217. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

120C/2025 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabaki da Funesko Udalaren eta Udaltzaingoaren arteko lan hitzarmena erregistratu, gordailatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila.

Ikusi da Funesko Udalak eta Udaltzaingoak sinatutako lan baldintzen itunaren testua (zenbaki-kodea: 31100210132025); 2025eko abuztuaren 6an sinatu zuten Udalaren eta sindikatuen ordezkariek, osoko bilkurak onartu zuen 2025eko irailaren 4an, eta erregistro honetan sartu da 2025eko irailaren 23an.

Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen gaineko laneko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du betetzen, egiaztatzeko Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboendako ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela.

Esandakoa hala delarik ere, ohartarazi behar da toki erakundeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren aplikazio eremuari atxikiak direla; haren bidez onetsi ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan ari diren Langileen Estatutua eta haren garapenerako erregelamenduak. Han jasotzen diren arauak bete beharrekoak dira, eta ez minimoetakoak.

Honako hauetan xedaturikoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua; Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak; eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskriba dadila agintzea.

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko urriaren 7an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

FUNESKO UDALAREN ETA UDALTZAINGOA OSATZEN DUTEN FUNTZIONARIOEN ARTEKO AKORDIOA

Funesko Udalak, 2025eko irailaren 4an egin ohiko osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Kontuan hartuta 351/2025 zenbakiko espediente administratiboan dagoen dokumentazioa, zehazki, ordezkari sindikalen eta Administrazio honen arteko Negoziazio Mahaiaren akta, "Funesko Udaltzaingoa osatzen duten funtzionarioen lan baldintzen itunari" buruzkoa, 2025eko abuztuaren 6koa, bai eta kontu hartzaileak egindako txostena eta bertan sartzen diren txosten juridikoak ere.

Aintzat hartuz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84. artikuluan xedatutakoa, eta toki entitateei gai horren inguruan eman zaizkien eskumenekin bat etorriz, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22. eta 25. artikuluetan jasotakoaren arabera,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehenengoa.–"Funesko Udaltzaingoa osatzen duten funtzionarioen lan baldintzen ituna" onartzea. Itun hori negoziazio mahaiak onartu zuen abuztuaren 6an, eta honela dio hitzez hitz:

Funesko Udalak eta bere Udaltzaingoak sinatutako lan baldintzen ituna

Azken urteotan, Funesko Udaltzaingoak eskatu izan du formula bat bilatzeko, bai polizia agenteak eta bai Udala bera asebeteko dituena, herritarrei ahal den zerbitzurik onena emateko, udalerria zaintzeko funtsezkoak diren txandak betetzeko eta aparteko orduen kopurua murrizteko.

Horretarako, hainbat elkarrizketa eta negoziazio egin dira inplikatutako aldeekin, bi aldeentzat onuragarria den akordio bat lortzeko.

Negoziazio horien ondorioz, bi aldeak honako akordio honetara iritsi dira, 2025eko uztailetik 2027ko irailera arte indarrean egonen dena, urtero luzatzeko aukerarekin, 2029ko irailera arte.

–Justifikazio juridikoa:

Nafarroako Poliziei buruzko 23/2018 Foru Legeak, azaroaren 19koak, honako konpentsazio hauek ezartzen ditu:

57. artikulua. Ordainsarietako kontzeptuak.

1. Nafarroako polizietako langileek soilik ondoko kontzeptu hauei dagozkien ordainsariak jasoko dituzte:

A.–Norberaren oinarrizko ordainsariak:

a) Oinarrizko soldata, mailari dagokiona.

b) Graduari dagokion ordainsaria.

c) Antzinatasuneko saria.

Norberaren oinarrizko ordainsariak eskuratutako eskubidea dira, funtzionario izaerari datxekiona.

B.–Ordainsari osagarriak:

a) Berariazko osagarria.

b) Lanpostuko osagarria.

c) Prestasun bereziko osagarria.

d) Burutzako osagarria.

Ordainsari osagarri horiek dagozkio halako sariak esleituta dituen lanpostu batean aritzeari eta, beraz, lanpostua uztearekin bat haiek jasotzeari ere uzten zaio.

C.–Bestelako ordainsariak:

a) Zerbitzuagatik egiten diren gastuen kalte-ordaina.

b) Egindako bidaien kalte-ordaina.

c) Zerbitzurako jantziak erosteagatik ematen den kalte-ordaina, erregelamenduz ezartzen diren kopuruetan.

d) Bizilekua aldatzea dakarren nahitaezko lekualdatzeagatik ematen den kalte-ordaina.

e) Familia laguntza.

f) Bigarren jarduerako egoera administratiboagatiko osagarri pertsonal iragankorra.

g) Konpentsazioa aparteko orduengatik, gauez nahiz jaiegunez, lanpostuan egin beharreko guardiengatik eta guardia lokalizatuengatik, hautapen epaimahaietan parte hartzeagatik, prestakuntza ikastaroak irakasteagatik eta herriko festak direnean ekintza berezietan parte hartzeagatik.

h) Konpentsazioa ordutegien prestasunagatik.

Negoziazio horri dagokionez, bereziki interesgarria da artikuluaren h) letra, jatorrizko legean ez baitzen agertzen, eta are gehiago, neurri horiek aplikatzeari buruzko txosten negatiboak eragin baitzituen, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aldetik.

Hala ere, eztabaida hori konponduta geratu zen arau horri 57.1.C) .h) artikulua gehitu zitzaionean. Letra hori erantsi zen Nafarroako 2019rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen bidez; beraz, gaur egun, neurri hori sindikatuekin negozia daiteke.

Funesko Udaltzaingoan lanorduen poltsa bat ezartzea

Xedapen orokorrak.

Lehenengoa.–Funesko Udaltzaingoaren ezohiko zerbitzuen eta uste gabean sortzen diren beharren kudeaketa operatiborako, ordu baliagarrien poltsa bat sortzea erabaki da, 2025eko uztailaren 1etik 2027ko irailaren 30era arte indarrean egonen dena, eta urtero luzatzen ahalko dena, 2029ko irailera arte.

Bigarrena.–Poltsa horretan parte hartzea indibiduala eta borondatezkoa izanen da, eta Funesko Udaleko udaltzain aktiboei zuzenduta egonen da.

Hirugarrena.–Ez da prestasun poltsa aktibatzen ahalko langilea oporraldian, ordaindutako lizentzian edo baimen pertsonalean dagoenean, non ez den Burutzak behar bezala justifikatutako ezinbesteko egoeraren batean.

Laugarrena.–Lan poltsan ez sartzeko arrazoi justifikatu bakarrak honako hauek izanen dira: legezko lizentziak, hirugarren mailara arteko familiarren heriotza, jaunartze, ezkontza nahiz bataioak (odol bidezko nahiz ezkontza bidezko ahaideak); ontzat hartuko dira, halaber, behar bezala dokumentatu eta Burutzak onartzen ahal duen zeinahi inguruabar pertsonal.

Bosgarrena.–Arau orokorra da bermatzea aste natural bakoitzeko gutxienez egun oso bateko atsedenaldia, salbuespenezko egoeretan izan ezik, adb., larrialdietan, herriko jaietan edo aurrez planifikatutako operatibo berezietan.

Seigarrena.–Poltsan langileak dauden bitartean, ez da aparteko ordurik baimenduko poltsatik kanpo, salbu eta zerbitzua luzatzen bada, bat-batean sortutako arrazoiren batengatik.

Zazpigarrena.–Erabaki hau Funesko Udaleko Negoziazio Mahaian onartu beharko da, eta urtero berrikusiko da.

Baliagarritasun poltsaren baldintza ekonomikoak eta prestazio baldintzak.

1. Poltsari atxikitako agenteek hauek egiteko konpromisoa hartzen dute:

–Itundutako lan egutegiaz gain, 60 ordu gehiago, zerbitzuak hala eskatzen duenean.

–50 orduko ordutegi aldaketa, egutegi indibidualarekiko aldaketa zuzenaren bidez (ordua ordu truk).

2. Aktibatuko diren gutxieneko zerbitzuak 6 ordukoak izanen dira. Deiak gutxienez 5 egun lehenago jakinaraziko dira, larrialdi kasuetan izan ezik (uholdeak, suteak, ustekabeko gertaerak, etab.); kasu horretan, deia gutxienez ordu batzuk lehenago edo egun horretan berean egiten ahalko da.

3. Nahitaezko prestakuntza orduak, ohiko ordutegitik kanpoko bilerak edo planifikatu gabeko aparteko esku-hartzeak kontabilizatuko dira ordua ordu truk sistemaren barruan.

4. Jaiegunetan, gauetan eta aparteko ekitaldietan egindako orduak poltsaren barruan zenbatuko dira.

5. Poltsan itundutako orduak nahikoak ez badira baja medikoen, aparteko baimenen edo bestelako gorabehera justifikatuen ondorioz, aparteko orduak egiteko baimena emanen da, eta indarreko araudian ezarritakoaren arabera ordainduko dira.

6. Ordu sindikalak dituzten agenteek ordu horien erabilera doi beharrezkoa den neurrira minimizatzeko konpromisoa hartzen dute, eta aldez aurretik Burutzari jakinaraziko diote.

Ordainsariak.

–Hilean 270 euroko ordainsari finkoa ezartzen da prestasunagatik, 12 hilekotan.

–2026tik aurrera, zenbateko hori Nafarroako Gobernuaren Aurrekontuen Legean urtero ezarritako soldata igoeraren ehunekoaren arabera eguneratuko da.

Udaltzain laguntzaileen araubidea.

Hitzarmen honi atxikitzen zaizkion Funesko udaltzainek betebehar gehigarri hauek hartuko dituzte beren gain:

1. Proposatutako egutegi ofiziala akordioa sinatzen denetik atxikitzea eta, orobat, zerbitzu arrazoiengatik egutegi hori aldatzeko aukera ere onartzea.

2. Fitxaketaren kontrola egitea zerbitzuaren sarreran eta irteeran, eta bien bitartean erabat operatibo egotea, terminal mugikorrak piztuta eta prest.

3. Txanda aldaketak gutxienez 48 ordu lehenago jakinaraztea Segurtasuneko zinegotzi delegatuari, behar bezala justifikatutako aparteko egoeretan izan ezik.

4. Zerbitzuaren eguneroko txostena idatzi behar da nahitaez, hartan zehaztuz gorabeherak, jarduketa garrantzitsuak eta ordutegiaren kokapena.

5. Lankidetza aktiboa udalen arteko operatiboetan, Udalak hala eskatzen duenean edo beste toki erakunde batzuekin egindako lankidetza hitzarmenen bidez egiten direnean.

6. Segurtasun batzordea udaltzain buruarekin bilduko da hilabete bakoitzaren hondarrean, aurreko hilean egindako zerbitzuak ebaluatzeko eta ondoko hilekoak planifikatzeko".

Bigarrena.–Udal honetako kontu-hartzailetza egiten duen organoari agintzea dagokion aurrekontu aldaketa egin dezala, erabaki honetan xedatutakoa betetzeko behar den diru-zuzkidura bideratzeko.

Hirugarrena.–Hartutako erabakiaren berri ematea akordioa sinatu duten alderdiei, eta hitzartutakoa Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan aipatzen den bulego publikora bidaltzeko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Funesen, 2025eko irailaren 24an.–Alkatea, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

Iragarkiaren kodea: F2513182