduerari dagokion Gizarte Segurantzako araubidean alta ematea eta, eskaera onartu eta/edo ordainketa jaso ondoren, baja ematea.
–Nekazari gazteak edo berriak nortasun juridikoa duten nekazaritza enpresetako bazkide gisa sartzea, eta helburu bakarra enpresa horiek nekazari gazte edo berri gisa kualifikatzea izatea, enpresa horiek kapital sozialean duten partaidetzaren kontrol efektiboari eta epe luzekoari dagokienez, bai eta pertsona juridikoaren zuzendaritza-batzordearen barruan botoa emateko eta betorik ez izateko eskubideei, eguneroko kudeaketari eta enpresa arriskuari dagokienez ere.
- Nekazari gazteak ez diren bazkideen, nekazari berrien edo bazkide ez diren hirugarrenen aldeko ahalordetzeak edo administratzaile izendapenak.
- Gazteak ez diren bazkideek, bazkide berriek edo bazkide ez diren hirugarrenek ustiategiko arduradunaren eguneroko kudeaketa propioa egiteari buruzko frogak.
- Betorik ez dagoela eta ustiategiaren eguneroko kudeaketaz arduratzen direnak direla berresten duen aitorpen sinaturik ez aurkeztea laguntza eskabidearekin batera.
- Ustiategiaren edo azaleren titulartasuna aldatzea, baldin eta alderdien artean familia edo sozietate harremana badago eta lehengo titularrek ustiategia kudeatzen jarrai badezakete. Kontuz ibiliko da lagatzaileak eta lagapen-hartzaileak helbide berbera duten kasuetan.
- Erreserba nazionala baliatzeko gaitzen duten bazkideetako bat beste lan-jarduera bat edo prestakuntza bat egiten ari bada, eta jarduera edo prestakuntza hori, ordutegiengatik eta ustiategitik urrun egoteagatik, ustiategiaren arduradun gisa jarduteko eragozpena izan badaiteke.
- Pertsona juridikoak kapital sozialean duen partaidetza ehunekoa %25 baino txikiagoa izatea.
–Eskubideen titular batek eskubide horiek lagatzen dituenean eta, bestalde, lurrak edo abeltzaintza ustiategia REGA kodearekin lagatzen dituenean, eta lurren edo abeltzaintza ustiategiaren titular berriak eskubide berriak eskatzea erreserba nazionalari. Arrisku faktore gehigarritzat joko da aurreko titularraren eta titular berriaren artean eta/edo lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen artean sozietate edo familia harremana egotea, bai eta lagapenean eta/edo ustiategiaren titulartasun aldaketan parte hartzen dutenek helbidea partekatzea ere.
Iruñean, 2025eko urriaren 13an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José M. Aierdi Fernandez de Barrena.
I. ERANSKINA.–"URBASA ETA ANDIA JABARI PUBLIKOKO MENDIEN NPBan AITORTU DAITEKEEN AZALERA ONARTZEKO ESKAERA"
JAKINARAZLEA:
................................................................................. jaunak/andreak, adin nagusikoak, nafar foru auzotasuna duenak (NAN zk.: …..................), bere izenean/honen ordezkaritzan (marratu ez dagokiona): ………………………..……………………................... (IFZ: ………………), eta bere egoitza/ordezkatuaren egoitza (marratu ez dagokiona) …………………………............(Nafarroa), …......................................................... kalea, ... zk., …......... posta kodea, ................. telefonoa, ............................................... helbide elektronikoa, helbidean duenak,
JAKINARAZTEN DUT:
Nire asmoa dela .........../20 Ebazpenak, ..............(e)ko .........................aren ........(e)koak, Ingurumeneko zuzendari nagusiarenak, emandako baimena erabiliz, egungo kanpainan nire jabetzako animaliak Urbasa-Andian sartzea, behean zerrendaturikoak, eta sei hiletik gorako zezenik ez sartzeko konpromisoa hartzen dudala (*1).
Jarraian jasotako taulan azaltzen dizuet nire egoera (*2):
Aurreko kanpainan: | o Nire jabetzako aziendarik ez zen sartu Urbasa-Andian (nire ustiategia ez da agertzen III. eranskinean) |
o Nire jabetzako azienda sartu zen Urbasa-Andian, baina ez nuen eskatu larre azalerarik onartzeko, NPEko laguntzak eskatzeko (nire ustiategia ez da agertzen III. eranskinean) | |
o Nire jabetzako azienda sartu zen Urbasa-Andian, larre azalera adjudikatu zitzaidan NPEko laguntzak eskatzeko (nire ustiategia agertzen da III. eranskinean), baina kanpaina honetan larre azalera handiagoa/txikiagoa behar dut (marratu ez dagokiona) (*3) | |
o ........................................................ izeneko abeltegia jaso dut eskualdatuta; abeltegi horren titularrak sartu zuen azienda Urbasa-Andia mendietan aurreko kanpainan eta adjudikazioa dauka | |
(*1) Soilik III. eranskinean agertzen dena eta aurreko kanpainako azalera berbera behar duena dago dokumentu hau aurkeztetik salbuetsita. (*2) Adierazi x batekin zure egoera zein laukik jasotzen duen. | |
Halaber, jakinarazten dut Urbasa eta Andia mendietan larre azalera garbiko zenbat hektarea aitortzea eskatu dudan. Horrenbestez,
ESKATZEN DUT:
1.–Urbasa eta Andia jabari publikoko mendietako erabilera erkideko bazka azalera onar dakidala, eta adierazten dut mendira sartuko naizela abere kopuru honekin:
USTIATEGIA | ADIN TARTEAK | ABELBURUAK | EGUNAK |
2 urtetik gorako behi-azienda | .......................(e)tik ....................(e)ra | ||
6 hilabetetik 2 urtera bitarteko (barne) behi azienda | |||
6 hilabetetik beherako behi azienda | |||
Ardi azienda | |||
Ahuntz azienda | |||
6 hilabetetik gorako zaldi azienda | |||
6 hilabetetik beherako zaldi azienda | |||
(*) Taula honetan ez dago jasota sei hiletik gorako zezenik, hori ezin baita mendietara igo, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abuztuaren 12ko 140/2021 Foru Aginduari jarraituz, zeinak osasun programa bat ezartzen duen Urbasa eta Andia mendietako larreak erabiltzen dituzten abeltegietarako. | |||
2.–Urbasa eta Andia jabari publikoko mendietako bazka azalera garbia, gehienez, ............................. hektareakoa izanen da.
………....... udalerria, ……………… kontzejua (Nafarroa), 202.....(e)ko ...................... aren .......(e)(a)n.
(Sinadura)
Iragarkiaren kodea: F2513297
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
