1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
184/2025 EBAZPENA, urriaren 2koa, Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deklaratzen baita iraungi dela Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiaren apirilaren 29ko 161/2020 Ebazpenaren bidez hasitako prozedura, xede zuena Nafarroako Foru Komunitatea deklaratzea Paulina Navarro Biurrun andrearen abintestato jaraunsle (GP 2017/019).
Iruñeko Zaragoza etorbideko 70. zenbakiko jabekideen erkidegoko finken administrazioak jakinarazi dio Ondare Zerbitzuari Paulina Navarro Biurrun hil dela eta ez dagoela jaraunsle ezagunik.
Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen da lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.
Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetzara joko dela baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatzen ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.
Ondasun eztronkalen gaineko legezko oinordetzak, (Foru Berriaren 304 Legeak, heriotza gertatu zen egunean, 2014ko martxoaren 17an, alegia, indarrean zeukan testuaren arabera), ondasun eztronkalen gaineko oinordetzaren legezko ordena ezarri zuen, eta 1. zenbakitik 6.era bitarteko zenbakietan bata bestearen atzetik egin beharreko deiak finkatu zituen. 7. zenbakian dio ezen, aurreko zenbakietan adierazitako ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordekoa, eta jarauntsia banatuko duela ongintzako, hezkuntzako, ekintza sozialeko edo lanbide erakundeen artean, Nafarroako Komunitateko eta udal mailakoen artean erdi bana. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta, azken paragrafoan ezartzen denez, "halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz".
Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak apirilaren 29an emandako 161/2020 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Nafarroako Foru Komunitatea Paulina Navarro Biurrun andrearen abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari. Ebazpen hori 2020ko 134. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 13koan, eta 2020ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 12koan; era berean, Iruñeko Udalera bidali zen, iragarki taulan ikusgai jartzeko.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak xedatzen du administrazio publikoak behartuak daudela administrazio publiko guztiei buruzko berariazko ebazpena ematera. Eta gaineratzen du ebazteko epea izanen dela prozedura bakoitzaren arauetan finkatutakoa, eta, ofizioz hasitako prozeduretan, epe hori hasiko dela prozedura hasteko erabakiaren egunean. Kasu honetan, prozedurari dagokion araua Nafarroako Ondareari buruzko Legea da, 24.6 artikulua, non xedatzen baita prozedura ebazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen dela, prozedura hasten den egunetik kontatzen hasita.
Kontuan harturik prozedura hasteko ebazpena 2020ko apirilaren 29koa dela eta urtebete joan dela prozedura bukatzeko ebazpenik eman gabe, prozedura iraungi dela deklaratzeko ebazpen bat ematea besterik ez dago.
Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Iraungitzat deklaratzea Nafarroako Foru Komunitatea Paulina Navarro Biurrun andrearen abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura.
2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko Udalera igortzea bertako iragarki-taulan ikusgai jar dadin hilabetez.
3. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Orokorraren Atalera eta Ondare Zerbitzura (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala eta Administrazio Laguntzako Bulegoa) eta departamentu horretan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauak urratuz gero, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatuaren arabera, betiere administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarri baino lehen.
Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauen urraketa kasuetatik aparte, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.6 artikuluak adierazten du abintestato jaraunslearen deklarazioagatik edo ondasunak Administrazioaren alde esleitzeagatik kaltetuak sentitzen direnek (ustez jaraunspenean eskubide hobea dutelako edo beste eskubide zibil bat dutelako) bidezko egintzak erabiltzen ahalko dituztela jurisdikzio zibileko organoen aurrean.
Iruñean, 2025eko urriaren 2an.–Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusia, Maite Domínguez Muguiro.
Iragarkiaren kodea: F2512990