Iragarkia
217. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERRIOBEITI
Deialdia, kirol eta gazteriako teknikariaren plaza bat txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Tokiko Gobernu Batzarrak 2025eko irailaren 30ean hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zen, Berriobeitiko Udaleko kirol eta gazteriako teknikariaren plaza bat txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, funtzionarioen araubidean jarduteko. Plazak 44 zenbakia du plantilla organikoan.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da txanda irekian betetzea kirol eta gazteriako teknikariaren plaza bat, B mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa, Berriobeitiko Udalaren zerbitzura aritzeko, lanaldi osoan. Plazak 44 zenbakia du plantilla organikoan, 2025erako onetsitako lan publikoaren eskaintzaren arabera.
1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia, dagozkion hautaprobak gainditu ostean betiere, kirol eta gazteriako teknikari izanen da, B mailakoa, lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrera. Hala badagokio, plantilla organikoan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako ordainsariak eta osagarriak jasoko ditu.
1.3. Urteko lanaldia izanen da gainerako udal langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da une oro. Administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean. Edozein kasutan, zerbitzua lehentasunez goizeko ordutegian emateko aukera berariaz jasotzen da, lanpostuari dagozkion zenbait eginkizun arratsaldeko ordutegian egitea beharrezkoa izanen delarik, baita salbuespen gisa larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ere.
1.4. Beren mailako eta kategoriako eginkizunak beteko dituzte. Adierazpen gisa eta ez modu baztertzailean, hona hemen egin beharreko zeregin batzuk:
–Udalean, kiroletako eta gazteriako arloei lotuta izapidetzen diren administrazio-prozedurak eta -espedienteak kudeatzea.
–Kiroletako eta gazteriako arloetako dirulaguntzak eta hitzarmenak kudeatzea.
–Kirol-jarduera herrikoiak planifikatzea, antolatzea eta dinamizatzea udalerrian.
–Ekintzak eta proiektuak planifikatzea eta antolatzea gazteriako eta herritarren ekintzako arloetan, zeinak lotuta egonen baitira, kasua bada, udaleko beste arloekin.
–Solaskide aritzea udalerriko kirol-erakunde, -entitate, -elkarte eta -klubekin, eta laguntza eta babesa ematea kirol-talde eta -klub berriak eratzeko udalerrian.
–Udalerriko kirol-azpiegituren administrazio-kudeaketa egitea.
–Laguntza, aholkularitza eta babesa ematea Udaleko organo eta zerbitzuei kiroletako eta gazteriako kontuetan.
–Bere mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion guztiak.
2.–Betebeharrak.
2.1. Txanda irekiko oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean eta izendapena egin arte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako nazionalitatea dutenek ere sartzea izanen dute lanpostu publiko guztietan, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza beretan, salbu eta botere publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola haien oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, baldin eta oinordekoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.
Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen joan-etorri askea aplikagarria bada.
Nafarroako Administrazio Publikoek finkatuko dute, nork bere eskumenen esparruan, zer lanpostutan ezin izanen diren sartu Europar Batasuneko beste estatuetako herritarrak.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina. Foru Legearen bidez ezartzen ahal da bestelako gehieneko adina, erretiroa nahitaez hartzekoa ez dena, enplegu publikoa eskuratzeko.
c) Eskaerak aurkezteko epea bururatzen den egunean Unibertsitateko Diplomadun titulua, Arkitekto Teknikoarena edo hirugarren mailako Lanbide Heziketakoa izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.
2.2. Gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek deialdi honen 8. oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte aipatu beharkizun guztiak. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko ditu eta haien jabe izanen da hautatze prozeduran, harik eta izendatu arte.
3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea egonen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta modu telematikoan aurkeztu behar dira Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez (https://sedeelectronica.berrioplano.es/), instantzia orokorraren izapidea baliatuta.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuendako, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".
Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legean (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak) hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean.
3.4. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera.
Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.
3.5. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa. Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:
3.5.1. NANaren edo nortasuna frogatzen duen beste agiri baten fotokopia.
3.5.2. Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.
3.5.3. Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiriak, lehiaketaldian baloratzeko, 6. oinarrian ezarritako baremoari jarraikiz.
3.5.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.5.5. Azterketa-eskubideetarako 16,93 euro ordaindu izanaren frogagiria; dirua CaixaBankeko ES80 2100 5184 5422 0005 1438 kontuan sartuko da. Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: kirol eta gazteriako teknikarirako azterketa.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
3.5.6. Euskara baloratzeko agiriak.
Euskararen ezagutza frogatzen duen titulua edo ziurtagiri ofiziala.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Berriobeitiko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agirietan akatsik egin badute, horiek zuzentzeko. Telematikoki aurkeztu beharko dira erreklamazioak.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratzeko.
Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda onetsiko da.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela erabaki honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaldiko lehen ariketa eta zein izanen den epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan.
4.6. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Félix Remírez Hoyos, Berriobeitiko Udaleko alkatea.
–Ordezkoa: Luis González Lorente, Berriobeitiko Udaleko alkateordea.
–Epaimahaikidea: Mario Zapata Solano, Berriobeitiko Udaleko euskara teknikaria.
–Ordezkoa: Marta Guruciaga Reparaz, Berriobeitiko Udaleko kultura-teknikari koordinatzailea.
–Epaimahaikidea: epaimahaiak izendatu beharreko kirol-teknikari bat.
–Ordezkoa: epaimahaiak izendatu beharreko kirol-teknikari bat.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko langile bat.
–Ordezkoa: Nafarroako Gazteriaren Institutuko langile bat.
–Epaimahaikide idazkaria: Ruth Alcala Tuñón, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: Jesús Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak izan dezake aholkulari adituen laguntza, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Oposizioaldia 2025eko azarotik aurrera hasiko da.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren. Epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan 48 orduko aurrerapenarekin; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta proba hori non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.
Oposizioaldiko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, bai eta bolaluma urdina edo beltza ere. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.3. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.4. Oposizioaldia: 70 puntu.
Oposizioaldiak bi bloke izanen ditu. Bloke bakoitzean ariketa hauek eginen dira:
6.4.1. Lehen blokea. 60 puntu, gehienez.
6.4.1.1. Lehenengo proba: II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei buruzko test motako galdera-sorta bati idatziz erantzun beharko zaio.
Ariketa honengatik gehienez 30 puntu emanen dira, eta gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrak galdera zuzen baten puntuazioaren erdi batekin zigortuko dira.
6.4.1.2. Bigarren proba: lanpostuaren eginkizun eta edukiekin zerikusia duten kasu praktikoak ebaztea. Bi kasu praktiko: kasu bat kirolarekin lotutakoa eta bestea, gazteriarekin. Ariketa honengatik gehienez 30 puntu emanen dira, eta gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.
6.4.2. Bigarren blokea. 10 puntu, gehienez.
Lanpostuko jarduerari buruzko ezagutza praktikoak baloratuko dira. Epaimahaiak zehaztu beharreko kasu praktikoetako bat irakurtzea eta defendatzea.
Epaimahaiak zehaztuko du proba hau egun bakarrean edo gehiagotan eginen den, bai eta zenbat denbora iraunen duen ere, betiere haren edukiaren arabera.
Proba bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak ezarriko du ariketak egiteko zenbat denbora egonen den.
6.5. Oposizioaldiko ariketa guztiak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira, bada, ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez dutenak.
Proba teorikoa egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza izan ezik.
6.6. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da proba teorikoan. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du kalifikazioen zerrenda Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan eta, era berean, adieraziko da gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.
6.7. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten modu telematikoan.
6.8. Lehiaketaldia. Epaimahaiak oposizioaldia gainditu duten izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, jarraian ageri den baremoaren arabera. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.9. Merezimenduen baremoa. Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
6.9.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 15 puntu.
a) Deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko, edozein administrazio edo sozietate publikotan egiazki egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.
b) Deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko, herri-administrazioetatik kanpo egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: puntu bat urteko.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.
b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
c) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak berdin baloratuko dira, lanaldia edozein izanik ere.
d) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
e) Lanean egindako denbora baloratzeko, aurkeztu beharko da, zerbitzuak zein administraziotan egin diren, harexek eginiko ziurtagiri bat, betetako eginkizunak frogatzen dituena eta lanpostu horretarako eskatu zen titulazioa adierazten duena.
6.9.2. Prestakuntza. Epaimahaiaren iritziz Kirol eta/edo Gazteria arloarekin eta deialdian aipatzen den lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten 50 ordutik gorako ikastaro eta jardunaldietara joateagatik, puntu bat ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu.
Ez dira baloratuko 50 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ez eta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.
6.9.3. Euskara.
Udal-eremuan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantzan ezarritakoaren arabera, eta Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen 97/2024 Foru Dekretuan ezarritako ehunekoarekin bat etorriz, euskara baloratuko da merezimenduen baremoaren gainerakoari esleitutako puntuazioaren %7arekin. Hortaz, euskara jakiteagatik gehienez ere 2,1 puntu emanen dira C1 titulua edukiz gero. Horien azpiko titulazioei puntu hauek emanen zaizkie: A1 tituluak 0,42 puntu izanen ditu, A2 tituluak 0,84 puntu, B1 tituluak 1,26 puntu eta B2 tituluak 1,68 puntu.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, eta eskabideari agiri horren fotokopia konpultsatua erantsi behar zaio.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du eskuratutako puntuazioa Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan, bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuta.
7.–Gainditu dutenen zerrenda, lanpostu hutsak aukeratzea eta izendapen proposamena.
7.1. Izangaien kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du. Berdinketa gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen proban puntuazio handiena lortu duten izangaien alde. Berdinketak badirau, zozketa publiko bidez ebatziko da.
7.2. Epaimahaiak Berriobeitiko Udaleko alkateari helaraziko dio puntuazio handiena duen hautagaiaren aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Udalaren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
7.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Berriobeitiko Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Osasun ziurtagiria, aditzera ematen duena interesdunak ez duela lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zin egite edo hitzematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
7.4. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.
7.5. Baldin gertatzen bada 7.4 apartatuan aipatutako kasua, baja beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan (7.1 apartatua) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da informazio hori.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen-prozesua amaitu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.3 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Berriobeitiko Udaleko alkateak ebatziko du huraxe izendatzea Berriobeitiko Udaleko kirol eta gazteriako teknikari.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Berriobeitiko Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.
9.–Datuen babesa.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO); zehazki, haren 13. artikuluari:
–Berriobeitiko Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz (Udaletxeko plaza 1, Berriobeiti), ayuntamiento@berrioplano.es helbide elektronikora idatziz edo webgunea kontsultatuz (https://www.berrioplano.es/eu/).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki-erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Berriobeitin, 2025eko ekainaren 25ean.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Administrazio-agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, erabakien helarazpena, jakinarazpenak.
2.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen erroldaren ideia orokorra, izapideak eta prozedurak.
3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. Titulua: udalerria. V. Titulua, I. kapitulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea.
5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. Titulua: prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola. Zehazki, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.
6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki-erakundeen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua. I. titulua: toki korporazioetako kideen estatutua. II. titulua: lurralde mailako toki-erakundeen beharrezko antolaketa. III. titulua: lurralde mailako toki-erakundeen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: lurralde mailako toki-erakundeen antolaketa osagarria. VI. titulua: prozedura eta araubide juridikoa.
7.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
8.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua. IV. kapitulua: administrazio publikoen ondare-erantzukizuna. V. kapitulua: funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.
9.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua: xedapen orokorrak. III. kapitulua: kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. IV. kapitulua: kontratu publikoen kontratu kudeaketarako printzipioak eta arauak. V. kapitulua: publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.
10.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
11.–39/2022 Legea, abenduaren 30ekoa, Kirolari buruzkoa.
12.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa. I., II., III., IV., V. eta VI. tituluak.
13.–89/2024 Foru Dekretua, urriaren 9koa, Nafarroako Kirolaren Erregistroa arautzen duena.
14.–86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena.
15.–18/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroan Kirol Lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzkoa.
16.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua: dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. II. titulua: dirulaguntzak itzultzea.
17.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
18.–Berriobeitiko Udalaren herritarrentzako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.
19.–Berriobeitiko Udalaren kirol eremuen eta pilotalekuen erabilera arautzen duen ordenantza.
20.–Artikako Artigune espazio soziokulturalaren espazio eta baliabideen antolaketa eta erabilera arautzen dituen ordenantza.
21.–Artikako udal kirol instalazioen barne araubidearen erregelamendua.
22.–Berriobeitiko Udalaren kirol instalazioen barne araubidearen erregelamendua.
23.–80/2003 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa arautzen dituena. I. titulua, II. eta III. kapituluak, Nafarroako kirol-klubak eta kirol-sustapeneko erakundeak; II. titulua, kirol-klub filialak; III. titulua, I. kapitulua, arau orokorrak.
24.–38/2009 Foru Dekretua, apirilaren 20koa, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituena.
25.–11/2011 Foru Legea, apirilaren 1ekoa, Gazteriari buruzkoa.
26.–12/2019 Foru Legea, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa.
27.–Gazteriaren arloko politiken bilakaera.
28.–Gazteriaren arloko erakunde, programa eta zerbitzuak Europan eta Estatuan.
29.–Gazteriaren arloko erakunde, programa eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean.
30.–Gazte-planak egitea: plangintza, jarraipena eta ebaluazioa.
31.–Gazteentzako informazioa. Zerbitzuak, sareak, baliabideak eta gazteekin harremanetan jartzeko dauden komunikazio bideak.
32.–Gazteen parte-hartzea. Parte hartzeko tresnak.
33.–Gazte izaera, aniztasuna eta gizarteratzea.
34.–Gazteekiko hezkuntza ez-formalean jarduteko prestakuntza.
35.–Emantzipazioa: hezkuntza, enplegua eta etxebizitza.
36.–Gazteriaren arloko zeharkako politikak.
37.–Gazteentzako espazioak: pribatuak, publikoak eta kudeaketa-sistemak.
38.–Berriobeitiko geografia. Deskribapen orokorra. Parajeak. Kale-izendegia. Berriobeiti eta haren ingurunea. Biztanleria: bilakaera.
Iragarkiaren kodea: L2513324
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
