Iragarkia
217. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1168E/2025 EBAZPENA, urriaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita Pitillasko udalerrian "Santa Brigita" eguzki-parke fotovoltaikoa, biltegiratze-sistemarekin eta ibilgailu elektrikoentzat kargagailuekin, eta haren ebakuazio azpiegitura egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Proiektua Energías Fotovoltaicas de Navarra SL enpresak sustatu du, eta, Pitillasko udalerriaz gain, Erriberriko udalerria ere ukituko duen ebakuazio-azpiegitura barne hartzen du.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, jarduera sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko j) eta n) apartatuetan, bai eta Legeak izan dituen ondorengo aldaketetan ere. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.
Energías Fotovoltaicas De Navarra SL enpresak 2025eko urtarrilean aurkeztu zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari "Santa Brigita" eguzki-parke fotovoltaikoa, biltegiratze-sistemarekin eta ibilgailu elektrikoentzat kargagailuekin, egiteko proiektua, eta aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimena lortzeko eskaerak. Ondoren, 2025eko otsailean, dokumentazioa osatu zuen ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztuta.
Dokumentazio hori guztia informazio publikoan jarri zen, iragarki bat argitaratuz 2025eko martxoaren 13ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Era berean, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Pitillasko Udala; Ingurumen Ebaluazioko, Paisaia eta Lurzoru Urbanizaezineko eta Ustiapeneko atalak (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia); Nafarroako ubideko eremu ureztagarriko emakida duen sozietateari; eta Nafarroako Guardia Zibilari (SEPRONA).
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.
Aurkeztutako dokumentazioan bada ingurumen gaiei buruzko dokumentu bat, bat datorrena Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanak honako alderdi hauek jasotzen ditu: alternatiben analisia, kalteak jasan ditzaketen ingurumen faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorraraz ditzaketen ekintzen identifikazioa eta ingurumen faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa, horien artean eragin sinergikoak eta metatze eraginak, ezbehar larri edota hondamendien aurreko kalteberatasunaren ondoriozkoak, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak, eta ingurumen-jarraipena egiteko jarduketak.
2. Proiektuaren deskribapena.
Izapidetzearen xede den "Santa Brigita" proiektuak honako hauek hartzen ditu barne: eguzki-instalazio fotovoltaiko bat, biltegiratze-sistemarekin eta ibilgailu elektrikoentzat kargagailuekin, 8,2 hektarea okupatzen dituztenak Pitillasko 3. poligonoaren 429, 431, 432, 433 eta 434 partzeletan, guztiak ere N-121 errepidearen alboan kokatuak. Eguzki-instalazioa eta bateria bidezko biltegiratze-sistema errepidetik 25 metro atzera egonen lirateke, eta, hain justu, atzeraemandako espazio horretan planteatzen da ibilgailu elektrikoentzat kargagailuak jartzea. Ebakuazio-azpiegitura I-DE Redes Inteligentes SAU enpresaren jabetzako "La Pedrera 66 Kv" ebakitze-zentrora arte lurperatzea planteatzen da.
Eguzki-instalazioa 9.912 panel fotovoltaikok osatuko lukete, multzokatuta egonen liratekeenak, batzuk jarraitzaileen gainean (ekialdea-mendebaldea norabidea jarraitzen duten ardatzekin) eta beste batzuk egitura finkoen gainean (hegoaldera begira jarrita). Egitura horiek zuzenean finkatuko lirateke lurrean. Modulu fotovoltaikoetan sortutako energia, korronte zuzenekoa, behe-tentsioko korronte alterno bilakatzeko 18 inbertsore ere badaude planifikatuta. Inbertsoreen irteerak behe-tentsioko bost koadro orokorretan kontzentratuko lirateke, hiru SPS estaziotan multzokatuta (SPS1, SPS2 eta SPS3), 0,8/20 kV-ko transformadorearen eta erdi-tentsioko gelaxken ondoan. Transformadoretik irteera 20 kV-koa izanen litzateke, eta erdi-tentsioko 3.931 metro inguruko lurperatutako linea baten bitartez komunikatuko litzateke "Santa Brigida" azpiestazio berriarekin, dagoeneko existitzen den "La Pedrera I" eguzki-parkeak okupatzen duen lursailean kokatuko litzakeena. Bada, azpiestazio horretan, tentsioa 66 kV-ra igoko litzateke. Ondoren, azpiestazio horretatik energia "La Pedrera 66 Kv" ebakitze-zentrora arte eroanen litzateke, dagoeneko existitzen dena eta I-DE Redes Inteligentes SAU enpresaren jabetzakoa dena.
Erdi-tentsioko lurperatutako linearen trazatua N-121 errepidearen paraleloan joanen litzateke zatirik gehienean, eta, ondoren, landabide bat baliatuko litzateke ebakuazioko azpieztaziora gerturatzeko. Azken 100 metroetan, aldapa handiko larre bat zeharkatu beharko litzateke.
Eguzki-instalazio fotovoltaikoaz gain, proiektuak energia biltegiratzeko sistema bat ere aurreikusten du, sare elektrikoa elikatzeko eta sarearen euskarri gisa jarduteko. Aipatu sistemak biltegiratutako energia eraldatzeko sistema bat ere izanen luke, tentsioa 20 kV-ra arte igotzeko, "Santa Brigida" azpiestazio berriak eskatu bezala. Horrez gain, bi kontainer-unitate egonen lirateke Ion-Litio gelaxkekin, PCS gailuekin, gelaxken karga kontrolatzeko sistemarekin, hozte-sistemarekin eta kontrol-sistemarekin. Era berean, hiru karga-puntu bikoitz instalatzea ere planteatzen da, biltegiratze-sistematik heldutako energiarekin elikatuko liratekeenak.
Sarrera N-121 errepidetik eginen litzateke, dagoeneko existitzen diren sarbideak erabilita.
Honako hauek dira proiektuan jasotako beste ekintzetako batzuk: zangak zulatzea, ekoiztutako energia lur azpitik ateratzeko; lurrak mugitzea, euskarriak, inbertsoreak, transformadorea, metatze-sistema, ibilgailu elektrikoentzat kargagailuak eta "Santa Brigida" azpiestazio berria jartzeko; eta itxiera perimetrala jartzea, gutxienez 2 metroko hesiekin.

3. Espedientearen azterketa teknikoa.
a) Alternatiben azterketa.
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuak alternatiben azterketa egiten du, helburu hartuta proiektua garatzeko alternatibak ebaluatzea, konexio-puntua dagoeneko existitzen den "SS Pedrera 66kV" ebakitze-zentroan izanik. Azterketak hiru aukera aztertzen ditu, sustatzaileak baztertutako 0 alternatibaz gain. Proiektua ez egiteak Europako deskarbonizazio helburuak betetzeko saiakerari ekarpenik ez egitea ekarriko lukeelako baztertzen du sustatzaileak 0 alternatiba, bai eta Nafarroarentzat inbertsio garrantzitsu bat eta enplegua galtzea eraginen lukeelako ere.
Beste hiru alternatibentzat, aintzat hartuta teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideragarriak izan behar direla, malda gutxiko tokiak aukeratu dira, babestutako naturaguneei eragiten ez dietenak, zuhaitzik ez dutenak, eta ebakuazioko puntutik 20 kilometro baino gutxiagoko distantziara kokatuta daudenak. Irizpide ugari aintzat hartzen dituen analisi bat egin eta gero, ondorioztatu da 1 alternatiba dela onena ingurumena eta ikuspuntu teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta.
a) Proiektuaren inpaktu nagusien azterketa.
–Geomorfologia eta lurzoruak:
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren arabera, eraikuntza-fasean afekzioak izanen dira lurzoruaren kalitatean, erabileran eta higaduran, lurzorua egokitzeko lanek, lur-mugimenduek eta bestelako jarduketek eraginda.
Ustiapenean zehar, berriz, mantentze-lan guztiak kontrolatzea proposatzen da kalitatearen balizko edozein alterazio saihesteko. Bestalde, erabilera-aldaketaz gain, higaduraren ondoriozko inpaktua ere aurreikusten da, lurzoruak hain malda gutxi izateak arinduko badu ere.
Ingurumen-dokumentuak lurzoruaren higaduraren, erabileraren eta kalitatearen gaineko inpaktuak aztertzen ditu, eta, aintzat hartuta aztertutako lekuan malda oso txikiak direla nagusi –%3 baino txikiagoak azaleraren zatirik handienean eta %3 eta 10 artekoak ezarpenaren gune batean–, irizten du inpakturik handienak –hau da, eraikuntza-fasean sortutakoak lurzoruaren higadura eta erabileragatik– arinak direla.
–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:
Oro har, aztertutako gunea oso antropizatuta dago (lehorreko laborantza, ureztatutako laborantza, errepideak, eguzki-parkeak, linea elektrikoak eta beste), eta, proiektua ezartzeko hautatutako eremu zehatza, lehorreko zerealen laborantza hartzen duten lurzatiek osatzen dute. Horrenbestez, ukitutako landaredia errepide bazterretako landaredi erredurala besterik ez litzateke izanen. Lurperatutako ebakuazio-lineak lehorreko zerealen laborantza guneak ukituko lituzke, bi salbuespenekin: basoberritze-pinudi baten ondotik igaroko litzatekeen zati txiki bat, eta, azpiestaziora iritsi aurreko 100 metro inguruko tartea, larre natural bat zeharkatuko lukeena. Aztertutako gunean ez da Batasunaren intereseko habitatik, ezta katalogatutako espezierik edo babes berezikorik ere.
Proiektuaren tamaina eta ukitutako landareriaren ezaugarriak aintzat hartuta, inpakturik handiena eraikuntzako fasean gertatuko litzatekeela irizten da, eta inpaktu bateragarritzat jotzen da.
–Fauna eta naturagune babestuak:
Proiektua ezartzeko hautatutako eremuaren antropizazioa eta ezaugarriak ikusita, bertako fauna jeneralistatzat jotzen da, bai eta bertan ez dela katalogatutako espezierik edo babes berezikorik egoten, eta, egotekotan, oso noizean behin eta era puntualean gertatzen dela.
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren arabera, eraikuntzako fasean zehar, inpaktua pertsonen eta makinen presentziak eragindako habitataren balizko alterazioan eta sortutako zaratetan zentratzen da, eta arina izango da. Ustiapeneko fasean, afekzioak habitataren aldaketarekin lotuta egonen lirateke, eta espezie batzuentzat eragindako erabilera galeran, eta, kasu honetan ere, inpaktua arintzat jotzen da.
Babestutako espazioei dagokienez, proiektua ezartzeko hautatutako eremua Natura 2000 Sareko mugetatik eta babestutako beste naturagune batzuetatik kanpo dago, gertukoena hegaztien babesgune berezi, kontserbazio bereziko eremu eta natura-erreserba gisa katalogatutako Pitillasko aintzira delarik, 3,5 kilometro baino gehiagora. Bada, sustatzaileak ez du afekzio nabarmenik aurreikusten aintzirarengan eraikuntzako fasean, eta, horrenbestez, inpaktua bateragarritzat jotzen du. Ustiapeneko fasean, berriz, espazio horiek jasanen luketen inpaktua ia ezdeusa litzatekeela irizten du.
4. Proposamena.
Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txostena eman du eta adierazi ezen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela egokia haren ingurumen-ebaluazio arruntaren tramitazioa hastea, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen-eragina bateragarria izatea ingurune hartako naturaren balioekin, betiere, proiektuak betetzen baditu ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen-dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta horiez gain, Ingurumen Eraginaren Azterketa honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Pitillasko udalerrian jartzekoa den "Santa Brigita" eguzki-parke fotovoltaikoa, biltegiratze-sistemarekin eta ibilgailu elektrikoentzat kargagailuekin, eta haren ebakuazio azpiegitura egiteko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, eta, beraz, ez zaio egin behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta (21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluaren 1. atalean ezarritakoa). Proiektua Energías Fotovoltaicas de Navarra SL enpresak sustatu du, eta, Pitillasko udalerriaz gain, Erriberriko udalerria ere ukituko duen ebakuazio-azpiegitura barne hartzen du.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrak egiten hasi aurretik.
–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak egokitu beharko du lurzoruaren topografia naturalera, eta ahal dela euste-egitura lurrean zuzenean tinkatuz ezarriko da. Lurzorua berdintzea beharrezkoa bada, lur-berdinketak ez dira era arealean eginen.
–Existitzen den landaredi naturala ahalik eta gehien errespetatuko da; zehazki, lurperatutako ebakuazio-azpiegituraren ondoan dauden pinuen gaineko afekzioa minimizatuko da Pitillasko 3. poligonoaren 419. partzelan.
–Lurraren eta landarediaren gaineko afekzioa murrizteko, lurperatutako ebakuazio-azpiegituraren azken zatiko trazatua aldatu beharko da, zehazki, X:611.409, Y:4.697.821, koordenadatik azpiestaziora bitartean. Lurperatutako ebakuazio-lineak, malda handiko larre natural batetik igaro beharrean planteatu bezala, azpiestaziora sarbidea ematen duen bidearen trazatua jarraitu beharko du.
–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
–Hesi perimetrala zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta.
–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da, eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.
–Lagomorfoak, karraskariak edo bestelako animaliak kontrolatu behar badira, dagozkion baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira, eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.
–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.
–Instalazioan argi-punturik jartzen bada, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, talka-eremu potentzialetatik (hesietatik, tentsoreetatik, aireko linea elektrikoetatik eta abarretatik) urrun. Argi kutsadura txikiagotzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta lurrera begira pantailatuak.
–Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze-sare naturalaren jarraipena, higaduraren eremu berriak sortzea eta gai solidoak drainatze-sareetara arrastaka eramatea saihesteko.
–Ingurumen arloko integrazioa:
- Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta eragin ezin dituen eremuak balizatuko dira.
- Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek eragindako azalera guztietatik landare-lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean. Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 2,0 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago lehengoratze-lanetan berrerabiltze aldera.
- Lur-mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran berean erabiliz. Lur-soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.
- Obrak bukatutakoan behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan, hondakinak kudeatuz indarreko legediaren arabera.
- Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eremu osoa eta obrek ukitutako beste edozein eremu, aldi batez ukitu bada ere, eta bereziki eguzki-instalazioko egituren arteko lur-zatiak, harrotu eta ereintzarako prestatuko dira, eta belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da bertan. Belar horiek egin beharreko jarduerarekin bateragarriak izan beharko dute, eta agente polinizatzaileen presentzia erraztu. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada edo halako geruzarik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurrez estaliko da gainazala, gutxienez 30 cm-ko geruza batekin; geruza hori aurretik behar bezala erauzi eta metatu behar da. Lanak bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia.
–Obrak hasi edo zuinkatu baino gutxienez 72 ordu lehenago horren berri emanen zaie Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es) eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafallako Koordinazio Unitatea: gmatafalla@navarra.es).
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Industriaren Antolamenduaren, Azpiegituren eta Mehatzeen Zerbitzura eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldera (Tafalla-Zangoza demarkazioa), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2513267
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
