Iragarkia
217. ALDIZKARIA - 2025eko urriaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
113/2025 FORU DEKRETUA, urriaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua aldatzen duena. Erregelamendu hori uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen.
Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzen dituen abenduaren 26ko 20/2024 Foru Legeak berrikuntzak sartu zituen geroratzeen erregulazioan, eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean sakabanatuta zegoen araudi bat berrantolatu eta eguneratu zuen. Lege mailara jaso ziren Diru-bilketaren Erregelamenduan jasotako zenbait gai, eta beste batzuk zerga gaietan eskumena duen departamentuko titularrari eskuordetu zitzaizkion; horrela, foru agindu batek arautuko ditu.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Diru-bilketaren Erregelamendua egokitzea aldaketa horiek egokitzeko eta foru legean berariaz zehaztu ez diren alderdi zehatzak garatzeko.
Gainera, hobekuntza teknikoak egiteko eta kudeaketa edo interpretazio arazoak sortzen zituzten gaiak argitzeko aprobetxatu da aukera.
Horren ondorioz, murriztu egin da Erregelamenduan geroratzeak arautzen dituzten artikuluen kopurua; izan ere, haren erregulazioaren zati bat zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak garatu behar du orain (eskaera, bermeak eta horien dispentsa).
Bestetik, beste idazkera bat eman zaio gauzatan ordaintzeari buruzko erregulazioari, arintzeko.
Geroratzeen erregulazioari dagokionez, eskaerak izapidetzeko eta ebazteko hobekuntza teknikoak argitu eta sartu dira. Nabarmendu behar da aurreikusi diren suposizio jakin batzuetan pertsona edo erakunde eskatzailea ez dagoela, aldi batez, ezarritako epeetan ordaintzea eragotziko dion egoera ekonomiko-finantzario batean, eta, beraz, bidezkoa dela eskaera ukatzea.
Geroratzeak ebazteko eskumena ere aldatu da, eta profil teknikoagoa eman zaio.
Praktikan ikusi da zenbait gai ez zeudela berariaz aurreikusita eta, horregatik, gai horiei buruzko azalpenak gehitu dira; gai horietako bat da ea eskaerak edo geroratzeak aldatzen ahal diren aurkeztu edo onartu ondoren.
Azkenik, enkanteei buruzko erregulazioa ere eguneratu da, lurralde erkidean egindako aldaketetara egokitzeko. Zehazki, aldaketa batzuk egin dira enkante bidez enbargatutako ondasunak besterentzeko araubide juridikoan. Zehazki, adjudikatu gabe geratu diren ondasun enbargatuei dagokienez, bigarren eta hurrengo enkanteetarako tasa murriztu da, eta ondasunaren balorazioaren zenbatekoari koefiziente zuzentzailea aplikatu zaio. Ondasun higigarrien kasuan, lizitatzaile gisa onartua izateko nahitaezko den gordailua areagotu da. Era berean, eskaintza sinbolikoak kudeatu behar izatea saihesteko, enkantean jarritako ondasun edo lotearen gutxieneko eskaintza zenbatekoa ezarri da. Zenbateko hori, oro har, enkantea hasteko prezioaren ehuneko 10 izanen da.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat, foru dekretu hau prestatu da printzipio hauen arabera: beharra, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.
Beharraren eta eraginkortasun juridikoaren printzipioak betetzen dira, lege arauaren garapena eta garapen horretarako tresna egokia direlako.
Proportzionaltasun printzipioa ere betetzen da, hura onartzea justifikatzen duten helburuak lortzeko beharrezko erregulazioa jasotzen duelako.
Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, bermatu da testua foru ordenamendu juridikoarekin koherentea dela.
Gardentasun printzipioa bermatu da zioen azalpen honek modu argian identifikatzen dituelako foru dekretuaren xedea eta helburua, eta, orobat, proiektua Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen delako, herritarrek testua ezagutu ahal izan dezaten, entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidean.
Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, ahalegina egin da arauak ahalik eta administrazio karga gutxien izan dezan herritarrentzat eta zeharkako kostu gutxien ere bai, horrela baliabide publikoen arrazoizko erabilera sustatu dela.
Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpena aintzat hartuta, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko urriaren hamabosteko bilkuran hartutako erabakiarekin,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua aldatzea.
Uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduko manu batzuek, jarraian zerrendatutakoek, idazketa hau izanen dute hemendik aurrera:
Bat.–23.1 artikulua.
"1. Zorrak ordaintzeko 24. artikuluan aipatzen diren bideetako bat baizik ezin erabiliko da".
Bi.–30. artikulua.
"30. artikulua. Gauzatan ordaintzea.
1. Ordaintzeko modu horren bidez ordaindu nahi diren zorren kontzeptuak, aldiak eta zenbatekoak adierazi beharko dira eskaeran.
2. Ordaintzeko eskainitako ondasunak berariaz eta banan-banan interes kulturaleko ondasun izendatuta daudenean, urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean, Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrean inskribatutako ondasunen kasuan, interes historiko, artistiko eta kulturaleko ondasunen inbentario ofizialetan sartutako ondasunen kasuan edo ondare historiko eta kulturala osatzen duten beste ondasun batzuen kasuan, eskaerarekin batera, hauek aurkeztu beharko dira: ondasunen balorazioa eta ordaintzeko modu hau onartzeko interesari buruzko aldeko txostena, biak ere Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak emanak. Txosten horiek aurkeztu ezean, eskatu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.
Ordaintzeko eskainitako ondasunak interes kulturalekotzat deklaratu behar dituenean Nafarroako Gobernuak edo Foru Komunitatearentzako interes berezikotzat deklaratu behar direnean, eskaerarekin batera hau aurkeztu beharko da: ondasunen balorazioa, enpresa edo profesional espezializatu eta independenteek egina. Ondasun mota jakin baten balorazioan espezializatutako enpresa edo profesionalen erregistro bat dagoenean, balorazioa, ahal dela, erregistro horretan inskribatutako enpresa edo profesional batek egin beharko du. Balorazioak ez du izan hiru hilabete baino gehiagoko antzinatasuna izaten ahalko.
Diru-bilketa Zerbitzuak balorazio hori organo eskudunari igorriko dio, eta eskatuko dio ondasunak interes kulturalekotzat edo Foru Komunitatearentzako interes berezikotzat deklaratzeari buruzko txostena egin dezala.
Txosten hori, gehienez ere, hiru hilabeteko epean eman beharko da. Bestela, ezesteko ebazpena emanen da, 8. apartatuan ezarritako ondorioekin.
3. Eskaerak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 116.4 artikuluko lehen paragrafoan aipatzen diren ondorioak izan ditzan, aurreko apartatuan aipatzen den dokumentazioa erantsi beharko da.
4. Eskaerak aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen ez dituenean edo dokumentazioa eransten ez denean, Diru-bilketa Zerbitzuak eskatzaileari errekerimendua eginen dio errekerimenduaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita hamar eguneko epean akatsa zuzen dezan edo dokumentazioa aurkez dezan. Era berean, ohartaraziko dio, horrela egiten ez badu, ulertuko dela eskaeran atzera egin dela eta eskaera aurkeztu ez duela, eta besterik gabe artxibatu eginen da.
Interesdunak epe barruan erantzuten badio akatsak zuzentzeko errekerimenduari, baina ez badira zuzendutzat jotzen atzemandako akatsak, ukatzeko ebazpena emanen da, 8. apartatuan ezarritako ondorioekin.
5. Eskaera ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, aurkezten denetik hasita.
Organo eskudunak modu arrazoituan erabakiko du ondasunak zorra ordaintzeko onartzea edo ez onartzea.
Foru Komunitatearen eskumenen esparruan, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak eman beharko du ebazpena.
6. Ebazpen horren kopia igorriko da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira edo Ondare Zerbitzura, dagokionaren arabera.
7. Ebazpena baiestekoa bada, haren eraginkortasuna eskainitako ondasunak entregatzearen edo eskura jartzearen mende geratuko da, eta, hori ebazpenean ezarritako moduan eta erregelamendu honetan ezarritako epean gertatzen bada, zorra iraungiko da.
Zorrak berandutze interesa sortuko du ordaintzeko borondatezko aldia akitzen denetik ondasunak Administrazioari entregatu edo haren esku jarri arte (Administrazioa jakitun dela), eta berandutze interes horiek kitatzearen ordainetan emandako ondasuna onarpen erabakian afektatzen ahalko da, ondasunaren balioa nahikoa izanez gero.
8. Ebazpena ukatzekoa bada, ondorioak honako hauek izanen dira:
a) Eskaera ordaintzeko borondatezko aldian aurkeztu bada, ukatzeko erabakiaren jakinarazpenarekin batera, hamabost eguneko epea hasiko da, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita, zorra ordaintzeko. Epe horretan Zergei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 116.4 artikuluaren laugarren paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da. Hori guztia deusetan galarazi gabe aipatutako ordainketa egunera arte sortutako berandutze interesen likidazioa. Ordaindu gabe epea iraganik, premiamendu-prozeduraren bitartez eskatuko da zorra ordaintzeko.
b) Eskaera ordaintzeko epe exekutiboan aurkeztu bada, premiamendu-prozedura hasiko da edo premiamendu-prozedurarekin jarraituko da.
9. Ondasunak Administrazioari entregatzeko edo haren esku jartzeko hamar eguneko epea izanen da, gauzatan ordaintzea onartzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, entrega edo esku jartze hori aurretik egin ez bada behintzat. Onarpenaren frogagiriaren kopia bat igorriko zaio bilketa organoari.
Ondasunak ez bazaizkio entregatu Administrazioari edo ez badira haren esku jarri aurreko paragrafoaren arabera, onarpen erabakia ondoriorik gabe geratuko da, eta hau gertatuko da:
a) Eskaera ordaintzeko borondatezko aldia aurkeztu bada eta epe hori igarota badago, Administrazioari entregatzeko edo haren esku jartzeko epea akitu eta biharamunean epe exekutiboa hasiko da, eta premiamendu-prozedura hasiko da.
Ordaintzeko borondatezko aldia akitu eta biharamunetik hasita likidatuko dira ondasunak Administrazioari entregatu edo haren esku jartzeko epea akitzen den egunera arte sortutako berandutze interesak, deusetan galarazi gabe geroago sortuko direnak.
b) Eskaera ordaintzeko epe exekutiboan aurkeztu bada, premiamendu-prozedura hasiko da edo, hala badagokio, premiamendu-prozedurarekin jarraituko da.
10. Artikulu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, ordaintzeko modu horren ondorioak legeria zibilean ordainean emateko ezarritakoak izanen dira".
Hiru.–39. artikulua. Kentzea.
Lau.–48. artikulua.
"48. artikulua. Eskaera.
1. Nafarroako Foru Ogasunak kudeatzen dituen zorren ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskaera Ogasunari zuzenduko zaio, zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak ezarritako foru aginduaren bidez ezarritako ereduaren bidez, hartan zehazten den edukiarekin, dokumentazioarekin eta moduan.
2. Eskatutako geroratze edo zatikatzearen iraupen osoa ez da bost urte baino gehiagokoa izanen, emakidaren ondoriozko lehen epearen muga egunetik kontatzen hasita".
Bost.–49. artikulua.
"49. artikulua. Izapidetzea.
1. Diru-bilketako organoek eskaerak eta aurkeztutako dokumentazioa berrikusiko dituzte. Akatsik hautemanez gero, interesatuari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emanen zaio zuzentzeko.
2. Adierazitako epean akatsak zuzentzeko errekerimenduari erantzuten ez bazaio, ulertuko da eskaeran atzera egin dela eta ez dela aurkeztu, eta besterik gabe artxibatu eginen da. Errekerimenduari erantzun eta akatsak zuzentzen ez badira, eskaera ukatu eginen da.
3. Izapideak egin bitartean, ez da onartuko epeak, zenbatekoak edo bestelako gorabeherak aldatzeko eskaerarik, proposatutako aldaketek jatorrizko eskaeraren akatsak konpontzeko balio dutenean edo akats horiek saihesten dituztenean izan ezik.
4. Izapideak egin bitartean eskatzaileak zorra oso-osorik ordaintzen badu, uzian atzera egin duela ulertuko da. Ordainketa egunera arteko berandutze interesak eta errekarguak likidatuko dira".
Sei.–50. artikulua.
"50. artikulua. Eskumena.
Geroratzeko edo zatikatzeko eskaerak ebazteko eskumena honako hauei dagokie:
a) Diru-bilketaren arloko eskumena duen zerbitzuaren titularrari, zorra 1.000.000 eurotik gorakoa ez bada.
b) Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari, zorra 1.000.000 eurotik gorakoa bada".
Zazpi.–51. artikulua.
"51. artikulua. Ebazpena.
1. Eskaera ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, aurkezten denetik hasita. Epe hori berariazko jakinarazpenik gabe igaroz gero, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da bidezkoak diren errekurtsoak jartzearen ondorioetarako.
2. Ebazpena onartzekoa bada, emandako geroratze edo zatikatzearen epeak, zenbatekoak eta baldintzak zehaztuko ditu; horiek bat etortzen ahal dira interesdunak proposatutakoekin edo ez. Ebazpenean, hala badagokio, epe bakoitzean sartu beharreko zenbatekoa jasoko da, bai eta berandutze interesak ere. Emakida eraginkorra izan dadin, bermea formalizatu beharko da, berme hori eskatzen ahal bada.
3. Ebazpena ukatzekoa bada, ukapenaren arrazoiak eta ordaindu beharreko zorra adierazi beharko dira jakinarazpenean.
Besteak beste, honako kasu hauetan ulertuko da eskatzailea ez dagoela, aldi baterako, ordainketa zehaztutako epeetan egitea eragozten dion egoera ekonomiko-finantzario batean, eta, beraz, bidezkoa izanen da eskaera ukatzea:
a) Zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak ezarritako ordainketa osoa egiteke duten geroratze edo zatikatze espedienteen gehieneko kopurua gainditzea.
b) Zerga arloan eskumena duen departamentuko titularrak ezarritako geroratze edo zatikatzeko eskaeren gehieneko kopurua gainditzea aldi jakin batean.
c) Eskatzailea deseginda eta likidazioan dagoen erakunde bat izatea.
d) Legezko desegite kausa bat egotea, Kapital Sozietateen Legea aplikatu behar zaien erakundeen kasuan.
4. Borondatezko aldian eskatutako geroratze eskaera ukatzeko ebazpenean, zorra ordaintzeko hamabost eguneko epea ezarriko da, zeinetan zorra epe exekutiboan egonda ere ez baitira epe horri dagozkion errekarguak eskatuko. Edonola ere, ordaintzeko momentura arte dagozkion berandutze interesak indarrean egonen dira. Epe hori igaro eta sarrerarik egin ez bada, premiamendu-prozedura hasiko da.
Eskaera epe exekutiboan aurkeztu bada, ukapenaren jakinarazpenak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 116.4 artikuluan aurreikusitako ondorioak izanen ditu".
Zortzi.–52. artikulua.
"52. artikulua. Interesak.
1. Geroratutako edo zatikatutako zorrek berandutze interesak sortuko dituzte ordaintzeko borondatezko aldia akitu eta biharamunetik hasita emandako geroratze edo zatikatzeen epearen edo epeen akitze egunera arte.
Aplikatuko den interes-tasa Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 50. artikuluan aipatzen berandutzekoa izanen da, indarrean dena. Geroratze edo zatikatzearen indarraldian hura emateko unean indarrean dagoen berandutzeko interes-tasa aldatzen bada, zuzenean kalkulatuko dira berriro mugaeguneratu gabeko epeen interesak; erreferentzia gisa hartuko dira aldaketa hori indarrean sartu den data eta epemuga horien datak, indarrean dagoen tasa berria aplikatuko da eta, hala badagokio, dagozkion doikuntzak eginen dira.
Geroratzea edo zatikatzea osorik ordaintzeko eskaera egiteko zerga arloan eskumena duen pertsonak foru agindu bidez ezarritako eredua erabiliko da, bertan zehazten den edukiarekin eta moduan. Diru-bilketako organoak ezeztatu eginen du, eta hamabost eguneko epea emanen dio sarrera egiteko. Epe hori akituta, sarrerarik egiten ez bada, premiamendu-prozedura hasiko da edo, hala badagokio, premiamendu-prozedurarekin jarraituko da.
2. Interesak printzipalaren gainean kalkulatuko dira, hau da, epe exekutiboko errekarguak eta interesak sartu gabe.
3. Eskaera ukatzen bada, borondatezko aldia akitzen denetik ordainketa egiten den egunera arteko berandutze interesak likidatuko dira".
Bederatzi.–53. artikulua.
"53. artikulua. Baldintzak aldatzea.
1. Oro har, geroratzea edo zatikatzea onartu ondoren, ez dira baldintzak aldatzen ahalko, hala nola ordainketen kopurua, zenbatekoa edo aldizkakotasuna.
2. Hala ere, bilketa organoak aldaketa eskaerak onartzen ahalko ditu, aukeran, inguruabar hauetako bat gertatzen denean:
a) Geroratzea edo zatikatzea bermerik gabe eman bazen eta ordaintzera behartuta dagoenak, orain, bermeak eratzea eskaintzen badu.
b) Geroratzea edo zatikatzea bermeekin eman bazen eta ordaintzera behartuta dagoenak eskaintzen badu horien ordez beste batzuk ezartzea, organo eskudunaren iritziz horiek gauzatzeko errazagoak direnak.
3. Eskaerak ez du inola ere etete ondoriorik izanen. Era berean, ez du geroratzearen edo zatikatzearen iraupen osoa luzatzen ahalko, 48.2 artikuluan ezarritako gehieneko mugatik harago, hasieran emandako lehenengo muga egunetik zenbatuta".
Hamar.–54. artikulua.
"54. artikulua. Ordainketa aurreratuak eta konpentsazioak.
1. Geroratzea edo zatikatzea indarrean dagoen bitartean, ordaintzeko dauden epe guztien edo batzuen ordainketa aurreratzen ahalko da; ordainketa hori onartu eginen da, eta bidezkoak diren interesen kalkulu berriak eginen dira.
Geroratzea edo zatikatzea osorik ordaintzeko eskaera egiteko zerga arloan eskumena duen pertsonak foru agindu bidez ezarritako eredu ofiziala erabiliko da, bertan zehazten den edukiarekin eta moduan. Diru-bilketako organoak ezeztatu eginen du, eta hamabost eguneko epea emanen dio sarrera egiteko. Epe hori akituta, sarrerarik egiten ez bada, premiamendu-prozedura hasiko da edo, hala badagokio, premiamendu-prozedurarekin jarraituko da.
2. Geroratzeak edo zatikatzeak indarra duen bitartean, ordaintzera behartua dagoenak Nafarroako Zerga Ogasunari zerga itzulketak zor badizkio, kreditua ofizioz konpentsatzen ahalko da. Horrek deusetan ez du galaraziko ordaindu gabe dauden kopuruak aldez aurretik mugaeguneratzea eta bidezko diren interesak berriz kalkulatzea.
3. Aurreko apartatuetan aurreikusitako kasuetan, ordaintzeko geratzen diren lehenengo epeetatik hasita aplikatuko da ordainketa edo konpentsazioa".
Hamaika.–55. artikulua.
"55. artikulua. Geroratzea edo zatikatzea ofizioz ezeztatzea.
1. Onartutako geroratzea edo zatikatzea ofizioz ezeztatuko da kasu hauetan:
a) Geroratzea edo zatikatzea ez ordaintzea.
b) Zordunak zerga betebeharrak ez betetzea.
c) Indarrean dagoen bitartean geroratutako edo zatikatutako zorra etetea erabakitzea.
d) Zorduna hartzekodunen konkurtsoan deklaratzea.
2. a) eta b) letretan aurreikusitako kasuetan, honela jokatuko da:
a) Geroratzea edo zatikatzea epe exekutiboa hasi baino lehen eskatu bada, zorra eta sortutako interesak premiamendu-prozeduraren bitartez eskatuko dira. premiamendu-probidentzian adierazitako epean premiamendu-zorra ordaintzen ez bada, bermea badago, exekutatu eginen da, eta bermerik ez badago edo nahikoa ez bada, premiamendu-prozedurarekin jarraituko da.
b) Geroratzea edo zatikatzea epe exekutiboa hasi ondoren eskatu bada, bermea badago, exekutatu eginen da, eta bermerik ez badago edo nahikoa ez bada, premiamendu-prozedurarekin jarraituko da.
3. Aurreko apartatuan aipatutako bermeak exekutatzeko, erregelamendu honetan araututako prozedura erabiliko da.
Lortutako zenbateko likidoa ordainkizuna ordaintzeko erabiliko da, kostuak, berandutze interesak eta premiamendu-errekargua barne.
Soberakina berme-emailearen edo dagokionaren esku jarriko da, sortutako berandutze interes guztiak likidatu eta ordaindu ondoren".
Hamabi.–56. artikulua.
"56. artikulua. Araubide bereziak.
1. Konkurtso prozesuetatik eratorritako akordio edo hitzarmenetako geroratze eta zatikatze inplizituak haietan xedatutakoaren arabera arautuko dira.
2. Berariazko beste foru lege batzuek arautzen dituzten geroratze eta zatikatzeei erregelamendu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie, foru lege horiek aurreikusten ez dituzten gaietan".
Hamahiru.–57.etik 63.era bitarteko artikuluak, indargabetzea.
Hamalau.–72.2 artikulua.
"2. Konpentsazioa ukatzen bada, hamabost eguneko epea emanen da ordaintzeko; epe hori iragan eta ordaindu ez bada, premiamendua hasiko da edo prozedurak aurrera segituko, kasuan-kasuan".
Hamabost.–98.3 artikulua.
"3. Interes tasa finkatzeko, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 50. artikuluak edo Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeko 18. artikuluak agintzen dutena hartuko da aintzat, kasuan-kasuan, tributu zorrak diren edo bestelakoak".
Hamasei.–128. artikulua, 7. apartatua aldatzea eta 8. apartatua gehitzea.
"7. Besterentzeko prozedura baten xede izan eta adjudikatu gabe geratu diren ondasun edo loteak direnean, enkantea hasteko prezioa honako hau izanen da:
a) Karga edo zamarik ez badago, balorazioaren zenbatekoa bider balioa zuzentzeko koefizientea.
b) Ondasun bahituaren gainean lehenagoko karga edo zama lehentasundun errealik badago:
1. Kargek edo zamek ondasunaren balorazioa gainditzen ez badute, hauen arteko aldea: balorazioaren zenbatekoa bider balioa zuzentzeko koefizientea eta eskubide idaztohartua baino lehenagoko karga edo zama lehentasundunen egungo balioa. Emaitza negatiboa bada, enkantea hasteko prezioa hurrengo paragrafoan ezarritakoa izanen da.
2. Kargek edo zamek ondasunaren balorazioa gainditzen badute, enkantea hasteko prezioa izanen da zordunketen eta kostuen zenbatekoa, ondasunari finkatutako balioa gainditzen ez badute, edo ondasunaren balorazioa bider balioa zuzentzeko koefizientea, balio hori gainditzen badu.
Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, balioaren koefiziente zuzentzailea 0,8 izanen da ondasuna edo lotea bigarren enkantean jartzen denean, eta 0,6 hirugarren eta hurrengo deialdietan.
Aurreko kargek iraun eginen dute, errematearen prezioa haiek iraungitzeko erabili gabe.
8. Zerbaitengatik susmatzen bada lehentasuneko karga horiek denak edo baten bat simulatuak direla eta haien zenbatekoak zorra gauzatzea ezindu edo nekeztu egiten badu, jarduerak Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoari bidaliko zaizkio hark txostena eman dezan tokatzen diren neurriei buruz, erantzukizun zibila edo penala eskatzea ere zilegi dela.
Hori ebatzi artean, aurrera segituko du ondasun horien gaineko prozedurak edo bahi daitezkeen besteen gainekoak".
Hamazazpi.–135.2.c) artikulua.
"c) Eskaintza egin nahi den ondasun edo lotearen enkantea hasteko prezioaren ehuneko 5eko edo 10eko gordailu bat eratzeko betebeharra, erregelamendu honen 136 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.
Era berean, adieraziko da adjudikaziodunek erremateko prezioa ordaintzen ez badute gordailu hori zorra kitatzeko erabiliko dela, adjudikazioa ez egitean gordailuaren zenbatekoan eragiten ahal dituen kalte handiagoengatik izaten ahal duten erantzukizunaren kalterik gabe".
Hemezortzi.–136 bis.1 artikulua.
"1. Lizitatzaile orok, lizitatzaile gisa onartua izateko, gordailu hau eratu beharko du:
a) Enkantea hasteko prezioaren ehuneko 10eko gordailua, enkantean erabili nahi diren ondasun edo loteak ondasun higigarriak direnean.
b) Enkantea hasteko prezioaren ehuneko 5eko gordailua, enkantean jarri nahi diren ondasun edo loteak ondasun higiezinak direnean edo gutxienez ondasun higiezin bat dutenean".
Hemeretzi.–137.2 eta 3 artikulua, 2. eta 3. apartatuak aldatzea eta 4. apartatua gehitzea.
"2. Enkantea hasten denean, hogei egun naturaleko epea egonen da eskaintzak aurkezteko. Eskaintzak elektronikoki igorriko dira Atarira, komunikazio sistema seguruen bidez, eta hark hartu izanaren agiri teknikoa bidaliko du, zigilu elektronikoarekin bermatua, eskaintza jasotzeko une zehatza eta zenbatekoa adierazita. Une horretan, eskaintza elektronikoki argitaratuko da, eta jakinarazpena bidaliko zaie ordura arte eskaintza txikiagoa egin duten lizitatzaileei.
3. Enkantean jarritako ondasun edo lotearen hasierako zenbatekoa edo gutxieneko eskaintza enkantea hasteko prezioaren ehuneko 10 izanen da, ondasun edo lote horiek balorazioaren zenbatekoaren ehuneko 25eko edo gehiagoko karga dutenean salbu.
Ordura arteko eskaintza altuena baino handiagoak, berdinak edo txikiagoak diren eskaintzak egiten ahalko dira, erregelamendu honen 136 bis artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaintza altuena egin duen lizitatzaileak azkenean erremateko prezioa ez ordaintzearen erreserbarako. Zenbateko bereko zenbait eskaintza baleude, denboran aurrena eginikoa lehenetsiko da.
Enkantea ez da itxitzat emanen azken eskaintza egin denetik ordubete iragan arte, hori eginik hasieran zehaztutako epea luzatu behar bada ere. Gehienez ere 24 ordukoa izanen da luzapen hori.
4. Ondasunen adjudikazio-aktaren ziurtagiria eman edo, dagokionean, salmentaren eskritura publikoa egin aurreko edozein unetara arte, bere ondasunak libratzen ahalko ditu zordunak, zorrak eta prozeduraren kostuak ordainduta.
Eskaintzak aurkezteko fasea akituta, Mahaia 15 egun naturaleko gehieneko epean bilduko da, eta enkantean jarritako ondasunak edo loteak adjudikatuko ditu edo enkantea eman gabe utziko du, arau hauen arabera:
a) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkantea hasteko prezioaren ehuneko 50en baliokide edo handiagoa bada, Mahaiak ondasuna edo lotea eskaintza hori egin duen lizitatzaileari adjudikatuko dio.
Baldin eta e) letran araututako epea igarota eskaintzarik handiena egin duen lizitatzaileak ez badu azkenean errematearen prezioa ordaintzen, Mahaiak, interes publikoa zainduz, ondasuna edo lotea gordailu erreserba duen eskaintzarik onenari adjudikatzen ahalko dio, edo enkantea adjudikatu gabe uzten ahalko du, nahiz eta eskaintza hori enkantea hasteko prezioaren ehuneko 50 baino handiagoa izan.
b) Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkantea hasteko prezioaren ehuneko 50etik behekoa bada, Mahaiak erabakiko du, interes publikoa zainduz eta adjudikatzeko gutxieneko preziorik ez dagoenez, eskaintza nahikoa den, eta ondasuna edo lotea adjudikatuko du edo enkantea hutsik geratu dela deklaratuko du.
c) Zordun beraren zorrei erantzuteko erabaki bada zenbait ondasun enkantean eskaintzea aldi berean eta, eskaintza elektronikoak aurkezteko epea akitzean, eskainitako zenbatekoak ikusita, ez balitz beharrezkoa ondasun guztiak adjudikatzea eskatutako zorraren guztizkoa berreskuratzeko, Mahaiak erregelamendu honen 131. artikuluko arauen arabera zehaztuko du adjudikazio-hurrenkera.
d) Dagokion erabakia hartuta, enkantea akitu dela ulertuko da, eta Mahaiko idazkariak akta eginen du.
e) Adjudikazioa adjudikaziodunari jakinaraziko zaio, eta eskatuko zaio adjudikazio prezioaren guztizkoaren eta gordailuaren zenbatekoaren arteko aldea ordaintzeko jakinarazpena jaso eta hurrengo 15 egunetan, ohartarazita epe horretan ordaintzen ez badu gordailuaren zenbatekoa galduko duela eta zenbateko hori prozeduraren xede diren zorrak kitatzeko erabiliko dela. Hori guztia, adjudikaziodunak erremateko prezioa ez ordaintzeagatik Administrazioari eragiten dizkion kalteengatik izaten ahal duen erantzukizunaren kalterik gabe, horiek ordaintzeko betebeharra izanen baitu betiere.
f) Era berean, eta gordailua erreserbatu duen beste eskaintzarik egonez gero, Mahaiak gordailua erreserbatu duten eskaintza horietako handiena eskaini duen lizitatzailearen aldeko adjudikazioa ematea erabakitzen ahal du, aurreko adjudikazio arauen arabera.
g) 136.3 artikuluan aurreikusitako aukera baliatu duten adjudikaziodunek salmenta dokumentu publikoa zer lagapen-hartzaileren alde eginen den komunikatu beharko dute, 15 eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta ohartaraziko zaie komunikazio horrek ez duela aldatzen lehen aipatutako ordaintzeko epea.
h) Errematea ordainduta, 140.1 artikuluan aurreikusitako salmentaren eskritura publikoa egitearen aukera hautatu denean izan ezik, adjudikaziodunei ondasunen adjudikazio aktaren ziurtagiria emanen zaie, honako hauek bilduko dituena: aktaren beraren transkripzioa, adjudikatutako ondasunari eta adjudikaziodunari dagokionez; erremateko prezioa ordaindu izanaren ziurtagiria eta premiamendu-prozeduran legezko formalitateak bete izanaren txostena egin izanaren ziurtagiria, Nafarroako Foru Ogasunaren Kudeaketako Zuzendaritzaren eskutik, diru-bilketa organoak eskatu duenean eta, edonola ere, adjudikazioa Jabetzaren Erregistroan inskribatzeko moduko ondasun edo eskubideen gainekoa denean.
Aipatutako ziurtagiria salmenta dokumentu publiko bat ondore guztietarako, eta bertan idatziz jasoko da azkenduta geratzen dela dagokion erregistro publikoan Ogasun Publikoaren alde egindako prebentziozko idatzoharra. Era berean, 140.3 artikuluan ezartzen den moduan, ondorengo kargak deuseztatzeko manamendua emanen da.
Administrazioak dagokion likidazioa eginen du eta, soberakinik badago, zordunari emanen dio. Hark jasotzen ez badu, haren esku geratuko da erremateko prezioa ordaindu eta 10 eguneko epean.
Soberakina gordailutuko da, era berean, Foru Komunitatearen eskubideen ondorengo eskubideen titularrik dagoenean".
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta ondorioak sortuko ditu dela 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren geroratze edo zatikatze eskaeretan, dela foru dekretu hau indarrean jarri ondoren enkantean jartzen diren ondasunen besterentzeetan.
Iruñean, 2025eko urriaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2513378
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
